Hego Haizearen ipuinak
Lurdes Iriondo

Gero, 1973

 

 

ASTO ZAHARRA

 

 

            Asto zaharra Tudelatik

            ardo gozoz kargaturik.

 

      Urte hartako uzta oso ona izan zen. Eguzkiak ongi berotu zuen eta noiz behinka euri ederra erori zen. Beraz, mahatsa oso ongi heldu zen; mahats haren ponpoiloek eztitsu-eztitsuak ziruditen.

      Mahastiaren jabeak lagun askori deitu zion.

      —Mahatsa biltzen lagunduko ahal didazue?

      —Ongi ordaintzen baduk...

      Ordaindu zuen, bai; eta horrela, udazkeneko euriak erori baino lehen, mahatsa garaiz bildu zuten. Mahats beltzaz ardo beltza egin zuten, eta zuriaz ardo zuri goxoa.

      —Ona zegok, ooona! —esan zuen jabeak—. Ardo honekin txanpon ederrak aterako dizkiat.

      —Nori saldu behar diok ardoa? —galdetu zion bere arreba Emiliak.

      —Nik bazekinat nori... —erantzun zuen anaiak.

 

 

      Horrela, ardo zuri goxoa hartu, zahagietan sartu eta astoa prestatzen hasi zen.

      Asto hura zaharra eta alferra zen. Egia esan, gaixoa oso nekatua zegoen. Makilaren eraginaz lan egiten urte mordoa zeraman, eta dagoeneko, belarri puntetan jartzen zitzaizkion euliak uxatzeko umorerik ere ez zitzaion geratzen. Asto gaixoa, bai zahar eta bai asto zela! Eta gainetik, izentzat «Angelito» jarria zioten.

      Nagusiak saihetsean pailako egin zion.

      —Zer arraio ote du honek orain —pentsatu zuen astoak.

      Nagusiak zahagiak hartu eta zapla! zapla! bizkarraren gainera bota zizkion.

      —Izorrai! —esan zuen astoak—. Hau karga!

      —Eta orain gu biok Leirera goazik —esan zuen nagusiak—. Bizkor ibili, beraz!

      Eta zume batez aztaletan eragin zion.

      —Arre! —esan zuen astoak bere baitan—. Eta bidean gora poliki-poliki abiatu zen.

      Herritik ateeran erretore jauna topatu zuten. Bidean batetik bestera paseatuz zebilen, eta liburu batetik latinez irakurtzen ari zen; haren ezpainek «bisss, bisss, bisss» egiten zuten.

      Gure gizona ikustean, liburutik begiak jaso eta buruarekin agurtzeko keinu motz bat egin zion.

      —Nora goaz, seme?

      —Berroren ofiziokoak bisitatzera, jauna —eta zapela errespetuki kendu zuen.

      —Zer ofizio duk hori, seme?

      —Praileen ofizioa... Leirera noa, jauna.

      —Tira ba, tira ba! Eta zer galdu zaik hiri Leiren?

      —Galdu, ezer ez, rediela! Aurten ardo goxo onak dauzkat, eta haruntz noa, ea han erosten dizkidaten. Mezetarako ardoa behar izaten baitute...

      —Ez zegok gaizki, seme, ez zegok gaizki. Baina hain ardo onak badauzkak, zergatik astoa eta hi Leireraino nekatu beharrean ez didak ardoa neri uzten? Nere mezak ez dituk Leireko praileenak baino txarragoak.

      —Nik meza kontuan ez dut deus entenditzen, jauna, hori ez baita nere ofizioa. Nik dakidana zera da, ardoa Leirera eraman ezkero txanpon ederrak aterako ditudala, eta berorri utzi ezkero, berriz, sosarik ere ez... Arre, asto!

      Eta gure gizonak, astoa zumez eragin, eta, izugarrizko abailan alde egin zuen, badaezpada ere. Erretorea ahoa bete hezurrez geratu zen.

