Gudari bat
III
Ordubatak dira Lore eta Emileren ganbarotea uzten dudanean, eta kapitainarengana noa. Gertatzen ari dena azaldu diot eta zerrendan geratzen zaizkidan hiru susmagarrien ganbaroteak arakatzeko baimen idatziak eskatzen dizkiot. — Nortzu dira? — Edward Burton iparramerikarra, Louis Garnier frantsesa eta Luigi Fellini italiarra. Hirurek untzia Le Havre-n hartu zuten. Paperak eman dizkit eta jantokira joan naiz. Banan banaka eskari bat egin diet. — Hara. Arazo bat sortu da eta bazkalostean zurekin hitz egin nahi nuke. Itxaron iedazu mesedez zure ganbarotean. Lehen, Edward Burton-ekin hitz egin dut. — Barka —esan diot atea zabaldu eta barruan sartu naizenean-, baina galdera batzu egin behar dizkizut. Ni untzi honetako ikertzaile ofiziala naiz. Harriturik begiratu dit. — Zerbait txar gertatu al da? — Oraindik ez, baina ba dugu zerbait gertatuko denaren susmo bat eta bakea nahi dugu hemen, turistak beren oporretaz goza daitezen. Eseritzera gonbidatu nau. — Esan. — Lehen galdera hau da. Nor ezagutzen duzu lehendik untzi honetan? Berehala irten zaio erantzuna. — Inor ere ez. — Azal iezadazu zure biografi laburra, batez ere azken urteotakoa... Bueno, lehenago, zenbat urte dituzu? — Berrogei. Filadelfian jaio nintzen eta lehen ikasketak bukatu ondoren, nire aitaren tailerrean lan egin dut soldadutzara joan arte. Korean 14 hilabete eman nituen guduan. Gero berriz ere Filadelfiara joan nintzen eta aipaturiko tailerrean lan egiten dut. Aurten, oporretan, Europa ezagutu nahi nuen eta hemen nauzu. — Gaur goizean, hamabietatik aurrera, zer egin duzu? — Igertokiaren inguruan ibili naiz. — Norekin? — Bakarrik. — Ez al duzu adiskiderik untzian? — Ez. Hizkuntza muga bat da. Turisten artean ez dago ingeles hizkuntzako nazioetakorik, eta nik ez dakit ingeles ez besterik. Gainera, ez naiz berritsua. Barnerakoia naiz. — Zure ideologi politikoa, zein da? — Ez dut horretaz ideia zehatzik. — Atzo gauean, zein ordutan oheratu zinen? — Hamarrak aldera. “Hor ere ez du lekukorik izango”. Zutitu egin naiz eta sakeletik kapitainaren papera atera dut. — Hemen duzu kapitainak eman didan dokumendua. Ganbarote hau arakatu beharrean aurkitzen naiz. Edward-en harridura areagotu egin da. — Ez dut ulertzen... — Lasai zaitez. Hau ez dugu zurekin soilik egiten. Beraz, ez ezazu har zure aurka zuzen doan zerbait bezala. Burton ere zutitu egin da eta has nadila esan dit. Dagoen guztia arretaz aztertu dut eta paper guztiei begirada bat eman. Bukatu dudanean, esku hutsik aurkitu naiz, ez baitut ezer susmagarririk aurkitu. — Ongi, Edward. Barkatu eta eskarrik asko. Jarraian, Louis Garnier frantsesaren ganbarotera joan naiz. Nor naizen eta zertan nindoan adierazi diodanean, oso haserre jarri da. Oso nekeza gertatu zait harekiko informazioa lortzea. Berrogeitabost urte ditu eta Argeliako guduan egon zela esan dit. — OAS-ekoekin harremanik izan al duzu? — OAS-ekoekin? Nor naizela uste duzu? — Horrela jarraitzen baduzu ez dugu deus aurreratuko. Mesedez, erantzun iezazkidazu egiten dizkizudan galderei. Gorri eginda zutitzen da. — Bueno, zer da hau? Ba dirudi komisaldegian gaudela. “Eta orain kapitainaren papera erakutsi behar diot”. Atera egin dut eta luzatzen diot. — Zoraturik al zaudete? Egin ezazue nahi duzuena, baina ene hitza ematen dizut ez naizela gehiagotan espainol banderadun untzi batean sartuko. Egin dizkiodan azken galderak lanari eta bidaiari zegokien. Elektrizitate tailer bat omen du eta