Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamazazpigarren kapitulua

 

         — Artea, zientzia... Prezio haundiegia ordaindu duzuela uste dut zorionaren truke —esan zuen Basatiak, bakarrik geratu zirenean—. Ezer gehiagorik, akaso

         — Ba... erlijioa bai, behintzat —erantzun zuen Inspektoreak—. Bederatzi Urteko Gerrate aurretik ba zuan zerbait... Jainkoa zeritzana. Barka, ahazturik niedukaan: uste diat hik ondo dakiala Jainkoaren berri.

         — Ba...

         Basatia dudan jarri zen. Pozik esanen zukeen zerbait bakartadeaz, gauaz, ilargipean zurbilik hedatzen zen goilautadaz, heriotzaz... Pozik hitz eginen zukeen zer guzti haiezaz; baina ez zegoen hitz egokirik. Ez eta Shakespeare-rengan ere.

         Bitartean Inspektorea despatxuko beste aldera joana zen eta diru-kutxa haundi bat zabaltzen ari zen, liburuen alasan, horman sarturik zegoena. Ireki zuen ate astuna. Barruko erdi itzalean bilaka ariez, Inspektoreak esan zuen:

         — Hona hemen beti ardura haundia eman dautan gai bat. —Liburu sendo beltz bat atera zuen kutxatik—. Uste diat hik ez huela hau inoiz irakurriko.

         Basatiak hartu zuen liburua.

         — «Biblia Saindua, Itun Zaharra eta Berria» —irakurri zuen altu.

         — Eta hau.

         Taparik gabeko liburu txiki bat zen.

         — «Kristoren Imitazioa».

         — Ez eta hau ere.

         Eta beste liburu bat eman zion.

         — «Erlijio Esperientziaren aldakuntzak» William James-ena.

         — Eta oraindik askozaz gehiago zeuzkaat —jarraitu zen Mustafa Mond berriro jesarririk—. Aintzinako liburu pornografikoen bilduma osoa. Jainkoa kutxan eta Ford alasetan

         Eta bere biblioteka ofiziala seinalatu zuen irriparrez: liburuz beteriko alasak, bobinazko eta erroilu ozenezko iladak.

         — Baina zuk Jainkoa nor den baldin badakizu, zergatik ez diezu besteei agertzen? —galdetu zuen Basatiak haserre bizitan—. Zergatik ez dizkiezu irakurrarazten Jainkoaz tratatzen duten liburu hauek?

         — Otelo uzten ez diedan arrazoiagatik beragatik: aintzinakoak direlako. Duela ehundaka urteetako Jainkoaz tratatzen dutelako. Ez oraingo Jainkoaz.

         — Baina Jainkoa ez da aldatzen

         — Gizonak bai, ordea.

         — Eta zer axola du horrek?

         — Alde haundia diagok hor —esan zuen Mustafa Mondek. Jaiki berriro eta kutxara hurreratu zen— Ba zuan gizon bat Newman kardinala zeritzana —esan zuen—, Kardinal bat —azaldu zuen parentesi gisa—, Artxitxantre Komunal bat bezelatsu zuan.

         — «Nik, Pandulfok, Milan ederreko kardinal naizen honek...» [1] Irakurria dut zerbait honelakorik.

         — Bai noski. Beno, esaten niharduen bezala, ba zuan gizon bat Newman kardinala zeritzana. A, hemen diagok haren liburua! —Atera zuen kutxatik—. Eta harira datorrenez gero, beste hau ere aterako diat. Maine de Biran zeritzan gizon batena duk. Filosofo bat zuan. Jakinen al duk zer zen filosofo bat.

         — Zeru lurretan diren baino gauza gutiagotan amets egiten duena [2] — esan zuen Basatiak berehalaxe.

