Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961

     

     

    2) NIRE GRAZIA

     

    Nire grazia Joane da ta

    Jaio nintzen jentartean

    Primutasuna eduki nuen

    Famili prestu batean

    Dilista plater batean saldu

    Nuen modu politean

    Nigatik barre eginen dute

    Denporen errematean.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hogei urte neuzkanean

    Justiziaren pisu gogorra

    Sentitu nuen gainean

    Orain dadukat sentimentu bat

    Bihotzaren barrenean

    Eztiedana esplikatu

    Urkatuko nautenean.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eznintzen mintzatu garaiz

    Hauzapezpiku bat obeditze

    Ez arren isilduko naiz

    Haren kondena eta anatemak

    Sufritu ditut oso maiz

    Nire kantuan eznintzelako

    Inoiz oroitu Adonaiz.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hau da nire desgrazia

    Nolaz igarri jakin gaberik

    Gertatu zaidan pasia

    Eznintzen izan libertatea

    Gaitz erizteko hazia

    Eta birritan egon naiz grina

    Horri ukat-arazia.

     

     

    Nire grazia Joane da ta

    Nire ama zen ederra

    Haren moduan hegazi doa

    Baso artean eperra

    Horregatikan merezi zuen

    Andre guztien aiherra

    Neska-denporan eman zioten

    Harma gaberiko gerra.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Mailegatu beharrean

    Lukurreroek hartu didate

    Ene kantua zorrean

    Korritu ona abonatzeko

    Haien banku zaharrean

    Haboro kantu prestatzen diet

    Hemen protesta-karrean.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hemen da nire belena

    Kalbario bat penagarria

    Dolorez bihurtu dena

    Hau da liburu egun batean

    Nik eskribitu nuena

    Oinazea da gizonarentzat

    Printzipiorik lehena.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Baita nire aitarena

    Honbre-bueno ona zen bera

    Guztirikan hoberena

    Desegin zuen Janjan motzaren

    Desarrazoirik herena

    Benedikatu izan dadila

    Esposatu zen orena.

     

    Nire grazia Joane da ta

    hau da deabrukeria

    Niri begira baitago hortxe

    Gure euskaldun gazteria

    Horregatikan igorri dute

    Soldado-zaldieria

    Burniarekin botikatzeko

    Izurtearen eria.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Tiraniaren geldoa

    Berotzearren fundatu nuen

    Jainkoaren Igeldoa

    Erresumaren protestatzea

    Jelartean epel doa

    Lege berri bat firmatu baita

    Janjanen erregeldoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Orain banoa abian

    Desastururik desabilena

    Kantatzera kopla bian

    Orain eztago batere bake

    Fundatu nuen kabian

    Alkate hori bizi delako

    Urte guztian Babian.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Jenioen Liburua

    Idaztearren ebaki nahi

    Ukan didate burua

    Nekagarria izan da beti

    Poetaren asturua

    Bekaizteriaz beterik

    Beti haren ingurua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Airearen kolorean

    Libertateak daukan bandera

    Gorri beilegi morean

    Gartzelatuak irauten dugu

    gizonaren ohorean

    Prestutasuna badator ere

    Janjanen desfaborean.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Liburu bat eskribitu

    Nuen nik eta tinta gorriaz

    Gero nuen inprimitu

    Zentsorearen lapitz gorria

    Holaz etzen nabaritu

    Tinta zuriaz eginen nuen

    Kalteok jakin banitu.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Entzun zazue protesta

    Gizon mutuen herri ilunean

    Antolaturiko besta

    Nire kantuan pianoa dago

    Txistua eta orkesta

    Hau baino soinu prestuagorik

    Ezingo duzue presta.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Kantatzen baitut zutirik

    Nik esaniko gauzak dituzte

    Kondenatuko guztirik

    Nire buruan ezta kabitzen

    Pentsamentu bildurtirik

    Tirani horrek alde dagien

    Eztut ikusten astirik.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eztut higuin tiranoa

    Arrantzalerik onena baita

    Albatros-pelikanoa

    Gu bizi garen erresumako

    Printzipe subiranoa

    Sagarnoaren usainarekin

    Hordituriko nanoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Jakin beza alkateak

    Ttikitandikan asko maitatu

    Nauela libertateak

    Anka-besoak niri lotzeko

    Eztagodela kateak

    Zabalik para detzakedala

    Prisondegiko ateak.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Neronen izena Neron

    Agriparena Agripa eta

    Kristofororena Kolon

    Hau zen ilargi berrira heldu

    zen lehenbiziko gizon

    prestua eta maitagarria

    Atsegin noble eta on.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Naiz seme lehenekoa

    Anaia neunkan nire berdina

    Sabel-aldi berekoa

    Ardura zeukan lortzeko niri

    Toka zitzaidan lekoa

    Bion arteko gerra gogorra

    Eztaukat ahaztekoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eztut ikusten kalea

