Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

IV. JAKINMINAK KILIKATZEN

 

        Jakinminak kilikatzen nau eta eguzkiaren lehen argiekin irten naiz zerrendan dagoen Eneko marinelarekin hitz egiteko. Hildakoa uretara bota zutenean popa aldera zegoela esan didanean, argi bat zetorrela nabaritu dut.

        — Nor zen ihes antzean harantz zihoana?.

        — Ez dakit zihur... Gaua zen... Itsasuntzi honetan egiten dudan lehen bidaia da hau eta lankideen ibiltankerak ez ditut ongi ezagutzen...

        — Denis ote?.

        — Ez dakit...

        — Igor?.

        — Ba liteke, baina...

        — Kontramaisua?... Makinista?...

        — Ez, ezin dizut ezer baieztatu.

        — Baina garrantzi handikoa da, hura izan baitaiteke hiltzailea.

        — Ulertzen dut, baina arin zihoan, eta ba dakizu arin eta astiro, ez gabiltzala berdin, arin ibiltzeak berdindu egiten gaituela...

        Arrazoia du, eta bide horregatik ezer garbirik lortuko ez dudala oharturik, beste zerbaiti lotzen natzaio.

        — Nora joan zen?.

        — Ni ikusi ninduenean bidea okertu egin zuen eta beste aldetik sartu zen, behar bada sukaldera eta makinetara doan atetik... Harantz behintzat.

        — Eta zu, zertan zeunden popan ordu haietan?

        — Loak ezin hartu eta zigarro bat erretzeko asmoa nuen.

        — Eta han zeundela, ez zenuen beste ezer susmagarririk ikusi edo entzun?

        — Ez. Lehenengo ofizialearen deia. Baina zuengana arinago urreratu ez banintzen, iheslariak sortu zidan zalantzarengatik izan zen.

        «Azken hitz hauekin bere burua zuritu nahi du, baina niretzat ez du balio. Iratzarririk eta zutik bazegoen, zergatik ez zen arinago mugitu?».

        — Zergatik ez zinen iheslariaren atzetik joan?.

        — Nik ez nekien ezer...

        — Baina ez al zenuen lehenengo ofizialearen oihua entzun?.

        — Bai, baina...

        Portaera honen argibide bezala hiru posibilitate zeuden; edo alferkeria, eta alferraren fama ba zuen Enekok, txalupak uretara botatzea eta ondorengo lanak besteek egin zitzaten. Edo beldurra, iheslea joan zen lekutik bera azaltzea gaizki ulertua izan ez zedin. Edo hilketan berak ere parte hartzea.

        Honi ere idaztankeraren froga eta ganbarotearen arakaketa egin dizkiot, baina alferrik, eta gehiagorik gabe Denisengana joan naiz.

        Honek ere gurekin egiten zuen lehen bidaia zuen eta, beraz, ez nuen asko ezagutzen, baina Eneko baino argi eta langileagoa zen. Hilketaren mementoan non zegoen galdetu diot.

        — Nire ganbarotean, lotan.

        — Eta hilketa honetan, eman al diezadakezu argirik?.

        — Tamalez ez. Ni hemen berria naiz...

        — Gure untzian, ez duzu ezer susmagarririk nabaritu, adibidez, kontrabandorik egiten denik?

        — Ez.

        Erantzuna arin irten zaio.

        — Hau arakatu beharrean aurkitzen naiz...

        — Bai, ikus dezakezu guztia.

        Denisen gauzak aztertzen nagoen bitartean, pentsati dago eta, handik lasterrera, dadukagun isilunea eten egin du.

        — Lagun diezazudan eskatu didazu...

        — Bai, Denis.

        Eta nire azter lana utzirik aurpegira begiratu dut.

        — Hilketaren eragingarria andreren bat izan liteke.

        — Zein andre?

        Nahiz eta aurretiaz erantzuna nik igarri, Denisek esan ziezadan nahi nuen.

        — Maider.

        — Eta zergatik diozu hori? —galdetu diot ez jakinarena eginik.

        Erantzuna ez zaio bat batean irten, zekiena nola esan ez baleki bezala.

