Gudari bat
V
Aitor Kobeloren ganbaroteko atea berehala zabaldu da eta hirurogei bat urtetako jaun bat ageri izan zaigu. Zerbitzariak aurkeztu nau eta hari eskerrak eman ondoren, bakarrik utzi gaitu. — Sar al naiteke? Gizonak barrurantz begiratu du, erantzun aurretik norbaiten baimena behar balu bezala, eta bitartean bere burua zuritzeko edo, hitz egin dit. — Afaltzera joateko prestatzen ari ginen... “Emaztea jantziak aldatzen arituko omen da”. Nik alboetara begiratu eta, inor ez dagoenez, atzera egin dut. Erdi ixilean hitz egin diot. — Zerbitzariak esan dizunez, untzi honetako ikertzaile ofiziala naiz, eta zuen ganbarotean ezkutatzeko baimena eskatzen etorri natzaizue... Gizonak urduri begiratzen dit, ez dakit arriskua bilatzen diolako edo andrearen baimenaren zain. Izaera ahuleko gizona dela ematen du eta lasaitu egin behar diot. — ... baina ez da luzarorako izango. Barrutik andre baten ahotsak galdetzen du. — Aitor. Norekin ari zara? Aitorren begirada urduria nigan finkatu da une batez. — Adiskide batekin, maite. Andrearen ahotsa orain autoritariagoa da. — Mugi zaitez, berandu baita! Gizona ezbaian ikusi dut, eta erabaki bat hartu beharrean aurkitu naiz. — Zure emaztearekin hitz egin nahi nuke. Harriduraz begiratu dit, bere emaztea ezagutzeko nire gustu hori konprenituko ez balu bezala. — Sar zaitez. Baina Kobelo senarraren harridurarako, Kobelo emazteak oso ongi hartu nau, behar bada naizen baino, bueno, nik uste dudan baino haur desanparatuago bat bezala aurkeztu natzaiolako, eta inolako oztoporik ezarri gabe ganbaroteko giltza eman dit. Orain, lehenengo txanda afaltzen dago eta Burton, Garnier aia Fellinik aukera ezin hobea dute Nagoreren ganbarotea arakatzeko, zeren Nagoreren ganbarotea arakatzeko, zeren Nagore afaltzen egongo baita. Beraz, neska gaizkiletarikoa izan ala ez, orain egin beharko dute. Hemen, ganbarote estrainio honen bakardadean, Roland datorkit gogora. “Ikusiko banindu frantziar jaun hark! Ni ere, haren erara ari naiz jokatzen. Zein ongi bilatu zuen Burton hitzaldian! Bai, burua pentsatzeko dugu, eta noraezean ibili beharrean Lorek proposatu zigunez, logika bati jarraiki Rolandek eraman gintuen zuzen Burton zegoen tokira. Nik ere orain eta hemen sixtima berbera erabiltzen dut. Pentsatu. Burua erabili. Gaizkilearen ekintzei aurrea hartu... Ze ordu izango ote da orain?”. Ordulariari begiratzen diot. Nork esango luke neska-zahar horrek hain arinki burua galduko zuenik. Eta Norekin eta Burtonekin! Erakutsi nion, bai, susmagarrien zerrenda. Gainera, orain direla ordu pare bat Lore berarekin joan gara hitzaldira Burtonen bila, eta ez dit aditzera eman harekin zera zuenik. Beraz, zer gertatu da? Ezin sinets dezaket Lore bezalako andre bat bapatean maitemindu daitekenik... ala bai? Zer dakit nik andretaz?... Uf!, hau zoratzekoa da”. Atera hurbildu naiz eta belarria haren parean ipini dut. Ez da ezer entzuten. Dirudienez, turistek edo jantokian0 edo gainaldean daude. Zigarro bat pintzen dut. “Kobelo andreari gustatuko al zaio ganbarotea kez beterik aurkitzea?... Eta zer! Zer arraio inporta zait!”