      Han zihoazten astoa eta gizona bidetan zehar, mendian gora. Lehenik eguzkia eta hautsa, ondoren hautsa eta eguzkia. Eta azkenik, mendi aldeko haize gogor haiek aguantatuz.

      Deabruzko Leire! Nori gogoratzen zitzaion ba hain toki goiti eta haizetsu batean monjetegia jasotzea? Toki hark haizearen erreinua zirudien.

      Mendia gero eta hurbilago zegoen. Beneditarren komentua han goiko lepo batean, mendiaren gerizan ikusten zen. Beheko ibarrean, berriz, Aragoi ibaia bere ur berde garbiekin goitik behera zihoan.

 

 

      Toki zabal batera heldu ziren.

      —Iiiiiup! —esan zuen nagusiak.

      —Bazen garaia! —pentsatu zuen astoak, eta belarriak makurtu zituen.

      —Hemen zuhaitz bati lotuta utziko haut. Ni bakarrik igoko nauk prailetegira, tratua egitera. Bestela, ardoa zuzenki eramaten badiat, atezain ero hori kapaz baituk ardoa kendu eta gero makilkada batzuk ordainez emateko. Ezagutzen diat bai nik ongi aski atezain asto hori... Horrela ba, geldi hemen ni handik itzuli arte.

      —Agur, nagusi —astoak arrantzaz erantzun zion—. Goraintziak han goiko nere anaiei.

      Gizona, makila eskuan zuela, behetik gora bakarrik abiatu zen. Prailetegiko eliza han goian zekusan. Oraindik ibilaldi polita zegoen hara goraino...

      Astoa, hontaz jabetuz, plaf!, belarraren gainean etzan zen. Nagusia itzuli arte atseden hartu nahi zuen. Baina, arraioa!, aztaletan zaztatekoak nabaritu zituen.

      —Arraioa, hemen belarrak ere zulatu egiten dik! Haizeak belar muturrak zorroztu egiten ote dizkik?

 

            Asto zaharra Tudelatik

            ardo gozoz kargaturik

 

 

      Denbora asko samar pasa zen. Haizea orain goxo-goxoa zegoen eta ibaiak behean bere kanta nabarra zerion. Astoa hain gustura zegoen, non eta begiak hetsi eta belarriak erortzen zitzaizkion. Eta erdi lotan, bere bizitzaz pentsatzen zuen... Suerte txarra asto jaiotzea! Ez asto izatea beste edozer izatea baino lotsagarriago zelako, ez; baina bazituen bere alde txarrak, hori bai: lan eta lan egin beharra, batetik, eta makiladak hartu beharra, bestetik. Gainerakoan, beste edozein abere bezain eder zerizkion bere buruari... Bere ukuiluko lagun mandoa bezain eder eta bizkor bai behintzat. Kanta zaharrak zioen bezala:

 

            Nere mando laztan laztan laztana

            burua baino gibelaxeago du buztana

            ene mandoak;

            abere tonto

            dirurik askorik kostarikakorik

            kakoa, ene mandoa, ene mandoa.

 

      Mandoak, abere trakets eta totel bezala, arrantza egiten zuen, arrantza motz eta barregarri bat. Berak, aldiz, biziki ongi.

 

            Asto txiki txiki zahar bat du lagun;

            mandoak irrintzi iten dionean

            arrantzaka ohi du erantzun.

            Abere apal

            iletsu, urtetsu hezurtsu

            gaixoak, ene astoak, ene astoak.

 

      Orain eguzkiak gogor jotzen zuen. Arraioa, Leireko eguzkia! Hori berotasuna! Hego Haizeak makal puntetan musika sortzen zuen.

      Halako batean astoak zantzoak nabaritu zituen... Nagusia bazetorren noski!

      Baina ez zen nagusia.

      Mendiko sasietan ezkutaturik, urrats bat bestearen atzetik, begiak maltzur eta letaginak luze, otso goseti bat hurbiltzen zitzaion.

 

 

            Asto zaharra Tudelatik

            ardo gozoz kargaturik.

            Otso gaiztoa opatu du

            oihan beltzean bakarrik.

