Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

 

IV
GAUZA OSO ESTRAINIOK

 

      Andre biak eta Roland utzi ondoren, telegrafistarengana joan naiz IPEkoen erantzunik ba al dagoen jakitera.

      — Bai, heldu da.

      Eman didan papera aztertu dut, eta lehen bezala nago. Zerrendatik kendu ditudan susmagarriak zuzen kenduta daudela dirudi, eta geratzen zaizkidan hirurak, hau da, Burton, Garnier eta Fellini, ongi daude susmagarri bezala, hauen berririk lortzea ezina gertatu zaielako. Orduan, telegrafistari galdera bat egin diot.

      — Hartu edo bidali dituzun kableen artean, zerbait susmagarri ikusi al duzu?

      Pentsati geratu da.

      — Ez, ez dut uste... Dena den, zuk azter ditzakezu...

      Eta paper mordo bat seinalatu dit.

      Lan horri ekin natzaio, baina ez dut ezer susmagarri bilatu.

      Handik irten eta nire ganbarotera abiatu naiz. Rolandek esan bezala, atean ibili direlaren seinalea nabari da. Sartu eta barruan dena da desordena. “Rolandek arrazoia zuen. Gizon argia dela ematen du. Harengandik laguntza baliosa lor dezaket... Rolanden ganbarotea!”. Dena utzi eta Rolanden ganbarotera berehala abiatu naiz. Haren atea bortxatuta dago eta barrua hankaz gora. “Rolandi abisatu behar diot”. Ganbarotetik irten eta aurrekoaren atea zabaldu egin dute. Kuriositatez begiratzen dut. “Garnier!”. Lehen mementuan zer egin gabe geratu naiz eta Garnierrek atea berriz ere hertsi egin du. Erabaki bat hartu eta haren atean jo egiten dut.

      — Zer nahi zenuen?

      — Galdera batzu egin behar dizkizut.

      Barrura sar naitekela esan dit.

      — Noiztik zaude zure ganbarotean?

      — Oraintxe etorri naiz.

      Aurreko ganbarotea seinalatzen diot.

      — Nor ibili da ate horretan?

      Ezer erantzun aurretik, atera irten egin da.

      — Eta nik zer dakit?

      — Ez al duzu zaratarik entzun?

      — Ez. Esan dizut oraintxe etorri naizela.

      — Eta orain arte ez zara konturatu ate hori nola dagoen?

      — Ez.

      Erantzunak oso zakar ematen dizkit. “Gizon arbuiagarriagorik!”.

      — Norena da ganbarote hori?

      — Rolandena.

      — Ikusi nauzu lehen Rolandekin hitz egiten?

      — Bai.

      — Zer egin duzu azken ordu erdi honetan?

      — Untzian zehar ibili naiz.

      — Norekin?

      Garnier biziki haserretu egin da.

      — Ikertzaile jauna. Ni oporretan nago eta bakean utz diezadatela nahi dut. Ez dut zergatik non eta norekin ari naizen inorreri esan behar. Beraz ez dut hauetariko galderarik gehiagotan erantzungo. Bego hau argi: nahi dudanarekin eta nahi dudan tokitik ibiliko naiz, eta bakean uzten ez badidazu, kapitainari kexatuko naiz.

      Gauzak horrela, irten beharrean aurkitu naiz. Garnierrek ez dit azaldu nahi azken ordu erdian, hau da, Rolanden eta nire ganbarotea zabaldu dituztenean, norekin zebilen. Horrek adierazten dit ez duela koartadarik. Eta Burton eta Fellinik? Hauek koartadarik balute, Garnier geratuko litzateke susmagarri bakar bezala.

      Felliniren ganbarotean jo dut. Ez du berehala atea zabaldu.

      — Arratsalde on.

      — Arratsalde on. Zer nahi duzu?

      — Noiztik zaude ganbarotean?

      — Bazkalostean etorri naiz, bizpahiru ordu lo egiteko asmoz. Ba dakizu, gauean dantza dela eta, berandu arte oheratu gabe egoten naiz eta gero lo gura naiz. Horrela, orain lo egiten badut, gero gauean hobe senti naiteke.