        — Bueno, jakingo duzu nolakoa den Maider. Gizonen artean eragin handia du.

        —«Gizonen artean» hori, ez al diezadakezu gehiago zehaztu?

        Denisek begiratu nau eta une batez bere begietan irri antzeko zerbait ikusi dudala iruditu zait. Une bat besterik ez da izan, baina beldurtu egin nau, «gizonen artean» esan duenean ni tartean sartu izan banindu bezala.

        — Izen bat aipatzekotan, kontramaisuarena emango nizuke.

        Erantzun honek lasaitu egin nau. Zer uste nuen, nire izena emango zidala, ala?. Kezka honek, behar bada, luza erazi dit Denisek esandakoan alde baiezkor bat nabaritzen. Zergatik eman du hain irmoki, zalantzarik gabe, kontramaisuaren izena? Zer zekien Denisek?

        — Eman al zeniezadake argitasun gehiagorik, esan didazunaren frogarik?

        Aterantz begiratu du kezkati, norbaitek entzun ziezaiokeen beldurrez edo. Gero, galdera batez erantzun dit.

        — Baina, ez al zenekien ezer?

        Denisen begiak nigan finkatu dira galdetzaile eta berriz ere aurrea hartzen zidala, gailendu egiten zitzaidala, haren menpe nengoela sentitu dut. Errudun sentitzen naizelako ote? Edo Denisen pertsonalitate indartsuaren eraginez? Begi zorrotz haik nigan josita daude, nire barrena biluzik sentitzen dut, agirian, guztia arakatu eta ulertzeko indarra balute bezala. Eta kezkati mugitu naiz, urduri... Azkenik, aurkitu egin ahal izan dut erantzun egokia.

        Salakuntza zuk egin duzu.

        Denisen begirada bigundu egin da eta irribarre antzeko zerbait ageri zaio ezpainetan, nire buruaren jabe izate honek atsegin emango balio bezala.

        — Elkarrenganako begirada isilak, barnean gorderik duten suaren adierazgarri dira.

        Baina salakuntza hori nire kontra ere erabil daiteke!. Nola begiratu dut nik ere Maider? Eta ez ote ziren begirada hauk ene barne suaren adierazgarri? Salakuntza horrek beldur ematen dit.

        — Hori zure irudipen hutsa izan daiteke!.

        — Eta Maiderrek kontramaisuaren ganbarotera egiten dituen agerraldi izkutuak? Hauk ez dira nire irudipen.

        Beraz, Igorrek esan didana baieztu dit. Ez didate esan, bada, lehenago Maiderrek eta gero kontramaisuak, beren arteko zera joana zegoela? Nola elkar ikusten dute orain?

        Denisek esandakoa garrantzi handikoa iruditzen zait eta frogak eta lekukoak behar ditut. Horrela ematen diot aditzera eta berehala erantzun dit.

        — Bi aldiz ikusi dut nik Maider kontramaisuaren ganbarotean sartzen.

        — Eta zu izan ezik, ba ote dago beste lekukoren bat?

        Pentsati geratu da.

        — Egongo da, noski, baina orain ez naiz oroitzen...

        — Zerbait gehiago jakiten baduzu, dei iezadazu.

        Eta irten egin naiz makinistarekin hitz egiteko asmotan. Bigarren makinista zen susmagarrien zerrendan nedukana, eta bere lan ordua denez, makinetara jaitsi naiz.

        Egia esan, zerrendan daudenen artean hilketa egiteko posibilitate urrienak makinistak zituen. Egin zezakeena hau zen: Bigarrena jo, uretara jaurti eta abiada handi batez berriz makinetara jaitsi. Baina gauzak hestutuz, aukera hori guk guztiok izan genezakeen. Dena den, zerrendan ezarri dugu eta ez dut ezer galduko harekin hitz egiten badut».

        — Bigarren ofizialearen hilketa zurekin eztabaidatu nahi nuke.

        — Ongi.

        — Ba ote duzu gertakari horretaz iritzirik?

        — Ez... Egia esateko, ez dut horretaz gogoetarik egin.

        Zirikatu egiten dut.

        — Nor izan liteke hiltzailea? Ez duzu susmoren bat?

