Hego Haizearen ipuinak
Lurdes Iriondo

Gero, 1973

 

 

HONDARRIBIA, HERRI TTIKIA

 

 

            Hondarribia herri ttikia,

            erdian plaza zabala.

            Alargun batek hor omen dauzka

            ederrak hiru alaba.

 

      Baina ama bere alarguntasunaz aspertu egin zen. Hiru alaba haiek askotxo jaten zuten eta berak ez zeukan dirurik. Horrela ba, bigarren ezkontzea erabaki zuen.

      Eta oraingoan okin bat hartu zuen senartzat.

      Baina lehen bezain pobre izaten jarraitu zuten.

      Negua zen eta herriko enparantza hutsik zegoen.

      Hiru alaba haien etxean ogia egosten zuten. Labetik ogi erre berriaren usain goxo-goxoa ateratzen zen; ogi beroaren usain eragingarria. Ogiak, erretzerakoan, honela egiten zuen:

 

            krix krax krax

            krix krax krax

 

      Etxearen aurretik txorroxkilero edo zorroztaile bat pase zen, «zorrozkilerooo!» oihu eginaz.

      —Nork du zorroztu beharrezko labaina edo guraizerik? Ongi eta merke zorrozten dut!... Tafallatik nator! Zorrozkilerooo!

      Isabela, hiruretan ahizpa zaharrena, atarira agertu zen.

      —Guraize hau zorroztu zaidazu.

      —Berehala! Nola duzu izena?

      —Isabela... Eta zuk?

      —Peru... Oso politta zara, e?

      —Uste al duzu?

      —Senargairik bai al duzu?

      —Ez. Dirurik ez dugu, eta nere amak ez du oraindik ni ezkontzerik nahi.

      —A!... Eta elkarrekin harremanetan hasiko bagina?

      Isabelak goitik behera begiratu zion. Zorrozkilero hari nahiko atsegingarri zerizkion; ez zegoan batere gaizki.

      —Bueno!

      Neska, berri ematera, gurasoengana agertu zen. Familia osoa labearen ondoan okintzan zegoen; okina, emaztea eta beste bi alaba.

 

            Kortesiakin eskatu nion

            bat eman behar zidala.

            Errespuesta aditu nuen

            mutil pobrea nintzala.

            Mutil pobrea banintzan ere

            zu okin baten alaba,

            ogi berotan jango genduen

            zurekin neure kaudala.

            Zun, zun, zun,

            Isabela

            Manuela

            Margarita zun eta zun.

 

      Amak oihu egin zuen:

      —Peru? Zer Peru eta zer arraio! Larga eta joan dadila hortik!

      Eta Isabela gaixoa senargairik gabe geratu zen.

 

 

      Eguna joan eta eguna etorri, denbora puska bat pasa zen, eta Isabela, bere ahizpak bezala, triste eta ilun zegoen.

      —Sekulan ez digute ezkontzen utziko —zioten hirurek negarrez.

      Teleka hori hainbeste aldiz entzun ondoren, okina, gau batez, botilardoa aurrean zuela, labearen ondoan pentsaketan jarri zen.

      Andrea ondora hurbildu zitzaion.

      —Zer duzu, Fermin. Gaixorik ahal zaude?

      —Zergatik gaixorik?

      —Pentsaketan zaude eta...

      —Gure alabez pentsatzen ari naiz. Isabela dagoeneko gizonezkorik gabe geratu da. Hor daude hirurak isildu gabe negar eta negar. Zergatik ez diogu gutxienez Manuelari senargai txukun bat bilatzen?

      —Ez da asmo txarra! Nik ere hortaz behin baino gehiagotan pentsatu dut... Auzoko urregina ez litzake horretarako txartxoa. Soila eta hitz-totela izanagatik ere, beste dohainak baditu; senargai segurua litzake behintzat.

      Ideia horrekin zeharo poztu ziren, eta botilardoa ziplo egin zuten. Gero alabari deitu zioten.

      —Manuela! Manuelatxo!

      Bigarren alaba han agertu zen. Bere ama eta okina guztiz alai zeuden, eta ardo usaia zerien. Horrela, esan beharrekoak esaterakoan, kantaritzari ekin zioten:

 

            Ai, Angela, tunbalanbelan jajai...

            Ai, Fermintxo, edaizu gutxitxo...

 

      —Zer gertatzen da ba? —galdegin zuen azkenean Manuelak, franko harrituta.

      —Ba... —hasi zen okina—. Zure amak hobeto esplikatuko dizu!

      —Ba... begira, Manuelatxo, ez al zenuen senargai bat nahi? —esan zuen amak.

      —Bai, baina...

      —Zer baina eta zer arraio!

 

            Usoak papora paporenean

            elorri baten gainean.

            Nahi dozu hartu Simontxo

            auzoko urrekin gaztea senartzat?

 

      Manuelatxok lehenik harridura agertu zuen, eta ondoren negarrari ekin zion.

      —Ez ahal zain ongi iruditzen? —galdetu zuen okinak etsiperatuta.

      —Ez, aita! Ez, ama! Ez da nik nahi dudana. Nik Meliton, herriko sakristau gaztea nahi dut...

      Okina eta emaztea ezezkora jarri ziren.

 

            Kita, kita mutil hori!

            Horrekin ezkontzekotan

            ez dun izanen doterik,

            ez eta ere zapirik

            aitak eta amak emondik.

 

      —Kaka ordun! —esan zuen Manuelak, eta atea kolpe haundi batez hetsirik, alde egin zuen.

      —Ai, Angela! —esan zuen okinak, eta kontsolatzeko botilari eragin zion.

      —Ai, Fermintxo! Edan zazu gutxiago... —erantzun zion emazteak.