         — Horixe. Geroago irakurriko diat filosofo honek amets egin zuen gauza bat. Oraingoz, entzun ezak zer zioen aintzinako Artxitxantre komunal honek. —Ireki zuen liburua paper zatitxo batek markatzen zuen lekutik eta irakurtzen hasi zen—. «Ez gara geureago daukaguna geure den baino. Ez genuen geuk egin gure burua; ez daukagu, beraz, aginpiderik gure buruengan. Ez gara gure buruen jabe. Jainkoaren jabegoa gara. Ez al dago gure zoriona gauzak honelaxe ikustean? Ba al da zorionik edo kontsolamendurik gente garela uste izatean? Ba liteke gazteek eta edukitsuek hala uste izatea. Ba liteke hauek uste izatea zer haundia dela gauzak haien naikara egitea, inorgandik ez dependitzea ikustekoa ez den ezertan pentsatzerik ez edukitzea, eten gabe aitortu beharrak, eten gabe otoitz egin beharrak, eten gabe nork bere burua beste bati buruz jarri beharrak ematen duen neketik libre egotea. Baina denbora joan ala, hauek ere, beste gizon guztiek bezala, igarriko dute independentzia ez dagoela gizonarentzat egina, egoera antinatural bat dela, pixka batez iraun dezakeena, baina ez gaitzake azkeneraino salbo eraman...» —Mustafa Mondek geraldi bat egin zuen. Utzi zuen lehenengo liburua eta beste bat harturik, orri batzuk pasa zituen—. Entzun ezak hau, adibidez —esan zuen; eta bere ahots astunez irakurtzen hasi zen berriro—. «Gizona zahartu egin da. Bere baitan sentitzen du ahultasunaren, nekearen, ondoezaren sensazio radikal hura, zahartzari berari datxekana; eta hala sentituez gero, uste ohi du gaisorik dagoela; bere burua engainatzen da egoera hura kausa partikularren bati dagokiola pentsatuez, hartatik, gaiso batetik bezala, sendatuko delakoan. Nolako zakur ametsak! Gaiso hau zahartza bera baita; eta gaiso ikaragarria noski. Diotenez, heriotzaren eta heriotza ostekoaren beldurra omen da gizonak, zahartu ala, erlijiora bultzatzen dituena. Baina neure esperientziak sinestarazi daut —beldurkeria eta ameskeria horietaz aparte— erlijio sentimendua zabalduez joan ohi dela, irudimena eta zentzuak moteldu ala eta bizitasuna galdu ala. Orduan gure arrazoimenak bideak libreago aurkitzen ditu bere lanerako, libre aurkitzen da lehen harrapaturik zeukaten malko, desira eta distrakzioetarik. Eta orduan horra Jainkoa agertzen, laino baten ostetik bezala. Gure arimak argi guztien iturburua sentitzen eta ikusten du, eta hartara bihurtzen da. Iturburu hartara bihurtzen da, berez eta derrigorrez. Zeren, nola orain, sensazio-mundu hura biziarazten eta liluragarritzen zeukun guztia urruntzen hasi baita guregandik, nola orain fenomenozko existentzia ez baita finkatzen kanpoko edo barruko inpresioetan zerbait iraunkorrean finkatu beharra sentitzen dugu; hutsik eman ez diezagun zerbaitetan, errealitate edo egia absolutu eta hilezkorrean. Bai, nahi eta ez Jainkoarenganantz bihurtzen gara; zeren erlijio sentimendua hain garbi eta goxo baitzaio sentitzen duen arimari, non gainetiko galtze guztiak kitatzen baitauzkigu». —Mustafa Mondek itxi zuen, liburua eta bere butakan etzan zen patxadan—. Zeru lurretako anitz gauzatarik bat, filosofo hauek amets egin ez zutena, hauxe duk —eta jestu zabal bat egin zuen eskuaz—: Geu noski, gaurko mundua... «Gaztetasuna eta ugaritasuna kontserba ditzazueino bakarrik izan zaitezkete Jainkoarengandik independienteak. Independentziak ez zaitue azkenaraino salbo eramanen». Hona, bada, gaur azkenaraino kontserba ditzakegula gaztetasuna eta ugaritasuna. Zer ateratzen da hortik? Bistan diagok: ba gaitezkeela Jainkoarengandik independiente izan. «Erlijio sentimenduak gainetiko galtze guztiak kitatzen baitauzkigu». Hona, ordea, guk ez dugula kitatu beharrik, ez baitugu izan galtzerik. Erlijio sentimendua, bera, alferreko duk. Zergatik gara gazte desiren ordezko bila ibiliko, inoiz ez baitzaiku gazte desirarik falta? Zertarako dibersioen ordezkorik, azken azkenerarte baitiraugu aintzinako huskerien gozamenean? Zertarako behar dugu atsedenik, gure gogoei eta gorputzei ekina atsegin zaien artean? Zer kontsolamendu behar dugu, soma baitaukagu? Zertarako bilatu ezer mugiezkorrik, ordenu soziala baitaukagu?

         — Orduan Jainkorik ez dagoela uste al duzu zuk? —galdetu zuen Basatiak.

         — Ez, segur asko Jainkoren bat ba dagoela uste diat nik.

         — Orduan zergatik...?

         Mustafa Mondek moztu zion esatekoa.