      Barrara begirada bat eman dut. Ez dago inor gehiagorik.

      — Zu bakarrik egon zara?

      Begirada pikaro bat bota dit.

      — Andreren batekin nengoela pentsatu al duzu? Ba ez, tamalez bakarrik nengoen.

      — Bueno, ba barkatu eta gero arte.

      Beraz, Fellinik ere ez du non egon denaren lekukorik.

      Burton ez dago bere ganbarotean eta gainaldira igon naiz ea nonbaiten ikusten dudan. Haren bila nabilela, Emile eta Lore hurbildu zaizkit.

      — Zer moduz?

      — Burtonekin hitz egin nahi nuke. Ikusi al duzue?

      — Ez. Zerbait gertatu da ala?

      Azaldu diet nire eta Rolanden ganbaroteena.

      — Hor duzu Roland, barrean. Esan behar zenioke.

      Hirurok barrerantz abiatu gara. Berria Lorek eman dio lehenik.

      — Monsieur Roland, zure ganbarotean ibili dira.

      Roland bueltatu egin da.

      — Bai? Ez da harritzekoa. Esan nizuen Jurgirekin ari den edonor susmagarri gertatuko zaiola gaizkileari.

      Galdera bat egin diot.

      — Ikusi al duzu Burton?

      — Ez.

      — Eta Garnier?

      — Gu hizketan geundela barreko atean zegoen, baina gero ez dut ikusi.

      — Eta Fellini?

      — Hau ere ez.

      Galdera berberak egin dizkiet Emile eta Loreri, eta hauen erantzunak ere ezezkoak izan dira. Orduan erregu bat egin diet.

      — Lagun diezadakezue Burton bilatzen?

      Lorek berehala erantzun dit.

      — Bai. Bana gaitezen eta kurri dezagun untzi osoa. Gero, hemen barrean aurki gaitezke...

      Rolandek gera erazi dio.

      — Itxaron. Noraezean ari gabe, azter dezagun non egon daiteken. Burton gizon ixila da, bakarrik egotekoa. Beraz, alferrikakoa da jende asko dagoen tokietan bilatzea. Bere ganbarotean ez badago...

      — Ez. Handik nator eta ez zegoen.

      — Bueno, ba orduan libururen bat irakurtzen egongo da, edo...

      Ordulariari begiratzen dio.

      — Bostak. Orain hitzaldian egongo da.

      Lorek hitz egin du.

      Ai! Niri ere hitzaldia ahaztu zait eta ez naiz sekula faltatzen. Bai, arrazoia du Rolandek. Burton han egongo da, ez baitu hitzaldietara huts egiten.

      Laurok hitzaldiak ematen diren aretorantz abiatu gara. Burton han zegoen eta alboko eserleku batetan ezeri egin naiz. Hitzaldia hasteko dago.

      — Burton. Esan diezadakezu lauretatik bostetara bitartean non egon zaren?

      Begirada arraru bat bota dit, nire galderari zentzurik aurkitu ez balio bezala.

      — Non egon naizen?

      — Bai.

      — Gainaldian.

      — Norekin?

      — Ni bakarrik, irakurtzen.

      — Eta zure inguruan, nor zegoen?

      — Ez dakit.

      — Baina, ba al zegoen norbait?

      — Baietz uste dut. Untzi honetan beti dago alboan norbait.

      — Eta ez al dakizu nor? Egin itzazu ahaleginak.

      — Eta zer ardura du horrek?

      — Tarte horretan ganbarote bi indarrez zabaldu dituztelako.

      Burtonen aurpegia ilundu egin da.

      — Eta ni al naiz susmagarri?

      — Lekukorik ez bazenu, susmagarrien artean bat zinateke.

      — Ederki. Teoria polita. Edonor susmagarri da, errugabea dela frogatu arte.

      — Tamalez horrela da...

      — Zuretzat.

      — Beraz, ez dakizu...

