Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

 

II
SUSMAGARRIAK MUGATZEN

 

      Nagoreren ganbarotetik irtetzen naizenean bederatziak joteko dira, eta lehen urratsak mutilaren ganbaroterantz ematen ditut.

      Bai, argi dago, ateari begirada arin bat emanaz, sarraila indarka zabaldua izan dela. Barrura sartzen naiz eta dena normal dagoela ematen du, eta derrigorrean honela izan behar, ez baitzegoen zer desordenatzerik. Irten eta eskuineko ganbarotearen atean belarriak ezartzen ditut. Bai, itzarrik daude. Jo egiten dut. Hirurogei bat urtetako andre batek atea zabaldu dit.

      — Egun on. Untzi honetako ikertzaile ofiziala naiz...

      Andrea zerbait kezkatu da.

      — ... Gaur gauean norbaitek ate hori indarrez zabaldu nahi izan du...

      Izutu egin da.

      — Jesus!

      — Entzun al duzu zerbait gauean, hamarretatik zortziretako bitartean?

      — Ez...

      Senarra omen duena frakak janzten hurbiltzen zaigu.

      — Nik bai, nik entzun dut atean zebiltzatela, baina ez diot garrantzirik eman. Ba dakizu, gurutzaldietan, eta batez ere udan, gazteek bereziki ez dute oheratzeko ordurik.

      — Nola gazteak? Gaztea omen zen...

      — Ez, ez. Suposatzen nengoen.

      — Eta zein ordutan gertatu da hori?

      — Ez dakit zihur... Ea... Ez, ezin diezazuket ezer segurki esan.

      Eskua eman diet.

      — Bueno, zerbait gehiago jakingo bazenute, esan iezadazue mesedez. Jurgi kapitaina naiz, untziko detektibe ofiziala.

      Gizonak biziki hestutu dit eskua.

      — Ongi, ongi. Ni Andolin Argarate naiz, eta hau nire emazte Alazne.

      Eskerreko ganbaroterantz abiatzen naiz. Jo eta berehala atea zabaltzen didate. Andre bi daude, berrogei bat urtetakoak.

      — Barka. Untziko ikertzaile ofiziala naiz.

      Zabaldu didan andrearen begiak argitu egin dira.

      — A! Ganbarote horrengatik da, ezta?

      Eta mutilarena seinalatzen dit.

      — Bai. Zerbait al dakizu, ala?

      — Atzo gauean nola zebiltzaten entzun genuen eta orain, irtetzeko geundenean, sarraila nola dagoen ikusi dugu eta orain, irtetzeko geundenean. sarraila nola dagoen ikusi dugu era kapitainari salhatu behar genuela pentsatu dugu. Zuk atean jo duzunean horretaz ari ginen.

      Andre biei sakonago begiratzen diet. Ezkongabeak ematen dute, ogibidez ongi enplegatuak edo dendariak, urtero oporretan gurutzaldi bat egiten duten horietakoak.

      — Eman al diezadakezue arazo honetaz argirik?

      — Hara, gu hamabiak inguru oheratu ginen. Emile berehala loak hartu zuen, baina ni liburu bat irakurtzen jarri nintzen. Polizi nobela bat zen. Arratsaldean hasi nuen eta nola bukatzen zenaren irrikitzen nengoenez, irakurtzeari ekin nion. Eskuineko ganbaroteko atean norbait zebilela entzun nuen. Irakurtzeari utzi eta adi jarri nintzen. Argi zegoen ezina zitzaiola atea zabaltzea. Ordulariari begiratu nion. Ordubi t’erdiak ziren. Ordu hori zelarik, moskorra zegoela pentsatu nuen. Azkenean, atea zabaltzea lortu zuen, zeren barruan nola zebilen entzun bainuen...

      — Urratsak moskorrarenak al ziren?

      Pentsati geratu da. Beste galdera bat egin diot.

      — Zein da zure izena?

      — Lore. Urratsak... Ez, hara eta hona zebilen. Oso denbora gutxi eman zuen barruan... Irten egin zen... Bai, arrazoia duzu galdera hori egiterakoan. Irtetzean, aldentzean, ez zuen moskorraren urratsik, sendo baizihoan.

      — Bat edo gehiago al ziren?

      — Bat.

      — Gizonezkoa ala andrazkoa?

      — Urratsengatik... Gizonezkoa.

      — Ez zenuen atea zabaldu?

