Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

VII. GERTAERA LARRI BAT

 

        Gaurko eguna euritsu hasi da. Zerua hodeiz estalirik dago eta sirimiri etengabe batek dena busti eta tristetzen du. Bart ongi lo egin dut. Behar bada etsipenak berak bultzatu nau lotara. Eta ba dirudi nire gorputzak eta adimenak hartu duten atseden honek indar berri bat eman diela, zeren gaur nire egoera besterik baita, baiezkorragoa, zerbaitek dena ongi bukatuko delakoaren zihurtasuna emango balit bezala.

        Susmagarri guztiak ikusi ditut. Gosaltzera nindoala bigarren makinistarekin gurutzatu naiz eta aurpegi ilunaz begiratu nau. «Polizoiarekiko hartu dudan erabakia ez zaio atsegin izan. Hura jendarmeei salatzea ez dit barkatuko». Bere atzean polizoia zihoan, txakur bat ugazabaren ondotik bezala, burua makur, nork daki zertzu pentsakizunetan murgildurik. Gero, Eneko eta Denis beste marinel batzurekin, brankarantz.

        Gosaria hartzekoa izan zait unerik mingotsena, han baitzeuden Maider eta kontramaisua. Baina orain ez zeuden bart bezala, ezpainak ezpain. Itxurak gordetzen zituzten. Begiratu naute, baina ez didate hitzik esan. Behar bada errudun sentitzen direlako. Nik «egun on» latz bat bota diet eta berdin erantzun didate. Defentsiban daude, hori bistan da. Lehentasuna nik hartu diet, bai hitz egitean eta bai gogorra adieraztean, eta honek bete egin nau. Jaten gauden bitartean begirada ezkutuak gurutzatzen dira gure artean. Behar bada, bakoitzak pentsatzen dugu bestea ez dela konturatzen, baina bai, konturatzen dela uste dut. Behintzat nik sentsazio hori dadukat. Isiltasun astun hura Igorrek hautsi du han zeuden azpil eta katilu hustuak batzera etorri denean.

        — Egun on. Euria dakar gaur, e?

        Begiak mahaitik lasaitasunez jaso ditugu.

        — Bai, horrela dirudi.

        — Ogi gehiago?

        — Ez, ez. Milesker.

        Baina Igor joan denean, berriz isiltasuna. «Nik sortu dut egoera hau». Baina ez dut atzera egiteko ahalmenik. Eta behar bada, nahi ere ez dut egoera zital hau aldatu, zeren honekin nire burua are zigortzen baitut, haiengan mendeku hartzen baitut, neure haserrea agertzen diedala, neure nazka erakusten dudala.

        Mahaitik jaiki egin naiz, lehengoa bezalako «agur» latz batekin, eta ene barnean norbaitek irri egiten zidala sentitu dut. «Zelati!». Amorrazioz erantzun diot. «Zelati ni? Ez daude bada hilketaren frogak haien aurka? Eta zein izan da nire portaera? Hor utzi ditut bakean...». Nire ibilera geratu egin da. Eta jendarmeen aurrean hilketaren errudun bezala salatuko banitu?...». Baina funtsik gabeko mendekua iruditu zait. «Eta gainera, gero errudunak ez direla frogatuko balitz, ondorenak nire gainera etorriko litzaizkidake»

        Denis-i deitzen diot.

        — Denis, zure ganbarotea berriz arakatu nahi dut.

        Harriturik begiratu nau.

        — Berriz?

        — Bai.

        Eta isilik jarraitzen nau. Atea zabaldu dit.

        — Sar zaitez.

        Nire lehen begirada liburuetara joan da. Hainbat daude, nobelak batez ere. Bidaiak, biografiak, maitasunezkoak, polizienak. Hauk batez ere aztertzen ditut. Begirada arinez, tituloa eta irudien bitartez gaia igarri nahi nuke. Agata Christie, Richard Ellington... «Nork luke autore hauen argitasuna!». Eta hasperen bat irten zait ene ezintasuna gogoratzean.

