Hego Haizearen ipuinak
HEGO HAIZEAREN JARRAIPENA
Horixe zen, beraz, kilkirraren ipuina. Polita al zen? Nahi al duzue ipuin gehiago kontatzea? Hainbeste dakit!
Bada hor zehar zenbait jende, ni, Hego Haizea, ez naizela Euskal Herriko haizea esaten duenik. Euskal Herriko haizea Ipar Haizea dela esaten dute, beti euria eta lanbroa ekartzen baititu; Ipar Haizeak mendiak grisez janzten ditu eta hizkuntza bezain xamurra eta gogorra da. Baina nere aurka hitz egiten duen jandeak ez ditu gauzak behar bezela ikusten. Bai ahal dago ba udazkeneko Hego Haizea baino gauza politagorik? Gure mendiak kolorez betetzen ditu. Baserrietako abereak, larrera gogoz, alai mugiarazten. Errekan amuarrainak saltoka jartzen. Eta soroetako belarrak dizdiraz betetzen. Beraz, Ipar Haize bustia bezain euskaldun naizela hor erakusten dut. Nahi al duzue beste froga bat? Begira: ez al da egia Ipar Haizeak istorio tristeak besterik ez duela kontatzen? Elur kontuak, itsas ekaitzenak, eta abar? Nik berriz mila ipuin dakit. Hain eroa izanik eta bazter guztietan sartzen naizelarik, zazpi probintzietan gertatutako mila istorio dakit. Gipuzkoako banderizoen borroketako historiak, Nafarroa eta Xuberoako maitasun ipuinak, Bizkaiko itsasgizonen gertakizunak, Lapurdiko akelarreen gorabeherak, Arabako kontakari zaharrak, eta abar...
Nork esango du, beraz, haize euskalduna ez naizenik? Zer haize da ba San Joan gauean, lizarrak ate eta leihoak apaintzen dituenean, eta suak bere txinpartak zabaltzen dituenean, hemen zehar dabilena? Zer haize da abenduko arratsalde epeletan, elur hotza hasi baino lehen, Olentzeroren belarri eta masailak gorriztatzen dituen hori? Zer haize, gure sukalde txokoetan suarekin jostatuz, ez gora eta ez itzaltzera uzten ez diona? Zer haize, maitasun abestiak sorrarazten, bertso piperrak asmarazten eta eresirik ederrenak osarazten dituena? Eta gero norbaitek esanen du ez naizela haize euskalduna! Tira, tira! Baina azkenik, hainbeste ohar egin ondoren, eta aspertu ez zaitezten, ipuin batzuk kontatzera noa. Ez dira orain-oraingoak kilkirrarenak bezala; aspaldikoak dira. Beti bezala, ni han nenbilen xixtuka, eta gertatutako guztiaz jabetu nintzen... Horra ba, bata bestearen atzetik, nere ipuin hauek:
Hego Haizearen ipuinak |