         — Baina gizon ezberdinei ezberdinki agertzen zaien Jainko bat. Denbora premodernoetan liburu hauek dioten bezala agertu zuan. Gaur, ordea...

         — Nola agertzen da gaur? —galdetu zuen Basatiak.

         — Ba, ausentzia bat bezala agertzen duk; egon ere, ez balego bezala.

         — Hori zeren errua duzue.

         — Esak zibilizazioaren errua dela. Jainkoa ez duk elkargarri makinismoarekin, medikuntza zientifikoarekin edo zorion unibertsalarekin. Hautatu beharra diagok. Gure zibilizazioak makinismoa, medikuntza eta zoriona hautatu ditik. Horigatik liburu hauek segurantza kutxa batean gorderik eduki behar ditiat. Itsuskeria hutsa dituk. Jendea nazkatu eginen lukek, baldin...

         Basatiak moztu zion:

         — Baina ez da naturala Jainko bat ba dela sentitzea?

         — Baina jendea orain inoiz ez diagok bakarrik —esan zuen Mustafa Mondek—. Bakardadea gorrotarazten zieagu. Hala eratzen zieagu bizimodua nola ez baitute inoiz bakarrik egoterik.

         Basatiak tristuraz baieztu zuen buruaz. Malpaisen anitz sufritu zuen, zeren herriko elkar ekintzetarik apartatzen baitzuten. Londres zibilizatuan ere anitz sufritu beharra zuen, zeren ez baitzuen inoiz elkar ekintzetatik apartatzerik, ez baitzuen inoiz bakarrik egoterik.

         — Gogoratzen al zara Errege Lear-en zati hartaz? —esan zuen azkenez Basatiak—: «Jainkoak zuzenak dira eta gure atseginezko bizioak geure zigorgailu bihurtzen dituzte; zu sortarazi zintuen leku ustel eta ilunak bi begiak galarazi zizkion»; eta Edmundok erantzuten dio, gogora zaitez, zauriturik eta azkenetan dagoela: «Egia diozu; egia da hori. Gurpilak buelta osoa eman du. Hona hemen ni». Zer diotsazu honetaz? Ez al dirudi ba dagoela Jainko bat gauzak eratzen dituena, zigortzen eta saritzen duena?

         — Bai? —galdetu zuen halaber Inspektoreak—. Egin dezakek nahi haina bekatu goxo eme neutro batekin, ez baitukek arriskurik haren alabaren maitaleak begiak atera dietzaan. «Gurpilak buelta osoa eman du. Hona hemen ni». Baina non ote legoke Edmundo gaur? Butaka pneumatiko batean jesarririk liegokek, beso bat neskatxa baten gerri bueltan, hormona sexualezko txiklea mastikatuez, eta sensoramari begira. Jainkoak zuzenak dituk. Dudarik ere ez, Baina Jainkoen legedia gizartea antolatzen duten gizonek diktatua duk azken batez. Probidentziak gizonengandik hartzen ditik aginduak.

         — Segur al zaude horretaz? —galdetu zuen Basatiak—. Horren segur al zaude butaka pneumatikuko Edmundo ez dela izan odolustutzen eta hiltzen ari den benetako Edmundo bezain gogorki zigortua? Jainkoak zuzenak dira. Ez ote dituzte gero atseginezko bizio hoixek erabili hura degradatzeko erremintatzat?

         — Zertatik degradatu, ordea? Hiritar zoriontsu, langile eta ondasunen kontsumatzaile den aldetik, perfekt duk. Hik, jakina, gutaz beste legeren batzuk jar baditzak, esan dezakek behar bada, degradatua izan dela. Baina arrazoiketa bati segi beharko diok. Ez dezakek Golf Elektromagnetikora joka, Pelota Zentrifugoko legeen arabera.

         — Baina kemena ez datza noren bere botondatean —esan zuen Basatiak—. Kemenaren estimazioari eta dintasunari eutsi behar zaio estimagarri delako nola berenez, hala tasatzailearen ustez. [3]

         — Ixo, ixo —protestatu zuen Mustafa Mondek—. Ez al deritzak urrunegi hoala?

         — Zuek Jainkoarengan pentsatuko bazenute, ez zenukete utziko bizio atseginek degrada zaitzazten. Arrazoi bat zenukete gauzak pazientziaz jasateko eta anitz gauza kemenez egiteko. Hala ikusia dut indioen artean

         — Ez diat dudarik —esan zuen Mustafa Mondek—. Baina gu ez gaituk indioak. Gizon zibilizatu batek ez zeukak ezer desatseginik jasan beharrik. Gauzak egiteari buruz, berriz, Fordek ez dik nahi gizon zibilizatuari burutik ere pasa dakion holako ideiarik. Gizonak beren kontura obratzen hasiko balira, ordeno sozial guztia hankaz gora lietorkek.