      — Ezetz esan dizut.

      Hitzaldia hasi da eta gure azken hitzok erdi ixilean esan behar izan ditugu. Hizlaria, egiten ari garen bidaiaz ari zen eta nola nik jadanik ezagutua nuen, handik alde egin dut.

      Aretotik irten eta ez dakit norantz zuzendu ene urratsak. Nagorerekin hitz egiteko irrikitzen nago. Zergatik? Eskuartean dudan arazoak eskatzen didalako ala sexoak bultzaturik? Egia esan, Nagorek ba du zerbait misterios, bai berak pertsonalki eta bai inguratzen dion giroak. Behar bada horrek handitzen dit harekin hitz egiteko nahia. Baina komenigarria al da? Inolaz ere ez. Ez dut harekin hitz egiteko beharrik, “eta gaizkilea nire urratsen atzean balebil...”. Atzerantz begiratzen dut. Fellini zigarro bat pizten ari da. Susmoz begiratzen diot.

      — Hitzaldira?

      — Ez.

      Felliniren ahoan ez dago ohizko irribarrerik eta eman didan erantzun laburra ere ez da hain hizturi den gizon batena. Aurrera egin eta gainaldirantz abiatu naiz. “Nola egongo dira Nagore eta ETAko mutila? Behar bada, hiru susmagarriez haiekin hitz egitea interesgarria litzateke... Baina nola, haik arriskuan jarri gabe?... Ea. Burton hitzaldian dago, Fellini han behean nork jakin zertan... bai, nork daki zertan... eta Garnier... Ez, ezina zait Nagoreren ganbarotera hurbiltzea. Behar bada afalorduan, hiru susmagarriak bigarren txandan afaltzen daudenean...”. Azken irtenbide hau bilatu ahal izateak lasaitu egin nau eta barrera hurbildu eta whisky bat eskatu dut. Edariak on egiten dit, eta edalontzia bukatzear dudalarik, baikorrago sentitzen naiz. Bat batean ene gorputz osoa dardaka jarri zait. Han, bazter batean, mahai baten inguruan, Nagore eta Garnier ikusi ditut elkarrizketan. Nola Nagore arriskuaren jakinean ipini? Eta damutu egin naiz lehenago haren ganbarotea ez joateaz. “Esan behar nieke nortzu jotzen ditudan susmagarritzat, eta zergatik...”. Baina bat batean susmo ilun batek jo nau. “Eta Nagore bera ere ETA barruan infiltraturikoa balitz?...”. Baina berehala uxatu egin dut susmo hau. “Ezina da... Bueno, baina zergatik ezina? Polita delako?”. Edalontzia hustu eta Nagoreren ganbaroterantz abiatu naiz. Hitzaldia oraindik ez da bukatu eta Burton han egongo da. Garnier ba dakit non dagoen. Eta Fellini... “Bueno, kontuz ibiliko naiz”. Eta behin eta berriro jarraitzen ez nautela segurtatu naiz. Atean jo dut.

      — Ni naiz, Jurgi.

      Atea kontuz zabaldu dute. Mutilak pistola bat zeraman eskuan, tiratzeko gertu.

      — Sar, sar zaitez. Ba al dago berririk?

      — Hiru susmagarri ditut: Fellini, Garnier eta Burton. Ezagunak al zaizkizu?

      Eta hirurekiko lortu dudan informazio eskasa adierazi diot.

      — Ez, ezezagunak ditut.

      — Nagore Garnierrekin dago orain barrean, mahai baten inguruan.

      Ba dirudi berri hau interesgarria iruditu zaiola.

      — Bai?

      Dudatan egon naiz, baina azkenean bota egin diot.

      — Fidagarria al da Nagore?

      — Aurretiaz ez nuen ezagutzen, baina ni laguntzeko izendatu dutenean...

      — ... baina benetako Nagore izango ez balitz, hau da, beste batek haren izena hartu izan balu?

      — Iruzurti bat?... Ba liteke hori jasotzea.

