Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

V. HIRU MARINELEKIN

 

        Berriz nire ganbarotean, ohean etzan naiz, han, bakardadean, egoeraren azterketa berri bat egiteko asmoz. Itsasuntziaren arakaketa bukatu gabe geratu da eta uste gabeko ondorena ekarri digu, hau da, polizoiaren deskubritzea. Baina gauzak lehen bezain ilun daude, zeren hilketaren egilea nor den jakiteke jarraitzen baitut.

        Zazpi susmagarrien artean, bikote bi nabarmentzen dira: Kontraimusua-Maider eta Polizoia-Bigarren Makinista. Lehenengoentzat, hilketaren eragingarria sexu arazoa litzateke, eta bigarrenentzat polizoiaren deskubritzea. Baina salaketa serio bat egiteko, susmoak ez dira nahikoak, horretarako froga zehatzak behar baitira, eta horik, frogak, dira nik ez ditudanak.

        Frogak, nola bila? Itsasuntziaren arakaketa aginduz, hiltzailea aurpegia ematera behartu nahi izan nuen, baina honen ondorioz polizoia deskubritu bagenuen ere, horrekin sortu zen nahastearekin hiltzaileari denbora eta aukera eman genizkion egin behar zuena egiteko. Zer egin orain? Beste gogoeta bat gurutzatu zitzaidan. «Zazpi susmagarrien artean, lau aipatu ditut. Baina besteak, zer? Igor, Eneko eta Denis-ek, nolako eragingarriak eduki litzakete? Nolako probetxua atera zezaketen bigarren ofizialearen hilketarekin? Polizi nobeletan susmagarrien agertzen direnek errugabe bezala amaitzen dute, eta itxuraz zerikusirik gutxien duena, hura izaten da hiltzailea. Beraz, ez ote litzaidake zuzen pentsatzea hemen ere berdin gerta litekeela? Susmo agerienek bikote bietarantz eramaten bagaituzte, gerta liteke azken finean hiltzailea Igor, Eneko ala Denis izatea... Baina polizi nobeletan horrela bade ere, gerta liteke hilketa honen azterketak beste azken bat edukitzea. Hiru marinelen posibilitateak aztertu behar ditut. Zer dakit hauetaz».

        Une batez haria joan zait eta ganbaroteko goialdea begiratzen dut. Lerro beltz bat du. Harutzago ere belzturik dago. «Pintatzeko agindu behar dut... Arraio pola! Zertan ari naiz?» Zutitzen naiz. Nire azterketak noraezean ari dira eta zentzu bat eman behar diet. «Lehenen egin behar dudana, bigarren ofizialearen bizitza aztertzea da, zeren norbaitek hil badu, zerbaitegatik hil du. Gero, hiru marinel susmagarriek sakonagotik aztertu behar nituzke».

        Beren postutan beharrezkoak ez diren guztiak jantokian bil daitezela agindu dut eta aurrean eduki ditudanean bileraren funtsa azaldu diet.

        — Matosinhos-a heldu ginenetik hil zuten arteraino bigarren ofizialeak zer egin zuen jakin nahi dut. Zuk, Maider, esan iezadazu zein ordutan jaiki zen.

        — Goizeko seirak ingurutan.

        — Eta zer egin zuen?

        — Atondu, eta zazpirak ingurutan irten.

        — Nora joateko?

        — Ez zidan esan. Gosaltzera, agian.

        Sukaldariak baieztu egin zion.

        — Bai, zazpirak ingurutan gosaldu egin zuen.

        — Eta gero?

        Maider-ek erantzun zidan.

        — Berriz ganbarotera etorri zen. Paper batzuk hartu zituen eta irten egin zen.

        — Nora joateko?

        — Ene ustez, aginte zubira igoteko, bere txanda baitzen.

        — Zeintzuk paper hartu zituen?

        — Ez dakit...

        — Eta, ikusi al dituzu paper horik ganbarotean, hil ondoren?

        — Ez dakit...

        Bat batean, argi izpi antzeko zerbait sortu zait eta Maider besotik harturik bazter batetara eraman dut, hitz leunez galdera bat egin diodalarik.

