Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

 

 

Nere gurasoei

 

 

 

I
GIZON BAT HIL NAHI DUTE

 

      IPE-ko zuzendariak bere hitza bete zuen eta espioitza industrialaren kasua bukatu ondoren, kruzero honetara bidali ninduen, untziren jabe den konpainiak ikertzaile bat eskatu ziolako.

      Zorionez, nire lana gurutzaldi honetan, oraindik behintzat, jan, lo egin eta eguzkia hartzea besterik ez da, zeren ez baita gauza okerrik gertatu.

      Atzo Le Havre-n igaro genuen eguna eta orain itsasoan gaude Estokolmo-rako bidean.

      Gaur goiz jaiki naiz. Udan beroak ez dit ongi lorik egiten uzten. Bestalde, ene adina aurrera doan heinean lo gutxiago egiten dudala nabaitzen dut.

      Kubertara igo naiz bainujantzian. Ordu goiztiar honetan, marinelak eta zerbitzariak besterik ez dira ikusten untziaren gainaldean. Igertokian sartu eta ordu erdi bat eman dut igerian. Gero, barreko salmahaira hurbildu naiz eta kafesne bat eskatu dut. Gaileta bustiak ahoratzen ari naiz, munduko zereginik garrantzitsuena hori balitz bezala.

      — Kafesne bat, mesedez.

      Andrazko baten ahotsa entzutean berehala bueltatu naiz, eta aitortu behar dut ba dagoela munduan gaileta bustiak ahoratzea baino gauza hobeagorik. Adibidez; hurbilean dagoen neska polit hau begiratzea. Egia esan, Bilbotik irten ginetik, orain direla hiru egun, neska hau lau bat aldiz ikusi dut untzian, baina ikusi besterik ez, zeren beti bakarrik eta iheskor ibili baita. Baina esango nuke neska hau, orain, nirekin hitz egiteko gogo biziz dagoela. Bestela, aurreko egunetan hain iheskor aritu izan denak, nola zuzentzen dizkit orain honelako begiradak? Neskak urrats bat aurrera eman nahi badu, nola nik ez eman bi harenganantz? Ez du ematen horietako andre bat denik. Baina haren begiradek nirekin hitz egiteko nahia adierazten dute. Hori behintzat uste dut nik... Orain ba dirudi nire begirada ausartek lotsatzen diotela. “Ez, ez da horietako bat”. Baina zeharo atzera egin ez dezan, begiratu baino zerbait praktikoagoa egin behar dut.

      — Bikini oso polita duzu.

      Neskaren begiradak adierazten didanez, hanka sartu dut. Eta arrazoia du. Zergatik ez diot esan, adibidez, “eguraldi ona, ezta?”. Baina bikinia aipatu! Hori niri soilik bururatuko litzaidake. Eta anka bat sartu dudanez, bigarrena ere sartzera noa. Edalontzia eta gailetak hartu, eta hurbiltzen natzaio.

      — Jasangaitz ez banatzaizu...

      Nolako aurpegi gogorra dudan! Baina ez pentsa honelakoa naizenik, ez. Behar bada eguraldi eder honek... edo hartu dudan bainuak... edo jendearik ez egoteak... edo andre gorputz ia biluztu honek... Bueno, nik ez dakit zer gertatzen zaidan, baina baikor eta alai sentitzen naiz.

      — Ez, ez.

      Konpromezuzko hitzak. Baina ez nau handik bota... Eta ez da horietako bat... Orduan?

      — Bainua hartu al duzu?

      Nire gorputz erdi bustia ukitzen du, baina tamalez haren atzamarren bidaia laburregia iruditu zait.

      — Bai. Ura oso ona dago... Ez al duzu gailetarik nahi?

      Eskaintzen dizkiodanetatik bat hartzen du.

      — Milesker.

      Begiratzen diot.

      — Zure irribarre horrekin pakete osoa ordaindu didazu.

      Paketea pasatzen diot eta barre egiten du.

      — Beti ari al zara txantxetan?

      Neskaren begirada orain bestelakoa da. Haren begiak fermuki finkatu dira niregan, ene barnea arakatu nahi balu bezala. Lotsa sentitu dut.

      — Ez. Baina orain plazerezko gurutzaldi batetan gaude.

      — Plazerezko?

      "Arrazoia du. Ni lanean ari naiz... edo behar nuke”.

      — Bueno, norbaitzuentzat. Zu bezalako turistentzat.

      — Eta zuretzat?

      Lehengo begirada zorrotz berbera. Zer erantzun behar diot? Turista ez naizela, ikertzailea baizik? Niretzat bidaia ez duela plazerezkoa izan behar, lanezkoa baizik?