         — Eta zertan geratzen da orduan autoukatzea? Jainkoa sinetsiko bazenute, arrazoi bat zenukete autoukatzerako.

         — Baina industriazko zibilizazioa autoukatzerik ez denean bakarrik duk posible. Autoasetzea duk beharrezko, higienek eta ekonomiak jarritako neurriraino. Bestela gurpilek pot eginen likeate.

         — Arrazoi bat zenukete orduan kastitaterako! —esan zuen Basatiak matrailak gorrizkatzen zitzaizkiolarik hitz hauek esatean.

         — Kastitateak, ordea, grina dik, kastitateak neurastenia dik. Eta grinek eta neurasteniak inestabilidadea diakarkeate. Eta inestabilidadeak, halaber, zibilizazioaren hondamena. Zibilizazioak ez diadukak iraunkor izaterik, bizio atsegin pila on bat gaberik.

         — Baina Jainkoa duzu zer noble, eder eta heroiko guztien arrazoi. Jainko bat bazenute zuek

         — Ene lagun gazte eta maite —esan zuen Mustafa Mondek— zibilizazioak ez dik inolako nobleziarik ez heroismorik behar. Bi gauza hoik inefikazia politikoaren sintomak dituk. Gurea bezala ganoraz antolaturiko gizarte batean, inork ez dik aukerarik txikienik noble eta heroiko portatzeko. Gauzak gaizki jarri beharko eta kondizioak arras inestable bilakatu beharko, aukera hori sortu ahal dadin. Gerrarik den lekuan, leialtasun bikoitzik den lekuan, eutsi beharreko tentaziorik den lekuan, burrukatu edo zaindu beharreko maitagarrik den lekuan, han bai bistan diagok nobleziak eta heroismoak ba dutela zer eginik. Baina orain ez diagok gerrarik. Behar diren kontu guztiak jartzen ditiagu inork inor maiteegi dezan eragozteko.

         Hemen ez diagok bi leialtasunen edo zintzotasunen artean hautatu ahal izaterik. Hala egokiturik diaudek denak, nola ez baitute egiterik egin behar dutenaz besterik. Eta egin beharrekoa hain duk atsegin, hainbeste berezko joera lasai ager diutezkek, non egon ere ez baitago eutsi beharreko tentaziorik. Eta inoiz deskuido sainduz, ezer okerrik gerta baledi, hor diagok beti soma, errealitatetik bakazioak hartzeko aproposa. Hor diagok beti soma, gure amorrazioen baregarri, etsaiekin adiskidarazle, jasankor eta pazientziatsu eginarazle. Lehenago ahalegin haundiak edo urteetako entrenamendu moral gogorra behar zituan honelako gauzak lortzeko. Orain, ordea, irentsi itzak bizpairu gramo erdiko garau, eta kitto. Orain edonor diaitekek bertutetsu. Nork bere moralidaderik erdi gutienez poltsikoan eraman zezakek, frasko baten barruan. Malkorik gabeko kristautasuna: horixe duk soma.

         — Baina malkoak beharrezko dira. Ez al zara oroitzen Otelok dioenaz? «Ekaitz bakoitzaren ondoren honelako barealdiak etortzekotan, ari bitez puzka haizeok heriotza iratzar arteino». Ba da historio bat agure indio batek kontatzen zeukuna, Matsaki-ko Neskatxari buruz. Harekin ezkongura ziren gazteek goiz bat egin behar zuten haren baratzean aitzurketan. Erreza zelakoan; baratz hura, ordea, euli eta eltxo sorginez josia egon. Gazterik gehienek ezin inola ere zistadei eta erresuminari eutsi. Baina eutsi ahal izan ziena, huraxe ezkondu zen neskatxarekin.

         — Ederra duk oso. Baina herri zibilizatuetan —esan zuen Inspektoreak— aitzurketan ekin gabe lor diaitezkek neskatxak; eta ez diagok zast egiteko eulirik ez eltxorik. Duela anitz mende libratu gaituk horietarik.

         Basatiak bekosko zimurrez baieztu zuen.