        — Zenbat diru zedukan Jakob-ek goizean?

        — Ez dakit...

        — Bueno, goizean edo aurreko egunetan, berdin zait.

        Irainduaren aurpegia ipini du, baina ez diot sinesten. Besoa berriz hartu eta astinaldi batez eragiten diot.

        — Ez iezadazu gezurrik esan. Andre guztiek sentitzen duzue senarraren poltsikoak aztertzeko irrikia.

        Maiderrek begietara begiratu nau eta nik gogor eutsi diot haren begiradari. Azkenik, aitortu egin du.

        — Diru asko zedukan.

        — Zenbat?

        — Ez dakit. Behar bada, milaka dolar. Pakete batetan zeuden.

        — Eta orain, non daude?

        — Ez daude. Oportotik etorri nintzenean, paketea ez zegoen ganbarotean.

        Arnasa hartu dut. Garrantzi handikoa da Maider-ek esan didana, eta berritzea eskatu diot.

        — Goizean paketea ganbarotean zedukan, eta zu Oportotik etorri zinenean, hau da, itsasuntzia portutik irten aurretik, ez zegoen. Horrela al da?

        — Bai, horrela da.

        — Beraz, horrek esan nahi du zure senarrak, untzitik irten, eta norbaiti eman ziola.

        — Horrela dirudi.

        — Nori eta zergatik?

        — Ez dakit.

        Berriz, Maider besteengana eraman dut. Orain, guztiei mintzatzen natzaie.

        — Portuan egon ginen bitartean, bigarren ofizialea zerbitzuan zegoen untzian, baina une batetan jaitsi egin zen. Nork ikusi zuen jaisten?

        Ez nuen erantzunik jaso. Orduan bigarren galdera bat egin nien.

        — Igon al zen untzira norbait, berarekin hitz egiteko?

        — Bai.

        — Bai.

        — Nor zen?

        Ez zekiten.

        — Zertaz hitz egin zuten?

        Ez zekiten.

        — Zenbat denbora egon zen?

        — Hamar bat minutu.

        — Zer zekarren eskuetan eta zer zeraman?

        — Ekarri, ezer ez, baina eraman, pakete bat zeraman.

        — Azal iezaguzu nolakoa zen pakete hura.

        Azaltzen zigunean, Maider begiratzen dut eta buruaz baietz esaten dit, hura zela dirua zedukan paketea.

        Niretzat argi zegoen gertatzen zena. Bigarren ofizialea zerbaitetan ari zen, zeren gizon ezezagun hari diru pila hura eman bazion, zerbait ordaintzeko izan behar baitzuen. Baina zer izan zitekeen zerbait hura? Lekuko biek esan dute gizon misterios hark ez zekarrela ezer eta irtetzerakoan paketea zeramala. Zeren truke zeraman diru hura? «Ikus ditzadan posibilitate batzuk: harri preziatuen kontrabandoa, horretarako ez baita behar eskuan paketerik edukitzea; kapitalen ebasioa; aurretiaz emanikako zerbaiten ordaina... edo eta CIA-ko espiaren bat izango ote zen?».

        Ikusi al duzue beste inoiz bigarren ofizialea gizon horrekin? Ezagutzen al du zuetariko edonork gizon hura?

        Galdera hauek murmurio bat sortu dute entzuleen artean, beren arteko galderak, erantzunak eta komentarioak gurutzatzen direlarik. Nik ahaleginak egin behar ditut zurrunbilo hartatik zerbait garbi ateratzeko.

        — Nik beste behin ikusi dut gizon hori untzian.

        — Leixoes-ko bar batetara asko joaten zen. (Bigarren ofizialea).

        — Ez, andrerekin ez zebilen. Gizonezkoekin hitz egiten zuen. (Bigarren ofizialea).

        Uzten diet hitz egiten, nahaste hura mihiak askatzeko onuragarri iruditzen zaidalako, hari berriak bilatzeko aukera eman diezadakeelako.