      Une batez ixildu egin gara bakoitzak bere pentsamenduei jarrai ziezaion. Ixilunea nik apurtu dut.

      — Arriskutan zaude eta ganbarote honetatik irten egin behar duzu.

      — Eta nora aldatu?

      — Hori da orain erabaki behar duguna. Nirera ez... Kapitainarekin hitz egingo dut. Bitartean, ez ezazu inori ireki, niri ez ezik. Berehala etorriko natzaizu bila.

      Irten egin naiz eta zuzen kapitainarengana abiatu naiz. Azaldu diot gertatzen zaidana eta mutila bere ganbarotera eraman diezadakedala esan dit.

      Kapitaina utzi eta berriz ere Nagoreren ganbaroterantz abiatu naiz, neska barrean dagoen bitartean eta hark jakin gabe aldaketa egiteko asmoz. Eskailerak jaistean, kolpeak entzuten ditut.

      — Zabaldu. Ni naiz.

      Nagore da, eta neskaren ahotsan nabari da urduritasuna. Begiztatu nauenean oso ikaraturik dagoela ematen du.

      — Zer gertatzen da?

      — Ez duela inork erantzuten.

      Berehala gezur bat sortu zait Nagore handik bazter erazteko.

      — Ganbarotez aldatu egin dugu. Zoaz nire ganbarotera eta itxaron iezadazu han. Berehala joango naiz eta gertaturikoa azalduko dizut.

      Eta nire ganbaroteko giltza eman diot.

      Nagore nola aldentzen den ikusi dut eta haren oinetako ozkien zarata urrunean galdu denean, atea jo eta erdi ixilean esan dut:

      — Ni naiz, Jurgi.

      Atea zabaldu egin da.

      — Konpondu dut. Kapitaina beraren ganbarotera eramango zaitut.

      Berehala irten gara, ni aurretik bidea aztertzen. Aldaketa hau hobe litzateke gauaren ilunean egitea, baina ez dago denbora galtzerik. Jendeak ikusi gaitu, baina susmagarriek ezetz uste dut. Behintzat, horretan ahalengindu gara.

      Aldaketa egin eta nire ganbaroterantz abiatu naiz. Nagore han zegoen, oraindik oso urduri.

      — Zer gertatu da? Ongi al dago?

      — Lasai zaitez, neska. Ongi dago eta toki seguruan. Horregatik, toki seguruago batetara eramateko, egin dugu aldaketa.

      Nabari da Nagore konbentzitu ez dudala.

      — Baina nik aurretiaz jakin behar nuen! Ezin diezadakezu honela, bazterrean utzi. Nik erantzukizun bat hartu dut, eta ongi eta seguru dagoela nik neuk, nire begiekin baieztatu behar dut.

      — Zure egoera konprenitzen dut, baina nire hitzan sinetsi behar duzu.

      — Barka, baina ez zaitut ezagun, eta honelako arazo larrietan, konfidantza osoa dudan adiskideetan soilik sinesten dut.

      — Eta ongi egiten duzu, Nagore. Baina gizon baten bizitza arriskutan dago eta...

      — Horregatik, arriskutan dagoelako, dena jakin behar dut. Nik erantzukizun bat hartu dut, eta beste egingo dut.

      Nagore zutitu egin da. Nora joateko?

      — Ez duzu gero eskandalurik sortuko...

      — Oraintxe berton kapitainarengana noa.

      Bidea eragozten diot. Begietatik sua dariola begiratzen dit eta mugimendu bizi batez kendu egin du bere besoa oratzen zuen nire eskuin eskua. Urrats sendoz, ganbarotetik irten eta gainaldirako bidea hartu du.

      Ni berehala neskaren atzean irten naiz. Alferrikakoak izan dira bidean eman dizkiodan arrazoiak. Ez du deus entzun nahi.

      Kapitaina, zorionez, bere ganbarotera heldu aurretik ikusi dugu. Nagorek, oso urduri, bere kezkak azaldu dizkio.

      — Zaude lasai. ETAko gudaria ongi dago eta toki seguruan.

