Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961

     

     

    b) Jasoera

     

    Orduan jaditsi ziren... nora? ... nafarrak,

    euskaldun guztien anaia nagusiak.

    Haien anai guztiak iraindu zituzten.

     

    Famili batean direnean hauziak,

    ezta konprenitzen zergatik baketzera

    etorri behar duten honbre-buenoek.

     

    Eta nola Kahin eta Abel zaharrek,

    eta nola zimu basatiek egiten

    dituzten oihanean zima bategatik,

     

    halarik euskaldun herri artean ere,

    erdikoa zuen zihortu nagusia,

    anaia ttikiaren begirada pean.

     

    Ipui zaharra da euskaldunen artean

    nolaz egun batez etorri behar duen

    jainkoaren semea gu gobernatzera.

     

    Egia da ezen erresumen izenak

    konfunditzen diren nire buru flakoan,

    baina halatan ere etorri behar du.

     

    Eta egun hartan euskaldunen artean,

    kiputz ta lapurtar, bizkaitarren artean,

    zuberotar, arabar, nafarren artean,

     

    Haize-onetatik juduek ekarririk,

    gaz-ziklonetako golgotara jasorik,

    arbol oker batetik urkatuko naute.

     

                        * * *

     

    Nire laguna zen, nire lagun maitea,

    nire adiskide maitearen andrea,

    eta seme-alaba biga zeduzkaten.

     

    Begoņan ezkondu ziren egun batean,

    gau egin baino lehen. Lehen. Eta ni nintzen

    seme nagusiaren aita-pontakoa.

     

    Bigaldu zidaten niri Donibanetik

    Pabeko bandera Abandon asmatua,

    orain artean gorde dudana etxean.

     

    Hiru koloreak asko maite zituzten,

    eta egunero ziotseten haiekin

    mintzatzen zirenari, bildurrikan gabe.

     

    Nire begietan Daltonen akats hori

    eduki dut beti, eta horregatikan

    eznuen konprenitu haien maitasuna.

     

    Eta beraz egun batean deserrira

    harek ihes egin zuenean, eznion

    arrazoirik bilatu gertaera hari.

     

    Gizona etzuten afusilatu, baina

    nola hogen hura kobratu behar zuten,

    andrearen gainean erori ziraden,

     

    eta haren bilo guztiak mozturikan,

    paseatu zuten kale guztietatik,

    kapelurik buruan eraman gabetan.

     

                        * * *

     

    Miren eder hura etzen nire laguna.

    Gaitz erizten nion gogo guztiarekin,

    hala nola berarek on erizten zidan.

     

    Eman behar zaio bakoitzari berea:

    Onari premio, gaiztoari gaztigu,

    errespeto haundia andre prestuari.

     

    Janjanen alaba izan zen gure neska.

    Halaz er etzion inoiz haren aitaren

    notizia zehatzik inork-inork eman.

     

    “Zerorren aita da honbre-bueno eta

    alkate nirea. Bi ofizio dira.

    Eta haien artean, ze diferentzi da?”.

     

    Eta esan nion: “Nire neska higuina,

    barka zazu, baina eznago ni konforme

    zure aitak daraman gobernuarekin.

     

    Gartzeletan daude mutilak giltzapean,

    eskoletan ezta egiarik ikasten,

    zerbait erreinu hontan usteldurik dago.

     

    Eta zerbait hori, nire neska maitea,

    zure aitaren da bihotza, eta nik eztut

    nahi nire semeek eduki dezaten

     

    bihotz usteldurik. Beste arrazakoa

    izanen bazina, nire amodioa

    eskeiniko nizuke bihotz-bihotzetik”.

     

                        * * *

     

    Bata bestearen aurrean jezarririk

    geunden biak, eta haren aurpegi motzak

    oroit-arazi zidan nire Mirenena.

     

    Nola da posible, pentsatu nuen nire

    arima barnean, nolatan da posible,

    pentsatu nuen nire arima barnean,

     

    nola demonio izanen da posible,

    arima barnean pentsatu nuen, nola

    izanen da posible hemen gerta dadin

     

    zimu batengandik jaio dadin aingeru

    liluragarri bat, edo heraldo haundi

    eta poteretsu bat nano batengandik?

     

    “Errege-zaldiak daduzkat”, esan zidan.

    Paretara dizut egiten nik apostu,

    zure bizia nire alabaren kontra.

     

    Musik etzen egon, eta nire kartarik

    kontatu dut lehen, eznuela ikusi;

    eznenkien parerik nendukan ala ez.

     

    Baina nola niri berdin zidan orduan

    ezkont-oheak ta krubitxet usainduak,

    dudatu gabetanik: “Nahi”, esan nion.

     

    Hala nola Jesus gurutzaren azpian,

    erakutsi nuen nire jokua eta

    mahaiaren gainean lau errege zeuden.

     

     

    Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961