Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamalaugarren kapitulua

 

         Park Lane-ko Hilurranen Ospitalea hirurogei pisuko dorrea zen, Bazko lore koloreko adreiluz batua. Basatiak taxikopterotik jaustean, aireko hileta behikulu sail bat ikusi zuen, kolore alaiz pintatuak. Azoteatik despegatu eta mendebalderantz hartu zuten, Slough-eko Erretegirantz, parkea zeharkatuez. Aszentsoreko ate aurrean, atezain nagusiak eman zion beharreko informazioa eta hamazazpigarren pisuko 81garren salara jautsi zen (zahartzaro lauroinkariaren salara, atezainak azaldu zuenez).

         Sala haundia zen, horiz pintatua eta eguzkiak txit argitua. Hogei ohe bertan, denak beterik. Linda azkenetan zegoen, ondo lagundurik eta aurrerapen moderno guztiekin. Doinu sintetiko alaiek eten gabe astintzen zuten airea. Ohe bakoitzaren oinean, bere hilurranaren aurrez aurre, telebista bana. Telebista goizetik gauerarte martxan zeukaten, grifo ireki bat bezala. Ordu laurdenik ordu laurdenera, salako lurrina prozedimendu automatikoz aldatu ohi zen.

         — Ahalik eta —azaldu zuen Basatiari atera irten zitzaion andre erizainak—, ahalik eta atmosferarik atseginena edukitzen saiatzen gara, lehen mailako hotel baten eta sensorama sala baten erditsuko zerbait. Konprenitzen al duzu zer esan nahi dudan?

         — Non dago Linda? —galdetu zuen Basatiak, haren kortesiazko koplei kasurik egiteke. Erizainari min eman zion honek.

         — Presa haundiak darabiltzazu —esan zuen.

         — Ba al da ezeren esperantzarik?— galdetu zuen Johnek.

         — Hil ez dadin nahi duzu esan? —Johnek baietz esan zion—. Ez, ba, inola ere ez. Inor hona bidaltzen dutenean, ez dago... —Mutilaren aurpegia hain samin eta zurbil ikusteaz harriturik, erizaina geratu egin zen—. Beno, zer gertatzen zaitzu? —galdetu zuen—. Ez zegoen hara zetozenetan halako erreakziorik ikusten ohitua. Gainera hara zetozenak, arrazoizko zenez, guti guti ziren—. Gaizki aurkitzen al zara?

         Johnek ezetz buruaz.

         — Neure ama dut —esan zuen, ia oztaz entzuteko moduan. Erizaina zur eta luz geratu zitzaion, begiak ere lekutik irten beharrik, eta berehalaxe apartatu zituen, xingarra bezain gorri gorri jarririk.

         — Lagun nazazu Linda dagoen lekura —esan zuen Basatiak, tonu normalez mintzatzen ahaleginduz.

         Gorri gorri oraindik, erizainak salako beste alderantz eraman zuen. Aurpegi oraindik mardul eta gordinak (zeren zahartza hain prozedura azkarra izaki, ez baitzuen denborarik uzten matrailak zimurtzeko, bihotzera eta zerebrora bakarrik jotzen baitzuen), itzultzen zitzaizkien handik pasaeran. Bigarren haurtzaroan sarturiko begi zurrun eta motelek jarraitzen zizkien pausoak. Basatiari dardara sartzen zitzaion hiltzeko haiei begiratzean.

         Linda han zetzan horma aldeko errezkada luzeko azkenengo ohean. Bururdi batzuen gainera etzanik, Riemann Hegoamerikar tenis Xapelketako azken aurreak ikusten zegoen, ohe oinean jarririk zuen telebistako pantailan jokatzen ari zirenak birprodukzio ixil eta txikian. Iruditxoak korrika zebiltzan batetik bestera kristal argituzko errektangulu txikian, zaratarik atera gabe, arrainak urtegian bezala: beste mundu bateko biztanle mutuak, baina saltatiak.

