Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961

     

     

    5) JOANEREN BIHOTZAK

     

              1

    Joaneren bihotzak

    ezin gutizia

    dezake andrearen

    aurpegi bizia.

    Goikoari eskatzen

    dio justizia,

    bihur dakion eman

    zuen karizia.

     

              2

    Joaneren bihotzak

    geiegi dirade:

    Mesalina, Gomorra,

    Mazok eta Sade;

    opalo, diamante,

    koral eta jade.

    Inork eztu munduan

    hainbeste edade.

     

              3

    Joaneren bihotzak

    eztu konprenitu

    nola diren hain luze

    hamaika minitu,

    nola duten gizona

    bihotzez hornitu.

    Pozik nengoke egiak

    esan ezpanitu.

     

              4

    Joaneren bihotzak

    ezkutuenean,

    minez negar egin du

    pozaren gainean.

    Malkoak izan dira

    alferrikanean,

    sikatuko baitira

    urkatzen denean.

     

              5

    Joaneren bihotzak

    airean hegazi

    paradiso arlote

    batera doazi;

    munduari diote

    salbatuarazi,

    kausa eta medio

    haien mila grazi.

     

              6

    Joaneren bihotzak

    ederkien daki

    gure alkateak zer

    duen erabaki.

    Beso urdin-gorria

    uniforme kaki;

    zuzenak eztu gura

    ezein adobaki.

     

              7

    Joaneren bihotzak

    daude biluskorri,

    eztakite nolatan

    diraden etorri

    egoera batera,

    hain beltz eta gorri.

    Jainko haltuak ezin

    dezake sokorri.

     

              8

    Joaneren bihotzak

    hemeretzi dira,

    ezeinek eztaduka

    batere kupira.

    Goikoari egiten

    diote enbira.

    Galdurikan leudeke

    haboro balira.

     

              9

    Joaneren bihotzak

    dirade bortitzak.

    Eztitu bentzutuko

    tiranoen hitzak.

    Burnietan dabiltza

    alferrean zitzak.

    Foera bitez jabetzak

    ta buruzagitzak.

     

              10

    Joaneren bihotzak

    dirudi oliba:

    Zerk dezake kolore

    gaitz hori motiba?

    Nola diteke gizon

    librea gatiba?

    Amankomuntasuna

    bedi beti biba!

     

              11

    Joaneren bihotzak

    eztakit norantza

    emanen duen haren

    lehen esperantza.

    Galdurik dagoela

    daukat segurantza.

    Bertan ezta kabitzen

    broma eta txantza.

     

              12

    Joaneren bihotzak

    badauka pagoa;

    korrituan dirudi

    Errege Magoa.

    Eztu gutiziatzen

    gure balagoa.

    Zein aurkituko dugu

    aberatsagoa?

     

              13

    Joaneren bihotzak

    eta giltzurrunak

    egiazki dirade

    oso euskaldunak;

    uztarripean jarri

    dizkigu fortunak.

    Hauk dira lezioak

    eman dizkigunak!

     

              14

    Joaneren bihotzak

    diotsa Janjani:

    “Ene Jainko maitea,

    lama sabaktani?”.

    Pentsatzen du barnean:

    “Ze megalomani!”.

    Gurutzada batetik

    hamabi tirani!

     

              15

    Joaneren bihotzak

    eztu konprenitzen,

    Janjan edo Joane,

    nor den bere hitzen

    lekukotasunean

    zintzoki bortitzen.

    Ikusiko dut egun

    batez Miarritzen.

     

              16

    Joaneren bihotzak

    bizi dira aparte,

    bersoekin bentzutu

    nahirik Mugarte.

    Izurritea edo-

    nora baitakarte,

    eztira isilduko

    erdibitu arte.

     

              17

    Joaneren bihotzak

    ta arimak didate

    eskeintzen kantuetan

    mila libertate.

    Zerurantza hegazi

    doaz biga ahate,

    halare zabalduko

    eztute ezein ate.

     

              18

    Joaneren bihotzak

    dabiltza debalde,

    bersoekin libratu

    nahirik Mugalde.

    Alferrean baitaude

    pobrearen alde,

    Janjani dagokio

    libertate galde.

     

              19

    Joaneren bihotzak

    gerra santa dakar.

    Eztago inun ere

    ezein gizon bakar,

    etorten etzaiona

    haren kontran azkar.

    Baketuko lirake

    bakea balekar.

     

              20

    Joaneren bihotzak

    dira zazpi mila,

    eta guztiak daude

    zuzenbide bila.

    Herenegun hil zuten

    goardia zibila,

    eginez negozio

    guztiz biribila.

     

              21

    Joaneren bihotzak

    aurten dira hogei;

    ihaz berriz ziraden

    izan bakarrik sei.

    Gizon prestuak bitez

    biltzar batera dei,

    munduan dakizkigun

    libertateak gei.

     

              22

    Joaneren bihotzak

    barkatu behar nau,

    eztudala onartzen

    beraren kantu hau.

    Badakit hura dela

    garbi, prestu ta zau,

    protestatzen duela

    beti, egun eta gau.