. Poxpoluak ezin bila ditzaket. "Poltsiko honetan egon behar leudeke”. Baina ez daude eta inguruetara begiratzen dut. “Kobelok ez al du erreko?... Nahiago nuke ezkongai geratu. Kobeloren kasua azkena litzateke... Antifeminista? Ez. Andreen eskubideen aldekoa naiz... Benetan?... Zein aspergarri da itxaron behar hau. Konturatu gabe zahar egiten ari gara. Itxaron. Beti zerbaiten zain. Noiz izango gara gure denboraren jabe?... Hori utopia bat ote?... Norbait datorrela uste dut”. Berriz ere belarria atera eramaten dut. Pertsona baten urratsak hurbiltzen ari dira. “Gizonezko bat”. Geratzen da eta ate batetan jotzen du. “Nagorerena uste dut”. Ixilunea. Berriz ere jotzen du. Ixilunea. Sarraila probatzen ari da. “Behar bada instrumenturen batekin saiatuko da”. Eta Kobeloren ganbaroteko atea zabaltzen dut. Nagoreren ate aurrean zegoena bueltatzen da. — Ola, Burton. Zertan ari zinen? Sakon begiratzen diot, haren egoera aztertu nahirik. Ba dirudi ni hain supitoki agertzeak zerbait urduritu duela, baina berehala bere buruaren jabe egin da. — Nagorerentzat mundatu bat nuen. — Baina ez al dakizu Nagorek lehen txandan egiten dituela jatekoak? Nagore ez dago hemen, jantokian baizik? Orain, berriz ere urduritu dela ikusten dut. — Hemen zegoela esan dit... . —Nork esan dizu? — Tripulazioko batek. — Baina nork? — Nik zer dakit. Ez dizut denak ezagutzen. Eskuetara begiratzen diot. Hutsik daude. — Zerekin ari zinen atea zabaltzen? Orain urduritasuna areagotu egin zaio. — Ez duzu pentsatuko ganbarotetako ateak nik bortxatu ditudala! — Zuk nire kasuan zer pentsatuko zenuke? — Nire ohoreagatik zin egiten dizut zerbitzari batek Nagorerentzat mandatu bat eman didala. — Zein mandatu? — Kapitainak neskarekin hitz egin nahi zuela. — Eta zergatik ez dio zerbitzari horrek berak eman? — Lan asko zuela eta mesede hori eskatu dit. Blocka eta bolaluma atera ditut. — Ea. Esan iezadazu zehatz, hitzez hitz, zerbitzariak esan dizuna. Une batetan pentsati geratu da, eta gero, hitzak ongi neurtuz, erantzun dit. — Mesede bat eskatu behar dizut. Kapitainak Nagorerekin hitz egin nahi du orain, berehala. Joan al zaitezke haren ganbarotera? Nik afaria zerbitzatu behar dut eta ezina zait... Eta gero, ganbarotea non dagoen azaldu dit. Burtonek esandakoa baiezta dezaket, eta hori egiteko asmoa dut. Ateko sarrailari begirada bat eman diot. Normal dago. Tamalez, arinegi irten naiz eta ez diot astirik eman. Pena da, zeren bortxaren seinalerik balego, dena errazago litzateke. — Goazen kapitainarengana. Nik uste nuenez, kapitainak esan digu berak ez diola mandatu hori inori eman. Orduan bulegora joan gara eta tripulaziokoen fitxak eskatu ditut. Eman dizkidate eta Burtoni aurkeztu dizkiot. — Ikus ezazu fitxa hauetako fotoak. Hauetatik zein izan da zerbitzari hori? Fotoak banan banan aztertu ditu. — Bibote bat zuen. Ile luzea... Txaketa zuria... Ez... Fitxa piloa berriz ere bihurtu dit. — ... Hemen ez dago. Orduan turisten pasaporteak azter zedila esan diot. — Ikus itzazu fotoak. Baina azterketa horrek ere ez du ondoren egokirik izan. Beraz, ala untzian ezkutuan datorren norbait da, ala norbaitek bere itxura aldatu egin du Burtonek ezagutu ez dezan, ala zerbitzariaren historia hori Burtonek asmaturiko gezur bat da. Erregu bat egin diot. — Gauzak zeharo argi ditzagun, mesede bat eskatu nahi dizut. Atera ditzazula mahai honen gainera poltsikoetan daramazkizun gauza guztiak. Burtonek ez dit ezer kontraesan eta poltsikoak hustutzen hasi da. Mahai gainean utzi duena aztertu dut. Labaina bat zen susmagarrien eta aztertu egin dut. Agirian behintzat ez dirudi ateak bortxatzen erabilia izan dela, baina badaezpadan gordetzea komeniko litzaidake, adituen azterketa