      — Orain, une honetan, plazerezkoa.

      Dirudienez, atsegin izan zaio nire erantzuna. Bigarren gaileta edalontzian sartzen ari da.

      — Gozoa, ezta?

      Begiratu gabe erantzuten dit.

      — Bai... Zu oso tipo estrainioa zara.

      Kuriositatez begiratzen diot. Begiek edalontzian ditu.

      — Bai? Zergatik diozu hori?

      — Ez dakit... Ausardia eta seriotasuna neurri onean erabiltzen dakizulako edo...

      Ene gizontasunerako kunplimendu bat bezala hartzen dizkiot hitzok.

      — ... Eta hori atsegin zaigu neskoi.

      “Kontxo! Loreak nik bota beharrean, berak botatzen dizkit”. Baina atsegin zait, batez ere oso naturalki hitz egiten duelako, pasiorik gabe, psikologiako irakasle bat bere ikasleei hitz egiten egongo balitz bezala.

      — Psikologoa al zara?

      Barre egin du.

      — Ez. Baina andre guztiak gara zerbait psikologo... Gizonak baino hobeagoak, noski.

      Kafesnearekin bukatu du.

      — Zenbat zor dizut?

      Ordaindu egin dio.

      — Bueno, joan egin behar dut.

      Eta irribarre bat eskaintzen didalarik, alde egin du. ‘‘Atzetik ere tipo ederra du”. Begien aurretik galdu dudanean, berriz ere kafesneari ekin diot. “Estrainoa ni? Hura baino neska estrainiorik!”. Ordaindu eta irtetzen naiz. Oraindik turistek ez dute untziaren gainaldia bete, eta hamaka batetan etzan naiz eguzkiaz eta haize goiztiar honetaz gozatzeko. Ene pentsamenduak urrun daude. “Bainujantzi berri bat erosi behar dut Estokolmon”. Eta aurrez ikusitako modeloak igarotzen zaizkit ene begi hertsietatik. Nire inguruko hamaka mugitu egin duten artean ez dut sentitu inor zetorrenik. Begiak ireki eta...

      — Ola!

      Ba dirudi neskaren begiek berriz ere nire aldamenean ikusteak nolako eragina egin didan jakin nahi luketela.

      Egia esan, begi hertsiekin bainujantziak ikustea baino atseginagoa zait neska hura aldamenean begiztatzea.

      — Jurgi duzu izena, ezta?

      “Kontxo! Nire izena ere ba daki”.

      — Bai. Nork esan dizu?

      — Eta detektibe pribatua zara. Untzi honetako ikertzaile ofiziala.

      Oraingoan txantxetako nahia joan zait eta arretaz begiratzen diot. Neskaren begiek irabazlearen begirada dute.

      — Eta nork esan dizu hori guztiori?

      Etzan egin da. Begiak hertsi egin ditu. Irribarrea joan zaio.

      — Zurekin hitz egin nahi dut... ofizialki, “Ofizialki! Ba nekien nik hemen zerbait zegoela”.

      — Esan.

      — Atzo gauean gizon baten ganbarotea bortxatu egin dute.

      — Eta ahostu egin al dute zerbait?

      — Ez.

      — Orduan...

      — Atea ez zen zabaldua izan ezer ohostuteko asmotan.

      — Zertarako orduan?

      — Gizon hura hiltzeko.

      Eseri egin naiz. Neskak begiak zabaldu ditu. Ez zuen dardararik. “Eta behar luke”. Ene ideiak ordenan ezarri behar ditut.

      — Bueno, atzo gauean gizon baten ganbarotea indarrez zabaldu zuten, hura hiltzeko asmotan. Nor da gizon hori? Zer gertatu zaio?

      — Hori hark esango dizu.

      Zutitu egin da. Ni ere bai. Ibiltzen hasi da. Nik, besotik oratuz, geldi erazten diot. Harriturik begiratzen dit, lehenago aurpegira eta gero ene eskuak oratzen dion besora. Baina ez naiz lotsatzen eta oratzen jarraitzen dut.

      — Nor zara?

      — Nagore Sueskun, nafarra.

      — Zu ez zara gurutzaldi honetara turista gizan etorri.

      — Ez.

      Zertan, bada?

      — Euskaldun gudari bat kubritzen.

      Askatzen dut. Ene adimenetik arrapaladan igarotzen zaizkit irakurritako ETAkoen ekintzak eta Ifar Euskal Herrian ezagutu nituen iheslariak.

      — Esan nahi duzu itsasuntzi honetan ETAko gudari bat daramagula?

      — Bai, horrela da.

      — Eta zertan etorri da? Zer egin behar du hemen?

