Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

VI
ESKUAK LOTURIK

 

      Dentzarako dena dago gertu jantokian eta turista asko jadanik bilduak daude. Untziko orkestakoek musika tresnak prestatzen ari dira. Nik begiekin susmagarriak bilatzen ditut. Orkesta joten hasi da eta dantza bikoteak dantzatzeko prestatzen dira. Orain Lore eta Burton dantzan hasi dira. Fellini ere bai. Garnier ez dut ikusten, eta Nagore ere ez. Emilek deitzen dit eta hurbiltzen natzaio.

      — Ez al duzu dantzatu behar?

      — Dantzatzeko nago!

      — Ba orduan, eser zaitez gure ondoan.

      Eta eserleku bat eskaini dit Roland eta bere artean. Rolandek zigarroak eskaini dizkigu. Sua ematen didan bitartean, hitz egin digu.

      — Gazteentzat batez ere oso egokiak dira dantzaldi hauk, gustora hartzen dituztelako.

      Ni Burton eta Loreri begira nago. “Gazteek soilik?”.

      — Gazteek soilik?,

      Rolandek begirada ezkutu bat bota dio Loreri.

      — Dantzaldiok denentzat mesedegarriak dira.

      Ixilune batek jarraitu du. Rolandek berriz ere hitz egin du.

      — Estokolmoko egotaldia hobe probetxatzeko, mapak eta planoak aztertzen ibili naiz.

      Eta poltsikotik hainbat liburuxka atera ditu. Emili biziki interesatu da haietaz. Nik ez diet jaramon handirik egiten. Ene begiek Burton eta Fellinirengan finkaturik daude, eta Garnier noiz etorriko delakoaren zain. “Non egongo ote da Garnier? Nagorerekin agian... frantses praktikatzen?...”. Rolandek nire izan aipatzean arreta gehiago ipini dut aldamenean ditudanetan.

      Jurgik edukiko du segurki material ugari.

      “Zertaz ari dira? Joanda nengoenez...”.

      — Zein material?

      — Estokolmoz, eta jeneralean, Sueziaz: liburuak, planoak, mapak...

      — Bai, ba dut.

      Rolandek esan dit:

      — Asko atsegingo litzaiguke zure material horri begirada bat ematea.

      — Ba, erakuts diezazueket, eta pozik gainera. Noiz nahi duzue?

      Rolandek Emileri begiratu dio, baina honek ez du berehala erantzunik eman. Rolandek berak erantzun dit.

      — Emile ez da ausartzen esatera, baina orain ekarriko bazenigu hemen aztertuko genuke, beste horiek dantzan egiten duten bitartean.

      Zutitu egin naiz. “Garnier ea bidean ikusten dudan”. Eta posibilitate horrek poztu egin nau.

      Nire ganbaroterako bidea hartu dut, eta noizean behin desbideratu egin naiz, Garnier begiztatzeko, baina alferrik. Nire ganbarotera heldu eta giltza sarrailan ezarri dut. Barruan, eskatu didaten material biltzen hasi naiz.

      Horretan nengoela, atean jo dute.

      — Nor da?

      — Fellini. Premiazko zerbait esan behar dizut.

      Asaldatu egin naiz. “Zer gertatuko ote zen?”. Dena utzi eta berahala atera hurbildu naiz. Atea zabaldu eta Fellini sartu egin da. Eskui eskuan pistola bat darama, eta eskuburdinak ezkerrean. Pistolarekin kamaina seinalatzen dit.

      — Horra, eta ixilik!

      Besoak atzerantz eraman erazten dizkit eta eskuburdinekin kamainaren burdinei lotzen nau. Gero, barrutik atea giltzez hersten du.

      — Zer da hau?

      Erantzun beharrean, beste hau esan dit:

      — Azkarra zinela pentsatzen zenuen, ezta? Ba, ikus dezakezunez, ba dago azkarragorik. Eta orain, ea, orain esan behar didazu ETAko kabroi hori non ezkutatu duzun.

      Goitik behera begiratu diot. Segur ari da, inolako dardaririk gabe, profesionari baten gisan. “Ez diot zuzen erantzungo. Denbora behar dut”.

      — Zutaz susmatzen nintzen, baina nituen susmagarrien artean, posibilitate gutxien zuri ezartzen nizkizun.

      — Bai e? Infrabaloratzen ninduzun, ezta?...

      Pistola mugitu egiten du.

      — ... Ba orain ikusiko duzu zertarako naizen gauza. Tira, has zaitez kantatzen!

      — Eta zer egin behar diozu ETAko horreri?

      — Urde handi horreri?...

      Barre algaraka hasi da.

      — ... Arrainen janari bihurtuko dut. Gehiagorako ez du balio.

      — Eta nirekin, zer egin behar duzu nirekin?

      Ixilunea. Behar bada ez zuen galdera hau espero. “Gehiago hurbilduko balitzait ostiko bat emango nioke, eta ene egoera aldatuko litzateke”.

      — Zurekin? Hori ikusi beharko litzateke. Lagunduko bazenigu...

      “Primeran. Jausi egin da. Hain hiztun denez... Ea elkarrizketa hau luzatzea lortzen dudan”.

      — Nola lagundu?

      — Adibidez, ETAko hori non dagoen esaten.

      — Eta esango banizu, zer gertatuko litzaidake?

      — Libre geratuko zinateke.

