Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

VIII. BITXIEN KUTXA

 

        Arratsaldeko zortzirak jota dira polizoia etorri zaidanean.

        — Kapitaina, zurekin hitz egin nahi nuke.

        Berehala igarri diot zerbait garrantzizko duela esateko.

        Esan.

        Inguruetara begiratzen du beldurrez. Nire eskuak leman daude baina begiak polizoiarengan finkaturik ditut. Esan bezala, zerbait astuna esan behar didala nabari da.

        Sukaldariak, lanean zegoela, haiztoaz min hartu du, eskuan zauri bat sortuz eta sendaketa bat egin diezaiodala eskatu dit. Dakizunez, Igor zen sukaldari laguntzailea, baina hilda dagoelarik, eta sukaldean beste inor ez dagoenez, esan dizudan bezala, niri eskatu dit zauriaren sendaketa egin diezaiodala.

        Une batez isildu egin da eta berriz inguruetara begiratu du.

        — Lasai hitz egizu, hemen ez baikaitu inork entzuten.

        — Nik ez nekien sendagailuak non zeuden eta sukaldariak eman dizkit behar nituen zehaztasunak. Joan naiz, bada, botikinera, sendategia dagoen tokira eta behar nituen sendagailuak hartzerakoan oztopo batekin aurkitu naiz: kutxa eta botila guztiek ezarrita zituzten hitzak frantsesez edo gaztelaniaz zeuden, eta hizkuntza horik ez ditut nik ulertzen. Beraz, behar nuena bilatzeko kutxak zabaltzen hasi behar izan dut.

        Berriz, atseden bat hartu du, eta berriz ere inguruetara begiratu, lasai hitz egiteko egin nion gomendioaz fidatuko ez balitz bezala. Urreratu egin zait eta hitzak isilago irtetzen zaizkio.

        — Kutxa bat zabaldu dudanean sendagailurik ez zedukala ikusi dut, han beste zerbait zegoela.

        — Zer zegoen?

        — Bitxiak: eraztunak, arrakadak, etabar.

        Hau entzun dudanean polizoiaren beldurra eta artegatasuna oso bidezkoak direla iruditu zait. Esan didana egia balitz, eta horrela ez dela pentsatzeko arrazoirik ez dut, garrantzi handiko zerbait esaten dit, hor egon baitaiteke hilketa biren eragingarria.

        — Zer egin duzu gero?.

        — Kutxa zegoen bezala eta zegoen tokian utzi dut eta sukaldariak eskatu dizkidan sendagailuak bilatu ditudanean, sukaldera joan naiz. Sendaketa egin diodanean aitzakia bat bilatu dut zugana etortzeko.

        Zuhur jokatu du polizioak, baina arazo hau ongi lotu behar dut hurrengo urratsak zuzen eman ahal izateko.

        — Esan didazun hau, nori gehiago azaldu diozu?

        — Inori ere ez.

        — Sukaldariari ere ez?

        — Ez.

        — Eta makinistari?

        — Ez, jauna.

        Une batez pentsati geratu naiz. Garrantzi handikoa da arazo honetan zuzen jokatzea eta bide egoki bat prestatzeko denbora behar dut.

        Zure ikertze honetaz ez ezazu inorekin hitz egin. Honek, zu eta nire arteko segeretu bat izan behar du... oraingoz. Orain joan zaitez sukaldera eta joka ezazu ezer gertatu ez balitz bezala.

        Bakarrik geratu naizenean egoera berri honen aurrean zer egin behar dudan aztertzen dut. Susmagarri nagusi bi banituen, hau da, polizoia eta kontramaisua, orain azken hau geratzen zait soilik, polizoiak berak bitxiena salatu didalako. Eta egia esan, horrela balitz, hau da, hiltzailea kontramaisua izango balitz, Igorren hilketak ba luke zentzurik. Alde batetatik Igor kontramaisuaren adiskide zelako eta behar bada horregatik zerbait jakitera hel zitekeen. Eta bestetatik, sukaldean lan eginik, sendategia hurbil zuen Igorrek eta behar bada bitxiak gordetzen zituen kutxa ikus zezakeen.

        Ez dut uste berebiziko adimena dudanik, baina ez dut zozo edo inozotzat neure burua. Honegatik polizoiak egindako ikertze honi garrantzi handia ematen diot, eta hurrengo minutuetan egoera berria aztertu dut eta erabaki batzuk hartu. Polizoia deitu erazi dut eta aurrean eduki dudanean agindu bat eman diot.

        — Egon zaitez zelatan sendategiaren inguruan eta norbait hurbilduko balitz, esan iezadazu berehala. Lema laster utzi behar dut eta ni ere handik hurbil ibiliko natzaizu.

        Esan eta egin, polizoiak eta biok gau osoa beilan igaro dugu, baina alferrik. Egia esan ote dit polizoiak? Denbora gal erazi nahi dit? Baionara heltzeko ordu batzuk besterik ez zaizkigu falta, hau gogoan dut, eta nire zalantzak gehituz doaz. Ez ote han dauden bitxiak zati bat bakarrik izango, eta ez ote ditu gainerakoak polizoiak berak beste nonbait gordeta edukiko?.

        Egunaren argitzearekin han, urrunean, Euskal Herriko mendiak urartetik gailentzen ari ziren, nire urduritasuna handitzen ari zen neurrian. Orduan, urrats batzuk... eta norbait sendategiko atea zabaltzen ari zela. Berehala irtetzen naiz eta hitz garratzez esaten diot:

        — Zertan ari zara?