    Janjanek eztu gutiziatzen

    Naizena bake-zalea

    Agin artean sartu didate

    Norbait hiltzeko galea

    Pozik izanen nintzake Janjan

    Zikinaren eralea.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Naiz gizon erdi-irena

    Nire ahoak eztu esaten

    Maitatzen zaitut morena

    Ederki dakit zein den niretzat

    Estimazio gorena

    Nire arbuio latzean gaitzen

    Neritzon gizonarena.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Nun dago nire alboka

    Entzun zazue nola gabiltzan

    Janjanen kontran biroka

    Ezkaitzan gero legearekin

    Hilerrietan aloka

    Derrigorrean laudatzen dugu

    Erregearen epoka.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Argitu nuen linterna

    Eta bakarrik ikusi nuen

    Zuzenbidean galerna

    Gauza berdinak eztirelako

    Eliza eta taberna

    Ezeinek ezin dukeelako

    Fusil batekin goberna.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Neronen indar sendoak

    Egun bi beso hauetatikan

    Izan dirade kendoak

    Lege berrian jarri dituzte

    Fortunako emendoak

    Meza batekin ebakitzeko

    Urteko dibidendoak.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eginen nuke apostu

    Janjan arlote horrek eginen

    Eztigula arrapostu

    Odol haundia emanik haren

    Nahikundearen kostu

    Hienak eta zakurrak dira

    Haren gurutzadan poztu.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Zerua bekit balia

    Parte txarreko alkate lodi

    Deabruek bidalia

    Tronuan jarri zaigun despota

    Benetan animalia

    Afusilatu ditu goizean

    Erato eta Talia.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Simon Magoren alkimi

    Isiltzen naute nire kantua

    Eztezakedan inprimi

    Odol gorrizko izerdi lodiz

    Bekaturik erredimi

    Aire hotzean beraien kontra

    Ezpatarikan eskrimi.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Egin nuen maiseoa

    Faltsokerian erruz ikusi

    Bainuen saduzeoa

    Nire egia garratzarekin

    Bildu nuen museoa

    Hola guztirik mukuru zedin

    Airearen deseoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Ikus bez errusinolak

    Nola ugaritzen diren herrian

    Preso egoteko kaiolak

    Nolaz urritzen diraden berriz

    Libre egoteko arbolak

    Nolatan irten duen errotik

    Libertatearen zolak.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hartu behar dut frutua

    Mintza dadila nire gainean

    Janjan-en aho mutua

    Ken dadin laster erresumatik

    Manatu zuen lutua

    Ikus dezagun nola dagoen

    Bekatuez damutua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Ezta etorten bildurra

    Niregatikan zaunka dabiltza

    Hiena eta zakurra

    Alde degidan bihotzetikan

    Nire adore apurra

    Horretarako erre didate

    Mamia eta hezurra.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Katearen burni horri

    Odolarekin ematen diot

    Mila bendizio gorri

    Esan dizadan gartzelarano

    Zergatik nintzen etorri

    Nola zorririk eta ardirik

    Eznuen kanpora igorri.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Poeta naiz ofizioz

    Nire kantua isiltzen dute

    Justiziaren medioz

    Justiziaren zuzenbidea

    Egina dago adios

    Merkatariek erosi dute

    Marai bateko prezioz.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hutsitu nuen magina

    Et ezpataren burniarekin

    Egin nuen sartagina

    Hola mutilek ukan zezaten

    Nun sar hortzak eta agina

    Ni urkatzeko landatu dute

    hemen gauontzen hagina.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Galdu nuen kanorea

    Itsurik nabil airean nola

    Anbotoko Seinorea

    Eztut ikusten zuzenbidea

    Eskatzeko tenorea

    Legamin berdez altzatu dute

    Ogi onaren orea.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Egin nuen alegina

    Nire inguruan bilakatzeko

    Bizi-molde atsegina

    Tirani-legez fundatu zaigu

    Parlamentu hitzegina

    Denik motzena gure Goizparraik

    Eta Beldubaik egina.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eztut balio zuri bi

    Beti dioste nire bihotza

    Hala dakidan erdibi

    Nire kontaira modu honetan

    Eztezakedan eskribi

    Ereinotzezko koroarikan

    Eztezadan errezibi.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Goizparrai eta Beldubai

    Ardi-zorriak mitralletekin

    Kanpoan daude ate zai

    Txepaduna ta maingua dira

    Jorik izan zen txit alai

    Nano hoiekin konparaturik:

    Ze pare prestu ta zelai.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Mugarte herri honena

    Izen dotore eta ederra

    Guztirikan hozenena

    Bandera polit maite bat dauka

    Kolore hoberenena

    Guzti honekin eginik dago

    Baketiar gizonena.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hau da nire kontaera

