Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

VII
ETA-KO GUDARIA LIBRO

 

      Oso luze iruditu zaizkidan bots bat minutu igaro ditut egoera honetan, nire ganbarotean eskuak loturik, zer gertatu den jakin gabe. Tiro bi entzun ditut. Pistola Burtonek zeraman. Beraz, tiroak Burtonek botako zituen. Baina, zergatik ez da Burton itzultzen? Nola uzten dit honela? Eta beste galdera bat. Nori bota dio tiroa? Eta Fellini eta Burton elkarrekin baleude? “Denak ez du zentzurik. Ni hemen bakarrik uzte honek nahasten nau. Nola esplika? Nolako ondorioak atera?...”.

      Eskaileran urrats batzu. Andrazko baten oihua. Jendearen hurbiltzea. Eta ene adimenean eskena imajinatzen ahalengintzen naiz. Andre lodikote batek, behar bada Kobelo andrea edo haren bezalakoa, gorpu bat deskubritu egin du. Oihura Kobelo senarra eta haien antzeko andre eta gizon lodikoteak...

      Urrats arin batzu hurbiltzen sentitzen ditut.

      — Jurgi!

      — Nagore!

      Urduritasuna, eta poza, eta mila zentzazio gainezka ditut.

      — Nola zaude horrela?

      — Loturik nago.

      — Eta eskuburdinen giltza?

      — Fellinik.

      — Fellini hilda dago.

      — Hilda!

      Suposatzen nuen, baina baieztapen honek hunkitu egin nau.

      — Bai, hilda.

      — Eta Burton?

      — Burton haren ondoan jaustia, konorterik gabe edo.

      Nagorek erabaki bat hartu eta irtetzera doa.

      — Giltza lortu behar dut.

      Orain, berriz ere bakarrik geratzeak ez nau goibeltzen. Orain ba dut itxaropenik. “Zein triste izan behar duen itxaropenik eza!”.

      Nagorek, itzuli eta berehala askatu egin nau. Ganbarotetik irten eta eskailerara hurbildu gara. Dagoeneko, kapitaina han dago. Fellini zerraldo dago eta Burton zuzpertzen ari da. Galdetzen dut.

      — Fellini inork mugitu al du?

      — Ez.

      — Beraz, erahil duten toki eta posizio berean al dago?

      — Bai.

      — Ongi. Orain foto makina bat behar dugu, eta flash.

      Makina ekarri dutenean, foto batzu atera dizkiogu. Gero, Felliniren gorpua nire ganbarotera ekarri dugu. Kapitainak jendea disolbatu zedila agindu du eta nire ganbarotean elkartu da Burtonekin.

      — Zure pistola? —galdetu diot Burtoni.

      Kapitainak erantzun dit.

      — Han ez zegoen pistolarik. Tiroz erahil zutela konturatu ginenean, harma bilatzeari lotu gintzaizkion, baina alferrik.

      Burtoni zuzentzen diot nire urrengo galdera.

      — Zer gertatu da?

      — Dena hain arin gertatu da! Lorerekin jantokian nengoen eta nola zuk jantokira itzultzen hainbeste tardatzen zenuen, bila etortzeko erregutu baitzidan. Ganbarotean gertatutakoa ba dakizu. Fellini iheska irten zenean, atzean joan nintzaion eta eskaileratik gora gindoazela, norbaitek goitik tiro bi bota zizkion. Fellini nire gainera etorri zitzaidan eta biok eskaileratik behera jausi ginen. Konorterik gabe geratu omen nintzen.

      — Nork bota zituen tiroak?

      — Ezin izan nion ikusi, ikusgaitasuna Fellinik kentzen zidalako.

      Bflrtoni poltsikoak arakatu dizkiot, ezer susmagarririk bilatu gabe.

      — Joan zaitezke, Burton.

      Bakarrik geratu garenean, kapitainak galdetu dit.

      — Zein da zure eritzia?

      — Burtonez?

      — Bai.

      Pentsati geratu naiz.

      — Ba dirudi egia diola. Dena den, fotoak emango digute iparramerikarrak kontatu digun historiaren baieztapen ala ezeztapena.

      Kapitainak burua mugitu du.

      — Ez dut uste. Gogoan har eskaileratik jausi egin zirela. Orduan, hil zen momentuko posizioa zein zen ezin dezakegu jakin.

      — Uf!

      Ixilune batek jarraitu du.

