Hego Haizearen ipuinak
TXAKUR GORRI TTIKI BAT
Txilibistro egun haietan kezkati zegoen, bai eta herriko jendea ere. Azeri bat omen zebilen gauez oilategi eta hesietan zehar, eta ordurako oilo batzuk eta ardiren bat ere akabatu zituen. Azeri alua! Non sartzen ote zen? Txilibistro Txokoa baserrian bizi zen. Bere izenak ongi adierazten zuen bezala, baserri hura zoko batean zegoen; mendi eta errekaren tartean, hain zuzen. Azeriaren ibilaldi eta pikardietarako toki ezin egokiagoa beraz. Oilategian oilo, oilar eta txita ugari zegoen. Bazterreko tegian berriz, lapin, ahuntz eta bi zerri, denak beren umeekin. Goiz hartan Txilibistro oilategiaren aurrean erne geratu zen. Ez zekien zer, baina zerbait arraroa sumatzen zuen... Isiltasun gehiegi agian. Atea ireki zuen eta horra!, inguru guztia lumaz eta odolez betea... Gainerakoa, dena nahasia. Azeria gau hartan handik pasatua zen, eta tegiko piztikume ttiki guztiak hilak edo aizkatuak zituen. Zerri parea bakarrik zegoen bere tokian, zoko batean lasai etzanda, guzti hura «lumadun animalia tontoak!» esanaz bezala begira... Txilibistrok lurra garbitu, ahuntzei pailako bat egin, oilo eta lapinei artale eta ogi bustia eman, eta, inori ezer esan gabe, auzoko herrirako bidea hartu zuen. Han, bere lagun Ermoxoren baserrian sartu zen. —Kaixo, Ermoxo. —Egun on, Txilibistro!... Zer dakark hemendik zehar? —Azeriak bisita egin zidak. Txita eta oilo denak akabatu zizkidak. —Pizti nazkagarria! —Adi zak, Ermoxo, hire zakur Beltxak orain hilabete batzuk umeak izan zizkian. Bateon bat gelditzen ahal zaik? —Bai, oraindik hiru hor zauzkat. Haunditzen ari dituk eta norabait bialdu beharko dizkiat. —Bat emango ahal didak? —Bai, gizona, lagun bati ezin ba ukatu... Goazen ikustera. Beltxa bere txabolatxoan zegoen, baserriaren ate ondoan. Han inguruan zebiltzan, salto eta zaunka, bai eta bi txakurkume beltz ere. —Gorria falta diat. Nere semearekin ukuiluan ibiliko duk... Ximon! Ximon! Ukuiluko atetik Ximon gaztea atera zen. Bere atzetik, jostatuz, hirugarren txakurkumea. Gorrixka eta bizi-bizia zen. —Hau gustatzen zaidak, Ermoxo. —Begi ona daukak. Denetan bizkorrena bera duk. Handik bi ordutara Txilibistro, txakurra atzetik zuela, «Txokoa» bere baserrira heldu zen. —Joxepa! Juakintxo! —urrutitik dei egin zuen. Sukaldeko leihotik, barruan, mutiko baten ahotsa kantuz entzuten zen:
Oilaskotxoa hariletan, oiloak uruna eralten, sagutxo txikina josten, arratoetxoa labratzen, astoa tanbolin joten, haren guztien artean bere zorria barrez itotzen.
Amaren ahotsak errieta egin zuen: —Isil hadi, Juakintxo, eta platerekoa buka ezak! Ataritik Txilibistrok bere emazteari berriro deadar egin zion. Emaztea eskuak mantalean garbituz atera zen. —Zer dakartzu hemen?... —Ez al da txakur politta? Azeri zikin hori uxarazi egin behar dugu. Juakintxo non dago? —Bazkaria bukatzen. Gizona sukaldera sartu zen. Andrea eta txakurra bere atzetik. Sukaldea txukun eta garbia zegoen. Txakurra eta mutikoa sartu eta handik bost minututara dena ipurdiz gora zeukaten. Haiek saltoak, haiek zirurikak, haiek zaunkak!...
Gauez, oilategiaren ondoan lotuta utzi zuten. Ilargi betea eta Hego Haizea zegoen. Den-dena isilik geratu zen. Haizearen xixtua eta zakurren urrutiko zaunkak besterik ez zen entzuten. Gauerdi aldera etxekoandre Joxepa asaldaturik esnatu zen. —Txilibistro! Txilibistro! Honek erdi-lotan eta urduri erantzun zion: —Zer gertatzen da, emakumea!... —Zantzoak nabaritzen ditut. Oilategian izan behar du. Txilibistro salto batean jeiki zen. Argigailua eta makila lodi bat hartu zituen. —Xa, xa, gorri! —oihu egiten zuen Txilibistrok. Txakurra su eta ke zaunkaka hasi zen. Azeriak, ikaraturik, badaezpada ere mendi aldera itzulia egin zuen. Gorrik, atzetik, gero eta gogorrago zaunkatzen zion... Egun hartatik geroz ez zen gehiago azeririk Txokoara agertu. Txilibistro, bere txakurraren jokabide kementsuaz oso pozik geratu zen. —«Axkar» jarri behar diogu izena! —Esan zuen—. Bihar jaten ongi eman, Joxepa, sobran irabazi du eta. Axkar eta Juakintxo oso lagun egin ziren eta elkarrekin jostatzen ziren. Gauez txakurrak oilategia zaintzen zuen.