        Zer gehiago begiratu? Lehengoan arakatu nuen berbera zegoen. Baina han nago eta zerbait egin beharra dut. Liburuengatik sartu naiz, egia da, eta ez dut ezer susmagarririk aurkitu, baino nik ere itxurak gorde behar ditut, Maiderrek eta kontramaisuak bezala, eta orain itxura gordetzea ganbarotea goitik behera berriz arakatzea da.

        Denisek ez du hitzik esaten. Pentsati dago. Behar bada, bere ganbarotea bigarrenez arakatzea ez du ulertzen, ez du nire ekintzaren zergatikoa azaldu nahi izan. Eta nik paper guztiak irakurtzen ditut, idazkiak estalkietatik atera eta irakurri, arropetako poltsikoetan eskuak sartu, paketeak desegin, ohepea eta arasa gaina ikusmiratu, garbitzeko tresnak banan banan hartu eta kutxak zabaldu. Baina ezer ez. Eta Denisek pentsati jarraitzen du.

        Zer bilatu nahi duzu?

        Denisen galderak mutu utzi nau. Ba ote nekien nik ere non bila ari nintzen? Gezur bat asmatu behar.

        — Hilketa honetan teoria bat eraiki dut eta frogak bilatzen ari naiz.

        Ez dakit sinestu didan ala ez, baina baietz uste dut, zeren kopetilun ikusi baitut. Dena den, eta esan dudanaren froga bezala, zeuden polizi nobela guztiak, lau denetara, eta paper batzuk, edozein, nirekin eraman ditut arakaketa bukatu dudanean.

        Nire ganbarotean Denisen nobelak irakurtzeari lotu natzaio. Osorik irakurtzea ezina zait, ez baitut horretarako denborarik, baina ordu pareko azterketa sakon eta arretatsu bat egin ondoren ikusten dut ez gaiaren aldetik eta ez erabilkerarenetik, ez dutela eskuartean dudan arazoarekin zer ikusirik.

        Bukatu dudanean, eta behar bada lanaren tentsioak eraginda, begiak nekaturik, mindurik sentitzen ditut eta ur hotzez busti beharrean nago. Lehen bezala nago. Ez dut deus aurreratzen. Behintzat nik honela uste dut. Bitartean, lemaren ardura hartzeko ordua etorri zait eta zubira noa.

        Bihar goizean Baionara helduko gara eta txosten bat idatzi behar dut hilketari buruz. Zer esan behar nien poliziei? Ideiak aztertzen eta sailkatzen ahalegintzen naiz eta nire txanda bukatu deneko, bazkaldu eta jarraian txostena idazten hasi naiz. Ezin dut errudun bat aurkeztu, baina bai lehen mailako susmagarri bi, kontramaisua eta polizoia alegia, eta beste lau bigarren maila batetan: Igor, Eneko, Denis eta bigarren makinista.

        Txostena hasi dut hilketaren gora-behera guztiak azaltzen eta gero susmagarri bakoitzak eduki ditzakeen eragingarriak. Txostena osatu dut egin ditudan azterketak eta elkar hizketak azalduz. Lan honekin arratsalde erdira heldu gara eta ohean etzan naiz. Ordu laurden bat beranduago atea jo didate. Jaikitzen naiz eta atea zabaltzen dut. Marinel batek arnasa hestuka hitz egin dit.

        Kapitaina, Igor-i zerbait gertatu zaio. Ganbaroteko atea hertsirik dago eta ez du erantzuten.

        Lasterka Igorren ganbarotera abiatzen gara eta ate aurrean lagun talde bat bildurik ikusten dugu.

        — Zer gertatzen da?

        — Ez du inork erantzuten eta atea hertsirik dago.

        — Leihotik ikus!

        Ahaleginak egiten ditugu zerbait ikusteko asmoz.

        — Ez, ez da ezer nabarmen ikusten.

        — Baina bera, Igor, ikusi al duzue?