      — Garnier! Non zegoen Garnier une zehatz hartan? Orain susmagarri bi soilik geratzen zaizkigu: Garnier eta Burton. Garnierrek koartada baliozkorik balu, Burtonen historia gezurra da... Gainera, Burtonek zeraman pistolaren desagertzea... Zein pistolakin hil zuten Feliini? Pistola horrek argia eman ziezagukeen.

      Atera hurbildu naiz irtetzeko asmoz.

      — Garnierren bila noa.

      Kapitainak eskuarekin gera erazteko esan dit. Pentsati dago.

      — Orain arte galdera baten erantzunaren bila saiatu gara. “Nork erahil du Fellini?”. Eta galdera honen erantzunik ezin izan dugu aurkitu... Nik beste galdera bat proposatuko nuke. “Zergatik erahil dute Fellini?”.

      — Oso zuhur pentsatuta. Zergatik erahil dute Fellini?

      Ixilune batek jarraitu du. Nik apurtu dut.

      — Noski, Felliniren misioak frakasatu egin zuelako. Fellini bizirik, haren lankideentzat arrisku bat litzateke, haiengana eraman ziezagukeen haria baitzen.

      Beste ixilune bat. Orain kapitainak apurtu du.

      — Eta hiltzaileak, nola zekien Fellinik frakasatu zuela?

      — Ikuspegi horretatik azter dezagun Burtonen kasua. Fellini bidali omen zuen nigandik informazioa lortzera eta gero ni garbitzera. Fellinik ez zuen bere eginkizuna arin bete ahal izan. Lorek erregetu zion hona etortzeko, eta bere burua susmagarri bezala agertu gabe ezin zion ezetza eman. Beraz, etorri egin zen. Orduan, gauza arraro bat gertatu zen. Burton ganbarotera sartu zenean zer egin gabe geratu zen. Ba zirudien eskena hura ez zuela espero. Zergatik? Denbora eraman zion bere buruaren jabe izateak, eta Fellini korrika irten zenean, orduan, eta soilik orduan joan zitzaion atzean. Zergatik? Behar bada, eta hiltzailea Burton izan bada, nire aurrean ez hiltzeagatik. Horrela, hiltiaile misterios baten historia besterik ez digu utzi...

      Kapitaina nire azalpena entzuten adi dago. Nik jarraitzen dut.

      — Baina beste zerbaitek nahasten nau.

      Kapitainak ebaki egin dit.

      — Gogoan har Lorek bidali ziola, eta ez zela bere borondatez etorri. Beraz, Felliniren erahiltzea ez zuen programaturik.

      — Horrek esplikatuko luke Burtonen ezbaia... Baina zerbait garrantzizkoagoa da beste hau.

      — Zer?

      — Burtonekin ingelesez mintzatzen nintzen, hark beste hizkuntzarik ez zekielako, eta Fellinik agindu zidan espainolez, frantsesez edo italianoz hari erantzun niezaion. Lankide baziren, jakin behar luke Burtonek ingelesetik at zuen ezintasuna. Beraz, nola agindu zidan hori?

      — Bai, ba dirudi hor puntu ilun bat dagoela... Bueno, eta Garnier? Nola jakin zezakeen Garnierrek Felliniren misioak frakasatu edo arriskuan zegoela?

      — Hori, momentu hartan non zegoen jakiteak lagun diezaguke aztertzen... Baina planteatu dugun galderatik urrundu egin gara. “Zergatik hil zuten Fellini?”.

      — Behin haren misioa frakasaturik, arrisku bat zen bizirik uztea. Jadanik deskubriturik zegoen eta haren lankideen eta batez ere buruaren izenak eman zitzakeen.

      — Bai, zuzen zaude. Beraz, orain Garnier bilatu behar dugu.

      Jantokira igon gara. Orkesta joten zegoen baina jende gutxi dantzatzen. Genienak mahaien inguruetan eseririk zeuden, azken gertakizunak eztabaidatzen. Nagore ikusi dugu eta galdetu diot.

      — Ikusi al duzu Garnier?

      — Hor, barrean zegoen orain asko ez dela.

      Barrera joan eta Garnier ikusi dugu. Hurbildu gatzaizkio. Nire lehen inpresioa oldartuko zitzaidala izan da, baina ba dirudi kapitaina nirekin ikusteak bare erazi diola. Kapitainak hitz egin dio.

      — Garnier. Zurekin hitz egin nahi genuke, baina ez hemen, zure ganbarotean baizik.

      Garnierrek, ezer erantzun gabe, edaten zegoena bukatu du eta ibiltzen hasi da gure aurretik, eta bere ganbarotera eraman gaitu. Barruan sartu eta kapitainak hitz egin dio.

      — Jakingo duzu zer gertatu den.