        Aurrean daduzkadan entzuleen artean, polizoia salbu, susmagarri guztiak daude, eta zurrunbilo honetan zer egiten duten aztertzen ari naiz. Kontramaisuak eta Igorrek biziki hartzen dute parte. Makinista joanda bezala dago, hark guztiak berarekin zer ikusirik ez balu bezala. Enekok jai baten ikusle dirudi eta Denis-ek arreta handiz jarraitzen du guztia.

        Iskanbila baretzen ari da, baretzen, baretzen... Esandakoak zehaztu egin behar ditut eta galdezka hasi naiz.

        — Zein da Leixoes-ko bar horren izena?

        — Estrela do Mar.

        — Zein mailatakoa da?

        — Dotorea.

        — Zenbat gizonekin hitz egiten zuen han bigarren ofizialeak?

        — Birekin.

        — Hirurekin.

        — Beti berberak?

        — Bai.

        — Inork ezagutzen al ditu?

        Ez didate erantzuten.

        — Nortzuk izan daitezkeen inork susmatzen al du?

        Guztiak isilik. Erantzun batetara bultzatu nahi ditut.

        — Lan orduan han bazeuden, haien lana han egotea izango zen.

        — Astakeria bat esan duzu.

        Nire begiak bigarren makinistarenekin gurutzatu dira.

        — Nola astakeria? Lan orduetan barrean badaude, haien lana kalean ibiltzeak dirudi.

        — Hori Frantzian gerta daiteke, baina ez Portugalen. Zuk nik bezain ongi dakizu fazisten desgobernuak nola utzi duen hainbat gizon lanik gabe.

        Orain niri tokatzen zait harria botatzea.

        — Orduan, zure iritziz, bigarren ofizialea fazisten biktimak kontsolatzen ari zen.

        Nik jaurtitako harriak erdi erdian jo du diana.

        — Bigarren ofizialea bera, fazista zikin bat zen!

        — Orduan, zertan zebilen «Estrela do Mar» bar horretan?

        — Behar bada, homosexualekin.

        Bik edo hiruk erantzuten diote.

        — Ez, ez ziruditen horietarikoak.

        — Nolakoak ziren? —galdetzen diet

        Baina ez dut erantzunik jasotzen. Posibilitateak proposatzen dizkiet.

        — Kontrabandistak?

        — Ez Ez zuten paketerik.

        Horrek ez du ezer esan nahi, zeren kontrabando mota asko daude, eta tartean pakete handiren beharrik ez dutenak.

        — Diamanteak.

        — Adibidez. Eta espiaren bat balitz?

        — Ba liteke. Isila zen, berekoia, begizorrotza.

        Berriz lehengo murmurioa, eta lehen bezala, isiltzen naiz eta hitz egiten uzten diet. Susmagarriei begira nago. Igorrek eta kontramaisuak ez dute orain hitzik egiten. Makinista fazisten aurkako hitz biribilak botatzen ari da. Eneko lehen bezela, ikusle soil bat da, eta Denis-ek betiko arreta ipintzen du baina ahorik zabaldu gabe. Orduan, beste argi izpi batek jo nau. «Non zeuden susmagarriak bigarren ofizialea gizon misterios harekin zegoen unean? Hauetarik zeinek ikusi zuen diru paketea ematen, eta nork daki zer honen truke hartzen». Susmagarrien artean, Kontramaisua-Maider eta Makinista-Polizoia bikoteak jadanik nahiko azterturik nituen, eta hiru marinelekin berdin egitea faltatzen zitzaidan. «Hiru marinelak isilik daude, ez dute deus esaten. Zergatik?... Diamanteak eta espiak direla, han hemenka ari dira, dibagatzen, eta nik ez dut deus garbirik ateratzen. Denbora galtzen ari naiz... Hiru marinelekin hitz egin behar dut... Eta zergatik hemen, guztien aurrean, galderaren bat ez egin? Gezurrik esango balidate, salatu egingo lituzkete». Txalo batzuk jotzen ditut.

        — Zein ordutan elkartu ziren bigarren ofizialea eta paketea eraman zuen gizona?

        — Hamaikak aldera.

