Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961

     

     

    1) KARTA-JOKOA

     

            BATEKO URREA: Hans Fallada

    Gizonaren aurrean Faniko Fallada

    Zerua laudatzeko badauka parada

    Begi nabarrez egin nuen gurdikada

    Eman zidan neroni gogorrik bultzada

               Hau da besarkada

               Bere begirada

               Oso ederra da

               Dirudi enada

    Parean dakuskit bi gurutze gamada.

     

            BIKO URREA: Pablo Neruda

    Komunisten artean don Pablo Neruda

    Fortuna deseatu batera heldu da

    Zer den negua eztaki eta zer den uda

    Ezta zer den bakea edo zer den guda

                Bertan biluztu da

                Eta beztitu da

                Ezliteke muda

                Eztut ezein duda

    Bere kantuan Txili nekez ulertu da.

     

            HIRUKO URREA: Hart Crane

    Hart Cranek zubitikan botarik burua

    Eztaki nun dagoen bere asturua

    Bertsoen prezioa da guztiz karua

    Musari pagatzeko eztago dirua

                Dirudi mirua

                Ijito zorua

                Eta torerua

                Bedlamit erua

    Kulatatikan irten baitio tirua.

     

            LAUKO URREA: James Joyce

    Hor dago zure Anna Bella Plurabella

    Txepaduna maingua txatoa ezkela

    Ausartuko naiz orain esaten bai dela

    Hain itsusia da ta gainera ergela

                Baitirudi bela

                Amata kandela

                Ez egin gau-bela

                Ederra zarela

    James Joycek egin zuen aintzina-gibela.

     

            BOSTEKO URREA: Oscar Wilde

    Lady dotore harek abaniko motza

    Wilde gertatu zitzaigun idazle zorrotza

    Emakumearentzat eztago bihotza

    Parisen bizirika dabila hilotza

               Mutilaren hotza

               Hori duk izotza

               Ai ze soldadotza

               Juezak diotsa:

    Irlanda guztiaren zara bekorotza.

     

            SEIKO URREA: Pedro Axular

    Eznenkien euskeraz eginen dut negar

    Baina ikasiko nuen hizkuntza hau azkar

    Liburuetatikan egin nuen zeihar

    Lizardi Loramendi Lafon Bouda Tobar

               Nengoela dardar

               Ez espanturik har

               Eta herrian sar

               Jator eta zahar

    Maisurik hoberena izan zen Axular.

     

            ZAZPIKO URREA: Pio Baroja

    Pio Baroja jauna gizon pausosoa

    Bere gogoa izan da guztiz porosoa

    Kontran ibili zaio Eliza osoa

    Eztakigu oraindik nor den tranposoa

               Dirudi zozoa

               Txori temosoa

               Eta amorosoa

               Kuzinan gozoa

    Txillardegik eztio dela briosoa.

     

            TXANGAKO URREA: Leonid Andreief

    Leonidas Andreief erruso zarista

    Ezin esan liteke dela komunista

    Herenegun etorri zitzaigun albista

    Loiolan sartu zela behin jesuista

               Pasaturik lista

               Barnean zimista

               Hori fatalista

               Ilarra dilista

    Emaiozu Sargarod eztakion trista.

     

            ZALDIKO URREA: T.S. Eliot

    Thomas Eliot haundia jaiota Amerikan

    Etzuen inoiz ere hartu parterikan

    Modu dotore batez hango politikan

    Gizon honek etzuen ikusi Gernikan

               Inoiz hilotzikan

               Behin bakarrikan

               Apaiz bat hilikan

               Kanterburitikan

    Zein ederki eztuen ikusi gaitzikan.

     

            ERREGEKO URREA: Walt Whitman

    Walt Whitman bizarduna badoa kantari

    Patri Arka berri bat dirudi ta hari

    Ekarri dizkiote loreak ugari

    Ohore eman dezaion udaberriari

               Goiko mendiari

               Eta hibaiari

               Emakumeari

               Eta gizonari

    Bainan oroz gainetik bere buruari.