 

            —Agur, agur, otsoko!

            —Ongi etorri, astoko.

            Nondik hator?

            —Tudelatik, otsoa.

            Hiri ere emango diat

            Nafar ardotxo gozoa.

 

      Otsoak farrez erantzun zion:

 

            Ez nauk ez egarri

            sobera nauk gosegi... Ja ja ja

            Atseko nere afaritako

            hire buru-beharri.

 

      —E, e! —esan zuen astoak—. Zer txorakeria dituk horiek? Zer esan duk, Otso?... Ez diat ongi entzun.

      —Hire buru-belarriekin afari egin behar dudala esan diat, adiskide —erantzun zion otsoak, irribarre gaizto batez mingaina muturretik paseaz.

      —Ez duk benetan hitz egingo, Otso...

      —Hiri zer deritzaik, Asto?

      —Ez nazak horrela begiratu, Otso! —esan zuen astoak, izutzen hasia—. Ez al duk ikusten makalen azala baino larru gogorragoko asto bat naizela?

      —Ikusten diat, bai, zahar xamarra haizela. Begi ona diat, ez negok itsu... Baina zahar ala gazte, astoaren haragia oso gozoa dela esaten ditek! —eta otsoak, hori esaterakoan, letaginak erakutsi zizkion.

      Ez duk egia izango hik ni jatea, Otso! Asto gaixo bat jatea! Bere bizi guztian ogi lehorra eta belar zuztarrak besterik jan ez dituen asto zahar bat irenstea! Ez al duk nabaritzen nere haragiak oso gustu txarra edukiko duela?

      —Je, je, je...

      Otsoak barre egiten zuen. Eta poliki-poliki hurbiltzen ari zen.

      Astoak, izuturik, bazter guztietara begiratu zuen, salbabide baten bila. Nagusia agertuko balitz! Edo Frai Bartolo, Leireko atezaina!...

      Baina ez, inor ez zen ageri; mendia hutsik zegoen. Ez praile, ez aingeru, eta ez deabru. Bakar-bakarrik han, oso behean, ibaiaren ondoan artalde bat ikusten zen.

      Otsoa astotik gero eta hurbilago zegoen. Hau oihuka hasi zen:

 

            Ez, ez, Otsoko, ez, ez!

            Harako han artalde,

            artzainik ez du bat ere;

            baldin joaten bazindeke

            zikiro parea zenduke.

 

 

      Otsoak gezurretan erantzun zion:

      —Oinean diat arantza, ezin frinka berehalaxe. Gainera, nork esaten zidak neri artzaina harri baten atzean xixpaz armaturik ez dagoenik? Gainera, esaten ez duk ba hain asto ona haizela? Hain ona izanik, nola bultzatzen nauk ardi gaixoen jatera? Ez ahal ditek, gaixoek, penarik ematen?... Je, je, je!

      —Mesedez, Otso! —esan zuen astoak negarrez—. Eduki ezak erruki! Ez nazak jan! Ni Tudelakoa nauk... Utziko al nauk ba nerea ez den lurralde batean hilotzik?

      —Ba, ba! Horiek txorakeriak dituk. Tudela edo Leire, guztia Nafarroa duk, eta beste mundura joateko, batean edo bestean berdin zaiok. Beraz, jetxi itzak belarriak, hainbeste solasez aspertuxea nauk eta oraintxe.

      —Itxoin, itxoin pixka batean! —oihu egin zuen astoak, otsoaren tripara joateko dardaraz.

      —Zer gertatzen zaik orain?

      —Itxoin, mesedez, itxoin! Ez hadi hainbeste presatu, Otso!... Konforme natxeok, hire eskubide osoan hago; horren bakarka harrapatu nauk eta hire nauk. Jan nazak!

      —Je, je, je! Jakina ba! Hori duk hori ongi mintzatzea... Esaten nian ba nik!

      —Bai, bai; arrazoi osoa duk, Otso. Baina hire tripara joan baino lehen mesede ttiki bat eskatu nahi nikek.