        Ez dit ezer erantzun eta pentsatzen geratu da. Lagundu egin nahi diot.

        — Eragileen artean drogak, andreak... egon daitezke.

        — Ba liteke.

        — Bainan ez ote dakizu ezer zehatzik, ezin al diezadakezu eman zerbaiten aztarrenik?

        — Tamalez, ez.

        Orduan, bide pertsonalago batetara daramat.

        — Hilketa egin zutenean, non zeunden?

        — Hemen.

        — Eta ez al zinen hemendik ezertarako irten?

        Makinistak harriturik begiratu nau, galdera honen funtsa ulertuko ez balu bezala.

        — Ez...

        Gehiago sakatu nahi dut.

        — Nolakoak ziren zu eta hildakoaren arteko harremanak?

        Susmoz begiratu nau.

        — Onak ez.

        — Zergatik?

        — Ikuspegi ezberdinak genituen.

        — Zertaz?

        — Politikaz.

        Hilketaren eragingarri bat bilatu behar nuen.

        — Ez al zizun inoiz xantaiarik egin?

        — Xantaiarik?

        Argitu egin behar izan diot.

        — Bai. Adibidez, zerbait egin edo esan duzunagatik poliziari salakuntza egingo ziolako mehatxurik edo...

        Berriz agertu zaio harridura aurpegian.

        — Ez... Gertakariren bat eztabaidatzen genuen, haserretzen ginen, baina gehiagorik ez.

        — Beraz, ezer ez hilketa batetara bultzatzeko.

        Orain igarri dit, bai, nondik noan, zeren makinistaren begietan nire susmoek sortu dioten atsekabea ikusi baitut.

        Aditzera eman diodan konfidantza ezak lotsatzen nau. Baina hilketa bat aztertzen ari naiz eta aurrera egin behar dut nire zereginak ondoren zuzen eta argi bat lor dezan. Eta, itsasuntziko lankideak iraindurik sentitzen badira ere, nire susmo ezin gordeak samintzen baditu ere, maltzurkeria eta gezurra erabili beharrak nazka ematen badit ere, aurrera egin behar dut.

        Makinistaren aurrean, untziko lankide guztien artean, neure burua zuritu nahi nuke, nire portaeraren arrazoiak azaldu nahi nizkieke, baina oraindik ezina zait, ikertze lanentzat kaltegarri izango litzatekeelako.

        Makinen gelatik irten naizenean sentsazio bi daramatzat barnean: bata, adiskide eta lankideekin erabili behar dudan portaeraren damua, eta bia, aurrerapen handiak egiten ditudalakoaren susmoa, zeren zerrendako susmagarri guztiekin hitz egin ondoren hiltzailearen izena zein den susmoa baitut.

        Zubira igon naiz eta lehen ofizialearen eskuetatik lemaren ardura jaso dut.

        Itsasoaren zabalak baretu egin dit urduritasuna, zeru urdin distiratsu eta muga gabeak gure grinen higuina nabarmentzen didalarik. Hemen, orain, isila eta handitasuna ditut lagun eta hainbat gogoeta egiteko aukera ematen didate. Gai goitiarrak erabili nahi nituzke, besterik egitea desegoki iruditzen baitzait, baina halabeharrak bortxatzen nau, bide apal eta zikinagoak hartzera behartzen nau. Mallu baten danbada ozenak bailiren, susmagarriek esan dizkidaten esaldiak nire barnean behin eta berriz entzun ditut eta hilketa aztertzera eramaten naute. Kontramaisua, makinista...«Nolako gizon ezberdinak biak!... Bata ekintza gizona, eta bestea idealista... Bietarikoak behar dira munduan... Eta ni, zer naiz? ...... Maiz sentitu ditut ene barnean burrukatzen idealismoa eta errealitatea. «Idealista izan nahi nuke, garbiagoa, goitiarragoa, bikainagoa baita... baina munduan bizi naiz, itsasuntzi honen ardura dut... eta zergatik aitortu ez, gizarte honek eskaintzen dizkidan plazerrak atsegin zaizkit. Ba dakit, bai, jakin, ene kontzientziak eskatzen didanari ez entzunarena egitea ez dagoela ongi, ba dakit «guztiek egiten dute» hori atxakia huts bat besterik ez dela... Zuzen daude haragia ahula dela esaten dutenak... Baina zertan ari naiz? Hilketa aztertu behar dut».