         Linda irriparre goibelez begira zegoen hara, ezer konprenitzeke. Haren aurpegi zurbil eta gizenkoteari halako zorion tentelezko espresioa zerion. Noizik noizera ixten zitzaizkien bekainak, eta segundo batzuetan lozorroan zitudien. Gero sustotxo batez, berriro iratzartzen eta tenis Xapelketako urtegira itzultzen zuen burua, edo Wurlitzer-Super-Ahotsak ematen zuen «Besarka nazazu, ene maite, drogatua gel nadin arte»-ren bersiora, edo buru gaineko haizegailutik zetorkion berbenazko haize bafada berora. Zer guzti hauetara iratzartzen zen, edo, hobeki esateko, zer guztiok bere zituen amets batera iratzartzen zen. Odolean zeraman somari eskerrak, transformaturik eta ederturik zekusan dena, eta irriparrez ari zen, bere haur pozezko irriparre apurtuz eta kolorgaz.

         — Beno, joan beharra dut —esan zuen erizainak—. Haur taldea ia etortzeko dago. Gainera lumero 3-a zaindu behar dut. —Eta salako beste ertza seinalatu zuen—. Ez hil bai hil dago eta laster da hila. Zertan esanik ere ez zeure etxean zaudela.

         Eta alde egin zuen presaka.

         Basatia ohe alboan jesarri zen.

         — Linda —hots egin zion eskutik oraturik.

         Bere izena entzutean, atsoa itzuli zen. Haren begilausoetan bazen ezaguera izpi bat. Estutu zion eskua semeari, irriparre egin eta ezpainak mugitu zituen. Gero, bat batean aurrerantz erori zitzaion burua. Loak hartu zuen. John ondoan zegokion, begira begira, azal zahar haren bitartetik bilatuez —eta aurkituez— Malpaisen bere haurtzaroan, zeukan aurpegi gazte dirdaitsu hura; gomutatuez (eta Johnek begiak itxi zituen) haren ahotsa, haren mugimenduak, elkarrekin bizi zireneko gertaera guztiak. «Arre, estreptokokoak Banbury T-ra...» Zer ederki kantatzen zuen bere amak! Zer magiko eta misteriozko zeritzan haur denborako bertso haiei!

                         Bitamina A, Bitamina B, Bitamina C

                         koipea gibelean eta makailoa itsasoan.

         Hitz haiezaz eta Lindaren ahoskeraz oroitu ala, begiak malkoztuez zihoazkion Johni. Gero irakurketa lezioak: «Haurtxoa ontzian dago; katua lo dago». Eta «Ikasgai Elementalak Enbrioi Almazeneko Beta langileentzat». Eta gaubela luze haiek sutondoan, edo udan etxeko azotean. Zenbat gauza kontatzen zion Beste Munduaz, Erreserbatik urrun: Beste Mundu xoragarri hura, zeinen gomuta hain garbi kontserbatzen baitzuen Johnek, zeru batena bezala, ontasunezko eta edertasunezko paradisu batena bezala, Londres erreal hartako haragizko eta hezurrezko gizon eta andre zibilizatu haien errealitateaz kutsatu gabe.

         Honetan ahots zorrotz batzuen zaratak begiak irekiarazi zizkion. Malkoei xukatu arin bat eman eta ingurura begiratu zuen. Han ikusi zuen salara sartzen zortzi urteko biki ideen erreka amaigabea. Bikiak hurreratuez zetozen, bata bestearen atzean, ameskaitz bat bezala. Aurpegi haiek, aurpegi errepetitu hark (denek bat bakarra baitzeukaten) xarlin zakurren begiradaz begiratzen zioten. Dena zuten sudurtzilo, dena begi saltari eta kolorga. Haurren uniformea kakizkoa zen. Txilioka eta berriketa hutsean sartu ziren. Memento batean sala bete bete egin zuten. Ohe artean xingurrika ziharduten, ohagainik ohagain, ohaperik ohape, katamarka, telebistari begira, edo gaixoei keinuka.

         Linda ikustean harritu eta ia ikaratu egin ziren denak. Mutiko pila bat ohe oinean jarri zitzaion begira, kolpera zerbait ezezagunaren aurrez aurkitzen diren animalien ikusgura ergelez eta beldurtiz.

         — O, begira, begira! —Xit altu eta ikaraz mintzo ziren—. Zer gertatzen zaio? Zergatik dago hain gizen?