      — Bai, esan didate.

      — Ezagutzen al zenuen Fellini?

      — Untzira etorri aurretik ez, baina hemen noizean behin elkarrekin egonda ginen.

      — Ongi. Nolakoak ziren zuen arteko harremanak?

      — Azalezkoak.

      — Susmatu al zenuen harengan zerbait arraro?

      — Ez. Gizon normal bat zela iruditzen zitzaidan.

      — Ez noa hortik. Esan nahi dut, norbaitekin harreman berezirik ba ote zuen.

      Garnierrek ez dio galdera ulertu.

      — Bueno, uste dugu Garnier komando faxista batetakoa zela, eta untzi honetan kideak dituela. Hauk nortzu izan daitezken jakin nahi genuke. Eman al diezagukezu honetaz argirik?

      Garnier pentsati geratu da.

      — Ez.

      Kapitainak begiratzen dit, urrengo urratsa nik eman dezadanaren eske. Eta ematen dut.

      — Arakatze bat egin beharrean aurkitzen gara.

      Bistan da hitzok ez zaizkiola atsegin izan, baina ez du eragozpenik jarri. Garnierren poltsikoak eta ganbarote osoa arreta handiz arakatu ditugu, baina esku hutsik bukatuz. Orduan galdera bat egin diot.

      — Non egon zara hamarretatik hamar t’erdietako bitartean?

      — Jantokian eta barrean.

      — Norekin?

      — Askorekin.

      — Denbora osoan berberarekin?

      — Ez.

      — Eta ez al duzu epe tarte honetako minutu bakoitzerako lekukorik?

      — Ez. Ez naiz ordulariari begira egon.

      Honekin bukatutzat eman dezakegu elkarrizketa hau eta honela adierazi diogu Garnierri. Frantziarra barruan geratu da eta gu handik irten eta berriz ere kapitainarekin bakarrik aurkitu naizenean, gure begiradak galdetzaile gurutzatu dira.

      — Ez dakit zer pentsa —aitortu diot.

      Ixilune baten ondoren, kapitainak hitz egin du.

      — Orain arte gure ikerketak gizonezkoengana mugatu ditugu. Arazo honen inguruan ez al dago andrarik?

      — Bai. Lore, Nagore...

      — Eta aztertu al dituzu hauen posibilitateak?

      — Lore Burtonekin zegoen. Lorek bidali omen zuen Burton nire ganbarotera.

      — Orduan posible litzateke Lore eskailera gainean egotea, eta Fellini agertu zenean, tiroz garbitzea.

      — Ez dut uste... baina tira, gerta zitekeen.

      — Eta Nagore?

      — Nagore arazoaren barruan hasieratik dago. Egia esateko, ETAko mutil hori hiltzeko posibilitateak bere ganbarotean zegoenean ugari zituen...

      — Baina ba liteke orduan hiltzea ez zitzaiela komeni. Gogoan har ganbarote aldaketa Nagoreren lepotik egin genuela, eta jazo zitekeen aldaketa hark haien asmoak hankaz gora botatzea. Behar bada orduan har zezaketen hiltzeko erabakia.

      Jantokira hurbiltzen ari gara. Ordulariari begiratzen diot.

      — Hamaikak.

      Kapitainak ez dit ezer erantzuten. Jantokian sartu gara. Lore eta Emile mahai baten inguruan daude, bakarrik. “Non egongo da Burton?”. Andolin Argarate eta emaztea hurbiltzen zaizkie. Eta eguerdiko eskena datorkit adimenera. Nola eguerdian, han, bazkaltzen geundelarik, Andolin Argarate eta emaztea hurbildu zitzaizkigun, Lore eta Emileren ganbarotea arakatua izan zela esatera. Berehala zutitu egin ginela... Gero, berriz ere jantokira etorri nintzela, bigarren bazkari txandan, Burton, Garnier eta Felliniri, beraiekin hitz egin nahi nuela esaten... Eta krask, geroago gainaldian hamaketan geundela Rolandek esan zuena adimenera etorri zait... Eta Emileren komentario bat! Oso asaldaturik, hitz egin dut.

      — Kapitaina! Ba dakit nor den!

      — Nor den zer?

      — Hiltzailea nor den!

      Eta eskutik harturik, istriborrerantz korrika eraman dut. Arnas-estuka kapitainaren ganbarotera hurbildu gara. Oso dardati, atean jo dut.

      — Ni naiz, Jurgi!

      Atea zabaldu dute eta lasaitu egin naiz.

      — Zorionez, garaiz heldu naiz!

      ETA-ko gudariak kuriositatez begiratu dit.