    Nik sorturiko pentsamentua

    Esan dudan esaera

    Nire usurako onartu nuen

    Zerutiar mintzaera

    Amagandikan ikasiriko

    Lezioen ukaera.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eztut ikusten zergatik

    Gure alkate hori urkatzen

    Ezten ezein arbolatik

    Amorioak aldegin dio

    Herenegun arimatik

    Bihotza saldu baitzuen eta

    Etzaio eman dukatik.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Naiz gizon oso habila

    Noizean behin nai dudanean

    Orduan guztiz humila

    Janjan horrekin atera nuen

    Negozio biribila

    Nire kantuen ordez eskeini

    Zidan beraren fusila.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Grazia honi darraika

    Nire izenak haren graziak

    Diradelako hamaika

    Antilletatik dantzugu nola

    Jotzen duten balalaika

    Federazio batez biltzeko

    Kuba Haiti ta Jamaika.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Begien ilusioa

    Janjanen kontra egindu nuen

    Nire arnegazioa

    Eztakusat zer den birtutea

    Eta zer den bizioa

    Alkantzatuko al dut sekula

    Beraren barkazioa?

     

    Nire grazia Joane da ta

    Uko egin nion hari

    Gartzelamentu luzea daukat

    Nire ukaeraren sari

    Negu hotzean uda beroan

    Tai gabe nago kantari

    Arrabiarik latzena eman

    Nai diot erregeari.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hauxe da nire trukoa

    Zelebra dadin judizioa

    Egin zidan tratukoa

    Liberta dadin bertsolaria

    Gartzelara sartukoa

    Edonolatan enganatzeko

    Kristaua eta turkoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Naiz gizon txit itsusia

    Agintariak erortea da

    Nire gura nagusia

    Adiskidetu ziren maitaro

    Frantzia eta Prusia

    Eztut sinesten mirakulua

    Begi hauek ikusia.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hori dago etorkizun

    Nire kontrako gauza zikina

    Itsusi motz eta lizun

    Alkate txarra nire biroak

    Zuri eskeini nizkizun

    Urriki zaitez nire hogena

    Gerta dadin barka-kizun.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hori da nire kredoa

    Harekin ene fede bortitza

    Osorikan eme doa

    Bakean bizi litezkeela

    Grekoa eta medoa

    Gizon artean legokeela

    Adiskidantza sendoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Naiz gurasoen semea

    Neronen kontra egon da beti

    Gonadun emakumea

    Horretan ere irten dut nola

    Nire amaren humea

    Neutzat andrea izan delako

    Beheko jente xumea.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Gaizki hartu dut harrera

    Prisondegian eztut eduki

    Merezi nuen sarrera

    Ederki dakit nolaz egin den

    Ur zikinen ekarrera

    Eznaiz joanen apaindu nuen

    Paradiso zaharrera.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hau da azken abisoa

    Ze odisea Joane bati

    Gartzelan pasadisoa

    Eztakit nola gustatzen diren

    Ogia ta txorisoa

    Gurea baita alimenturik

    Gabeko paradisoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Egiari diardukat

    Neronen gezur bat pagatzeko

    Ezta naiko mila dukat

    Nire hogenak aitortzen ditut

    Eta lotsatzen naiz pizkat

    Baina Janjanek ahal detzake

    Bere ahalkeak ukat.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Trazatu nuen zeinua

    Nire arrazaz ukatu nuen

    Zori oneko leinua

    Hurrutirikan bidali zidan

    Komeniriko keinua

    Esplika nola gobernatzen den

    Gizonaren erreinua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Ez nola ura marean

    Ehortzirikan nago bizian

    Adrailu eta karean

    Ikusten dugu nola dagoen

    Denpora bazkoarean

    Puta guztien seme laztana

    Altzaturik aldarean.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Ze deabru ze arraio

    Muga barneko populuari

    Orain gertatuko zaio

    Indar haundiko kantu batekin

    Arin hurbiltzen natzaio

    Eta egiak defenditzeko

    Dakusat etzela jaio.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Kobratu nuen soldata

    Zor zidatena ibiltearren

    Jerusalengo estrata

    Alferrik niri zuzentzen zaizkit

    Fusila eta ezpata

    Beti biziko omen naiz nire

    Grazia Joane da ta.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hau da behorraren zela

    Zeinean Janjan lotsagarriak

    Korritu duen Gaztela

    Kolpe bat eman dit ipurdian

    Eskeintzen diot maxela

    Ta nahi badu garbitzen diot

    Larru egiteko gela.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hauxe duzue pronua

    Neurtzen duena aldia eta

    Denpora eta kronua

    Astiro eta pollitki dakust

    Eternoaren tronua

    Bertso batean iraul dezaket

    Beti guztien dornua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Ezagutu dut florea