         Inoiz ez zuten ordurarte Lindaren bezalako aurpegirik ikusi. Inoiz ez zuten aurpegi gazte eta guriak, eta gorputz eder eta tenteak besterik ikusi. Azkenetan zeuden hirurogei urteko haiek neskatilak ematen zuten. Lindak, ordea, berrogei eta lau urterekin, mamu zahar malmutz itxurga bat zirudien.

         — Itsusiagorik! —zioten ikusle tipiek—. Begira nolako hortzak!

         Honetan ohapetik, Johnen silaren eta hormaren artetik, opil aurpegiko biki bat agertu zen, eta hur hurretik begira jarri zen lo zegoen Lindaren aurpegira.

         — Hau duk...! —hasi zen.

         Baina frasea txilio bilakatu zen laster. Basatiak lepotik oratu, sila gainetik jaso eta eman zion belarrondokoaz lekutaraino jaurtiki zuen garrasika.

         Garrasi haiek entzunaz batera, korrika etorri zen erizain nagusia.

         — Zer egin diozu? —galdetu zuen haserre bizian—. Ez dezaket permiti haurrik jo dezazun.

         — Ken itzazu orduan ohe honetatik— Basatiaren ahotsari ere sua zerion —Zer arraio behar dute hemen mokotiok? Lotsagarria da hau!

         —  Lotsagarria? Zer nahi duzu esan? Honelaxe egokitu ohi ditugu heriotzaren aurrez. Eta zaude jakinean —jarraiki zen mehatxuka— hauen egokimendua oztopa badezazu, atezainek jaurtiki zaitzatela eginen dut.

         Basatia zutitu zen eta bi pauso eman zituen bereganantz. Haren mugimenduak eta aurpegikera hain mehatxuzko baitziren, erizainak atzerantz egin zuen, zeharo ikaraturik. Ahalegin guztiak eginez, Johnek eutsi zion bere buruari, eta hitzik esateke, buelta osoa eman eta ohe alboan jesarri zen berriro.

         Golkoa lasaiago, baina dintasun ez hain segurez oraindik, erizainak esan zuen:

         — Jakinean zaude orain; zabiltza, beraz, kontuz.

         Hala ere, biki kuriosoegi haiek apartatu zituen ohe ingurutik eta salako beste ertzean bere lankide batek antolaturik zeukan arratoi-katuen jolasera bidali zituen.

         — Zoaz orain zeure taza bete kafeina urtu hartzera, ene laguntsa —esan zion beste erizain bati.

         Bere agintasuna erabiltzean lehengo konfiantza bihurtu zitzaion eta beronek hobeki sentiarazi zuen.

         — Ea haurtxook, goazen! —hots egin zuen.

         Linda eragina zen ohean, artega; memento batez begiak ireki zituen, ingurura zirriborroz begiratu, eta berriro ere lo gelditu zen. Haren ondoan jesarrita, Basatiak minutu batzuk lehenago eduki zuen animu-egoera hura berrartu nahi ukan zuen gartsuki.

         — A. B. C, bitamina D —errepikatzen zuen berekiko, hitz hauek iraganaldi hila bizitara bihurtzaraziko zukeen sorginkeria bat balira bezala.

         Baina alferreko sorginkeria zen hura. Setatiki, oroipen eder haiek ez zuten altxatu nahi; zelokeria, itsuskeria eta miseria pila baten birpizte gorrotagarri bat besterik ez zen jalgi. Popé, haren sorbaldako zauriari odola zeriola, eta Linda nazkagarriro lo eginda, eta ohe ondoan, behean, isuritako meskalaren ingurutik euliak furrundaraka, eta mutikoak hari pasatzean halako gauzak esaten ari zitzaizkiolarik... Ez! ez! Begiak itxi zituen, burua eragin zuen, halako oroipenak gogorki eragotziaz.

         — A. B. C. bitamina D.

         Bera haren altzoan zegoenean eta hark bere besartean zeukanean, eta kantatu, kantatu, kantatu eta birkantatu zueneko memento haiek gogoratzen saitu zen, hark loarazteko eragiten zuenekoak:

         — A. B. C. bitamina D, bitamina D, bitamina D...