sakonago batetarako. — Labaina hau nik gordetzea komenigarria da. Berehala erantzun dit. — Eraman dezakezu. Burtonekin, oraindik behintzat, bukatu dudanez jantokira abiatu naiz afaltzeko asmoz. Berandu noa, baina ez dut afaltzeko gogo handirik. Lehen txandakoek oso aurreratua dute afaria. Zuzen, Loreren mahaira noa. — Ola, Jurgi. Roland oso alai dago. Andreei begiratzen diet. Begien bistan dago zerbait jazo zaiela. Afari arin bat eskatu dut. Elkarrizketa oso bortxatua da. Andreak, batez ere Lore, hain hiztunak normalki, ixilik daude. “Gero Emilerekin bakarrik hitz egin behar dut”. Rolandek egin dit, normalki Lorek egiten zidan galdera. — Eta zure ikerketak, aurrera egiten al dute? — Ez gauza handirik. Nire erantzuna laburra izan da. Ba dirudi inguratzen nauan giroak nigan ere bere eragina duela. — Eta gaizkilea, geldi al dago? — Oraindik behintzat bai. Nagoreri begiratzen diot. Mahaikideekin normal ari da. Lorek eta Emilek ez dute ahoa zabaltzen. Giro hau ez zait atsegin, eta honela ez dut nik egiteko gogorik. Beraz, ez diet Burtonena esango, bafez ere Lorerekin duena gogoan harturik. Afaria bukatzen ari dira. Lehenen zutitu dena Lore izan da. Rolandek arretaz begiratu dio istriborrerantz joatean. Zerbait beranduago Emile zutitu da eta nik berdin egin dut. Emileri jarraikiz, baborrerantz abiatu naiz. — Emile... Bueltatu egin da. Haren aurpegian ez dut ustegabean hartu diodalakoaren zeinurik ikusi. Behar bada, atzean sentitzen zituen urratsak nireak zirela igarri du. — ... Zurekin hitz egin nahi nuke. Zerbait aurrerago hamaka libre batzu zeuden eta haietariko bitan eseri gara. Ingura-mingura ibili gabe, nire galdera zuzen joan zaio. — Zer gertatzen zaio Loreri? Hasperen bat bota du. — Neska gazte bat ez dela esan diot... Gauzak buriiz egin ditzala... Zertarako buruhausterik orain? Ongi bizi da. Ongi irabazten du. Nahi duena egin dezake, libre baita. Zertarako orain gizon bati lotu? Nik ezjakinarena egin dut. — Gizon bat al dago? — Bai. — Eta nor da gizon hori? — Burton. Une labur batetan ixilik egon gara. Ixilunea nik apurtu dut. — Burton hori susmagarrien zerrendan dut. Emilek biziki erantzun dit. — Hori ba. Esan diot: Kontuz, Lore. Ba dakizu gizon hori susmagarrietariko bat dela. Eta gaizkilea balitz?... Eta Lorek ezetz, ezin daitekela gaizkilea izan... Nik ez dakit nola, hain supitoki... — Ez al zuen lehenagotik ezagutzen? — Ez ba! Hainbeste gizon ezagutu eta honekin justu justuan jausi behar. Horrelakorik! Etorri den ixilunea berriz ere nik apurtu dut. — Zer ikusi du Lorek gizon horregan? — Ez dakit.., Behar bada Lorekin kontrast handia egiten duelako... Bata bestearen osagarri delako... Nik zer dakit! — Eta zuk, zein eritzi duzu zuk Burtonez? — Bueno, behar bada inpartzialki aztertuz... Baina hain haserre jarri nau, gorrotatzera heldu naizela. Bai, Burton gorrotatzen dut. Ez dakit zergatik, baina azken hitzok ez zaizkit atsegin izan. Haugatik, nire urrengo esaldia kupidagabea izan da. — Poztu behar zinateke zure adiskideak maitasuna lortu duelako. Ez dit berehala erantzun. — Maitasuna?... Maitasuna balitz! — Ez al da? — Ez dakit. Hain arin gertatu da dena! “Bueno., Hemen denbora alferrik galtzen ari naiz”. Eta jakin nahi nuena ba dakidanez, zutitu egin naiz. — Bueno, ostera bat egitera noa. Emile utzi eta ene urratsak igertokirantz zuzentzen ditut. Bidean, Emilerekin izandako elkarrizketa dut gogoan. “Maitasuna?... Maitasunak eraginda, ala beste interesen batek?...”