bidaia potroetan ipini zaiolako egiten du. Araketa bukatu dut eta ez dut ezer susmagarririk bilatu. Luigi Fellini-rekin errazagoa izan da. 26 urte ditu eta Siziliakoa da, Mesinakoa. Bigarren eskuko autoen salerosketan aritzen omen da. Oso hizlaria Fellini hau, eta adimen argiduna. — Ongi al doatzu negozioa? — Haziendakoei ez diet hau esaten, baina bai, ongi. — Eta politikan, nolako ideologia duzu? — Ba! Ez naiz horretaz arduratzen. — Nolako eritzia duzu neofaxismoz? — Nire negozian guztiekin ongi egon behar dut. Ideologi guztietakoek ditut adiskide. Ba al dago hemen, untzian, neofaxistarik? — Italiar gutxi dago hemen... — Ez dizut soilik italiarrengatik esaten. — Ez dakit. Ez dut hemen inorekin politikaz hitz egin. — Non zeunden gaur hamaiketatik ordubatak arte? — Igertoki ondoko barrean? — Norekin? — Louis Garnier-ekin Dominora jokatzen ari ginen. — Denbora tarte guzti horretan? — Bueno, ez. Hamabi t’erdietan bukatu dugu eta bakoitza bere ganbarotera jaitsi gara, jantokira joateko prestatzen. Gogoan har bainu-jantzian geundela. Ganbarotea arakatzeko ez dit inolako oztoporik ipini, eta hemen ere ez dut deus susmagarririk bilatu. Gero, berriz ere bulegora joan naiz eta hiruren pasaporteak aztertu ditut. Edward Burton-en pasaporteak zerbait susmagarri adierazi dit. Burton-ek esan dit bidaia Europa ezagutzeko egin duela, eta Filadelfian lan egiten duela. Baina pasaportearen arauera, Frantzian jadanik sei hilabete daramazki. Zertan? Sei hilabete ez al dira gehiegi oporretan ibiltzeko? Gainaldira igo naiz eta Lore hurbildu zait. — Nola ikerketak? — Ez dut gauza handirik aurreratu. — Hemen ari ginen adiskide batekin terrorismoz hitz egiten. Lorerekin dauden biak hurbiltzen zaizkigu. Bata Emile zen eta bestea jaun ezezagun bat. Lorek aurkeztu dit. — Hau monsieur Roland duzu. Gizonak eskua luzatu dit. — Jacques Roland. Jaun dotorea. Hile zuria. Hirurogei bat urte ematen du. Eskua hestutu diot. Roland-ek galde egin digu. — Nahi duzue zerbait hartu? Nik gonbidatzen dizuet. — Baina orain, bazkalostean... — Kafetxo bana ongi etorriko litzaiguke. Barrerantz abiatu eta mahai baten inguruan laurok eseri gara. Lorek hitz egin du lehenen. — Monsieur Roland-ekin hitz egitea oso atsegina zait. Mundu asko kurritu duela, bizitze apasionatu baten protagonista izan dela ematen du. Roland-ek arrazoia eman dio. — Egia esan duzu. Txikia nintzelarik gurasoak hil zitzaizkidan eta nire haurtzaroa oso gogorra izan zen. Orduz geroztik, nire bizitza burruka bat izan da, etengabeko burruka bat... — Baina orain ez du ematen hestutasun ekonomikoetan zaudenik. — Horrela da. Nire neke eta lanak ondoren probetxugarri batetara heldu ziren eta orain, hirurogei eta hiru urte bete ditudalarik, zahartzaro baketsu baten aurrean aurkitzen naiz. Eguzkiak aurpegian ematen dit. Whisky zurrutada bat hartu eta eserlekutzat dudan hamakan etzaten naiz, begiak hertsirik. Behar bada hiru mahaikideek ez dute ongi hartuko daramaten elkarrizketatik nire aldentze hau, baina bazkalosteak, eguzkiak, edariak eta arazo honek sortzen didan buruhausteak etzatera eta begiak herstera naramate. Ene adimenean ez dut pentsakizun berezirik eta lagunen esaldiak urrunean bezala entzuten ditut. “Nolako ezberdinak Burton, Garnier eta Felliniren nortasunak...”. Lorek dio: — Gurutzaldiak jende oso interesgarria ezagutzeko aukera izaten dira, eta... “Hiruretatik nor izan daiteke gaizkilea?...”