      — Egia esan, hori egiteko irrikitzen nengoen, baina Emile itzar zedin beldur nintzen.

      — Ongi, Lore. Informazio on bat eman didazu. Eta orain beste galdera bat egin behar dizut. Ezagutzen al duzu ganbarote horretan zetorrena?

      — Bilbotik Le Havre-ra hutsik etorri da. Le Havre-n norbait sartu omen zen, baina ez dakigu nor, ez baitugu ikusi ahal izan.

      Eskua luzatu diet. Lorek galdetu dit.

      — Egin diezazuket orain nik galdera bat?

      — Bai, egin diezadakezu.

      — Zer gertatu da? Zuk parte hartu duzularik, zerbait jazo behar izan da.

      Irribarrez begiratzen diot.

      — Ondoren zuzena. Nabari da polizi nobelak irakurtzen dituzula...

      Orain Lorek ere irribarrea du ezpainetan. Jarraitzen dut.

      — Bai, arrazoia duzu. Ohostu nahi izan dute.

      Damu dut gezurra esan beharragatik, baina besterik esatea ETAko gudariarentzat arriskugarria gerta litzateke.

      — A!

      Orain eskua eman dit.

      — Zerbait susmagarririk jakingo bazenute, asko eskertuko nizueke esatea. Denon onerako, ongi litzateke gaizkile hori harrapatzea.

      Loreren aurpegiak alaitasun bizi bat hartu du, bat batean abentura interesgarri baten posibilitatea ikusi izan balu bezala.

      — O, bai, oso pozik lagunduko dizugu. Arrastoren bat emango bazenigu lagungarri litzaiguke.

      Hori eskaintza bat zen. Are gehiago, eskari bat, Baina oraindik behintzat ez dut haien laguntzaren beharrik ikusten. Dena den, ezin dezaket Loreren itxaropena hain arinki zapuztu.

      — Zure eskaintza hori gogoan hartzen dut. Eta arrastoren bat emateaz... Oraindik ez dut ezer zehatz.

      Irten egin naiz. Aurrean ganbaroterik ez dagoenez, gainaldira igon naiz, hitz egindako lau turisten fitxak bulegoan aztertzeko asmoz.

      Fitxen azterketak adierazten didanez, lau pertsonok ezin har ditzakegu susmagarri bezala. Andolin eta bere emazte Alaznek lau urtetan egin dituzte untzi honetan oporretako bidaiak, eta Emile Udaondo eta Lore Aranburuk hiru urtetan. Beraz, ba dirudi ETAko mutilaren bidaiarekin zerikusirik ez dutela. Orduan, zerbait bururatu zait, eta bulegoko arduradunari datu batzu eskatu dizkiot.

      — Zenbait turista daramazkigu untzian?

      — 215.

      — Eta zenbat tripulazioko?

      — 42.

      — Beraz, denetara 257 lagun gaude.

      — Bai, horrela da.

      Ixilune baten ondoren, beste galdera bat egin diot.

      — 257 lagun hauen artean, zenbat dira aurten gurekin lehen bidaia egiten dutenak?

      — Tripulazioan, zu ez ezik denak daude lehendik untzian. Turisten artean, ezin diezazuket berehala esan. Fitxak aztertu behar nituzke.

      — Ba egin ezazu. Eman iezadazu aurten lehen aldiz untzi honetan bidaia egiten dutenen zerrenda, esanaz zein portutan igon diren. Eta arin, mesedez, oso beharrezkoa dudalako.

      Bulegotik irten ondoren, poparantz abiatu naiz. Ordurako turista asko zebilen. Lore ikusi dut eta hari hurbildu natzaio.

      — Lore, zerbait ahaztu zait galdetzea.

      — Esan.

      — Bart ganbarotean sartu zen hura berriz ere irten zenean, norantz abiatu zen?

      — Gainaldira igoten den eskailerarantz.

      — Ongi. Eta zure ustez, eskailerara heldu eta igon egin zen, ala estaia honetako beste ganbaroteren batetan sar zitekeen?

      — Urratsak urruntzen entzun nituen, haien zarata gauaren ixilean galdu arte.

      — Ederki, Eskerrik asko.

      Alde egitera nindoan, baina Lorek galdera bat egin dit.

      — Lagun al diezazuket zerbaitetan? Asko atsegingo litzaidake. Egia esan, zaila gertatu behar zaizu hainbeste jendearen artean gaizkile bat bilatzea, batez ere inoren laguntzarik edo arrasto segurrik ez baduzu.