. — Jurgi! Eskuinerantz begiratu eta Nagorererik topo egiten dut. Ikaraturik dator. — Zure bila ari naiz. Nire ganbarotea bortxatu egin dute. Berehala eskailerara abiatu naiz eta jaitsi egin gara. Bai, zazpiak aldera normal zegoen sarraila orain bortxaturik dago eta barrua desordenu handian. Ordulariari begiratzen diot. Zortzi t'erdiak. “Beraz azken ordu t'erdi honetan Burton, Garnier eta Fellini non egon diren jakin behar dut”. Baina handik irten aurretik Nagoreri galdera batzu egin behar dizkiot. — Ezer faltatzen al zaizu? — Erabateko erantzunik ezin ziezazuket orain eman, baina lehen begirada batetan ezer garrantzizkorik ez dutela eraman esango nuke. Dirua hemen dago, eta dokumentuak ere bai. Arropak ez ditut denak aztertu, baina hor ez nuen balio handiko gauzarik. — ETAko mutilarentzat dokumentu konprometagarririk... — Ez, ez nuen horrelakorik. Orain beste gai bat ukitu nahi nuke eta delikatu denez kontuz egin beharko dut. — Ezagutzen al duzu Garnier? — Bai. Bizpahiru aldiz harekin egon naiz. — Eta nolako eritzia duzu gizon horretaz? Ez dit berehala erantzun. — Nola esango nuke... Izaera biziko gizona duzu. Elkarrizketarako atsegina, batez ere kontra esaten ez badiozu. Zuhurtasunez tratatuz, ongi erabil dezakezun pertsona, eta leiala. Bestalde, adimen argiduna. — Zure bizitza pribatuan ez dut sartu nahi, baina mesede handi bat egingo zenidake zertaz hitz egiten dizun esango bazenit. Oso naturalki erantzun dit. — Ez da segereturik eta esan diezazuket. Frantses ikasten ari naiz eta Garnier frantziarra denez, harekin praktikatzen dut. Nagorek frantses gramatika bat erakutsi dit. — Honekin ari naiz. Behar bada noizbait Ipar Euskal Herrira ihes egin beharko banu, lagungarri litzaidake. Gogoan har Franco-rik ezbadago ere, postfrankismoan gaudela eta euskaldunontzat gauzak Hego Euskal Herrian ez daudela oraindik oso argi. — Eta Burton? Ezagutzen al duzu Burton? — Ez. Izenez behintzat ez dakit nor izan daiteken. — Iparramerikar bat, ixila, maiz liburuak irakurtzen ari dena. — Berrogei bat urtetakoa? — Bai. — Bai, ba dakit nor den, baina ez dut harekin hitz egin. — Eta Fellini, italiar gaztea? — Horrekin noizbait hitz eginda nago. Hiztunegia da eta nire egoeran horrelako gizonekin gehiegi ibiltzea ez zait komeni. Ba dakizu, zerbait eskainiko bazenie, hori eta gehiago hartuko lizukete. Ba dirudi Nagore egiazki mintzatu zaidala baina badaezpadan ez naiz gehiegi fidatu behar. Zuhur eta arretaz jokatu behar dut. Nagore utzi eta jantokira noa. Han daude, bigarren txandan afaltzen, Burton, Garnier eta Fellini. Ordu erdi bat itxaron behar izan dut eta lehenen zutitu dena Burton izan da. Zerbait lehenago Lorek hartu duen bideari lotzen zaio. “Behar bada elkarrekin ikusteko geratu dira”. Urrats arinez hurbildu natzaio. — Burton. Galdera labur bat. Non egon zara zazpietatik zortzi t'erdietarako bitartean? Burtonek desgogora begiratu dit. — Tarte batean zurekin. — Bai. Baina gero? — Gero? Ganbarotera joan naiz, aspirina bat hartu eta kamainan etzatera. Zuk sortu didazun disgustuak burukomina sortu dit. Azken hitzok garrantz esan dizkit. Burton utzi eta ene begiek berriz ere jantokirantz zuzendu ditut. Garnier zutitzen ikusi dudanez, harenganantz abiatu naiz. — Garnier. Beste ganbarote bat bortxatu dute eta jakin nahi nuke zazpietatik zortzi t’erdietako