. Roland-en ahotsa entzuten da. — Noizean behin egin dut gurutzraldirik... “Bakoitzaren nortasun horretan gehiago sakondu behar nuke...”. Roland-ek berriz ere: — Bai, lurralde asko kurritu ditut... “Adibidez, Burton. Oso barnerakoia da. Uste dut bost axola zaizkiola besteak. Beretzat on dena, zuzen da. Merkenari bat? Ez. Ez dut merkenaririk ezagutzen, baina ene ustez merkenaria ez litzaiteke Burton bezalakoa izango. Merkenaria ez dut uste idealista denik, eta ene ustez Burton bezalako gizon hitxiak idealistak dira, baina idealista fanatikoak, ez irekiak. Irekiak izateko, bestearekiko zabalagoa, emanagoa izan behar da. Behintzat nik horrela uste dut. Beraz, bilatzen ari garen gizona Burton balitz, ez genuke merkenari baten urratsak jarraitu beharko, faxista fanatiko baterenak baizik...”. — Gertakizun asko izango dituzu kondatzeko. — Uf! Kontaezinak dira... Hirurogei eta hiru urtetan... Beti gertatzen da zerbait... “Eta Garnier...”. — Hemen ere, orain, zerbait gertatzen delakoaren susmoa dut. Begiak zabaldu ditut, baina une labur batez soilik. Orain arte honela egon banaiz, ez zait egoki iruditzen gehiago gabe aldatzea. Gainera, Rolandek esan dezakena berdin entzungo dut nagoen bezala. — Nolako gertakizuna? — Ez dakit. Baina urteak ematen didaten esperientziak... Emilek ebaki dio. —Adienaren konplexua duzula ematen du, eta hori kendu behar zenuke. Ongi begiraturik, ez du ematen hirurogei eta hiru urte dituzunik. — Hori argala naizelako gerta daiteke. Lodi ez garenon itxura beti gazteagoa izaten da. Lorek elkarrizketa berriz ere lehenera eramaten du. — Gertakizun batez ari zinen. — A, bai! Ez dit inork ezer zehatzik esan, baina ez dakit, instintuak, arnasten dudan haizeak, zerbaitek horren susmoa sor erazten dit. Ez al zaizu inoiz gertatu usaimenak eguraldiak euria dakarrela esaten dizula? Ba, horrelako zerbait da. — Baina susmo hori zerbaitek sortuko zizun. Rolandek ez du beherala erantzun. — Itxuraz garrantzi gabeko gauzak. — Adibidez? Loreren galdera orain eskari bat da. — Esan, mesedez. — Gaur eguerdian ustegabean jaiki zarete mahaitik. — Hori soilik? — Ez. Gero, zuen mahaikidea zen eta orain gurea den gazte begiko hau berriz ere jantokira itzuli da eta hiru mahaitako hiru gizonezkoekin hitz labur batzu izan ditu. — Eta zer ateratzen duzu hortik? — Ezer ez zehatzik. Baina zerbait gertatu dela. Ixilune batek jarraitzen du. Behar bada Lorek ez daki zer esan. Ez omen da egia esatera ausartzen, gaizki jokatuko duelakoaren beldurrez. Gainera, ni han egotea oztopro bat zaio. Rolandek ere ez du hitz egiten. Ixiltasun hau hobe niretzat... Baina ez luzerorako. Gazte talde bat geratu da inguruan barrezka, oihuka, eta ez didate pentsatzen uzten. Eta pena da, zeren Rolanden hitzetan zerbait baliagarri zegoela uste izan dut. “Zer zen?...”. — Niri rocka asko atsegin zait... “Esaldi bat izan da...”. — Dantzatzeko, doinu melodiko bat gehiago atsegin zait... “Baina zein esaldi?...”. — Dantzakidea hobe hestutzeko, e?... “Ezina zait orain... Ez didate bakean pentsatzen uzten”. Orain ba dut atxakia bat eta begiak zabaltzen ditut. — Uf! Erdi lotan nengoen eta hauek itzartu naute. Irribarrezka begiratu didate. Nik ere arretaz begiratzen diet. Emile eta Roland normal daude. Lore, kezkati. Ba dirudi ni itzartzeak pisu aztun bat kentzen diola. — Zu, Jurgi. Roland-ek zerbait gertatzen zaigularen susmoa du. Sentitzen ez dudan harridura adierazten ahalegintzen naiz. — Bai? Rolanda-i begiratzen diot, erantzun baten eske, baina beste galdera batekin erantzuten dit. — Ez al da egia? — Bai. — Nik ez dakit zer den, baina laguntzarik behar izatekotan, konta dezakezue nirekin. Sakonago begiratzen diot. Gizon argia dela ematen du. “Esango diot?... Eta zergatik ez? Zer gal genezake esatearekin?”