        — Eta zu, Igor, non zeunden ordu horretan?

        — Sukaldean.

        — Nor zegoen zurekin?

        — Sukaldaria.

        — Egia dio —baiezten du sukaldariak.

        — Eta ez al zinen handik zerbaitetarako irten?

        — Ez, hamabiak arte ez behintzat.

        — Eta zu, Eneko, non zeunden?

        Itsasuntzia deskargatzen.

        Beraz, ikus zezakeen bigarren ofizialearen eta gizon haren elkartzea.

        — Eta Denis?

        Ni ere untziaren deskargan.

        Makinistari zuzentzen diot orain nire galdera.

        — Eta zu, non zeunden?

        — Oporton.

        «Jakina! Polizoiarekin tratua egiten»... «Beraz, Eneko eta Denis izan zitezkeen susmagarriak. Baina Igor bera ere ez dut baztertu behar, zeren hari batek beregana eraman baikintzake: Maider-Kontramaisua-Igor. Maider-ek ba zekien paketearena, esan ziezaiokeen kontramaisuari, eta honek Igor-i. Hiru lagunen arteko konspirazioaren posibilitatea ez dut baztertu behar». Kontramaisuaren ganbarotera joan nintzenean, Igor han zegoela gogoan dut.

        Bilerari amaia eman beharrean aurkitzen naiz, bazkalordua baita, eta nire asmoa bazkal ondoren hiru marinel susmagarriekin banan banan hitz egitea da. Tarte honek arazoaren azterketa bat egiteko aukera eman diezadake, baina buruko mina dut eta aspirina pare bat hartu ondoren gora igon naiz.

        Goizeko eguzki ederra hodei ilunen artean ezkutatuta dago eta haize bizi bat jaiki da. Ekaitza gainean dugu. Egia esan, goiza beroegia izan da eta behar bada horrek erakarri du uda ekaitz hau. Baina iragango da eta berriz ere etorriko zaigu eguraldi ederra, oraindik goiz baita.

        Euri tanta lodiak jausten hasiak dira eta aterpe bat bilatzen dut, baina handik ihes egin gabe, zeren hartu ditudan pastillen eraginari lagun baitiezaioke ni han egoteak, hilketaren buruhausteei atseden bat ematea onuragarri litzaidake, eta ur tantak itsaso handian nola murgiltzen diren ikusten dut. Behin utzi zuten uretara, bere bidea egin ondoren, nola bihurtzen diren. Eta itsasoa mugitzen da eta uhinek jaurtikitzen duten bitsa, zerutik jausten diren ur sortekin elkartzen da, poz jariozko dantza batetan bailiren. Eta itsasoak agurtu egiten ditu aspaldi galdutako tanta horik, bereganatzen ditu, hartzen ditu bere magalean, inoiz bere zati izan nintzen ama lurrak heriotze orduan agurtu eta hartuko nauen bezala.

        Hodeiak bata bestearen atzean hurbiltzen ari dira, beren ur karga jaurtikitzen dutelarik. Han goian, multzo ilun haietan, ur tantak beren bidea egiten ari dira, beren azkenerantz urratsik urrats doazelarik, ene bizitzaren irudi.

        Ene burua argi sentitzen dut, arin, nuen astuntasuna haize bizi honek kendu eta eraman balit bezala. Atseginez sentitzen naiz hemen, baina nire erantzunkizunek deitzen naute. «Zein zoriontsu ginatekeen erantzunkizunik ez bagenu!... Behar bada hildakoek beren aurpegietan agertzen duten bakea horretan datza, erantzunkizunei agur egiteak eman diezaiekeen atseginean».

        Igor-en ganbarotera noala sukaldera jaitsi naiz, polizoiari galdera batzuk egiteko asmoz.

        — Ezagutzen al duzu Leixoes-en «Estrela do Mar» izeneko bar bat?

        — Bai.

        — Nolako fama du?

        — Ez dut hartaz ezer berezirik entzun.

        — Eta nolako jendea joaten da hara?