      — Eta hori nork garantizatzen dit?

      — Nik.

      Burua mugitzen dut.

      — Barka, baina hori ez da garantia nahikoa.

      Eskuan daraman pistola seinalatzen dit.

      — Honek ez dizu beste aukerarik ematen.

      Irribarre bat egiten ahalegintzen naiz.

      — Pistola horrek ez dizu zure helburua lortzen lagunduko. Gogora zaitez Le Havren untzi hau hartu zenuenetik pistola hori daramazula, baina ETAko gudaria oraindik bizirik eta zure eskuetatik at dago. Beraz, pistola baino beste zerbait gehiago beharko duzu.

      — Adibidez, zer?

      Nik ez diot berehala erantzun. Denbora luzatu behar dut. Behar bada, jantokian, Roland eta Emilek zerbait jazo zaidala pentsa dezakete arrazoizko epe batean itzuliko ez banintz... Azkenik, erantzun diot.

      — Adibidez, zer? Ba nirekin tratu bat egitea.

      — Hori lehen ere aditzera eman dizut.

      — Ba ez dizut ulertu.

      — Argi mintzatu naizela uste dut. ETAko hori non dagoen, zure bizitzaren trukean. Hau da eskaintzen dizudan tratua.

      — Hori ez da nahikoa.

      — Nahikoa ez dela diozu? Zer nahi duzu bada?

      — Hasteko, eskuak aska diezazkidazula.

      — Zoraturik zaude! Hori pentsatu ere ez.

      — Ba orduan ez dago traturik.

      Fellinik pistola mugitu egin du, eta tonu mehatxagarri batean hitz egin dit.

      — Ez nago txantxetarako. Erantzun azkar bat behar dut.

      Nik, ez nuen baretasuna adierazten ahaleginduz erantzun diot.

      — Gogoan har nire laguntzarik gabe ezina izango zaizula ETAko gudaria bilatzea. Beraz, nire lehen baldintza esan dizut: eskuak askatzea.

      Fellini ezbaian ipini dut.

      — “Lehenengo baldintza” esan duzu. Bigarrenik ere ba al dago ala?

      — Bai. Pistola hori itsasora botatzea.

      Fellinik barreari ekin dio.

      — Konturatu al zara zer eskatzen didazun? Hori egingo banu, nire burua urkatzea beste izango litzateke.

      — Eta hori egingo ez bazenu, nik eman niezazukeen informazioa lortu ondoren, hilgo nindukezu. Ni ere bizitza defendatzen ari naiz.

      Iraganbidetik urrats batzu entzuten dira, eta Fellini atera hurbildu da. Urratsak honantz datoz. Fellinik pistolaz destatzen dit.

      — Ixilik!

      “Nor izango da? Roland izango balitz!”. Urratsak hurbiltzen diren heinean nire urduritasuna areagotzen da... eta ganbaroteko atean joten dute. Ene begiek Fellinirenei galdetzen diete: zer egin? Fellinik hatzamar bat ahora eramaten du, ixilik egon nadin aginduz.

      — Jurgi!...

      “Burton da”.

      — ... zabal iezadazu.

      Beti bezala, ingelesez ari da. Fellinik erdi ixilean galdetzen dit.

      — Nor da?

      — Burton.

      — Ez ezaiozu erantzun.

      — Ba daki hemen nagoela.

      Fellini urduritu egin da.

      — Erantzun iezaiozu jantokira igon dadila eta berehala han elkartuko zaretela. Baina ez ingelesez. Hitz egizu frantsesez, italianoz ala espainolez.

      — Alferriz. Burtonek ez daki ingeles ez besterik.

      Berriz ere atea jo dute. Fellini ez da ausartzen ulertzen ez duen hizkuntza batetan hitz egin diezaiodan. Orduan, erabaki bat hartu du eta atea zabaltzera doa. Dirudienez, Burton nire egoera berberan ezarri nahi du. Atea zabaltzeko lepoa ematen dit. Nitaz zuen zaingoaz axolagabetu egin da. Atea zabaltzean zerbait atzera egin du eta indar guztiz ostiko bat eman diot lepoan. Fellinik egonkortasuna galdu egin du. Nik oihu egin dut.

      — Kontuz, Burton! Fellinik pistola bat du.

      Felliniren pistola eskuetatik jausi eta nire albora etorri da. Eskuekin ezin dezaket har, loturik baititut. Burtonek, mugimendu azkar batez pistola hartu egin du. Berehala izerdi hotz batek busti nau. “Eta Burton bera ere gaizkileetarikoa balitz?”. Pistola eskuan du eta Felliniri begiratzen dio. Italiarra oraindik lurrean datza. “Zergatik ez nau askatzen?”. Fellini zutitzen da. Nekeza zaio mugitzea. Dirudienez, kolpe handia hartu du; Zutitzea lortu du. Nire antsia areagotzen da. Burtonek ez dio pistolaz destatu. Niri begiratzen dit, ezbaian. Fellini, une honetaz baliaturik, ganbarotetik irten eta iraganbidetik abiada handian korrika doa. Burton Felliniren atzetik irtetzen da. Dena segundu gutxitan gertatu da. Nik ezin dezaket deus egin, loturik segitzen dudalako. Eskailerak nola igotzen dituzten entzuten dut. Bat batean, tiro bi. Norbait jausten da. Gero, ixiltasuna.

 

Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977