      Ba dirudi kapitainaren baieztapen honek Nagore zerbait baretu duela, baina bera bazter erazteak sortu dion haserreak oraindik irauten dio, kapitainarengandik aldendu ondoren bota didan begiradak horrela adierazten duelako. Orain, Garnierrekin zertan zegoen galdetu nahi nioke, baina beldur naiz pikutara botako ez ote nauan. Zer izan daiteke hobe, Garnier ez aipatu eta biren arteko harremanak zelatan ezarri, ala zuzen galde egin? Nagore ba zihoan eta erabaki hau, posibilitateak ongi azterturik hartu nahi nuke. Utzi egin dut, beraz, joaten.

      Ordulariak seirak seinalatzen dit eta jadanik hitzaldikoak irtenda leudeke. Beraz, igertoki eta barrerantz abiatu naiz. Nire asmoa hiru susmagarriak eta Nagore norekin ari diren ikustea da. Fellini eta Garnier barrean daude, mahai baten inguruan eskuz esku ajedrez partida bat jokatzen. Bi hauk xakean aritzen diren bitartean, besteak non dauden ikusi behar dut, baina hemen ez dago Burton ez Nagoreren arrastorik. Barretik irten eta deitzen didate.

      — Jurgi!

      Bueltatzen naiz eta hiru hamakatan Lore, Emile eta Roland daude. Hurbiltzen natzaie. Lorek galdetzen dit.

      — Ba al dago berririk?

      — Tamalez ez. Eta hitzaldia? Ona izan al da?

      — Oi! Oso interesgarria. Entzundakoaren ondoren Estokolmora heltzeko irrikitzen nauzu. Ezagutzen al duzu Estokolmo?

      — Bai, hiru aldiz egon naiz han.

      — Ai, zuek marinelak. Nola inbidiatzen zaituztet!

      — Bai, atsegin zait... orain, ezkongai naizen artean. Gero, dirudienez, gogorragoa egiten omen da.

      Etzanik zegoen Lore eseri egiten da.

      — Bueno, eta arazo honetaz, nobeletan maiz ikertzaileak tranpa bat ipintzen die gaizkileei. Ezin dezakezu zuk horrelakorik egin? Behar bada Rolandek lagun diezazuke horretan.

      “Tranpa bat!”. Horrek gogora erazten dit Nagoreren ganbarotea. Gaizkileak jarraitu banau, eta hori gauza segurutzat jo daiteke, Nagorerekin ikusiko ninduen eta, beraz, neskaren ganbarotera joango da. “Hori bihur dezaket tranpa...”. Nire gogoetak Rolandek ebaki erazi dizkit.

      — Tranpa bat. Ez dago gaizki pentsatuta... Baina sakon aztertu behar den gauza da, zeren ongi irtengo ez balitz, dena pikutara joan liteke.

      Nagoreren ganbarotekoa berriz datorkit. “Gaizkilea, zein ordutan joan daiteke hara?... Behar bada, orain...”. Dirudienez, nire egonezina nabari da, zeren Lore zuzendu baitzait.

      — Zuk zerbait duzu, Jurgi.

      Irribarre bortxatu batez erantzun diot.

      — Ezt ez. Ez da ezer... Bueno, joan egin behar dut.

      Hiru begi parek arretaz begiratu naute, eta alde egin dut. Urrats azkarrez, Nagoreren ganbaroterantz abiatu naiz. Bidean, pistola poltsikoan daramadalaz segurtatu naiz. Nagoreren ganbarotea arakatuko dutela gausa segurutzat jotzen lukete, itxurak gordetzeko ez bada ere”.

      Heldu naiz eta atea jo dut, baina ez du inork erantzuten. Ateari begiratuz, ba dirudi bortxatua izan ez dela eta honek lasaitu egin nau. Bigarrenez jo eta ez dute erantzuten. Beraz, Nagore ez dago. Zer egin? Hemen zutik egotea alferrikakoa da, zeren ni hemen nagoen artean ez baita arakatzailerik hurbilduko, eta nire asmoa besterik da. Arakatzaileari bidea erraztu nahi nioke etor dadin, baina ni ezkutuan, zelatan nagoelarik, horrela harrapatu dezadan.