         — Libratu omen zineten eulietarik. Bai, alajaina, horixe egiten duzue zuek. Desatsegin zaitzuen denetik libratu, sufritzen ikasi beharrean. «Nobleago da, ordea, zorigaitzaren harrikadak eta zastadak nork bere ariman sufritzea, edo harmak jasorik, branka ematea atsekabezko itsasoari eta garaile ateratzea...» [4]. Baina zuek ez duzue ez bat ez beste egiten. Ez sufritu ez eutsi. Harrikadak eta zastadak abolitu eta kitto. Errezegia da hori.

         Basatia kolpera mututu zen bere amarengan pentsatuez. Hogei eta hamazazpigarren pisuko bere gelan, Linda igeri ibili zen argi kantarizko eta losintxa lurrintsuzko itsaso batean, urrun, alde eta alditik kanpo, bere oroitzapenen, bere ohituren, bere gorputz atsotu eta puztuaren presondegitik kanpo. Eta Tomakin, Inkubagailuetako eta Egokimenduko exzuzendaria, Tomakin hura bakazioetan zen oraindik, apalmendutik eta oinazetik bakazioetan; Lindaren aurpegi ikaragarria ikusterik eta haren beso umel eta malmutzak lepo bueltan sentitzerik ez zuen mundu batean, mundu eder batean...

         — Zuek behar duzuena —jarraiki zen Basatia— malkodun zerbait da, pixka bat aldatzeko. Hemen ezer ez zaitzue ezertxo kostatzen.

         «Hilkor eta koloka dena zoriaren, heriotzaren eta arriskuaren mende uztea, arraultze koskol baten truke baino ez bada ere...» [5]. Ez al du honek ezer balio? —galdetu zuen Basatiak, Mustafa Mondi begiratuez—. Eta utz dezagun aparte Jainkoa, nahiz eta, jakina, bai izan Jainkoa honela jokatzeko arrazoi. Ez al da liluragarria arriskuan bizi izatea?

         — Bai horixe —erantzun zuen Inspektoreak—. Noizik noizera beharrezko duk gizonen eta emakumeen giltzurrungaineko glandulak kilikatzea.

         — Nola?— galdetu zuen Basatiak ezer konprenitzeke.

         — Osasun onerako kondizioetarik bat duk. Haugatik obligaziozko jarri ditiagu G.B.A.ren tratamenduak.

         — G.B.A.?

         — Grina Bortitz Artifiziala. Hilean behin. Organismoa adrenalinaz bustitzen diagu. Beldurraren eta amorrazioaren ordezko fisiologiko egin egina duk. Desdemona hiltzeak eta Otelok hila izateak dituen suspergarri guztiak ditik, eta haien eragozpenik bat ere ez.

         — Niri, ordea, eragozpenak gustatzen zaizkit

         — Guri ez, ordea —esan zuen Inspektoreak—. Nahiago diagu gauzak aisa egitea.

         — Nik ez dut, bada, aisetasunik nahi. Nik Jainkoa nahi dut, poesia nahi dut, benetako arriskua nahi dut, askatasuna nahi dut, ona nahi dut, bekatua nahi dut.

         — Hitz baterako —esan zuen Mustafa Mondek— hik zorikabe izateko eskubidea eskatzen duk.

         — Ederki, konforme —esan zuen Basatiak desafioka—. Zorikabe izateko eskubidea eskatzen dut. —Eta horrekin batera, zahartzeko eskubidea, itsusi eta ahul izateko eskubidea, sifilis eta kantzerra edukitzeko eskubidea, goserik bizitzeko eskubidea, zorrizto bat izateko eskubidea, bihar zer gertatuko ote den beldurretan beti egoteko eskubidea, tifusa arrapatzeko eskubidea, oinazepean bizi izateko eskubidea.

         Ixilaldi luzea eduki zuten gero.

         — Eskubide guzti hoik eskatzen ditut, bai —bukatu zuen Basatiak.

         Mustafa Mondek bizkarrak uzkurtu zituen.

         — Heure esku dituk, bada— esan zuen.

 

[1] (Errege Joan, III, 1)

[2] There are more things in heaven and earth, Lewis.

     Than are dreamt of in your philology. (Hamlet, I, 5)

[3] But value dwells not in particular will;

     It holds his estimate and dignity

     As well wherein 'tis precious of itself

     As in the prizer (Troilo eta Kresida, II, 2)

[4] Whether 'tis worthier in the mind to suffer

     The slings and arrows of outrageous fortune,

     Or to take arms against a sea of troubles,

     And by opposing end them? (Hamlet, III, 1)

[5] Exposing what is mortal and unsure

     To all that fortune, death and danger dare,

     Even for an egg-shell (Hamlet, IV, 4)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971