 

 

      Denbora franko pasa zen: Isabela trixte zegoen, Manuela ere bai, eta Margarita, gutxiago ez izatearren, denetan trixteena.

      —Ez gaitun sekulan ezkonduko! —zioten erdi negarrez elkarri.

      Gau hartan, hainbeste negar entzun ondoren, aitari odola berotu egin zitzaion; eta horrela, beste botilardo bat hartu eta labearen bazterrean eseri zen.

      Emaztea han inguratu zitzaion.

      —Ai, Fermintxo, gaur ez ezazu edan! —eta tentazio txarretik libratzearren botila kendu zion.

      —Nazkatua nago, Angela. Hiru alaba etxean eta egun osoan hirurak negarrez...

      —Eta zer egin behar dugu ba! Ezkontza kontuetan hasteko dirurik ez dugu.

      —Margarita besterik ez bada ere, ezkondu egin behar genuke. Zer arraio!

      —Ea, ea... Norekin ezkontzeko asmoa duzu? Badakizu hori moko finekoa dela.

      —Ez dakit ba... Ardotxeneko Patxikurekin?... Ez; horrek bi behi besterik ez ditu.

      —Errotaburuko Praxkurekin?... Ez; hori ipurtzuloraino zorretan sartua omen dago.

      —Arraioa! Iasta!

      —Norekin, Peru? —galdetu zuen emazteak dardaraz.

      —Don Hilario, albaitero zaharrarekin.

      —Zaude isilik, gizona! Hori nere aita izan liteke eta!

      —Eta adinak zer axola du? Horrek dirua dauka, diru preskua ugari; ez batentzat, hiru emazterentzat baizik.

      —Baina agure hori laster hil egingo da!

      —Horrela hobe! Bere diru guztia guretzat...

 

 

      Ezkontza handik berrogei egunera egin zen. Andregaia apain-apain zihoan, eta senargaia ahal zuen bezala, bastoi eta betaurrekoekin. Hego Haizeak bazterrak astintzen dituen egun horietako bat zen.

      Bazkari bikaina ospatu zuten: oilozopa, garbantzuak odolki eta azarekin, lukainka eta urdaiazpikodun tortilla, bakailaoa piperrekin, oiloa saltsan, arkume errea eta txekor gizenaren xolomoa. Postretarako arrozesnea, gazta, intxaurrak, piperropilak eta sagar-konpota. Edaritarako Nafarroako ardoa, Astigarragako sagardoa, pattarra eta anixa.

      Ezteietako bidaia egin behar zela eta, laurok Donibane Lohizunera joan ziren. Laurok, alegia: senargaia eta hiru ahizpak.

      Senargaiaren diruarekin etxea konpondu egin zuten; bai eta ogitegia ere. Arropa eta jantzi berriak erosi zituzten, eta parabisu hura errematatzeko, albaiteroak bere etxe berrira bainera bat ekarri zuen.

      Okina eta bere emaztea pozez zoratzen zeuden. Manuela eta Isabela bi ahizpa zaharrenak ere bai.

      —Hau, kasik, ezkontzea baino hobeago dun! —zioten, pozez zoratzen, bainera urez nola betetzen zen liluraturik begiratzen zutenean.

      Baina bazen etxe hartan oso pozik ez zegoen bat: Margarita, alegia. Egun batean, zeharo tristetu eta asperturik, bere gelan kantuz hasi zen:

 

 

            Amak ezkondu ninduen

            hamabost urtekin.

            Senarrak bazituen

            laurogei berekin.

            Ai, neskatila gaztea

            agure zaharrakin!

 

      Bere amak, eskaileretan gora zihoala, den-dena entzun zuen.

      —Zer esaten dun, neska? —galdetu zion, erdi beldurturik eta erdi harrituta.

 

            Ama, zertarako dut nik

            agure zahar hori?

            Hartu ta leihotikan

            jaurti behar dut nik,

            Oi, ai, nere leihotikan

            jaurti behar dut nik!

 

      Horrela erantzun zion alabak negarrez, eta haserrez bere burua ohe gainera bota zuen.

      —Egon hadi isilik, neska! Aberatsa den hori!

      —Eta zer, aberatsa dela eta? Gure aitona defuntua bezain zaharra da!

      —Tira, neska! Egon hadi lasai, eduki ezan pazientzia pixka bat...

 

            Epez igaro hitzan

            urte bat edo bi,

            hori hilez geroztikan

            biziko haiz ongi.

 

      Eta amak negarrez ari zen bere alaba Margarita gaixoa besarkatu egin zuen. Hau horrela ari zen kantuz:

 

            Deabruak daramala

            oilar urtetsua:

            hura baino nahiagot nik

            nere aukerakua.

            Oi, ai, hogei bat urteko

            gazte lorekua.

 

      Eta berriro negarrari ekinaz, ez zen isiltzen. Orduan okinak, etxe hartako egoera ikusiz, egin zezakean gauza bakarra egin zuen: botilardoa hartu eta labearen ondoan eseri zen. Handik pixka batera bere emaztea etorri eta bazterrean eseri zitzaion. Gero berriz Don Hilario, beren suhi albaiteroa, eta honek ere botilaren ondoan esertzea pentsatu zuen.

      Lehenbizi okinak botilari kolpe on bat kendu zion.

      Gero emazteak.

      Ondoren suhiak.

      Eta hirurak, negar edo barre, zer egin ez zekitela, honela kantuz hasi ziren:

 

            Hondarribia herri ttikia

            erdian plaza zabala:

            alargun batek hor omen dauzka

            ederrak hiru alaba.

            Zun, zun, zun

            Isabela

            Manuela

            Margarita

            zun eta zun eta zun,

            Peru larga eta jun!

 

Hego Haizearen ipuinak
Lurdes Iriondo

Gero, 1973