      Galdera hauk, dirudienez, oso urduri, oso barrenetik irten zaizkit. Behar bada Nagorek igarri dit nire egonezinaren zergatia. Untziko ikertzailea naizenez, erantzukizun bat dut...

      — Bare zaitez. Ez da etorri untzian zarraskirik egitera.

      — Orduan, zertara?

      Estokolmora joan egin behar du eta uste izan dute erarik egokiena hau zela.

      “Karai! Hau ere niri gertatu behar zitzaidan".

      — Bueno, goazen mutil horrekin hitz egitera.

 

 

      ETAko mutila Nagoreren ganbarotean zegoen. Atean jo egin du.

      — Ni naiz.

      Atea zabaldu denean, Nagore sartu da aurretik eta gero ni. Mutilak eskua eman dit.

      — Egun on, Jurgi. Barka nire izena ematen ez badizut, Nagorek esango bide zizkizun arrazoiengatik.

      — Bai, esan dit zerbait.

      Nagorek whisky botila bat atera du.

      — Eser zaitezkete. Whisky bat?

      Baietz esan diogu. Neskak, edalontziak betetzen dituen artean, hitz egiten jarraitu du.

      — Whiskya oso merke saltzen dute untzian... Bueno, ni ba noa.

      Eta irtetzen zihoan, behar bada guk lasaiago hitz egin genezan, baina ETAkok gelditzeko eskatu dio.

      Zu ere hemen egotea komenigarria iruditzen zait.

      Orduan Nagorek hirugarren whisky edalontzia bete egin du. Mutila hitz egiten hasi da.

      — Jakingo duzunez, ETAkok burruka harmatu bat daramagu Euskal Herriaren alde, eta gure ekintzak neutraltzeko asmoz faxisten infiltrazio bat sufritzen dugu gure bamean. Haugatik, ongi gorde behar ditugu gure mugimenduak. Kasu berezi honetan, ni Estokolmora noa misio batean. Nagorek Bilbon hartu zuen untzi hau, eta nik Le Havre-n. Nagoreren zeregina ni kubritzea zen. Haugatik, Le Havre-n untzira igon nintzenean, nire ganbarotea joan nintzen, baina gaua etorri zenean, Nagorenera aldatu nintzen ezkutuan. Susmatu genuen bezala. faxistek jakin bide zuten nire bidaiaren berri, eta gau berean, jadanik hutsik zegoen nire ganbarotean sartu ziren, zihurki ni hiltzeko edo bahitzeko asmoz, Pertur-ekin egin zuten bezala. Beraz, hau da orain ordu gutxi gertatu dena.

      Mutila ixildu egin da, edalontzia ahora eramaten duen bitartean.

      — Zein ordutan ikusi duzue zure ganbarotea zabaldua izan delakoaren seinalearekin?,

      — Goizean, zortziak aldera. Nagoreri esan diot handik igaro zedila normalki, inolako interesik adierazi gabe.

      Ongi. Eta beste zerbait egin duzue informazio zehatzagorik lortzeko?

      — Ez. Ni ezin naiteke ganbarote honetatik irten, eta ez zait komeni Nagore gehiegi nabarmendu daitela. Horregatik jo dugu zuregana.

      Elkarrizketaren une honetan azken puntu hau zehaztu nahi dut, ez garrantzizkoa delako, kuriositateak eraginda baizik.

      — Eta zergatik niregana?

      Mutilak zigarroak eskaini dizkigu.

      — Bueno, guk gure ekintzak ahal den ongien prestatzen ahalegintzen gara, asko arriskatzen dugulako. Beraz, nire bidaia ongi aztertu genuen. Jakin genuen nola zu untzi honetako ikertzaile ofiziala izendatu zintuzten bidaia honetarako, eta azterketa batzu egin ondoren, pertsona fidagarritzat hartu zintugun. Beraz, zerbait jazotekotan, zuregana joatea egoki gerta litzatekeen.

      Puntu hau argiztu ondoren, galdera bat egin diot.

      — Eman al diezazkidakezu hiltzaile horren edo horien argibideak? Ba al dituzu horietaz arrastorik?

      — Tamalez ez. Ez dakit nor edo nortzu izan daitezken. Gerta daiteke ere edozein nazionalitateko merkenariren bat izatea, diruaren truke lan egitea. Edo edozein nazionalitateko faxista fanatikoren bat.

      Ileak eskuaz laztantzen ditut.

      — Problema galanta aurkeztu didazuena... Bueno. eta zer egitea eskatzen didazue?

      — Hiltzaile hori edo horik aurkitzea.

      Edalontzian geratzen dena hustu eta zutitzen naiz.

      — Bueno. Ahaleginduko naiz horretan.

 

Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977