        — Ez. Baina hemendik ez da ganbarote osoa ikusten.

        Hainbat giltzez probatzen dugu, baina alferrik, eta arotzak zerraila apurtu egin du. Barruan sartu garenean zerbait izugarri ikusi dugu: Igorren gorputza iduna inguratzen dion soka batetatik zintzilika dago. Dirudienez, bere burua urkatu egin du. Baina lehen begiradan horrela bada ere, aurreko hilketa gogoan hartu behar dugu eta horregatik berehala agindu dut.

        —Ez ukitu ezer!

        Pultsoa hartu diot eta hilik dago. Marinelak harriturik daude eta nire buruak konputadore bat dirudi. «Giltza! Ganbaroteko giltza aurkitu behar dut!». Ordu erdi eta gehiago eman dut giltza bilatzen, eta lan hau arretaz egin dut, hiltzailearen aztarnak, hilketa bat izan bada, egon zitezkeen bezala uzteko. Baina alferrik, ez dut giltza aurkitu ahal izan. «Igorrek bere burua hil izan balu, lehenago atea hertsiko zukeen eta giltza hemen legoke. Ez dago; beraz, norbaitek hil du eta gero atea hertsi, giltza berarekin eramanik». Baina hau zihur jakin behar dut eta ganbarotera sartu direnei galdetzen diet.

        Ganbarotera sartu ondoren, hartu ote du zuetariko edonork ate honetako giltza?

        Ezetz erantzun didate. Beraz, eta giltzarik ez badago, atea kanpotik hertsia izan zen.

        Bihar goizean Baionara helduko garenez, ez dut nahi poliziei oztoporik jarri eta, beraz, ahal den gutxien arakatu dut ganbarotea, dena zegoen lekuan utzirik. Irten naizenean atea hertsi zezala agindu diot arotzari, eta prezinto eran paper bat erantsi dut ertzean, nire sinadurarekin. Honela, norbait sartuko balitz, papera apurtu beharko luke.

        Gertaera berri honek zeharo hunkitu nau eta hilketa bien artean egon litezkeen loturak hobeki aztertzeko, berriz ere neure ganbarotera noa.

        Lehen hilketaren sei susmagarrietatik bost geratzen dira Igorren heriotzarekin. Maider ez dut kontatzen, bere indarrak hilketa hauk egiteko ahulegiak direlako. Beraz, hauk geratzen dira: polizoia, bigarren makinista, kontramaisua, Eneko eta Denis. Zihurki, hauetarik bat izan dela hiltzailea. Baina zergatik hilketa berri hau? «Hilketaren ordua jakin behar dut... Bueno, hori gero zehaztuko dut galdera batzuren bitartez. Orain egoera berria bakardadean aztertu behar dut, gero galderak zehatzagoak eta zuzenagoak izan daitezen. Zeintzu eragingarri eduki litzake susmagarri bakoitzak? Ea kontramaisuak. Honen adiskide on zen Igor. Behar bada zerbait aurkitu zuen Igorrek, kontramaisuarentzat kaltegarri izan zitekeena, eta ahoa isilerazteagatik hil zezakeen... Ea, orain polizoi eta makinistarekin...». Tarte batetan nire burua bi hauek eduki zitzaketen aitzakien bila ibili da, baina alferrik. «Ea, orain Eneko eta Denis...». Hemen ere berdin gertatu zait. Eneko susmagarrien zerrendatik kendu egin behar nuela uste dut, bere maila intelektuala apalegia delako, batez ere Igorren hilketa asmatzeko. Bigarren ofizialearena arruntagoa izan zen: zerbaitez buruan jo eta uretara jaurti. Hemen, berriz, konplikatuagoa egin du, edo dute, zeren zihur nago Igor ez dela itota hil, zaratarik, oihurik ez baitu inork entzun. Bat batean zerbaitez hil dute eta gero dingilizka ezarri.