        Eskuin eskuaz begiak igurtzitzen ditut, etorri zaizkidan gogoetak uxatu nahian. «Iratzarririk egon behar dut, erne... Eta orain hemen egon beharra, lema honi loturik!... Zertan ihardungo du orain hiltzaileak, zer pentsatzen, zer egiten?... Eta ni hemen, eskuak loturik banitu bezala!». Ezinegon bizi bat sortzen ari zait. Bat batean, zerbait bururatu zait. «Zergatik ez diot hiltzaileari aurrea hartzen? Zergatik hura ez zirikatu?». Eta erabaki bat hartu dut: untzia araka erazi. Baina orain ez, lema utzi eta libre geratuko naizenean baizik. Horrela, arakatzea egiten den bitartean, nik susmagarrien ibilerak zainduko nituzke.

        Denbora luze egiten zait eta behin eta berriro ordularia begiratzen dut. Honegatik, lehenengo ofizialea etorri denean, atsegin zabal batek bete nau eta berehala lehenengo makinistarengana abiatu naiz, itsasuntziaren arakaketa antola eta zuzen dezan. Gero, nire konfidantzako marinel birekin hitz egin dut, susmagarrien ibilerak zaintzen lagun diezadaten.

        Arakaketaren berria untzikoen artean zabaldu da eta dudarik gabe hiltzaileak zerbait egin beharko du. Sei susmagarrien arteko bat bada, ba daki orain ezer gordetzeko tokirik seguruena bere ganbarotea dela, hauk jadanik nik arakatuak direlako. Beraz, untzian zehar zerbait ezkutaturik badaduka, bere ganbarotera pasatu beharko du.

        Maider eta kontramaisua, bakoitza bere ganbarotean daude eta begi begietan ditut haien ateak. Bigarren makinista makinetan ari da lanean, eta Igor sukaldean, eta biak hurbil daudelarik, nire konfidantzako marineletatik batek zaintzen ditu. Eneko eta Denis branka garbitzen ari dira, eta hauk nik eta beste marinelak ikus ditzakegu.

        Minutuak aurrera doaz eta ez da ezer nabarmenik gertatzen. Alferrik ari ote gara? Eta orduan, alferrik ibiltzea posible dela etorri zait gogora, zeren sei susmagarrien ganbaroteak arakatu nituenetik hainbat ordu igaro baitira eta haietariko norbaitek itsasuntziko beste edonon zerbait ezkutatua bazedukan, ganbarotera pasatzeko aukera jadanik edukia zuen. Posibilitate honen aurrean irtenbide bat zegoen: sei ganbaroteak berriz arakatzea. Eta horrela, gogoeta hauetan murgildurik nagoela, marinel bat ikusten dut arnasa hestuka hurbiltzen zaidala.

        — Kapitaina! Polizoi bat!

        — Non?

        — Txalupa batetan ezkutaturik!

        Polizoia! Honek nire planteamendu guztiak hankaz gora bota ditzake. Eta marinelari jarraitzen diodan bitartean, susmagarrien zerrenda zazpigarren batez gehitu behar dudala pentsatzen dut, eta behar bada zortzigarren batez, polizoiak untzian bertan, untzigizonen artean laguntzaileren bat izango balu.

        Untzigizonen multzoak inguratu egin du polizoia eta dardarti dakusat, bere begietan beldurra nabari dela, etsaiaren ihesi dabilenak etsaiarekin inkontru egin balu bezala. Meharra da, beltzarana, urtetan sartua, ile zuria beltza baino ugariago duela, eta portugesez mintzo da.

                Faz favor, faz favor!

        Besotik hartu eta nire ganbarotera eramaten dut. Lehenengo makinista ere gurekin sartu da eta honi eskatzen diot azal diezadala nola bilatu duten.

        — Txalupa barruan zegoen eta berarekin zeramana hau izan da.

