Zuzenbide debekatua
MIREN ETA JOANEREN AURRENEKO PROLOGOA
Miren eta Joaneren historiarekin jarraikitzen dugu, edo hobeki esanik, hasten gara. Hasi, zerren aurreneko zatia baino geroago argitaratua badere, hura bukaere zen, eta hau hasiera. Ezkenuen pentsatu Joaneren beste berririk edukiko genuela. Baina bersotarako dadukagun zaletasunak eraginik, egun batean Basaibarren agertu ginen. Basaibar! Nork eztaki Basaibar nun dagoen? Haren berririk eztakienak, galde dezaiola Oar-Arteta nobela-gileari. Bertan, baserritar zahar bat ezagutu genuen, Joaneren bersoak kantatu zizkiguna. Berso guztietako aurreneko puntuaren hastapena, berdina zen bertso guztietan: “Nire grazia Joane da ta...”. Egia da ezen hori askotan aldatzen dela; 80 bertso bildu genituen, eta bakarrik hogeiean zioen “Joane”. Gainerakoetan agertzen zen: Josepe, Martiri, Santuru, Petiri, Eztebe eta Jakoe. Orain arte eztugu aldakuntza hauen arrazoirik jakin. Bertso batean dio nola Joanek liburu bat eskribitu zuen: “Jenioen Liburua”. Lehengo egunean gure lagun batek deitu zigun, antigoaleko hiri zahar bateko arkeoloji-lanetan, gartzela bat agertu zela, eta zehaztasun guztien artean, karta-joko bat izanen zela guretzat oso interesantea, bertan euskerazko berso zaharrak eskribiturik zeudelako. Guretzat eztago batere duda, bertso hoek parte direla lehen aipaturikako liburuan. Beste arrazoirik gabe, hemen ematen dugu. (Karta bat falta zen.) Erresuma honetako judizio-kodizeetan sartu dugu begia, hea nunbaitetik agertzen zen gure hauziaren berriren bat, eta gure alegin guztien premio, paper-bildumarik zaharrenean, orain mila urteko batean, paper oso apurtu bat eskuratu zitzaigun, gure iritzian Joaneren deklarazioa dena (lehen aipaturikako judizioan harek emanikako deklarazioa), horregatik egun hemen paratzen duguna. Erraturik baldin bagaude, etorkizunak barkatuko digu. Azkenean Basaibartik abisatu digute, hango baserri bateko ganbaran, berso-paper zahar batzuk agertu direla. Korreoz errezibiturik, berehala jarri ginen lanean, bertso guztiak kopiatzen, baina zoritxarrez 24 geratu dira irakurri gabe, hain zeuden paperak apurturik eta zitzak janik. Irakurleari eskatzen diogu, eztezala poema honetan intentziorik ikus, oro direla antigoalean gertaturikako gauzak, eta baldin gaurko egoerarekin edo gertakizunekin antza edo itxura kausitzen baldin badio, errua eztela gurea, ezpada berea, hau dela justiziagatik pertsekutazioa sufritzen duenaren poema, eta bila dezala bekatua, ez sufritzen duenaren baitan, ezpada sufri arazitzen duenaren baitan, hau dela egiak esaten dituenaren poema, Jondone Joane Bauptista baten poema. Eta gaur eguneko euskal metodo batean esaten den bezala, akats edo hogen asko kausitzen baldin bada, eztiteziIa akats guzti hoek poemaren gainean bota, ezpada poemaren egilearen gainean, sufritzen duen gizona bezain zaharra den gizon horren gainean, Joane, edo Josepe, edo Martiri, edo Santuru, edo Petiri, edo Eztebe, edo Jakoe, edo Gabriel deritzan gizon horren gainean. Poema hau, aurtengo “Lizardi-sarira” presentatu zen. Etzuen aipurik edo izenik lortu. Honera hemen zer eskribitu zidan apaiz euskaltzalte batek:
Dr. Martin Ma. de Arrizubieta Párroco de Santa Marina CORDOBA
Gabriel Aresti ene lagunari. Agur terdi, bihotz-bihotzez: Oraintxe daukat zure gutun azkenena eta samingarria nire eskuetan, Lizardiren olerki-saria dela-ta. Tribunaleko jaun hoiek epaia emanez, haien burukeriari eta gustoari segitu besterik eztute egin, orain hainbeste urte bertsolarien txapelketa batean, saria, zaharrari ordez, gazte bati eman zioten bezala, etzekitelako egiazko hizkuntza zertan dagoen. Purismo itxurazkoaren garbizalekeria, zure kontran mendekatu da. Baina begizko honek eztizu bihotz barruko ezereztu behar, bada, ezikasien jakintza, bere moduetan hain bihotz gogorrekoa izaten da, eta egiaren aurpegia ikusteko hain begiaitsua, ezen Txirritarekin behin gertatu zena, gaur berriro berriztu den zuren kontran. Baina, Txirrita, beren denpora haretan zaharra zen alde batetik eta bestetik etzekien, jakin ere, nundik-edo bere kontrakoaren iturria eta sorburua zen. Orain aldrebes, zure hauzi horretan, zurekin batera gaztetasuna dago, eta mendekantza eta ostikada horren erroak nun, nolako lurretan, oinak eta ankak sarturik daduzkan jakinik, zure bideetan aurrera, beste sari oraindik haundiagoa lortzeko moduan zoaz. Eta guk lortu behar dugun saria badakizu zein den? Beste edonolako sariak, teilatupeko sariak arbuiatu gaberik, egiazko literatura gure hizkuntzan sortzea. Helburu eta xede honetan, EKIPO batean elkartu behar ditugu gure ahalak. O., A.I., J.S., T., M., K.E., eta euskaldunen, batez ere berrien, artean, topatuko ditugu errez eta ugari, gure asmo honen zabaleran pozik sartuko direneak. Ez ahatz, apurtu gabe, eztirela arraultzak frijitzen. Gurekin dago herria. Euskeraz daukagu guk zer-egin haundia, benetan. Zure lagun, gaur eta beti. M.M.A.
Eskerrik asko, Don Martin. Nire hurrengo poema beorri eskeiniko diot, berorri eta EKIPO deseatu horretan parte izan litezkeen guztiari.
Zuzenbide debekatua |