      “Egia dio. Baina oraindik arinegi litzateke”.

      — Laguntzarik behar banu eskatuko nizuke. Dena den, eskerrik asko.

      Lorek berriz ere ekin dio.

      — Gogoan har gurutzaldiak urtero egiten ditugula eta jende asko eta konfidantzazkoa ezagutzen dugula untzian. Beraz, nor edo nolako pertsona bilatu behar den jakingo bagenu, hainbat laguntzaile lor zenezake gure artean.

      — Zure hitzok oso interesgarriak iruditzen zaizkit, eta gogoan hartuko ditut. Zaude segur horretan.

      Aurrera egin dut. Egia esan, ez dut orain zeregin zehatzik, eta denbora eman nahi dut bulegoan eskatutako zerrenda prestatu arte. Bitartean, untzia ibiliko dut ea zerbait arraro ikusten dudan.

      Goizeko hamarrak aldera, eta ezer berezi bilatu izan gabe, berriz ere bulegorantz abiatu naiz. Han, eskatu nien zerrenda eman didate. Denetara 31 izen daude. Beraz, 31 lagun hauk lehenengoz bidaia bat egiten dute untzi honetan. Zerrenda aztertu egin dut. 60 urtetatik gorakoak eta 18-tik beherakoak kentzen ditut, eta 18 geratzen zaizkit. Berehala, telegrafistarengana joan eta IPE-ra mezu bat igor zezala gomendatu diot:

 

GIZON BAT HIL NAHI DUTE PUNTU
ARAZO POLITIKOA PUNTU
HILTZAILE FAXISTA EDO MERKENARI PUNTU
INFORMATU IZEN HAUETAZ...

 

eta 18 horien izen deiturak eta helbideak ipini ditut.

      Zerrendarekin, Loreren bila aritu naiz. Igertoki inguruan ikusten ohi dudanez, harantz abiatu naiz. Bai, han dago. Asko poztu da hurbildu natzaionean. Behar bada igarri dit laguntza eske nentorrela. 18 izenen zerrenda erakutsi diot.

      — Ezagutzen al duzu hauetatik norbait?

      Izenak arretaz irakurri ditu.

      — Bai. Hau, eta hau, eta hau...

      — Nondik ezagutzen dituzu?

      — Inoiz gurutzaldiak egin dituzte. Ez untzi honetan, noski.

      Aipaturiko izenak marra batez estali ditut. Orain 12 geratzen zaizkit eta nortzu diren aztertu behar dut. Horretarako, ganbaroteko zerbitzariak iruditzen zaizkit egokienak. Beraz, Lore utzi eta zerbitzarien bila hasi naiz. Lan horrek ordu pare bat eman dit, eta zerrendatik beste 5 izen kentzea lortu dut. Bost hauk jadanik untzian ibilitako familietako seme-alabak ziren eta ez omen zuten gaizkile itxurarik. Beraz, orain 7 izen geratzen zaizkit. Dena den, azken kendutako 5 izen horik IPE-koen informazioarekin berriz ere aztertuko ditut.

      Lehen txanda bazkaltzera deitzen ari dira, eta jantokira abiatzen naiz. Zerrendako 7-etatik lauk txanda honetan bazkaltzen dute. Lau mutil dira, arabarrak, eta laurak mahai baten inguruan eseri dira. Ni, toki libre baten bila ari naiz. Nagore han dago. Harenganatz joateko nago, baina gelditzen naiz. “Ez da komeni gehiegi elkarrekin ikus gaitzaten. Mutil haren ganbarotean dago eta erlazionatu diezaiokete”. Nire atzean txalo bi jotzen dute. Bueltatzen naiz eta Lorek toki bat eskaintzen dit.

      — Toki bila ari zara, ezta? Eserleku bat ekarriko bazenu, hemen utziko genizuke tokia.

      Eserleku bat eraman dut eta mahaikideek zerbait herstutuz utzi didate tokia. Aztertu behar ditudan lau mutilak hamar bat metrotara ditut. Beraz, eta mahaikideak ixilik egongo balira, haien elkarrizketa entzungo nuke. Baina tamalez ez daude ixilik.

      — Zure azterketak aurreratu al dute zerbait?

      Nire irribarrea behartua da.

      — Ez oraindik. Egia esateko, arinegia da zerbait lortzeko. Horrelako gauzak denbora behar izaten dute.