         Wurlitzer-Super-Ahotsaren bolumena gehituez joan zen crescendo negartiraino, eta bat batean berbena hartako usain sistima patxulizko lurrin bizi bilakatu zen. Linda dardartu zen, iratzartu zen, pixka batean azken-aurrelariei begira egon zen harriturik, jaso zuen aurpegia airea betetzen zuen lurrin berria behin edo bi aldiz usnatzeko eta irriparre egin zuen kolpera, haur extasizko irriparre.

         — Popé —murmurikatu zuen; eta begiak itxi zituen— O, zer atsegin zaitan, zer atsegin zaitan...!

         Hasperen egin zuen eta berriro etzan zen bururdietan.

         — Baina, Linda —erregutu zuen Basatiak—. Ez al nauzu ezagutzen?

         Ahalik eta gehien saiatua zen, ahalik eta gehien egina zen. Zergatik ez zion berak ahazten uzten? Haren esku ahula hartu zuen, ia gogorkeriaz, bere atsegin lizunezko, bere oroipen baju eta gorrotagarrizko amets hari uko egitera behartu nahi balu bezala, presentera, errealitatera, kezkagarrizko presentera, errealitate ikaragarri hartara itzularazteko; oroipen haiek, hain zuzen, zetorkionaren hurbiltasunaz, are esangura desesperatuki inportanteagoez beteak zirelarik.

         — Ez al nauzu ezagutzen?

         Erantzuntzat eskua estutzen ziola senti zuen Johnek. Begiak malkoztu zitzaizkion. Makurtu eta muxu eman zion. Lindaren ezpainak mugitu ziren.

         — Popé! —murmurikatu zuen berriro.

         Eta palakada bat zimaur aurpegira jaurtiki baliote bezala sentitu zuen Johnek.

         Barruak suminaren suminez irakiten hasi zitzaizkion berehalaxe. Bigarrenez huts hartu ondoren beste irtenbiderik aurkitu zuen: oinazezko pasio hura sumin agonikozko pasio bilakatu zitzaion.

         — John nauzu, bada! —hots egin zuen— John nauzu!

         Eta saminezko sumin hartan sorbaldetarik oratu eta astinaldi bat eman zion.

         Geldiro geldiro, Lindak zabaldu zituen begiak: erreparatu zuen eta ezagutu zuen.

         — John!

         Baina Johnen egiazko aurpegi hura, Johnen egiazko esku bortitz haiek alegiazko mundu batean situatu zituen: patxuli-ren eta Super-Wurlitzer-en ekibalente izkutu eta pribatuen artean, bere ametsezko unibertsoa osatzen zuten oroitza transirudituen eta sensazio estrainioki nahastuen artean. Ba zekien bere seme John zela, baina intruso zeritzan Johni Malpaisko Paradisu hartan, non bere somazko bakazioak pasa ohi baitzituen Popérekin. John amorrutan zegoen Lindak Popé maite zuelako, astinduka zerabilan Popé zegoelako Lindaren ohean. Horrek ezer txarrik balu bezala edo mundo zibilizatu guztiak berdin berdin egin ohi ez balu bezala!

         — Mundu guztia da...

         Lindaren ahotsa berehalaxe ito zen, zurrunga ia entzungaitz bihurturik; ahoa zabaldu zitzaion eta Lindak ahal egin desesperatua egin zuen biriak airez betetzeko. Baina ba zirudien arnasa hartzeko teknika ahaztu egin zitzaiola. Garrasi egin nahi zuen baina ez zen inolako hotsik haren ezpainetarik atera; begi desorbitatuetarik zerion izuak bakarrik adieraz zezakeen haren oinaze gradua. Eskuak eztarrira eraman eta gero hatzazalak airean josi zituen, sekula gehiago hatsartuko ez zuen aire hartan, berarentzat ia existitzen ez zen aire hartan.

         Basatia zutik zegoen eta makurtu zitzaion.

         — Zer duzu, Linda? Zer duzu?

         Johnen ahoskera erreguzkoa zen, lasaraz zezan eskatuez bezala.

         Lindak jaurtiki zion begirada egundoko izuz kargaturik zegoen; izuz eta—hala zeritzan berak— akarrez kargatua, Lindak ahaleginak egin zituen ohean tente jartzeko, baina bururdien gainera erori zen. Aurpegia izugarriro zatartu eta ezpainak ubel ubel jarri zitzaizkion.