      — Zerbait gertatzen al da?

      Barrura sartu eta hirurok eseri gara. Esan diet ene ustez zein den hiltzailea.

      — Orain frogatu egin behar dugu. Baina nola? Gogoan har oso zuhurra dela.

      Hainbat bide aztertu dugu. Azkenik, erabaki bat hartu eta martxan ipini dugu.

      Felliniren gorpua nire ganbarotetik atera dugu, eta sarraila konpondu. Gero, jantokira joan naiz. Gaueko hamabiak jotzeko dira eta jendea urritzen ari da. Berehala urreratu zait hainbat ezagun azken berrien bila. Hauen artean, Garnier, Nagore, Emile, Roland, Lore, Kobelo eta Argarate senar emazteak.

      — Zer berri dago?

      Gure planari jarraituz, gezur batekin hasi naiz.

      — Gerta liteke untziak gaur gauean Kopenhave-n eskala berezi eta arin bat egitea.

      — Eta zergatik hori?

      — Felliniren gorpua uzteko eta hiltzaileak bilatu nahi duen pertsona lehorreratu dadin. Honen asmoa Estokolmo-ra joatea zen, baina kapitaina beldur da, ez baitu nahi untzi honetan beste hilketa bat gerta dadila.

      Ixilune batek jarraitu du. Hiltzailea nire inguruan dago. Orain ba daki, zerbait egin behar badu, arin egin behar duela. Estokolmorako egun bat bazuen aurretik, Kopenhave berton dugu. Beraz, ordu gutxi geratzen zaio.

      Emilek galdera bat egin dit.

      — Eta susmatzen duzue hiltzailea nor den?

      Ezbaian erantzun diot, baina azken esaldia ongi eta zehatz adieraziz.

      — Susmagarri batzu ba daude. Felliniren gorpua nire ganbarotetik atera dugu, baina ez ezazue pentsa bakarrik lo egingo dudala. Bisitari bat dut.

      Orain hiltzaleak ba daki bere biktima non bilatu.

      Taldearengandik urrundu naiz, zerbait edan behar dudalakoaren atxakiaz, eta salmahaira hurbildu. Han bazter egoki bat bilatu dut, nire burua gehiegi nabarmendu gabe hiltzailea begiztatzeko. Taldearengandik aldentzen da eta nire ganbaroteko bidea hartzen du. Nik utzi egin diot joaten. Taldea han dago oraindik. Kopenhaveko eskala ustegabeko horrek elkarrizketa jarraitzeko gaia eman die.

      Ordu laurden bat inguru igaro ondoren, kapitaina agertu da eta zuzen hurbiltzen zait.

      — Jurgi, ekar bosteko hori!

      — Ba al dago?

      — Bai.

      Jendea hurbildu zaigu.

      — Kapitaina, noiz helduko gara Kopenhavera?

      — Estokolmora zuzen goaz.

      — Nola hori? Ez al dago arriskurik?

      — Ez.

      — Adierazi nahi al du horrek hiltzailea harrapatua izan dela?

      — Bai, horrela da.

      Lorek biziki galdetu dio.

      — Eta nor da?

      Kapitaina eta biok elkarri begiratu diogu. Nik erantzun diot.

      — Roland.

      — Nola Roland? Ezina da. Adineko gizon bat...

      Berehala ebaki diot.

      — Ez hain adineko. Itxuraz aldaturik zebilen. Rolandek ez du berrogei urte inguru besterik.

      Gero, handik aldentzean, kapitainak galdetu dit.

      — Nire jakin mina hase nahi nuke. Esan al diezadakezu nola igarri zenuen hiltzailea Roland zela?

      — Ikus. Hamaketan geundean, goizean, Rolandek esan zigun zerbait arraru gertatu omen zela. “Zergatik?”, galdetu nion. Eta orduan esan zuen Argarate bikotea oso asaldaturik jantokian hurbildu zitzaigula. Hori bazkarien lehen txandan gertatu zen. Eta gero, Burton, Garnier eta Fellinirekin hitz egin nuela. Hau, bigarren txandan zen. Beraz, zer egiten zuen Rolandek jantokian txanda bietan? Dudarik gabe, ni zaindu. Eta gero, Emileren komentarioa dago. “Hirurogeitahiru urte ditut”, erantzun zion Emilek, eta hortik atera dut itxura aldaketaren posibilitatea. Bestalde, Roland beti hurbil izan dut, ene urratsak hobe jarraitzeko. Eta gogoan har nire ganbarotera berak bidali ninduela Fellinik harrapatu nintzan.

 

Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977