      Orduan Lorek aurreko bidaietan jazotako gertaera batzu azaldu dizkigu. Dirudienez, konturatu da ez diodala jaramon handirik egiten, eta bere hitz jarioa ebaki egin du galdera bat egiteko.

      — Hainbeste begiratzen diezun lau mutil horik zerrendan dituzu, ezta? Nik eman dezazuket horietaz hainbat berri.

      — Bai?

      — Hara. Arabarrak izanik Lejonako Unibertsitatean medikuntza ikasten ari dira. Hemen. untzian, arabar ene ezagun bat dator eta hark eman diezazuke horien berri zehatzagorik.

      — Ezagutzen al ditu?

      — Bai. Batekin behintzat oso adiskidetsu mintzatzen da.

      — Atsegingo litzaidake zure ezagun horrekin hitz egitea.

      — Utz ezazu nire kontu. Bazkalostean joan gaitezke harengana.

      Bazkaria bukatzear dugula Andolin Argarate eta bere emazte Alazne hurbildu zaizkigu. Andrea batez ere oso urduri zetorren.

      — Lore, zuen ganbarotean ibili dira. Atea zabalik duzue eta barrua dena hankaz gora dago.

      Berehala zutitu eta ganbaroterantz abiatu gara.

      Alaznek esan bezala, han norbait ibili dena argi dago. Loreri galdetu diot.

      — Noiz utzi duzue ganbarotea azkenik?

      — Bazkaltzera joateko. Bainujantzia kendu eta jantokira joateko konpontzera etorri garenean.

      — Orduan, hamabiak aldera.

      — Bai.

      Ordulariari begiratzen diot.

      — Orain ordubatak laurden gutxiago dira...

      Berehala zerbait bururatu zait.

      — Hemendik jantokira zuzen joan al zarete?

      — Bai.

      — Eta lau mutil arabar haik, han al zeuden?

      Pentsati geratu da. Oraingoan Emile izan da lehenen erantzun didana.

      — Bai, han zeuden.

      “Beraz, lau susmagarri gutxiago. Orain hiru soilik geratzen zaizkit”. Lorek galdetu dit.

      — Zergatik egingo ziguten hau gure ganbarotean? Ez dut ikusten ezer ohoztu digutenik, eta ba genuen hemen balioko gauzarik...

      Zuzen begietara begiratzen dit eta jarraitzen du.

      — Orain arte ez diguzu barteko horretaz inolako azalpenik eman, baina orain hitz batzu zor dizkiguzu. Gogoan har gure ganbarotean ibili direla, eta atzokoaren parean dagoela. Beraz, ekintza biren artean loturaren bat dago.

      “Noski. ETA barruko espioiak ba zekien Bilbon neskaren batek untzia hartuko zuela mutila kubritzeko...”.

      — Non hartu zenuten untzia?

      — Bilbon.

      “Ikusten?''. Lorek berriz ere bere galderari ekin dio.

      — Zeren bila ari dira?

      — Ez dakit.

      Lorek ez du orain irribarrerik egiten.

      — Barka, baina ez dizut sinesten. Adibidez, noren izenean hartu zuten alboko ganbarote hau?

      Ezin diezaioket esan ez dakidala barregarri geratu gabe. Erabaki bat hartu eta andre biren ganbarotean sartu naiz. Argarate senar emazteak konturatu bide dira pribatuan hitz egin nahi nuela eta bazkaltzera joan dira. Ateari bultz egin eta hitz egin diet.

      — Segeretua gorde behar didazue.

      — Bai.

      — Arazo politiko bat da. Faxistek pertsona bat bahitu edo hil nahi dute. Nor den ez dizuet esango.

      — Konprenitzen dut. Orain eman iezazkiguzu susmagarrien izenak eta guk lagunduko dizugu aztertzen.

      Zerrendan geratzen zaizkidan hiru izenak eman dizkiet. Aholku bat ematea beharrezkoa iruditu zait.

      — Hobe ezer egingo ez bazenute. Gogoan har arrisku handia gerta lekizuekela, batez ere gaizkileak zertan ari zareteri konturatuko balira.

      — Jadanik arriskuan sartuak gaude. Gaizkileak ahal den arinen ez bilatzea litzateke benetako arriskua.

      Irtetzeko geunden eta Lorek proposatu dit.

      — Nahi al duzu nire arabar ezagun horrekin hitz egitea?

      Joan gara harengana eta eman dizkigun iniormazioen arauera, lau mutilak fidagarriak omen dira.

 

Gudari bat
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977