. — Ez nuen nahi berri hau turisten artean zabal zedin. — Ez nuke ezer esango zuek horrela eskatuko bazenidate. — Ez, ez dute ezer jakin behar. — Ongi. Roland-ek whiskiari azken txurrutada eman dio eta patxaran entzuteko eran eseri da. Arazo politiko bat omen da. Norbaitek norbaiti zerbait egin nahi dio. Ez dakigu nortzu horik nortzu diren eta zerbait hori zer izan litzateken. Gertakizun zehatzak hauk dira: bart, andre bi hauen alboko ganbaroteko atea indarrez zabaldu nahi izan dute, eta gaur eguerdian hauena. Nor izan da hori egin duena? Hori da bilatu behar duguna. Ixilune baten ondoren, Roland-ek galdera bat egin dit. — Eta eguerdian hitz egin duzun hiru horik, susmagarriak al dira? — Ez dut ezer zehatzik horien aurka, baina tripulazio eta turisten zerrenda osotik eliminapen logikoak egin ondoren, hiru horik geratu zaizkit aztergarri bezala. — Eta zuhur jokatu duzula aitortu behar dut. Besteren kasuak ez ditut ezagutzen, baina Garnierrek ez zaituzte begiak gainetik kentzen. Andreek eta hirurok aldamenetara begiratzen dugu. Rolandek geldi erazten digu. — Patxaran, jaunandreak! Zertaz ari garen kontura daiteke. Jurgiren atzean dago, han, barreko atean. Ni ez naiz bueltatzen. Emilek ikusi du. — Bai, han dago, hona begira. Rolandek Loreri galdetu dio. — Eta zergatik arakatu dute zuen ganbarotea? — Behar bada, Jurgirekin ikusi gintuztelako. — Beraz, Jurgi al da gaizkileen biktima? — Ez, Jurgi... Lore hitz egiten hasi eta berehala geratu da, zerbait oker esatearren beldurrez edo. Ni irten natzaio laguntzaile. — Hori esan daiteke. Ni neu untzi honetako ikertzaile ofiziala naiz. — Ongi. Ba, esan dizudana. Gertu naukazu laguntzeko... nahiz eta zabalduko duten hirugarren atea nirea izan... Azken hitzok irribarrez esan ditu. — ... Dena den, ekintza gizona izanik, gurutzaldian geldi egon beharrak aspertzen nau. Beraz, mesede bat egingo zenidakete zuei laguntzen utziko bazenidate... Ene ustez, ikertzaileak pentsatu behar luke gaizkilea zertan ari den orain. Lorek galdetu dio. — Eta zertan ari da zure ustez? — Ikus dezagun. Gaizkileak ez daki bere biktima non eskutatzen den eta jakin nahi du. Haren ustetan, Jurgik ba daki. Beraz, Jurgiren urratsak jarraitzea erabaki du. Konfirmazioa, zuen ganbarotearen arakatzea da. — Oso interesgarria. Zure ustetan, gaizkilearen urrengo urratsa aurretiaz asmatzea litzateke zuhur jokatzea. — Dudarik gabe. — Eta zein izan litzateke urrats hori? — Nire eta Jurgi beraren ganbaroteak arakatzea. Behar bada jadanik lan hori egina du. Emile berehala zutitu da. Rolandek eser erazi dio. — Zaude lasai. Nirean ez dute deus bilatuko, eta uste dut Jurgirenean ere berdin gertatuko dela. Rolandek begiratu dit, nire erantzunaren zain. — Bai, horrela da. Emilek hitz egin du. Garnier han dago oraindik. Lorek jarraitu dio Rolandi galderak egiten. — Eta gaizkileak zuen ganbarotetan bilatzen duena ez dagoela ikusten duenean, zer egingo du? — Itxaron. Untziaren urrengo eskalarako, hau da, Estokolmorako, ordu asko dago oraindik. — Baina orduak aurrera joan eta berandu egingo balitzaio, zer egingo luke? Rolandek itxura serio bat hartu du. — Orduan Jurgi haren biktima bihurtuko litzateke.
Gudari bat |