     

            BATEKO KOPA: Luigi Pirandello

    Pirandellok eztaki nola den brioa

    Ezta beraren obrak zer den herioa

    Lore galantegia baita lirioa

    San Josepek gordetzen digu usarioa

               Horri darioa?

               Ederra trioa!

               Eta amorioa?

               Ezta karioa!

    Konprenitzen nauzua? Ze misterioa!

     

            BIKO KOPA: Holderlin

    Ependoklesen soinak daude nekaturik

    Bere gorputz guztia oso kantsaturik

    Italianoaren izena harturik

    Ganbara ilun batean dago zoraturik

               Eztauka damurik

               Urrikalmenturik

               Dago bentzuturik

               Eta penaturik

    Holderlinek eztauka ezagumenturik.

     

            HIRUKO KOPA: Tomas Meabe

    Frantzesek alemanek euskaldun arabe

    Maitatu behar dute Tomas de Meabe

    Izan zen zuhurtasun zoroen mirabe

    Eta zorakeria zuhurraren jabe

               Poliki suabe

               Ezertto jan gabe

               Ezeren herabe

               Pobrearen habe

    Esperantza gozoak direkien labe.

     

            LAUKO KOPA: Tennessee Williams

    Tennessee eta Kentucky zelaia hegia

    Williams baldin badator higuinkorregia

    Kristalez egin dute bestia-tegia

    Kateme bero bati dagoka alegia

               Zabalik begia

               Esanen egia

               Gure jauregia

               Jada ardandegia

    Komediaren kosta galestiegia.

     

            BOSTEKO KOPA: Paul Verlaine

    Paul Verlainek egin du erreberentzia

    Hain giza-legetsua delako Frantzia

    Arnoaren indarrak du pazientzia

    Poetari ematen dio lizentzia

               Gure esistentzia

               Da penitentzia

               Zure presentzia

               Edo ausentzia

    Izanen da arrabita bateko antsia.

     

            SEIKO KOPA: Gabriel Zelaia ta Blas Otero

    Zelaia ta lagunak bertan datzazi lo

    Mihin-puntan eztute hoiek ezein bilo

    Baina arimako zolan biloika bazilo

    Hautatu behar dute: Hori korapilo!

               Zeruan lau zilo

               Egin dute pilo

               Txatarraz eun kilo

               Hor daude erdi-lo

    Negarrez entzunikan hiru krokodilo.

     

            ZAZPIKO KOPA: Jose Hernandez

    Hernandez Arjentinan oso ezagutzen da

    Kantatu duelako gautxoaren enda

    Panpa luze zabala Hernandezen prenda

    Ande mendi gorea asko maitatzen da

               Guztirik lehen da

               Herriko lejenda

               Negarrez hasten da

               Kantuz bukatzen da

    Gautxoaren moduan erraz mintzatzen da.

     

            ERREGEKO KOPA: Federiko Garcia Lorca

    Federiko Garcia Granadan hil zuten

    Eztakigu oraindik zer atera duten

    Haizearen negarrik eztugu entzuten

    Tiro doilor haiekin mututu ginduten

               Eztut erantzuten

               Zetzaz ziharduten

               Parkekin iruten!

               Eta katabuten

    Freskura galantean ginaden etzuten.

     

            ZALDIKO KOPA: Curros Enriquez

    Pelegrinos a Roma joaten dira oinez

    Kristau onak badira pozik abionez

    Poeta gallegoa Frantziskos Enriquez

    Aita San Iņazio adoratuz auspez

               Bizi da negarrez

               Esperantzarik ez

               Eztarabil fedez

               Ta bai karitatez

    Hispanian garade kondenatzen errez.

     

            BATEKO EZPATA: Ramon Valle-lnclan

    Ramon Vallek bizarra kariziatzen du

    Falta zaion eskuak suspiriatzen du

    Bere sorterritikan laster zen aldendu

    Madrileko gortean gero zen ostendu

               Bere pentsamendu

               Eta sentimendu

               Dena egiten du

               Baladatik kendu

    Ihauteri horrekin zer irabazten du?

