Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

II. ARGAZKI PORNOGRAFIKO BAT

 

        Nire ganbarotean sartu eta bigarren ofizialearen paperak aztertzen hasi naiz. Banan banan irakurtzen ditut eta argi daudenak pila batetan ipintzen, eta kezkaren bat sortzen didatenak, beste batetan. Estalki bat dadukat orain eskuetan eta barnean duena ateratzerakoan bihotzak salto bat eman dit. Argazki pornografiko bat! Bikote bat osorik biluzik izan da lehenen ikusi dudana, bata bestearen gainean etzanik. «Honelako zaletasunak zeduzkan, e?...», pentsatu dut bigarren ofizialeaz malizioski, baina argazkia urreratu eta nortzuk ziren ikusi dudanean, nire iritzia aldatu egin da, zeren ez baitut uste irudi hori begiratzeak atsegin handirik emango zionik, han zeudenak Maider, bere emaztea, eta untziko kontramaisua zirelako.

        Aurkikuntza honek nire azterketa lana geldi erazi dit eta ohean etzan naiz, begiak hertsirik, egoera berria hobe ausnartzeko. «Hiltzaileak izan litezkeenen zerrendan sei izen daude: Igor, Eneko eta Denis marinelak, bigarren makinista, kontramaisua eta Maider. Azken bientzat bilatu dut hilketarako eragingarri bat, arrazoi posible bat. Kontramaisuak eta Maiderrek elkar maite bazuten, bigarren ofizialea oztopo bat zitekeen, eta gure artean ezkontza haustea legeztaturik ez dagoenez, bigarren ofizialea garbitzea eta Maider alargun bihurtzea zen bide bakarra. Hau argi dago... Baina nork egin zuen argazki hori? Nork eman zion hildakoari?». Galdera hauk garrantzi handikoak ziren, haien erantzunetatik hiltzailearen izena edo izenak lor genitzakeelako.

        Nire gogoetek orain beste bide pertsonalago bat hartu dute. Ene begiek hertsirik jarraitzen dute eta iluntasun hartan Maider agertzen zait, untzian eta Oporton ikusi nuen bezala, hain deigarria itxuraz, hain lizuna azalean, baina beti haria gehiegi luzatu gabe, orain eskaini eta jarraian ukatzearen jokoa maisuki erabiliz, katu zitalari harrapatu duen sagua martirizatzeak atsegin emango balio bezala. «Eta nirekin hain uzkur ibili dena, begira hor, osorik biluzik kontramaisuaren besoetan!: Jakingo banu, jakin, nolakoa den»... eta Oporton galdutako aukerak etorri zitzaizkidan gogora. Une batez argazkia agertu zait, kontramaisuaren tokian neu nengoelarik, eta honek eman didan sentsazioaz gozatu egin naiz. Baina une bat, une labur labur bat besterik ez da izan, zeren nire artasun zapalduaren haserrea gainditu baitzait. Eta zera pentsatu dut, argazki hura ikustean honela oldartu banatzaie, bigarren ofizialeak sentitu zuena ez zitekeela bigunagoa izan. Biak hiltzeko beste? Bai, noski, eta ulertezina zera litzateke, alegia, nola hildakoa bera izan zen eta ez bikote zitala. Logikaz pentsatuz, bigarren ofizialeak argazki hau ikusi zuenean, sutan jarriko zen eta harritzekoa da hildakoa bera izatea eta ez besteak.

        Baina hilketa batetan logikak ez du asko balio, zeren hamu bezala bota baitiezazkiokete ikertzaileari oker bideak, handik abia dadin.