        Arropa batzuk eta janariak ziren. Jarraian, gainean zeramana arakatu dugu eta dokumentazioarekin geratu egin naiz. Zerbaitek nabarmendu banau, janariak izan dira, zeren haietariko batzu untzikoak baitziren, edo polizoiak berak hartuak edo untzi barruko laguntzaileren batek emanak. Azken posibilitate hau interesgarriagoa izanik, honi lotu natzaio galdezka hasi naizenean.

        — Nork laguntzen zaitu untzian?

        — Inork ere ez —erantzun dit sineste handirik gabe.

        Nik berehala igarri diot.

        —Gezurretan ari zara, zeren hemen dituzun janariak untzikoak baitira.

        Nire hitz hauen zorroztasunak zalantzan ezarri du polizoia eta erantzun egoki bat bila ezinik dagoela ikusten dut.

        — Neuk hartu ditut.

        — Non eta noiz?

        Galdera zehatz honek zeharo kikildu du gizona. Otoi egin dit.

        «Carregador» bat naiz, hau da, fardelkaria. Fardelak garraiatzen ditut Oportoko hotel batetan... Nik ez dut ezer txarrik egin... Ez naiz gaizkile bat. Frantziara joan nahi dut.

        Begi begietara begiratu dut. Ez, ez zuen gaizkile itxurarik... Baina gau hartan bigarren ofizialea norbaitek hila zuen.

        — Ba al dakizu gizon bat hil dutela bart untzian?

        — Bai.

        Erantzun honek harritu egin nau.

        — Eta nola dakizu hori?

        — Hainbeste ordu txalupa barruan egon ondoren, gauean irten egin nintzen, eta «gizona uretara» oihukatu zutenean, ihesari eman nion...

        — Eta marinel batek ikusi zintuen eta sukalde eta makinetara doan atetik sartu zinen.

        — Bai.

        — Eta handik, nora joan zinen?

        — Ba... sukalderantz.

        «Gezurra»

        — Ikusi al zenuen hiltzailea?

        — Ez.

        — Nola esan diezadakezu gezur hori. Ez al didazu esan, bada, handik zenbiltzala?

        Polizoia urduri jarri da eta ez dit ezer erantzuten. Denbora ematen diot, baina alferrik, eta uste dut hau dela unerik egokiena salakuntza serio bat egiteko.

        — Konturatuko zara zein larria den zure egoera. Gizon bat hiltzen dute zu han zeundela, eta zuk ez duzu ezer ikusi. Poliziak edo epaikariek sinestuko dizutela uste duzu? Pentsa litekeena zera da, alegia, hiltzailea zeu zarela.

        — Baina zergatik hilgo nuen, hildakoa nor den ere ez badakit?

        — Hilketaren eragingarria hau izan liteke: zu polizoia zara eta behar bada hildakoak deskubritu egin zintuen, eta orduan zuk...

        Polizoiak desesperaturik moztu zidan.

        — Ez, ez eta ez! Nola pentsa dezakezu horrelakorik?

        — Zihur egon zaitezke nik pentsatu dudan hau poliziek eta juezek ere pentsatuko dutela.

        Gizona atrapatua ikusten dut.

        — Hobe duzu egia esatea. Nork laguntzen zaitu untzian?

        — Bai, norbaitek laguntzen nau, baina ez dut haren izena emango.

        — Horrenbesteko beldurra al diozu?

        — Beldurra ez. Eskerrona zor diot.

        Une batez espero ez nuen erantzun honek isil erazi egin nau, eta nahiz eta nire ikerketa lanetarako polizoiaren jarrera hau oztopo izan, begi hobeagoz begiratu dut.

        — Zergatik sartu zara gure untzian?

        — Portugal-en lan eskasia dago eta soldatak urriak dira. Familia bat dadukat aurrera atera beharra, baina ezina zait nire aberrian. Honegatik, Frantziara joatea erabaki nuen.

        — Bai, ba dakit ehunda milaka direla Europako Estatu industriatuetara ihes egiten duten portugaldarrak, eta badakit ere bihotz gabeko tratulari batzuek explotatzen zaituztela, lurralde haietara eramateagatik diru pila ederrak eskuratzen dituztelako. Zenbat kobratu dizu gure untziko honek?