     

            BIKO EZPATA: Feodor Dostoievski

    Feodor Dostoieuski Siberian dago

    Ni berriz zoritxarrez Flaudion banago

    Hura baino askozaz desditxatuago

    Erori nintzen hura baino beherago

               Zikindu geiago

               Bizi guttiago

               Enbiro hordago

               Lausengo balago

    Hamalau arditekin hartu nuen pago.

     

            HIRUKO EZPATA: Jean Mirande

    Pariseko gortean dago Jean Mirande

    Goiko zeru gorenak goibeltzen dirade

    Irten du sentimendu bortitzaren alde

    Zer garen zer ezkaren egiten du galde

               Poztutzen garade

               Oro da debalde

               Que hombre mas grande!

               Tiene un afan de...

    Bizkai ta Zuberoa junta balirade.

     

            LAUKO EZPATA: Leon Felipe

    Leon Caminok zeukan ahoa zikina

    Eta blasfematzeko haundia premina

    Erlijio-kontuan teofago fina

    Politika-kontuan anarkiaz grina

               Egiaren mina

               Bere okarina

               Eta jabalina

               Satanek egina!

    Bertan hartuko balu petxuko anjina!

     

            BOSTEKO EZPATA: G.K. Chesterton

    Etzen jenio baina bai idazlari on

    Nik egiten dut burla ta zuek hor-konpon

    Trapezio gainean Jilberto Chesterton

    Aste batean sortzen ditu zazpi gizon

               Barkatuko nion

               Txikotez zer dion

               Ederra da London

               Ni bizi naiz Bilbon

    Zoritxarrez dadukat beharra Flaudion.

     

            SEIKO EZPATA: Miguel Unamuno

    Alabatuko dugu Miguel Unamuno

    Mundu arlote honek hortik diraueno

    Errondan hasirikan Barrenkallerano

    Gizon prestuagorik eztabil oraino

               Ze manetofono

               Ta ze telefono

               La Tia Tula no

               Abel Sanchez bueno

    Errez da konfunditzen hi-to eta hi-no.

     

            ZAZPIKO EZPATA: Knut Hansum

    Knut Hansum haundiari eztiot barkatu

    Nire fede sendoa baitzuen urkatu

    Badakit erruz egin dudala bekatu

    Ezer ez sinestea zaigu debekatu

               Eztut nik ukatu

               Ezta komekatu

               Hor daude sei katu

               Zerua bukatu?

    Libertatearekin nintzen estekatu.

     

            TXANGAKO EZPATA: Rainer Maria Rilke

    Rainer Maria Rilkek irakurten ditu

    Bere bertsoak nola esanen balitu

    Jainkoaren gloriak haren espiritu

    Zabala ezta mundu honetan finitu

               Hortik dut aurkitu

               Gizon bat horditu

               Dena Larraskitu

               Hauzoan detritu

    Batean nuen lore polit bat kausitu.

     

            ZALDIKO EZPATA: Miguel Hernandez

    Hernandezek zimista dauka bihotzean

    Bero haundia dauka abendu hotzean

    Bere fortuna zaio botako zotzean

    Gordetzen da bizia haren hilotzean

               Bere gorputzean

               Eta gurutzean

               Manera motzean

               Garbia funtsean

    Haren oroitzapena dator iluntzean.

     

            ERREGEKO EZPATA: Gabriela Mistral

    Erdi zen euskotarra Gabriela Mistral

    Erderaz eskribitzen etzen hori makal

    Gaztelani txarrari hartu dio itzal

    Andre artean izan zen hura jeneral

               Abogadu fiskal

               Apezpiku legal

               Eztu higuin ahal

               Arima sendoal

    Baina bularra berriz flako urri ta argal.