        Galdera bi ditut, bada, Maiderri egiteko, baina berarekin hitz egin aurretik, argazkiak ematen dizkidan posibilitate guztiak aztertu nahi nituzke. Jarraian kezka bat sortu zait. Edo hobe esan, hainbat kezka. «Eta argazkia konposizio bat besterik ez balitz, argazki pornografiko arrunt bati Maider eta kontramaisuaren aurpegiak ezarriz?» Gerta zitekeena zen, noski, eta posibilitate hau ez da baztertzekoa... «zeren argazkia benetakoa balitz, nola ez dute apurtu Maiderrek eta kontramaisuak? Nola utzi dute han, ganbarotean, edozeinek eskuratzeko eran haien kontrako froga arriskutsu hori?» Kezka honetan sakontzen dut, «Eman dezagun hilketa honela izan dela: kontramaisuak hil omen du bigarren ofizialea, baina ez zuen uste uretara botatzea hain arin jakingo genuenik eta poparantz ihes egin beharrean aurkitzen da, Maiderren ganbarotean sartu eta argazkia desegiteko astirik gabe. Maiderrek egin zezakeen lan hau, hilketaren partaide izango balitz. Beraz, argazkia desegin ez duenean, kontrako duten froga nabarmen hori han utzi duenean, errudun ez dela adierazten du, eta orduan kontramaisua bakarrik geratzen zaigu susmagarri». Baina aitortu behar dut arrazoinketa honek ez duela funts handirik, zeren kontramaisuak hilketa egin ondoren froga hau desegiteko astirik eduki ez bazuen ere, posibilitate hori aurretiaz gogoan edukitzekoa baitzen. Maiderrekin duen zera egiazkoa bada, hilketa egin aurretik ganbarotea arakatu eta argazkia hartzeko aukera zuen, eta hori horrela izan ez denez, posibilitate bi daude: bata, hilketa bat batean gertatzea borroka baten ondoren edo, eta bia, argazkiaren berri ez zekitela, eta orduan xantaia baten aurrean gintezke. Lehenengo posibilitatea baztertu egin behar dut, zeren lehenengo ofízialea eta ni iratzarririk geunden eta borrokaren zarata entzun genezakeen. Beraz, xantaia... «baina nork, eta zertarako?». Behar bada paper piloa aztertzen jarraituko banu erantzun bat aurkituko nuke, baina zerbaitek ene barnean Maiderren ganbaroterantz bultzatzen nau eta hara noa.

        Atea zabaldu didanean ez du lehengo harridura. Apainago dago, ni han agertzea itxaron balu bezala. Alkandora beltza eta galtza labur zuriak janzten ditu. Alkandoraren mangak altxatuta ditu, beso eder beltzaranak erakutsiz. Buruari eragiten dio, ile luze horia atzerantz botaz eta zeregin honi eskuin eskuak laguntzen dio. Eskuaren joan etorrian, beso gorrian, brazalete batek distiratzen du eta hemen bilatzen dut gure elkar hizketa hasteko haria.

        — Bitxi ederra benetan —esaten diot irribarrez.

        Maiderrek begiratu egin dio bitxiari

        — Senarrak oparitu zidan ihaz, ezkondu ginenean. Balio handikoa omen da.

        Zigarro bat eskaini dit, eta ni lotsatu egin naiz, kunplimendu honetan aurrea hartu didalako. Zertan ari da? Zein da haren jokoa? Menperatu egiten nauela sentitzen dut, egoeraren jabe dela. Hartu diot zigarroa eta sua eskaintzen diot. Zigarroari sua atera erazten dion bitartean, hanka bat bestearen belaun gainean jarri du, eta ezina izan zait hanka horiengan nire begiak ez ezartzea. Beltzaranak daude hauk ere, «eta beltzarana eduki behar du gorputz osoa ere». Baina irudipen lizunak uxa erazi egin behar ditut. «Bestela galdua nago». Itxura serioago bat hartu dut.

        — Lehen esan didazu kontramaisuarekin ez zela oso adiskide. Ba ote dakizu zergatik?

        Zeharka egin diodan galdera honekin argazkiarekiko erantzun bat itxaron dut, baina ez dit ezer erantzun. Pentsati geratu da. «Igarriko banu zer gertatzen den haren buruan, zer ari den pentsatzen»... Ba daki nola eraman dudan paper piloa, eta egin diodan lehen galderan kontramaisua aipatzeak, derrigorrean kezkatu behar du, zerbaiten jakitun naizela adierazi behar dio».

        Maiderrek isilik jarraitzen du. Orduan nik argazkia atera eta erakutsi diot, eta Maiderren itxura zeharo aldatzen da. Zedukan lasaitasuna bat batean joan zaio eta esku dardartiekin hartu dit argazkia.

        — Zer diozu honetaz?

        — Joanda bezala dago eta oso kezkati, baina erantzuten dit.

        — Kontramaisua ezagun nuen Jakob-ekin ezkondu aurretik. Argazki hau garai hartakoa da.

        «Beraz, argazkia egiazkoa da!.

        — Eta nork egin zizuen?

        — Ez dakit. Oraintxe arte ez nekien argazki hau egin zigutenik ere.

        Erantzuna egiazkoa iruditu zait.

        — Noiz eta non eginikoa dela uste duzu?

        Maiderrek berehala erantzun dit.

        Ihazko udan kontramaisua eta biok Biarritz-a joan ginen oporretan, eta argazki honek hoteleko gelan egina dirudi. Orduan ez nuen Jakob ezagutzen, eta handik egun batzutara kontramaisuak berak ezaguterazi zidan Jakob, itsasuntzi berberan baitzeuden. Kontramaisuarekin nuen zera ez zen gauza serioa eta Jakob-ekin hasi nintzen, handik hiru hilabetetara ezkontzen ginelarik.