      Ganbarote hilara osoa kurritu dut, ezkutatzeko toki egoki baten bila, baina tamalez ezin izan dut aurkitu. Irtenbiderik egokiena, beraz, konfidantzako norbaitek bere ganbarotean ezkutatzeko baimena ematea da. Nagoreren inguruko ganbaroteen zenbakiak hartu ditut eta bulegora joan naiz nortzurenak diren jakiteko asmoz. Izenak eman dizkidate eta Lorerengana joatea erabaki dut, lagun diezadan. Gurutzaldietan hainbeste ibili denez: eta hain hiztun delarik, ezagun asko ditu eta behar bada zerrendako norbaiten adiskide izan daiteke. Emile ikusi dut.

      — Lore ikusi al duzu?

      — Lehen branka alderantz joaten ikusi dut.

      Noa eta... supitoki geratu behar izan naiz. Burtonekin zegoen! Eta oso adiskidetsu hitz egiten. “Nagore Garnierrekin, Lore Burtonekin... zer da hau?...”. Ba dakit Lorek eskubide osoa duela nahi duenarekin hitz egiteko. Baina ba daki Burton nire susmagarrien zerrendan dagoela. Beraz, ikusten ari naizena ez zait atsegin. Ez, ez zait atsegin Burtonekin horrela ikustea. Eta Burton, hain gizon serioa, hain hitz gutxitakoa, oso hiztun ari da...

      Ikusten ari naizena oso interesgarri iruditzen zaidanez, nigan erreparatu ez dezaketen toki bat bilatu behar dut. Hori lortzea gauza erraza gertatu zait, inguru hauetan, toki apartak izanik, turista gutxi dagoelako.

      Zerbait irakurtzen ari dira. Buruak oso hurbil dituzte, eta ene ustez ba dirudi hurbiltasun hura atsegin zaiela. Aspaldiko adiskideak direla ematen du. Zutitu eta barandara hurbildu dira, eta han ukondoak baranda gainean dituztelarik, itsasoaren zabaltasunari begira daude. Burton gehiago hurbiltzen zaio. Burtonen eskuin besoak Loreren lepoa inguratzen du. Begiratzen dira, gehiago hubiltzen dira... eta musu apasionatu batez elkarturik daudenean handik aldentzea erabakitzen dut.

      Ikusi dudanak zeharo nahastu nau. Pertsona normal batek ez dakit zer egingo lukeen nire egoeran, baina ni desanimaturik nago. Nire eustarri zirela uste izan nituen Nagore eta Lore galdutzat ematen ditut. “Nor geratzen zait? Emile... Baina Lorerena ikusita, noraino izan daiteke Emile Fidagarri? Eta Roland. Gizon argia dela ematen du eta hortik lor dezaket laguntzarik... Bai, oraindik behintzat Roland besterik ez zait geratzen... Bueno, eta zertan nengoen?... A, bai! Nagoreren ganbarotearena... Baina norengana joan naiteke laguntza eske?”. Untziaren gainaldia kurritu dut, zerbait lortuko dudanaren zain, baina alferrik. Orduan, ganbarote hilara haretako zerbitzariarekin hitz egitea erabaki dut. Behar bada hark gomenda diezadake norbait.

      Zerbitzari hura mutil gazte bat da eta nire nahia azaldu diot.

      — Zuk zerbitzaten dituzun ganbaroteetan, zein turista da fidagarrien? Esan nahi dut, aurreko gurutzaldietatik ezagutzen duzun norbait, adinekoa eta serioa.

      Ez du luzaroan pentsatu izan behar.

      — Bai. Aitor Kobelo eta emaztea. Oso begikoak dira.

      — Aurkeztu al diezazkidakezu?

      — Bai, berehala. Hain zuzen ere, ganbarotean daude.

      Jaitsi egin gara eta Kobeloren ganbarotean jo dugu.

 

Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977