         Basatia itzuli eta korrika abiatu zen salako beste ertzera.

         — Agudo, agudo! —hots egin zuen—. Agudo! Arratoi-katuetara jolasten ari ziren bikien korru erdian zutik, erizain nagusiak buelta eman zuen. Lehenengotako harridura bultzadak laster utzi zion leku gaitzespenari.

         — Ez ezazu zaratarik egin! Pentsa ezazu haur horietan! —esan zuen bekoskoa zimurtuez— Desegokitu egin... Baina zertan ari zara?

         John korrua hautsi eta barrura zetorren.

         — Kontuz baina!— oihukatu zuen erizainak. Haur batek negarrari eman zion.

         — Azkar! Zatoz agudo! —Johnek erizainari besotik oratu eta tatarrez eraman zuen—. Agudo! Zerbait gertatu da. Hil egin dut!

         Salako beste ertzera heldu zireneko, Linda hila zen.

         Basatia ixiltasun hotzean egon zen zutik apur batean. Gero ohe aurrean belaunikatu zen eta aurpegia esku artean gorderik, negar eta negar egin zuen.

         Erizaina zutik zegoen, zer egin ez zekiela, behin ohe ondoan belauniko zetzan irudi hari begira (exibizio lotsagarria! ), behin bikiei begira (Gizagaixoak!): beren jolasak utzi eta ahoa zabalik eta begiak galdu beharrik so eta so zeuden gaixoak 20garren ohe inguruan gertatzen ari zen eskena zatar hartara. Esanen ote zion zerbait gizon hari? Esanen ote zion itzul zedila zentzura? Gogaraziko ote zion non zegoen eta zenbat kalte egin ziezakeen gizagaixo errugabe haiei? Heriotzari buruzko egokimendua hankaz gora jaurtikitzea halako samin uhol nazkagarriz! Hiltzea hain zer ikaragarria balitz bezala! Inori bost axola balio bezala! Ikuskari hark heriotzari buruz ideia txit okerrik ezar ziezakeen haurtxoei. Ikuskari hark endredaturik utz ziezakeen, eta arras okerretara eta arras antisozialki portarazi.

         Erizainak pauso bat aurrerantz emanik, sorbaldan jo zuen John.

         — Ez al zaitezke zentzuratu? —esan zuen kontuz baina haserrez.

         Baina ingurura begiraturik, dozena erdi biki zutitu eta haienganantz zetozela ikusi zuen. Erizaina presaka atera zitzaien bidera arriskuan zeuden bere ikasletxoei.

         — Ea, nork nahi du txokolate ontzatxo bat?— galdetu zuen altu eta alai.

         — Neuk! —hots egin zuen aho batez Bokanowsky sail guztiak.

         20garren ohea ahazturik zegoen.

         «O!, ene Jainkoa, ene Jainkoa, ene Jainkoa...» zioen Basatiak berekiko, behin eta berriro. Saminezko eta errenkurazko kaos harez beterik zuela burua, ez zitzaion beste hitzik ateratzen.

         — Ene Jainkoa! —ekin zion altu—. Ene...!

         — Baina zer diozu? —galdetu zion hur hurretik ahots argi eta zorrotz batek, Super-Wurlitzer-en murmurika artean.

         Susto galanta hartu zuen Basatiak eta aurpegia desestalirik, ingurura begiratu zuen. Bost biki kakik, bakoitzak txokolate ontza luze bana eskuinean; host aurpegi berdin berdinek, bostak txokolateztatuak, korru egiten zioten bueltan, zakur begi saltariz begira.

         Bost bikiek eta Johnen begiek elkarrekin topo egin zuten, eta bostak batera irriparre egin zioten. Batek ohea seinalatu zuen bere txokolate ontzaz.

         Hilik al dago? —galdetu zuen.

         Basatia begira begira egon zitzaion apur batean ixil ixilik. Gero, ixilik, zutitu eta ixilik aterantz abiatu zen geldiro geldiro.

         — Hilik al dago? —ekin zion berriro biki kuriosoak, galtzetatik tiratuez.

         Basatiak begiratu zion eta hitzik esateke, sakada bat eman eta jaurtiki zuen ingurutik. Bikia lurrera erori eta garrasika hasi zen. Basatiak ez zion kasurik ere egin.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971