        — Ezer ez.

        — Ezer ez? Eta nola arriska daiteke inor ezergatik?

        — Norbaitek bere burua arriskatzen duenean, ez da derrigorrean dirua tartean dagoelako.

        «Arrazoia du. Polizoi hau ez da nolabaiteko tipoa». Baina untziko kapitaina naiz eta nire agintaritzak erantzunkizun batzuk betetzera narama.

        Uste dut jakingo duzula zurekin zer egin behar dudan. Gure untzia Baionara doa eta hara heltzerakoan poliziaren eskuetan jarri behar zaitut. Aitortu behar dizut zure egoera ez dela inolaz ere ona, zeren alde batetatik polizoia zara eta bestetatik bigarren ofizialearen hilketa dago tartean.

        Polizoia dardaraz hasi da. Behar bada ba zekien nolako egoeratan zegoen, baina nire ahoz baieztatze honek kikildu egiten du gizona.

        Ganbaroteko atea jo dute.

        Lehenengo makinista jaitsi dadila azkar makinetara!

        Orain ganbarotean polizoiarekin bakarrik geratu naiz. Isilik dago bore dokumentazioa aztertzen dudan bitartean. Bat batean, atea zabaltzen da eta bigarren makinistaren begiekin egiten dut topo. Su eta gar darie.

        — Zer egin behar duzu gizon honekin? galdetzen dit.

        Bere senetik irtenda bezala dago. «Eta horrelako batetan bigarren ofizialea garbitu balu?». Ustegabean hartu nau eta nire erantzuna atzeratu egin da.

        — Baionako poliziara eraman.

        — Ezin duzu hori egin!

        — Barka, baina hori da egin behar dudana. Polizoi bat da, eta horretaz gainera hilketa bat dago argitu gabe.

        Makinistak zorrotz begiratzen nau.

        — Ez duzu serioski pentsatuko hiltzailea hau denik!

        Nire erantzunak beroago jarri du.

        — Susmagarrien artean lehenengoa da, zeren bigarren ofizialearen gorputza uretara jaurti zutenean polizoia hurbil zegoen eta ihesari eman zion. Eta hilketarako eragingarri izan zitekeena ere ba dago: agian hildakoagatik deskubritua izatea eta haren salakuntzaren beldurragatik hiltzea.

        Nire hitzen logikak txundituta utzi du, baina berriz ekin dio.

        — Ikus ezazu gizon hau. Gaizkile itxurarik ba ote daduka?

        — Krimenak eta bidegabeak ez dira susmagarrien itxuraren arauera epaitzen.

        Ordurarte makinistaren galderak erantzun besterik ez dut egin eta uste dut defentsiba utzi eta atakera joateko garaia heldua dela.

        — Polizoi honi norbaitek laguntzen dio untzian, eta ba dakit laguntzaile hori zu zarela.

        Makinistak berehala polizoien begietan finkatu ditu bereak.

        — Nik ez diot ezer esan.

        — Bost ajola hori!

        Eta gero, niri begira, jarraitu du.

        — Bost ajola zaizkit honek ekar diezazkidakeen ondorenak. Nire kontzientziak eskatzen zidana egin dut, eta kito.

        — Eta egin duzun horretan, bigarren ofizialearen hilketa ere sartzen al duzu?

        — Nik ez dakit deus horretaz.

        — Ba, Baionara heldu orduko hilketa hori argitzen ez badugu, gaizki ibiliko zarete bai polizoia eta bai zu ere.

        — Bost ajola!

        Keinu batez irten dadila agindu diot, zeren berriketan jarraitzea alferrikakoa dela iruditzen baitzait. Gero, polizoia sukaldera eraman dut, sukaldarien laguntzaile bezala lan egin dezan.

        Eta orain, zer egin. Arazo hau gehiegi nahastatzen ari da, eta lehen sei susmagarri gehiegi iruditzen bazitzaizkidan, horra non orain zazpitan bihurtzen diren. Eta ez hori bakarrik, zeren hilketaren eragingarri izan zitezkeenak ere ugaritu baitzaizkit.

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975