        — Toki dotorea da eta beraz jende xehea ez da han sartzen. Turistak, marinelak, erdi eta goi mailako herritarrak

        — Harri preziatuen merkatu beltza, handia ote da Portugal-en?

        — Bai. Portugal-go situazioa, hau da, errejimena, Rhodesia eta Hego Afrikako zuriekin harreman onetan dago, eta ba dakizu Estatu horietan handia dela urre, diamante eta horrelakoen produkzioa.

        — Eta «Estrela do Mar» bar horretara ba ote doa horrelako tratularirik?

        — Gerta daiteke. Portutik hurbil dago eta kontaktoak egiteko toki egokia iruditzen zait.

        Polizoiarekin amaitu ondoren, Igor-en ganbarotera noa. Atea jo eta zabaldu didanean, harridura nabaritu dut haren aurpegian.

        — Esan iezadazu harri preziatuez dakizun guztia.

        Ulertu ez banindu bezala begiratu nau.

        — Harri preziatuak? Ni ez nabil horrelakoekin.

        — Nola diozu hori? Atzo zure ganbarotea arakatu nuenean eraztun bat ikusi nizun kutxa baten barruan.

        — Nire emaztearentzat da. Portugal-en urrea merke dago.

        — Non erosi zenuen?

        Aurpegia gorri gorri eginda geratu zaio. «Hemen zerbait dago». Igorren egonezina nabaria da.

        — Nondik lortu duzu?

        — Kontramaisuak erosi dit.

        — Nola izan daiteke hori, kontramaisua egun guztian untzian egon bazen?

        — Ez dakit... Bitxiez asko ulertzen du eta adiskide garenez, emaztearen nahia adierazi nion eta laguntza eskaini zidan.

        — Kontramaisuak bitxiez asko ulertzen duela esan didazu. Nola dakizu hori?

        Ez dit ezer erantzuten, behar bada nire galderari ez diolako funtsik aurkitzen. «Pellokeria bat esan diot».

        — Zein tokitan lortzen ditu kontramaisuak harriak Portugal-en?

        — Oporton eta Lisboan.

        Beldurrez erantzun dit.

        — Baina, norengandik?

        — Ez dakit.

        — Ez diozt sinesten. Hain adiskide zaretenez, jakin behar zenuke zerbait. Ez al diozu inoiz lagundu erosketaren bat egiten?

        — Bai, Lisboan behin.

        — Nori erosi zion?

        — Avenida da Liberdade-ko bitxitegi batetan izan zen.

        — Dendariari berari ala tratulari bati?

        — Dendariari berari.

        — Zenbat erosi zuen? Nolako preziotan?

        — Arrakada pare bat zen eta prezio merke bat egin zioten, haien ezaguna baitzen.

        — Ezaguna bazen, erosketa ugariak egiten zielako izango zen.

        — Ez dakit.

        — Bigarren ofizialeak ere bitxiez asko ulertzen omen zuen, ezta?

        — Horrela zioten.

        — Ikusi al zenituen inoiz biak elkarrekin Portugalen?

        — Ez, ez ziren adiskide.

        — Zergatik?

        — Maider, behar bada.

        Honekin amaitzen dut Igor-i egindako bisita eta Eneko-ren bila noa. Hau popan dago, Denis-ekin hizketan. Ordurako ekaitza joana zegoen. «Nola elkartzen diren berri biak! Bestalde, normala da horrela izatea» Ez dakit zer egin, haiengana jo ala itxaron. «Nahiago nuke banan banan harrapatzea» Baina arazo hau amaitzeko irrikitzen nago eta aurrera egiten dut.

        — Gizon hura itsasuntzira igon eta bigarren ofizialearengana joan zenean, non zeundeten zehazki?

        — Branka aldean.

        — Haiengandik zenbat metrotara?

        — Hogeiren batetara.

        — Entzun al zeniezaieketen hitz egiten?

        — Ez.

        — Eta ikusi zertan ziharduten?

        — Hitz egiten zeuden.

        — Haserre?

        — Ez.

        — Zertan ari zineten?

        — Itsasuntzia deskargatzen.

        — Beraz, harantz eta honantz.