     

              23

    Joaneren bihotzak

    balira Bilbora

    negarrez itzuliko,

    nire artzanora

    legoke beti zaunka

    eginikan gora,

    eskaturik harnasa

    hartzeko denpora.

     

              24

    Joaneren bihotzak

    eztira isildu,

    haren bortxa guztiak

    baitzituen bildu.

    Errakuntza batean

    zaizkigu hamildu,

    despotaren aurrean

    baitziren humildu.

     

              25

    Joaneren bihotzak

    daude desorduan

    kontsolamentu gabe,

    damaren moduan:

    “Nor da tristeagoa,

    ni baino, munduan?

    Zergatik sartu nintzen

    egungo guduan?”.

     

              26

    Joaneren bihotzak

    eztu barkatu nai,

    etoi egon ginela

    haren akatsen zai.

    diosku:”Eztuzue

    balio lau marai”.

    Eman ezpaikenion

    haren ezein garai.

     

              27

    Joaneren bihotzak

    benetan zer dia?

    Higuintzen baitu xartal

    lizun ta hordia,

    maitatzen baitu ere

    andre ahardia,

    dirudite benetan

    sarama-gurdia.

     

              28

    Joaneren bihotzak

    eznau ikusiko,

    nola naizen tristerik

    itsuro biziko.

    Haren aurrean auspez

    nago belaunbiko.

    Eztit sekulan ere

    niri ihardetsiko.

     

              29

    Joaneren bihotzak

    eztu komekatu

    inoiz gizonarekin.

    Egin du bekatu!

    Tormentua lepoan

    zuen estreinatu,

    gizonaren fedea

    baitzuen ukatu.

     

              30

    Joaneren bihotzak

    zeduzkan ideak

    bortizki zarratzeko

    zerura bideak.

    Horretan izan ginen

    txit adiskideak,

    gerra gogor batean

    soldado-kideak.

     

              31

    Joaneren bihotzak

    estima detzagun!

    Etsai eta adiskide,

    senar edo lagun,

    hauzo, ahaide edo

    anaia, ezagun:

    Haren prestutasuna

    alaba dezagun!

     

              32

    Joaneren bihotzak

    negarretan dio:

    “Esperantza horri zerk

    itxadoten dio?

    Hemen barnean daude

    mila amodio,

    neronen gorrotoak

    direla medio”.

     

              33

    Joaneren bihotzak

    dabiltza negarrez,

    eztira kontsolatu

    gure zoritxarrez.

    Urkamendia dira

    saiatuko barrez,

    eta eztira gero

    tristatuko errez.

     

              34

    Joaneren bihotzak

    dagode bilusik,

    eztira lotsatuko

    bakar bat ez-ezik.

    Eztie tentatuko

    ezein irabazik,

    gizonaren fedeak

    suntsitzeak baizik.

     

              35

    Joaneren bihotzak

    eztira zuzenak,

    haien zuzenbideak

    gizon artezenak.

    Kontatuko nituen:

    ziraden dozenak,

    eta gainerakoen

    orroak hozenak.

     

              36

    Joaneren bihotzak

    joan ziren Kubara,

    bertan ikusi zuten

    Fidelen bolara.

    Harekin Rahul eta

    Ernesto Gebara.

    Erreboluzioan

    alegratu gara.

     

              37

    Joaneren bihotzak

    lau astean egon

    ziraden borondatez

    ikusmiran Kongon.

    Haiekin egon ziren

    Nezval eta Aragon.

    Anjelari diotsa:

    “Begira natzegon”.

     

              38

    Joaneren bihotzak

    ta lau desperado,

    Abandoko iau mila

    muxurdin-donado,

    Nazim Hikmet, Alberti,

    ta Antonio Machado,

    garaitzeko Lincolnen

    miloi bat soldado.

     

              39

    Joaneren bihotzak

    jan luke sardina,

    izan balitz Janjanen

    bihotzen berdina.

    Gogorragoak dira

    ezen ez burdina,

    mingotsagoak ezen

    ez sagar gordina.

     

              40

    Joaneren bihotzak

    negar egiten du

    Lumumbaren hobian,

    hau zenean zendu.

    Negro-herrian dira

    zuzenak ostendu,

    etxe zuri batera

    etoiki aldendu.

     

              41

    Joaneren bihotzak

    eztu maite behar

    gizonaren bihotza,

    mundutikan zeihar.

    Baita gauza prestua,

    leial eta zahar,

    adimentu-kontuan

    labur eta mehar.

     

              42

    Joaneren bihotzak

    eztik barkatuko,

    blankoaren arraza

    inoiz onartuko,

    haren okerbideaz

    eztuk ahaztuko:

    Hori egia dela

    Jainkoa lekuko.

     

              43

    Joaneren bihotzak

    baitu bere toki

    aproposa zeharo

    mundutik edoki,

    zihor baten moduan,

    argi ta klaroki,

    zuzeneko bidea

    darabil egoki.

     

              44

    Joaneren bihotzak

    eztezake erreza,

    erlijio-kontuan

    ezpaita arteza.