bitartean non egon zaren. Berehala erantzun dit, eman behar zidan erantzuna aurretiaz pentsaturik balu bezala. — Kaka egiten. Nik txantxari jarraiki: — Hainbeste denbora eman dizu zeregin horrek?... Baina gero damuturik, eta beste era batetara jokatu behar dudala pentsaturik... — Barka. Garnier, mesedez, hau zerbait serio da. Modu txarrean erantzun dit. — Tarte horretan lekukorik izan ote ditudan jakin bahi baduzu, ba ez, ez dut lekukorik. — Baina non egon zara. — Hortik zehar. Toki batetik bestera. — Eta ez duzu inorekin hitz egin? — Bai! Behin batekin eta gero beste batekin. Untzi osoarekin!... Baina tamalez, ez naiz ordulariari begira egon, ea zein minututan zeinekin ari nintzen kalkulatzeko. Gizon honek nire senetik ateratzen nau, baina itxurak gorde behar ditut. — Ez didazu lagundu nahi eta pena da. Eta alde egin dut. Fellini zutitu denean, harengana joan naiz. Galdera berbera egin eta hainbat azalpean eman dit. Denbora zehatzak ezin diezazkizuket eman, ordulariari ez baitiot begiratu, baina barrean egon naiz, gero igerian, eta gero berriz ere barrean. — Eta jaitsi al zara ganbarotera? — Ez. — Nortzurekin ibili zara? — Uf! Jende askorekin. — Beti berberarekin? — Ez. Beraz, Fellinik- ere ezin diezadake fidagarririk aurkeztu. Bederatziak jotzeko daude. Zer egin? Bakardadean ene ideiak ordenan ezarri behar nituzke, arazoa nola dagoen aztertu behar nuke, gertaerak nola jazo diren examinatu, susmagarrien posibilitate eta nortasunak estudiatu. Hitz batez, denbora behar dut, denbora bakartatean eta ixiltasunean. Baina gaizkilearen ekintzak abiada handi batetan jazotzen dira, denbora lapurtu nahi balit bezala. Istribor alde hau jendez nahiko hutsik dago eta hamaka batetan etzaten naiz. Begiek hersten ditut eta zorion sentzazio batek betetzen nau. Honela egon nahi nuke, ezertan pentsatu gabe, begiak hertsirik, inguratzen nauan mundutik aparte. “Faxistak. Ez zaizkit atsegin. Gizonaren duintasunean sinesten dut. Faxistek ez. Faxistentzar gizonak panpinak bezalakoak dira. Führer, Duce, Caudillo... Pinochet. Gizon bakar batek pentsatzeko ahalmena du, eta beste guztiek hari jarraiki behar diote, nahitaez. Ez. Faxismoa ez da zuzen. Eta munduan, gure eguneroko bizitzan, zenbat “jefe” eta “jefecillo”rekin topo egiten dugun! Entrepresetan, adibidez, zenbat agintari, eta zuzendari, eta arduradun portatzen diten Hitler txiki bat balira bezala!... Bueno, haritik irtetzen naiz... Ala ez?... Behar bada psikologiaren aldetik aztertuko banitu Burton, Garnier eta Fellini, zerbait lortuko nuke... Baina ez, ez dut horretarako astirik. Orain gertakizunak aztertu behar nituzke... Goizean, Rolandek esan duen zerbaitek kezkatu egin nau... Gazte zaratalari haiek nahastu ninduten... Zer zen?... Ikusten? Orain ezina zait gogoratzea, eta garrantzizkoa zela uste dut...”. Zorion sentzazioak gero eta gehiago betetzen nau. Iluntzeak, giro epel honek, haize bigun eta atsegingarri honek, mesede handia egiten didate. Egia esateko, gaurko eguna oso aztuna izan da niretzat... Eta begi hertsiek, eta bakartate honek, eta inguratzen nauen ixiltasunak...” , Ez dut gehiago pentsatzen... Supitoki itzartu naiz. Ez dakit zerk itzartu nauan, baina ordulariari begiratzen diot: hamarrak laurden gutxiago. “Aitaren!”. Berehala zu.¡titu eta jantokirantz abiatzen naiz. “Dantza laster hasiko da”. Eta zerbait gertatuko denaren itxaropena dut.
Gudari bat |