Baina herrialdean jendeak urduri jarraitzen zuen. Egun batean azeria Berretsuetara sartua zelako, bestean Azkonobietara, urrena Txipitora... herri osoa nazka-nazka egina zebilen eta piztia lasai, bere kasa. Azeri alua! Eta inork sekulan susmatzen ez... Deabrua bezain bizkorra zen pizti hura. —Akabatzen duenari sari bat emango diogu! —esan zuen alkateak. —Eta baserri bakoitzean babarrun eta lukainkak emango dizkiogu! —esan zuten baserritarrek. Gau haietan, asmatu balu bezela, azeriak ez zuen baserririk miatu. Esanaz bezala «Toki ederrean zaudete nere kontura lukainka jateko».
Txokoatik hurbil errota bat zegoen. Behar den bezala, errekaren ertzean paratua zegoen eta errotarri haundi bat zeukan. Uraren kanala etxearen petik pasatzen zen eta hormak goroldioz betetzen ziren. Errota hura Manterola deitzen zen, eta bertako jabeak Kaxiano eta Bittori deitzen ziren. Goiz batean biak artalea ehotzen ari ziren. Errotetxearen atzetik Txilibistro bere zakurrarekin pasa zen. —Zer, lan ta lan? —Ba! Eta hi? —Mendira, belarretara. —Zakur politta, e?... Berria al duk? —Bai, beste herri batetik ekarri nian. —Beno, beno... Ondo ibili goialde hortan. —Bai... berdin hemen ere. Goazen, Axkar! Biok mendian gora abiatu ziren. Errotariaren andreak bere senarra ukalondoz jo zuen. —Kaxiano. —Zer! —Zakur politta, e? —Ba! —Ba?... Gorri-gorria... —Eta?... —Isats bihurri horrekin... —Zuri zakurrak noiztik gustatzen zaizkizu? —Zakurrak neri? Puuuf! Baina horrek ez dirudi zakurra ere. Azerikumea dirudi. —Bai, hortan arrazoi duzu! Txilibistro deskuidatzen bada, edozein egunetan baserritarren batek zakurrik gabe utziko du. Artalea xehatzen jarraitu zuten. —Aizu, Kaxiano... —Zer! —Burutapen bat darabilkit. —Burutapen bat? Ba! —Bai, bai, burutapen on bat. Egia al da alkateak azeria hiltzen duenari sari bat agindu diola? —Hala diote... —Eta baserritarrek babarrunak eta lukainkak agindu dituztela? —Hala diote hortaz ere... —Orduan dena egina dago! —Egina? Zer dago egina? —Urte guztirako lukainka badugula. —Burutik egina zaude! Ba, ba... Emazteak lan egiteari utzi egin zion. —Baina, Kaxiano, ez al duzu Txilibistroren txakurra ikusi? Ez ahal diozu haren koloreari eta haren isatsari begiratu? E?... Azeri baten berdin-berdina da! —Tira, tira!... Hala ere, Kaxiano zeharo nahastua geratu zen. Bere emazteari zeharka begiratu zion; gero eskuetako irina praketan garbitu eta eskopeta prestatzera joan zen. Handik laster mendian gora jo zuen. Eta Txilibistrok pagadi baten beste aldean belarra mozten zuen bitartean, disimuluz zakurra engainatu, errotara eraman eta bertan tiroz hil zuen. Illunabarrean herrira jetxi zen. Emakumeek «Azeria!» oihu egiten zuten. Errotaria erdian hartu eta denak Herriko Etxera, alkatearen bila abiatu ziren. —Agindutakoa laster izango duk —esan zion honek—. Bihar goizean diruaren bila etor hadi. «Eta orain baserrietara» esan zuen errotariak. Bere zakur-azeria hartu eta bidetan zehar han abiatu zen. Ate bakoitzean bere pizti hila erakusten zuen. Eta zaku batean babarruna eta lukainkak biltzen joan zen.
Baserritar guztiak pozik zeuden. —Erori haiz, alu hori! —Pizti ttikia, baina gaizto zikina!... Errotaria, batera ezik beste baserri guztietara joan zen. Txokoara, badaezpada ere, ez zen agertu... Beldur zen, Txilibistrori azeri hura bere txakur galduarekin konparatzen hasteko ideia bururatuko ote zitzaion. Zakua beterik zegoen. Babarrunek kolore gorri-beltza zuten eta lukainkak guztiz ederrak ziren. Hurrengo egunean diruaren bila joan zen. Sakela betearekin, tabernan egin zuen hurrengo parada. —Zerbeza bat! —tabernariari eskatu zion. Tabernaren bazter batean, ardobotila baten aurrean eserita Txokoako Txilibistro zegoen. Bestea ikustean, kantuz hasi zen:
Txakur gorri txiki bat faltatu zait neri, arras ezkutatu da ta ez da inon ageri. Ez diot maldeziorik bota nahi inori: hartaz baliatu dena ondo bizi bedi.
Errotariak zeharka begiratu zion. Zerbeza zintzurrean korapilatua geratu zitzaion. Ordaindu eta usu-arraio bere errotara alde egin zuen. Txilibistrok kantuz jarraitu zuen:
Manterolako errotan gizon abila da, nere txakur gorritxoa hark berak hila da. Bere horrekin eskean erabilia da, zerbait bildu nahia badu hark familiara.
—Ez dago gaizki asmatua! —esan zuen tabernariak— Beste ardo pixka bat? —Ba... Bota beste bat!
Hego Haizearen ipuinak |