     

            BATEKO BASTOA: William Faulkner

    William Faulknerrek dauka kondado aparta

    Alabama-aldean lurralde galanta

    Dominazio hartan ez ezeren falta

    Interpretatzen daki negroaren kanta

               Indioen planta

               Blankoaren kasta

               Dadin adelanta

               Infernutik salta

    Irakurtzen eztaki gurasoen karta.

     

            BIKO BASTOA: Pedro Salinas

    Salinasek ezautu digu bere zorra

    Gure mintzoarekin dakigun izorra

    Arrazoi guztietan izan da gogorra

    Maitasuna beretzat izan da oporra

               Pasio doilorra

               Hori ze atorra!

               Mailua ta porra

               Itsu eta gorra

    Arroda gaberikan eztabil motorra.

     

            HIRUKO BASTOA: Jean-Paul Sartre

    Joane Paulo Sartre antiojoduna

    Bere benturagatik ezta euskalduna

    Horregatikan hura ezta fededuna

    Esku zikinak ditu ta arima astuna

               Hori da fortuna

               Guk eztaukaguna

               Gogorra beruna

               Burnia biguna

    Ardura haundia da ematen diguna.

     

            LAUKO BASTOA: Jose Asuncion Silva

    Josepe Asuntziok tiroa botarik

    Beste mundu batean eztu gloriarik

    Hemen etzuen euki deus galantziarik

    Egia da etzuela ezein galerarik

               Kanpora aterarik

               Eztauka lotsarik

               Eztakusa Marik

               Harengan penarik

    Zeruan eztelako galtzen poetarik.

     

            BOSTEKO BASTOA: Franz Kafka

    Franz Kafkak gazteluan bazuen meritu

    Enplego txar batean zelako metitu

    Lapenako tunelak mila metro ditu

    Zentimetro bederan etsai bat aurkitu

               Kableak finitu?

               Jaberekin kitu?

               Zero tainfinitu

               Eztut konprenitu

    Maraiaren nikelak miloi bat ardit du.

     

            SEIKO BASTOA: Giovani Papini

    Papinik oso bista laburra daduka

    Argi bizien kontra egin du burruka

    Satorrak ezin duke eguzkirik buka

    Naiz eta litzakeen haren brintzak uka

               Iluna muska

               Eginen du truka

               Haurrik ez eduka

               Esku baleduka

    Zarratuko lituzke eskolak oihuka.

     

            ZAZPIKO BASTOA: Bernard Shaw

    Argizagizko gizon super-gaindikoa

    Burlatzearen aita apostolikoa

    Puritanotasuna akademikoa

    Napoleontasunen gizon herrikoa

               Hori betikoa

               Ez britanikoa

               Bai atlantikoa

               Ken hai! Hortik hoa!

    Zure begira dago gure mutikoa.

     

            TXANGAKO BASTOA: Rosalia Castro

    Errosalia Castrok enamoratua

    Bere buruarekin egin du tratua

    Higuinduko duela eremu ingratua

    Madrileko doanatik han ateratua

               Padroneratua

               Justizi-hartua

               Ez bateratua

               Ez separatua

    Europatasunaren ate zarratua.

     

            ZALDIKO BASTOA: Edgar Allan Poe

    Inor gertatzen bada munduan poeta

    Hori izanen duzu Edgardo Poe ta

    Upel lodi batean sarturik kopeta

    Erroi zorrotz batekin egin du hizketa

               Urratu zapeta

               Egin zuen eta

               Moztu gaņibeta

               Ze marioneta!

    Musekin ibiltzeko nai zuen apreta.

     

            ERREGEKO BASTOA: Ugo Betti

    Hugo Bettik etxea uraren gainean

    Nolako ustelkeria jauregi barnean

    Bideak okertuko dirade trenean

    Ahuntzak ur artean galtzen direnean

               Nire izenean

               Nahi duzunean!

               Eguaztenean?

               Neskanegunean?

    Konprenituko nauzue egun azkenean!

     

     

    Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961