        Gertatuaren eguna zehaztu beharra zegoen.

        — Ihazko udan izan zela esan didazu, baina zein egunetan?

        — Ekainaren azkenetan, baina eguna... Ihazko egutegirik bagenu...

        — Itxaron!. Eraztun bat eskaini zidan eta eguna irarrita daduka.

        Bitxi kutxa bat hartu du, zabaldu eta bilatzen ari da. Nik begiratzen diot, eta ezin bestean irten zait:

        — Bai bitxi politak!

        Irribarrez erantzun dit.

        — Jakobek dohain berezi bat zedukan bitxiak aukeratzean. Asko ulertzen zuen haietaz... Hemen duzu: ekainaren 26a.

        — Eta ordua?

        — Arratsean, zortzirak aldera edo.

        Isilune batek jarraitzen du. «Argazkiak hilketa honekin zerikusirik badu, zerrendan ditudan beste lau izen susmagarriek egun eta ordu horretarako eduki ditzaketen koartadak aztertu beharko ditut... Ea honek balio duen: kontramaisua ezagutu zuen, eta gero bigarren ofizialea, baina azken honekin, Jakobekin, zituen harremanak hozturik zeuden hilabeteotan. Zeintzuk ziren, azken hilabeteotan ere, kontramaisuarekin zituen harremanak? Berriztu ote zen lehengo hura?».

        — Maitatzen al duzu kontramaisua?

        Maiderren begiak nigan finkatu dira, nire galderaren norabidea jakin nahi balu bezala.

        — Jakob zelatia zen.

        — Horregatik hoztu al zitzaion zureganako maitasuna?

        — Baietz uste dut.

        — Baina ez diozu erantzun nire lehen galderari. Kontramaisua maitatzen...

        Ez, harenak egin zuen, baina adiskide mina nuen, ez baikinen alferrik...

        «Oheratu», pentsatu nuen.

        ...bueno, badakizu. Baina Jakoben zeluak ez ziren soilik kontramaisuarengatik, begiratzen ninduten gizon guztiengatik baizik.

        Horrela izateak ez nau batere harritu, zeren andre xarmanta bat duten senarrek portaera ezberdin bi har ditzakete, ala zelatiarena ala harroarena. Eta zirudienez Jakobek lehenengoa hartu zuen. Baina bigarren ofizialea hilda zegoen, nahiz eta zelatia izan, eta behar bada beste norbaiten zeluen eraginez...

        —Eta kontramaisuak berak maite al zintuen? Zelatia al zen?

        Maiderrek urduri begiratu nau.

        —Ez duzu pentsatuko...

        —Barka, baina posibilitate guztiak aztertu behar ditut.

        Andreak isilik jarraitu du. Galdera beste era batetara egiten diot.

        —Nola hartu zuen kontramaisuak zu Jakobekin ezkontzea?

        Maiderrek sorbaldak jaso ditu.

        —Filosofiaz.

        —Ez al da zelati?

        —Ez, ez du horretarako astirik. Gizon kementsua da, lanerako garra du, beti ekinean ari da, egunari hogeitabost ordu atera erazten dizkiotenetarikoa duzu... Ez, ez da zelati. Gurea harentzat bere bizitzako gertakari soil bat besterik ez da izan.

        «Berebiziko gorespena egin dio... Nolakoa izango ote da nitaz duen iritzia... Ixo, goazen harira! Kontramaisuak ba zukeen Jakob hiltzeko arrazoi bat, Maider berriz bereganatzea, alegia, eta horretarako oztopo bakarra senarra zen, baina Maiderrek esan duenez, hori ezin gerta zitekeen... Jakina, hau egiaztatu egin behar dut!.

        Zutitzen naiz eta arindura nabaritu du Maiderrengan atea zabaldu eta irten naizenean.

        Berriz nire ganbarotean, bigarren ofizialearen paperen azterketari lotzen natzaio. Bukatu dudanean, pilo bitan banaturik daude. Handian, susmagarri iruditzen ez zaizkidanak, eta bestean azterketa sakonago bat merezi dutenak. Azken hauetan hainbat dira zenbakiak eta hauekin egindako kontuak dituzten paper soltuak, batzuk hildakoaren eta Maiderren eskuz idatziak eta gainerakoak beste norbaitzuek, baina hauen azterketa gerorako uzten dut eta zubira irteten naiz.

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975