    Indarra dauka nire bertsoak

    Neurria ta kolorea

    Kantu honetan ernerik dago

    Poesiaren lorea

    Badakizue nola prezia

    Joaneren balorea.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Borratu zen arrastoa

    Apezpikua igaratzean

    Erre bainuen lastoa

    Et Erromako bulda batekin

    Kobratu nuen gastoa

    Behinolako ipuia baita

    Jesukristoren astoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Altzatu nuen trekoa

    Ez aitortzeko erlijioak

    Latina eta grekoa

    Gure jenio preziatua

    Da ondasun pobrekoa

    Atzekoari kontrastatzeko

    Gogorra eta terkoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Kendu didate gradoa

    Lehen euskaldun dantzari-dantza

    Orain portuges fadoa

    Lehen koronel manatzalea

    Orain berriz soldadoa

    Andre batekin esposatua

    Bihurtu da donadoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    anaiarena Petiri

    Behin ikertu zituen honek

    Nire bila hamar hiri

    Harrapaturik sartu zizkidan

    Hatzazkaletan eun ziri

    Franko tormentu eta dolore

    Kausa egin zidan niri.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Gartzela da infernoa

    Zori gaiztoko Janjan zikina

    Gure aita eternoa

    Jente humilen kantorea naiz

    Lerden eta eder noa

    Naiz-eta sarri edaten baitut

    Alkatearen gernoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hori da barregarria

    Alkate motza dago nagusi

    Zuzengabeak jarria

    Haren kontrako biroan dago

    Populuen eztarria

    Horregatikan ezta mugitzen

    Tronuaren giltzarria.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eremuko gamelua

    Orain egin da argi biziko

    Herriaren kriselua

    Nire kabian usatu nuen

    Zimentua ta adrelua

    Nire lepoak eztaki zer den

    Urrezko erratelua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hau da natzan angelua

    Prisondegitzat hautatu zaidan

    Gaztiguzko gaztelua

    Berdinak dira kepisa eta

    Apezpiku kapelua

    Biak baitira nire burua

    Apurtzen den motrelua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eztit axola arditikan

    Esku eskuma biok sartzeak

    Herriaren politikan

    Egia batzuk esan nituen

    Arimaren erditikan

    Egia gogor ta biribilak

    Gizartearen kritikan.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Hau da bigarren aldia

    Neronen bila etorri dela

    Alkatearen goardia

    Orduan kendu zidaten nire

    Bizitzearen erdia

    Urte honetan jakin behar dut

    Nola den urkamendia.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eznauzue aurtengoa

    Eskarmentua harturik bainaiz

    Orain ere lehengoa

    Sentitzen dudan gauza esateko

    Daukadalako mengoa

    Nire atzean dabiltza beti

    Goikoa eta bengoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eznaiz izan ingratua

    Tiranoaren sarjentuekin

    Firmatu nuen tratua

    Igeldo berri zoragarri bat

    Artxanda zeruratua

    Apaindu nuen mila lorekin

    Paradiso zarratua.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Gartzela da bulegoa

    Zeinean urrats arinez egin

    Ditudan mila legoa

    Nolatan epai liteken niri

    Jarri zaidan allegoa

    Imajinatzen dut bidegabe

    hau estaltzeko plegoa.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eznaiz isilduko gero

    Aldarri haundiz kanta ta kanta

    Gartzelan sartu ezkero

    Burni artean eztu egiten

    Niretzat batere bero

    Naizta suaren tormentuekin

    Hor dauden hiru borrero.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Paratu naute aparte

    Niri lotzeko borrero hoiek

    Kate lodia dakarte

    Libertatea lortzeko gerran

    Hartu nuelako parte

    Bainan isilik eznaiz egonen

    Judikatzen nauen arte.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Nire amari Arlekin

    Deitzen zioten andre guztiek

    Arbuio haundiarekin

    Bildurrez zeuden ezkont zedila

    Alkate nausiarekin

    Baina azkenean esposatu zen

    Hombre-bueno batekin.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Kendu didate gloria

    Nitzaz hedatu dute munduan

    Gezurrezko historia

    Laidatu naute nola bainintzen

    Aingeru bat eroria

    Aldare berri hoietan dago

    Ahardien hiloria.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Haundia da noblezia

    Nire leinuak eman zidana

    Ezin liteke prezia

    Nobleagoak baldin badira

    Latinia ta Grezia

    Bakarrik izan zen motiboa

    Euskaldunen dorpezia.

     

    Nire grazia Joane da ta

    Eztadukat laguņikan

    Neska batekin lo egiteko

    Eztakusat egunikan

    Nire jo-muga bordatu nuen

    Beztitzen nauen tunikan

    Ohean edo mahaian ezta

    Niretzat ezagunikan.

     

     

    Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961