        Bigarren hilketa honek hau adierazten du: ene ustez, hiltzaileari konplikazioren bat sortu zaiola, bere burua arriskutan ikusi duela. Beraz, larrialdi batetan dagoela, eta azkar ibiltzen banaiz kalte egin diezaiokedala, nire ikerketa lanari lagunduz. Beraz, berehala lanean hasiko naiz.

        «Lehenen, hilketaren ordua zehaztu behar dut, eta gero Eneko, Denis, polizoia eta makinista une horretan non zeuden jakin beharko nuke. Koartada bat balute, luketenak hilketa bien susmagarrien zerrendatik ken nitzakeela uste dut. Kontramaisuarekin saiatu behar naiz gehien»

        Ganbarotetik irten naizenean, hainbat marinel dago inguruan. Lanean beharrezkoenak direnak utzita, beste guztiak jantokian bil daitezela agindu dut.

        Denak aurrean ditudala, hilketaren ordua mugatzen ahalegintzen naiz.

        — Nork ikusi zuen azkenik?

        Sukaldariak erantzuten dit.

        — Hirurak inguru ziren ni sukaldetik irten nintzenean eta han utzi nuen.

        — Bakarrik?

        — Ez. Polizoia ere han geratu zen.

        Begi guztiak harengana doaz. Portugaldarra kezkati dago.

        — Ni ordu erdi bat beranduago irten nintzen eta Igor sukaldean geratu zen.

        — Nora joan zinen?

        — Gora, atseden bat hartzera. Haizea hartu nahi nuen.

        — Bakarrik egon zinen ala norbaitekin?

        — Bakarrik.

        Orain guztiei hitz egiten diet.

        — Polizoiak hiru t'erdietan ikusi zuen bizirik Igor. Ordu hori baino beranduago beste inork ikusi ote zuen?

        Ez zidan inork erantzun.

        — Beraz, hilketaren ordua hiru t'erdietatik bostak bitartean ezar dezakegu. Hau, jakina, polizoiak esan diguna egia bada. Eta orain guztiei galdetzen dizuet: tarte horretan ikusi edo entzun al du inork zerbait arrarorik?.

        Berriz isiltasuna.

        Makinistari galdetzen diot orain.

        — Non zeunden zu tarte horretan?.

        — Ganbarotean.

        — Bakarrik?.

        — Bai.

        — Eta zu, Denis?

        — Nire ganbarotean, irakurtzen.

        — Nor zegoen zurekin?.

        — Eneko.

        — Egia da, Eneko?.

        — Bai.

        Kontramaisua geratzen da soilik eta berari egiten dizkiot urrengo galderak.

        — Eta zu, non zeunden?.

        — Nire ganbarotean.

        — Bakarrik?

        Ez dit berehala erantzuten. Orduan, Maiderrek hitz egin du.

        Nirekin zegoen.

        Begi guztiak andrearengana doaz. «Lekuko ederra duzu!. Koartada horrek ez du deus balio».

        Berriz ere guztiei hitz egiten diet.

        — Entzun duzue hauek eman dizkidaten erantzunak. Esan duten tokietan ote zeuden ala ez jakin nahi nuke orain, hau da, esan dutenaren froga bat behar dut. Esan iezadazue, mesedez, ea esan didaten tokietatik at inork ikusi ote dituen denbora tarte horretan.

        Inork ez dit erantzuten, eta honekin bilera bukatutzat ematen dut.

        —Jaunak, oraingoz hau da guztia.

        Bakarrik geratu naiz jantokian eta elkar hizketa honekin lortu dudana aztertzen dut. Hilketaren ordua finkatua dago hiru t'erdietatik bostetarako tartean, eta susmagarriei buruz, hauk dira erantzunak: polizoia bakarrik zegoen eta, beraz, ez du lekukorik.

        Makinista kasu berean dago. Denis Enekorekin zegoen, baina biak dira susmagarriak, eta berdin gertatzen zaie Maider eta kontramaisuari. Beraz, susmagarrien zerrenda, lehen bezala ote dago? Ez dut uste, zeren Eneko eta Denis biak elkarrekin egon dira, eta nahiz eta biak susmagarri izan, ene ustez, Eneko eta Denis ez daude Maider eta kontramaisua dauden bezala loturik.