      —Tira ba, Astoko. Hil baino lehen guztiek eskatu lezaketek mesede koxkorren bat. Hik zer duk azken borondate?

      —Onartuko al didak?

      —Ikusiko diagu... Baina esak azkar, nere haginek ezin ditek eta gehiago hutsean aguantatu.

      —Otso, ni astokilo bat besterik ez nauk; baina Tudelako asto guztiak bezala, kristau ona. Eta hil baino lehen neure arima ongi prestatu nahi nikek... Ikusten al duk han goiko eliza hura? Lehentxeago mezetarako deia jo ditek, eta hil baino lehen meza hori entzun nahiko nikek.

 

 

      —Horiek hitz lodi xamarrak dituk —esan zuen otsoak zalantzan— Hala ere, arimaren arazo hori nahiko serioa duk, eta... kristau baldin bahaiz... Tira, hoa! Baina azkar etorri, itxoiten egongo nauk eta. Bitartean haginak zorroztuko dizkiat. Hoa, hoa mezetara! Ez dezatela gero esan Leireko otsoak kristau txarrak garenik.

      —Oraintxe bertan natorrek, Otso. Zorroztu itzak ongi haginak! Oraintxe bertan natorrek!

      Eta zegoen arbolatik saltoz atera, eta prailetegira tiki-taka izugarrizko abailan abiatu zen harri kozkor eta sasi guztien gainetik.

      Prailetegiko atarira heldu zelarik, astoak izugarrizko arrantzak bota zituen.

      —Zer arraio gertatzen zaio asto honi? —pentsatu zuen Frai Bartolok atarira agertuz.

      —Neure astoa duk eta! —pentsatu zuen berriz nagusiak.

      —Momentu onean agertu da —esan zion atezainari—. Oraintxe beraren bila joatekotan nintzen, aita priorrak ardo guztia erosi baitit.

      Ardoa barrura sartzen hasi ziren. Astoa oraindik izerdi patsetan dardarka zegoen.

      Otsoa han behean urduri zebilen, gero eta urduriago. Arbolapean gordeta, haginek kras! kras! egiten zioten. Astoaren aurka maldizioka hasi zen:

 

            Oi zer luzea meza hori!

            Erramu-eguna dirudi...

 

      Handik laster urratsak nabaritu zituen.

      —Hemen zetorrek, hemen zetorrek! —zioen bere baitan, eta zuhaitz lodi baten atzean gorde zen.

      Baina astoa ez zetorren bakarrik. Bere ondoan nagusia zekarren, eskuan makila lodi bat zuela...

 

 

      Otsoak izugarrizko maldizioa bota zuen:

 

            Asto zaharra mukizu,

            sobera malizi dakizu;

            berriz harrapatzen bazaitut

            errekalde hunetan,

            meza entzuten lanik

            izanen eztuzu.... Grrrr!!

 

      —Agur, konpañeo! —esan zion astoak barrez, isatsa ageri zitzaiola ikusiz—. Ez dakik praileek mezetan zeinen ongi kantatu duten!...

      Otsoak orro ilun bat bota zuen. Haginak tripan sartu, isatsa ongi bildu, eta erreka aldera jetxi zen, gutxienez ur preskoa edatera. Astoak, bere baitan, honela zioen:

 

            Otso zaharraren hezia

            basoan gaizki hazia!

            Bihar hilena badoat bere

            badoat gaurko bizia.

 

      Eta pozaren pozez, maldan behera eta maldan gora izugarrizko abailan abiatu zen.

      —Asto hau burutik zegok! —pentsatu zuen nagusiak—. Sekula ezin diat mugiarazi, eta gaur, egiten duen beroarekin, maldan gora korrika hasten zaidak... Ba! Neregatik ez dadila gera. Arreeee!

      —Arre, Angelito! —esan zuen astoak bere baitan.

      Eta bota zuen arrantza, gutxienez Tudelatik ere entzungo zen.

 

Hego Haizearen ipuinak
Lurdes Iriondo

Gero, 1973