        — Bai.

        — Eta, beraz, ez beti bigarren ofizialea zegoen tokitik hogei metrotara. Eneko urduritzen da, baina Denisek bere buruaren jabe darrai eta erantzuna honek ematen dit.

        — Gerta liteke une batetan hurbilago egotea, baina gu lanean genbiltzen eta ez haien zelatan.

        Denis-i begira geratu naiz eta une batetan nire buruak ez du ezer pentsatzen. Gero, bai. «Denis. Nor demontre zara egiazki? Maila intelektual handiegia duzu marinel soil bat izateko... Espiaren bat agian?......

        — Denis, non egin duzu lan gure untzira etorri aurretik?

        — Bar bat nuen Arcachon-en, baina porrot egin zuen eta Bordele-ra joan nintzen. Hemen noraezean ibili naiz lan zihurrik gabe, zure untzira etorri arte.

        — Eta zeintzu ikasketa dituzu?

        — Lehen mailakoak.

        Nire aurpegian zerbait ikusi du, zeren berehala galdetu baitit.

        — Ez al didazu sinesten?

        — Zure maila intelektualak lehen ikasketak eman diezazukeena baino handiagoa dirudi.

        Irribarrez erantzun dit.

        — Asko irakurtzen dut.

        Begi onez begiratzen dut, behar bada ni ere irakurle porrokatua naizelako.

        — Denis, lagun diezadakezula uste dut. Zuk, ikusi egin zenituen bigarren ofizialea eta gizon hura. Zure iritziz, zertan ziharduten?

        Denis-ek ezjakinaren keinu bat egiten du eta ez dit berehala erantzun.

        Bigarren ofizialea ez nuen sakonetik ezagutzen, pakete hartan zer zegoen ez dakit eta gizon hura osorik ezezaguna zen niretzat. Ikus dezakezunez, ez nago iritzi zuzen ba emateko aukeran.

        Baina nik ez dut etsitzen.

        — Lagunduko dizut argi batzuk emanez. Hara, eman dezagun bigarren ofizialea harri preziatuen kontrabandoan zebilela, pakete hark dirua zedukala eta gizon ezezagun hura harrien saltzailea zela. Suposatzen dudan honek ba ote du haiengan ikusi zenuenarekin loturarik?

        Denis pentsati geratu da.

        — Ba liteke. Baina nik ez nion paketearen truke ezer hartzen ikusi.

        — Ez zaitut oso konbentziturik ikusten.

        — Egia da. Ene iritziz, bigarren ofizialearen hilketa beste bide batetatik aztertu behar litzateke.

        — Maider?

        — Bai.

        Bat batean, egonezina sortu zait. Nik ez dakit zergatik, baina Maider aipatzen didan bakoitzean errudun sentitzen naiz Denis-en aurrean. Ba dirudi Denis-en begiek nire barrena arakatzeko ahalmen misterios bat dutela, andre harenganako nire sentimenduen berri deskubritu duela. Biluzik sentitzen naiz, defentsarik gabe eta ezkutatzeko, ihes egiteko nahi bizi bat sortzen zait.

        Nire buruaren jabe izan nahi dut, egonezin kaltegarri hau menperatu, baina alferrik dira nire ahaleginak. Guztia igarri didala uste dut, ez duela sinestu gure elkar hizketa amaitzeko eman diodan aitzakia.

        — Barka, baina garrantzizko zerbait egin behar dut orain —eta ordulariari begiratu diot, bat batean sortu zaidan premia susmagarri hau justifikatzeko. Denis-engandik aldendu naizenean nire bihotz taupadak baretu egin dira. Baina, zer egin orain? Zeren nire gorputzak bere lasaitasuna aurkitu badu, adimena nahasirik baitut. Nire oinen urratsek Denis-engandik aldentzen naute, baina nora eramateko? Aldentze soil batek ez du zentzurik eta honetan, nire urratsei norabide bat, helburu bat bilatzen ahalegintzen naiz... Kontramaisua! Bai, eta zergatik kontramaisuarekin beste solasaldi bat ez eduki?

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975