        Adiskide dirudite, bai, baina alde guztietatik begiratuz, batetik bestera alde handia dago, oso ezberdinak dira. Duten kidetasun bakarra untzian berriak izatean datza, ene ustez. Beraz, orain, nire susmorik nagusienak bi pertsonarengan daude batez ere finkaturik: kontramaisua eta polizoia. Kontramaisuagan, Igorrekin harreman ugari zuelako, Igorrek kontramaisua aspaldidanik eta sakonetik ezagutzen zuelako. Eta polizoiagan, Igorrekin geratu zen azkena eta bakarra izan zelako.

        Polizoiak Frantziara lan bila doala esan dit. Egia ote?. Bigarren makinistak laguntzen dio, eta hau idealista bat da, eta atsegin zait horrela izatea. Baina, eta makinista berari ere gezurra esan badio?. Idealistak maiz hilargian bizi dira, lurreko zikinkeriak ez dituzte behar bezala ezagutzen. Beraz, gerta litekeen gauza da polizoiak gezurra esatea, bidaia hau egiteko benetako aitzakia beste bat izatea. Behar bada, harri preziatuen kontrabandoan ibiltzea. «Makinistarekin hitz egin behar dut. Polizoia nola ezagutu zuen jakin nahi dut».

        Makinistarekin elkartzen naizenean oso kezkati ikusten dut. Ez dirudi hodeietan dabilenik eta are gutxiago hilargiaren inguruan. Nire bisitak ez du batere harritu: itxarongo banindu bezala hartu nau.

        — Itxaroten ninduzun?.

        — Bai, itxaroten zintudan.

        — Beraz, zerbait esan behar al didazu?.

        — Hori da tamala, ezin diezazukedala ezer berririk esan.

        Serioski hitz egiten diot.

        — Bihar goizean Baionara helduko gara eta txosten bat idatzi behar dut poliziarentzat. Susmagarri bezala polizoia aurkeztuko dut.

        Ez dit ezer erantzuten. Behar bada onhartzen ditu horretarako ditudan arrazoiak.

        — Nola ezagutu zenuen?

        — Portugaldar adiskide batek gomendatu zidan.

        — Eta egia esan dizula uste al duzu?

        — Adiskide hori fidagarria da.

        — Eta hari ere gezurra esan badio?.

        — Ez dakit ba... Dena den, polizoiaren itxura ona da, eta ongi portatzen da.

        — Itxuraz bai, baina...

        Zalantzazko keinu bat egin dit, nire kezkak partekatuko balitu bezala.

        Ez dakit zer esan. Egin ezazu zeure kontzientziak agintzen dizuna.

        Jakin nahi nuena ba nekienez, nire ganbaroterantz joan naiz, alferrikakoa iruditzen baitzait kontramaisuarekin hitz egitea.

        Ganbarotean, bihar aurkeztu behar dudan txostena aldatu egin dut eta afaria hartu ondoren lemaren ardura neureganatzen.

        Iluntzen ari da eta itsasoa bare dago, ni bezala. Ba dirudi txostena idazten bukatzea nire kezken amaia izan dela. Susmagarri nagusi bi aurkezten ditut, kontramaisua eta polizoia. Horrekin eta Igorren gela ukitu gabe, zegoen bezala gorderik, zerbait baliosik eskaintzen diot poliziari arazo hau argi dezan.

        Baretasun hau aurreko egunetako buruhausteei kontrajartzen zaie eta nahiz eta nituen kezkak uxatzeak poz ematen badit, lagun izan zaizkidan buruhauste haiei agur egiteak hutsune bat uzten dit barnean, baina horrela gertatzea ez da batere arraro; gizonak ohiturak maite ditu, lehengoarekin apurtzeak beldur ematen dio, nahiz eta lehengo hori iluna izan.

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975