Hiltzaile baten bila
IX. AMAIA
Baionatik irten aurretik komisaldegira joan naiz azken berriak jakiteko asmoz.
— Bai, hiltzailea Denis izan da.
Baina zehaztasunak jakin nahi nituzke.
— Eta zergatik hil zituen?.
Bidezkoa iruditu zaio nire jakinmina.
— Jezarri zaitez, historia luzetxoa baita.
Horrela egin dut. Zigarro bat eskaini dit eta hitz egiten hasi da.
— Denisek, bere negozioetan frakasatu ondoren, xantaiara jo zuen. Hoteletako zerbitzari batzuk, diruaren truke, informazioa eta laguntza ematen zioten, eta horrela jakin zuen Biarritzeko ostatu batetara ezkondurik ez zegoen bikote bat heldu zela. Kontrainaisua eta Maider kalera irten ziren une batez baliaturik, haien gela barruan kamara bat ezkutatzea lortu zuen, eta horrela egin ahal izan zuen txostenean aipatzen duzun argazki famatua. Garai hartan beste arazo batzuk zeduzkan eskuartean eta orain arte ez zen kontramaisuaz arduratu. Gero, hoteleko fitxategitik kontramaisuaren helbidea lorturik zuenez, aztertzen hasi zen eta jakin zuen zure itsasuntzian ari zela lanean. Sartu zen, bada, marinel bezala, hura hobeki zelatzeko asmotan. Orduan ikusi zuen Maider ere untzian zegoela, eta gainera bigarren ofizialearekin ezkonduta. Xantaia, bada, kontramaisuari egingo zion, baino ez untzian, Baionara heltzerakoan baizik, zeren okerren bat sortu izan balitzaio, ez baitzukeen nahi izango itsasoz inguraturik egotea. Beraz, bere lehen asmoa hori zen, eta ez besterik, hau da, xantaia arrunt bat.
Isilune baten ondoren; jarraitu egin zuen.
— Baina horra non ikusten duen bigarren ofizialea eta gizon misterios haren tratua. Susmatu zuen zerbait eta bigarren ofizialea berriz zelatan ezarriz, gauean ganbarotean ikusi zuen bitxiak aztertzen. Bigarren ofizialea konturatu zen eta orduan Denis-ek, burua galdurik, eta berehala zerbait egin beharrean, jo egin zuen, hartu eta itsasora jaurti. Baina ganbarotetik irten aurretik, bitxiak hartu eta ikerketak nahastatzeko, poltsikoan zeraman argazkia han utzi zuen.
Baina Maider, non zegoen Maider? Nola ez zegoen ganbarotean?.
— Maider ez zegoen ganbarotean. Horrelako galderak kontramaisuari zuzendu behar zenizkioke.
— Eta, Igorren hilketaz?...
— Zaude lasai, gizona, dena azalduko baitizugu.
Patxaran jezarri zen eta honela jarraitu zuen.
— Zure ikerketak ondorio batetara eraman zintuen, hau da, hiltzaile argi bat ez zegoela, eta beraz, denak susmagarritzat jotzera, Denis bera ere barne zegoela. Baina hau ez zitzaion inolaz ere komeni, zeren Baionara heltzean susmagarri bezala besteekin atxiloturik eramanez gero, bitxiak untzian utzi beharko zituzkeen, galtzeko arriskutan, eta gogoan har, haien balioa handia dela. Beraz, Baionara heldu baino lehen susmagarri bakar bat eduki behar zenuen. Honegatik bultzatu zintuen kontramaisuarenganantz eta horretarako ederki zetorkion argazkia eta baita Maiderrekin zituen harremanak. Baina zuk zuhur jokatu zenuen, beste susmagarrien posibilitateak gogoan edukiz eta hori ez zitzaion inolaz ere komeni, aipaturiko arrazoiengatik. Orduan, Igor hiltzea erabaki zuen, zure susmoak inolako zalantzarik gabe kontramaisuarenganantz joan zitezen. Zuk beraz oso zuhur jokatu zenuen kontramaisua atxilotzean.
— Bueno, baina nik kontramaisua atxilotu banuen sendategira joan zelako izan zen, batez ere.
— Behar bada hori izan zen zure hutsa, zeren galde egin bazenio zergatik joan zen...
— Egia da. Azken mementoan zen, Baionara heltzen geunden...
Poliziak jarraitu zuen:
— Esan bezala, galde egin bazenio erantzungo lizuke Denis-ek bidali zuela sendagailu baten bila, hark baitzekien nola zu sendategiaren inguruan zelatan zeunden.
Poliziak bukatutzat eman zuen bere azalpena, baina nik beste galdera bat egin behar nion.
— Igor hil zutenean, Denis-ek koartada bat eskaini zidan, hau da, ganbarotean zegoela, eta hau Eneko-k baieztatu zuen.
Egia da, ahaztu egin zait hori azaltzea. Denis eta Eneko biak zeuden ganbarotean, baina Enekori ordularia galdu egin zitzaion (behar bada Denis-ek berak kendu zion), eta Denis-ek esandako orduetaz fidatu zen. Gainera, Eneko berari ere komeni zitzaion koartada hori, susmagarrien artean baitzegoen, eta honegatik ez zuen gehiegi sakondu orduen arazo horretan.
Eta untzirako bidea hartu nuenean, eguzki bizi batek berotzen zituen Baionako kaleak.
Bilbo, 1975 maietza 13
Hiltzaile baten bila |