        Kontramaisua ustegabean hartu dut eta ikaratu egin da. Ez dit ezer erantzuten. Irmoki besotik hartu eta bere ganbaroterantz eraman dut. Bidean galdetzen dit:

        — Zer da hau?.

        — Atxiloturik zaude

        — Zergatik?.

        — Hilketa biren susmagarri bezala.

        Ez dit ezer erantzuten eta bere ganbarotean sar erazi dut, giltzak hartu eta atea kanpotik hertsi. Atsedenezko hasperen bat irten zait, hainbeste buruhauste sortu didan arazoa bukatutzat eman dezakedalako.

        Jarraian, nire ganbarotera joan naiz poliziei eman behar diedan txostena azken gertaerekin aldatu eta gehitzeko, eta horretan nengoen Baionako portuan sartzen hasi garenean. Han, gure zain, poliziaren beribil bat dakusat, telegrafoz bidali diedan mezuari erantzunez. Marinelak goian daude, poliziei begiratzen eta azken gertaerak ahotan dituztela. Kontramaisuarenak ez ditu harritu, haren eta Maiderren artekoa jadanik guztiek ezagutzen baitzuten.

        Eta, polizoiaz zer egin? Nekeza zait poliziei salatzea, batez ere hiltzailea haren laguntzari esker harrapatu ahal izan dudalako. Honetan, Maider hurbildu zait.

        Mendeku zikin bat egin diguzu. Nazka ematen didazu.

        Gorrotoz beterik begiratu nau eta joan egin da. Bat batean hartu nau eta ezina izan zait erantzun bat ematea.

        Une batez, ahaztu egin zaizkit hilketak eta poliziak, polizoia eta untzia bera ere, eta zerbait pertsonalagok bete dit adimena. Maider berriz libre zegoen! Lehenago bigarren ofizialearengandik eta orain kontramaisuarengandik. «Eta zer?. Horrek ez du esan nahi neuregana dezakedanik. Ez ote dago ba argi nolako gorrotoz begiratu nauen?... Bai, egia da esaten dutela gorrototik maitasunera urrats bat besterik ez dagoela. Baina, zer egin urrats hori eman dezan?». Maiderrekin hitz egiteko irriki bizia sortu zait eta haren atzetik abiatu naiz. Berehala beste burutapen bat gurutzatu zait. «Itxurazkoa ote da untziaren kapitaina honela ibiltzea, haur bat bailitzen? Ez ote dut eskuartean beste arazo larriagorik?...... Baina ez, gizonak ez ditu karguak bakarrik. Erantzunkizunei soilik begira bizitzea infernu batetan egotea iruditzen zait.

        «Zer polizia eta zer arraio!. Nire zorionari ere begiratu behar diot!». Eta zuritu egin dut burua, nire portaera justifikatu. «Arazo hori argituta dago, eta zerbait argi ez balego, hor dago polizia». Maider dut gogoan... Orain galdua dut. «Nondik arraio sortu ote da?». Goian ez dut ikusten. «Ate honetatik sartuko zen noski». Bai, horrela izan behar zuen, mon sukalderako bidean hots bat entzun baitut. Gero, deihadar bat.

        Etorri, etorri!.

        Eta hau ikusi dut: sukaldearen atean polizoia deihadarka, harekin sukaldaria eta Maider, eta sendategiaren atean beste norbait. Polizoiak azken hau seinalatzen zuen «Etorri, etorri!» oihukatzen zuen bitartean. Salto bitan hurbildu natzaio eta eskuan zeraman kutxatxoa kendu diot. Zabaldu dugunean, polizoiak esan zizkidan bitxiak zeuden. Polizoiak eta sukaldariak nekez menperatu dute hiltzailea, eta gora igon garenean, untzian sartu berri zen poliziak galdetu dit.

        — Non dago hiltzailea?

        — Hor.

        Eta polizoiak eta sukaldariak zekartena seinalatu diet.

        Marinelek aho batez oihuztatu dute harriduraz haren izena.       

        — Denis!

        Polizien buruzagiak eskatu dit.

        Txostena. Non duzu txostena?

        Nire frakasoa aitortzeak lotsa ematen dit, zeren txostenean kontramaisua ematen baitut hiltzailetzat. Polizoiari esker harrapatu dut gaizkilea eta ez nire adimen argiagatik. Nola eman, bada, txostena, oker badago egina?.

        Bukatu gabe dadukat eta berehala eramango dizuet komisaldegira.

        Polizien buruzagiak berriz galdetzen dit.

        — Zerbait gehiagorik salatu behar al diguzu?.

        Marinelen begiak nigandik polizoiarengana doaz. Izerdi hotz batek blai eginda uzten nau. Eta ez dakit nola, nire buruak ez baitio mugitzeko agindu, eta behar bada bihotzaren eraginez, mihiak hitz egin dit.

        Ez.

        Poliziak joan egin dira. Polizoiak eskua eman dit eta bere begiak bustirik daude. Bigarren makinistak besarkatu egin nau.

        — Barka iezadazu gaizki juzgatu zaitudalako —esan dit.

        Irribarre batez eskertu diot aitorpen hau. Gero, Maiderri, kontramaisuaren ganbaroteko giltza eman diot eta horrekin nire ametsei agur egiten nien. «Zabalduko dio atea eta besarkatuko dira». Baina ez dut amestu nahi une hori, min ematen baitit. Dena den, ongi dakit Maider galdu dudala eta orain maite duen gizonaren besoetara bidali dut ene duitasuna galdu gabe. Eta honek poztu egin nau.

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975