    Hala ta guztiz ere,

    pagatuz apeza,

    Lumumbaren fabore

    entzun zuen meza.

     

              45

    Joaneren bihotzak

    behin sartu ziren

    Pradoko musean;

    Goiaren diztiren

    egokitasunean

    ikusi du Miren.

    Afusilamentuak

    badaki zer diren.

     

              46

    Joaneren bihotzak,

    etoiak, doilorrak,

    dira, ta bide nabar,

    bortitzak, gogorrak.

    Lumumbaren sorbalden

    gaineko zihorrak

    izan dira kobratu

    gaberiko zorrak.

     

              47

    Joaneren bihotzak,

    nola saguxarrak,

    kobratu nahi ditu

    hartzeko zaharrak:

    Hainbeste alargunek

    isuri negarrak:

    Hiroximan hil ziren

    japonez azkarrak.

     

              48

    Joaneren bihotzak

    dirudi Goliat,

    Jainkoak argiaren

    aurreneko “fiat”.

    Hari mintzatzen zaio

    gatibu berri bat:

    “Gure etxera bakea

    ekarriko diat”.

     

              49

    Joaneren bihotzak

    plazer eta laket.

    Aurpegien gainean

    berrehun krubitxet;

    eta defenditeko

    bospalau ganibet.

    Hiru seme daduzka:

    Abel, Kahin ta Set.

     

              50

    Joaneren bihotzak

    igurikitzen dit.

    Munduan eztakusa

    ezein gauza polit:

    Ezerk eztu balio

    harentzat lau ardit.

    Dio: “Salbatorea

    Golgotan dirudit”.

     

              51

    Joaneren bihotzak

    etzekizkidan lot,

    etorkizunarekin

    egin nuen porrot.

    Berso berri batean

    egin ditut lau pot.

    Akademi-euskerak

    eztirudi argot.

     

              52

    Joaneren bihotzak

    bedeinkatzen ditut,

    haren egokiera

    maradikatzen dut.

    Heraldoa dirudi,

    ziklope ta mamut.

    Itsasoko mareak

    egin ditu zurrut.

     

              53

    Joaneren bihotzak

    Libertate Santa

    holandez bihotzean

    lapurtu zian, ta

    ordutik zegokiguk

    kanta-kanta-kanta.

    Lisburun ta Madrilen

    zitezin espanta.

     

              54

    Joaneren bihotzak

    zirudik arbola,

    ofrendatzen duena

    frutuan odola.

    Lehenbizi Katanga,

    bigarren Angola,

    hirugarren Habana,

    azkenik “a bola”.

     

              55

    Joaneren bihotzak

    zirakik labean,

    bertan desegiten duk

    sentitu gabean.

    Bertatik irtenen dik

    bizitza hobean,

    ez oragin arteko

    egoitza probean.

     

              56

    Joaneren bihotzak

    Blaz de Oterori

    eztio aitortuko

    faltseria hori:

    zergatikan zen joko

    doblean erori?

    Nundik asmatu zuen

    hainbeste histori?

     

              57

    Joaneren bihotzak

    diotsa Mireni:

    “Hire linburkeria

    etzitan komeni.

    Har edozein portale;

    Zamudio: Ibeni.

    Bilboko zetioak

    detzaken konpreni?”.

     

              58

    Joaneren bihotzak

    esan dio Blazi:

    “Bidaje luze hortan

    zer duk irabazi?

    Gaztelanitasunak

    zetortzak hegazi.

    EuskaIduntzan zegodek

    gaurko hiru grazi”.

     

              59

    Joaneren bihotzak

    eztio ematen

    Janjani paliorik,

    razo edo saten,

    honek fede guztia

    duenean jaten

    piramide batean:

    “Zaudete pixkaten!”.

     

              60

    Joaneren bihotzak

    hartu zuen hitza:

    “Euskaldun foeroari

    harek zer deritza?

    Ni harekin nengoke

    kontserba balitza.

    Inork ezin ditzake

    bi jabe zerbitza”.

     

              61

    Joaneren bihotzak

    ahalik arinen,

    bere fedeagatik

    populu ezinen

    labe haundi gorrian

    zuen irakinen;

    Labe Haundiak dio:

    “Izorratu zinen!”.

     

              62

    Joaneren bihotzak

    gorantza begira,

    ikusten du gizona

    munduari jira,

    zabaltzen duelarik

    bidea ilargira.

    Bertan gizon guztiak

    anaituko dira.

     

              63

    Joaneren bihotzak

    daude egarriturik,

    prisondegi horretan

    ezpaitago urik.

    Izarretatik esnea

    dakarrela Jurik.

    Utopia horretan

    daude aseturik.

     

              64

    Joaneren bihotzak

    egiten du hegaz

    Bizkaiaren gainean,

    arinki, arduraz;

    baina haren gorputza,

    aurten eta ihaz,

    Larrinagan egon da,

    mundutik ateraz.

     

     

    Zuzenbide debekatua
    Gabriel Aresti

    Egan, 1961