Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Zortzigarren kapitulua

 

         Kanpoan, hauts eta sats artean (ordurako lau zakur zeuden ia), Bernard eta John paseatzen ari ziren geldiro.

         — Niri ez diautak buruak ematen —zioen Bernardek— nola daitekeen... Planeta diferentetan eta mende diferentetan bizi bagina bezala duk. Ama, eta zikinkeria guzti hau, eta zahartza, eta eritasuna... —Buruari eragin zion—. Asma ere ezinekoa duk ia. Ez diat inoiz konprenituko, esplika ez badiezadak behintzat.

         — Zer esplikatu baina!

         — Hauxe —Eta Bernardek Herria seinaletu zuen—. Eta hauxe. —Oraingoan aldameneko etxetoa seinalatu zuen—. Dena, hire bizitza osoa.

         — Baina zer esan dezaket, bada, nik?

         — Den dena, hasiera hasieratik. Gogora haitekeen lehenendanik.

         — Gogora naitekeen lehenendanik... Johni bekoskoa zimurtu zitzaion.

         Ixilune luzea eduki zuten gero.

         Bero haundia zen. Arto bigunezko talo asko janda zeuden biak. Lindak honela esan zion:

         — Zatoz lo egitera, haurra.

         Eta ohe zabal hartan elkarrekin etzan ziren.

         — Kanta ezazu

         Eta Lindak kantatu, kantatu egin zuen: «Arre, zoazte ene estreptokoko hegaldunaz Banbury T-ra» eta «Agur, agur haurtxo kuttuna, laster izanen zara zu ere dekantatua».

         Haren ahotsa gero eta ahulago egin zen.

         Zarata haundi bat entzun zen eta ikaratuta itzarri zen. Ohe ondoan gizon bat zegoen, erraldoi, izugarri. Lindari zerbait esaten iri zitzaion eta Lindak barre egiten zuen. Andreak ohazala kokotseraino altxatua zuen, baina gizonak berriro erautsi nahi zion. Haren ileak soka beltz biren antzekoak ziren eta besoaren inguruan zilarrezko besaztun eder bat zuen, harri urdinduna bera. Besaztun hura atsegin zuen, baina beldur zion, hala ere, gizonari; arpegia Lindaren gorputzean gorde zuen. Lindak eskua jarri zion gainean eta honela segurkiago sentitu zen. Beste hitz haiek ez zituen hain ongi ulertu

         — Johnen aurrean ez.

         Gizonak begiratu egin zuen mutikoa, gero Linda, eta beroni zerbait esan zion isilka. Lindak «ez» esan zuen. Gizona oheran makurtu zen eta haren arpegia haundi eta ikara ematekoa zitzaion.

         — Ez —errepikatu zuen Lindak, eta mutikoak beronen eskuak gogorkiago oratzen ziola sentitu zuen—. Ez, ez!

         Baina gizonak beso batetik hartu zuen; min egiten zion eta oihu egin zuen. Gizonak bi eskuez oraturik altxatu zion.

         Lindak oraino lotuta zeukan, eta ba zioen:         — Ez, ez! Gizonak zerbait arin eta latz esan zuen eta orduan Lindaren eskuek, supitoki, libre utzi zuten. — Linda, Linda! Ostikoka eta bihurrika ari zen; baina gizonak gelatik zehar eraman, atea ireki eta kanpora jaurtiki zuen, beste gelaren erditara; atea haren atzetik itxiaz joan zen. Altxaturik, aterantz abiatu zen. Oinen punteetan jarririk zurezko kisket sendoraino heltzen zen ozta ozta. Zutiturik bultz egin zuen, baina atea ez zen ireki. — Linda! —egin zuen oihu. Baina Lindak ez zion erantzunik eman.

         John gela haundi haundi, ilun ilun batez gogoratzen zen. Ba zen bertan zurezko tramankulurik, sokaz loturik, eta tramankulu haien inguruan, anitz emakume zutik, mantak iruten, Lindak esan zionez. Zoko batean jesartzeko agindu zion Lindak, beste haurrekin batera. Honetan, bat batean, jendea oso gogor mintzatzen hasi zen eta emakume batzuek kanporantz sakatzen zioten Lindari, eta Linda negarrez zegoen. Linda korrika abiatu zen aterantz, eta John atzetik. Ea zergatik zeuden haserrez galdetu zion.

         — Gauza bat apurtu dudalako —esan zuen Lindak. Eta orduan bera ere haserreak hartu zuen—. Zer dakit nik ezer horien lan tentelez? —esan zuen, Basatiok!

         «Basatiak» zer esan nahi duen galdetu zion Johnek. Etxerakoan, Popé aurkitu zuten atean eta berekin sartu zen. Kalabaza haundi bat zeraman ur antzeko likidoz betea. Baina ez zen ura, hotsa zerion, ahoa erretzen eta eztul eragiten zuen zerbait baino. Lindak pitin bat edan zuen, bai eta Popék ere. Gero Lindak parre haundiak egin zituen, eta txit altu mintzo zen eta azkenez Popé eta biak alboko gelara sartu ziren. Popék aldegitean, John sartu zen gelan. Linda etzana zegoen lo gogorrean.

         Popé maiz etortzen zitzaien etxera. Kalabazako likido hari «meskal» zeritzala zioen; Lindak, ordea, soma behar zuela izentzat zioen. Nahiz eta gero mareaturik uzten zuen. Johnek gorroto zuen Popé, Denak zituen gorroto, Linda ikustera zetozen gizon guztiak. Arratsalde batez, beste haurrekin olgetan ibili eta gero —hotz egiten zuela eta mendiak elurretan zeudela gogoratzen zen—, John itzuli zen etxera, eta berbaio garratza entzun zuen logelan. Emakumeak ziren eta berak ulertu ezineko berbak esaten zituen. Baina ba zekien berba ikaragarriak zirela. Gero bat batean, blasta! zerbait lurrera erori zen. Jende hotsa entzun zuen eta beste zarata bat ondoren, mandeme bat azotatzen dutenean bezala, baina mandeme haragitsua. Gero Lindaren txilioak; O! , ez, ez, ez!

         John korrika sartu zen. Mantu beltzezko hiru emakume zeuden. Linda etzanik zegoen. Emakume batek eskuturretatik eusten zion. Bestea hanka gainean jesarrita zegokion, ostikadarik jaurtiki ez zezan. Eta hirugarrenak zirti eta zarta latigo batez. Bat, bi, hiru bider; eta bakoitzean Lindak txilio. Johnek emakumearen mantu ertzari oratu zion negarrez. «Mesedez, mesedez» Libre zeukan eskuaz emakumeak albora jaurtiki zuen. Latigoa berriro joka, Linda berriro txilioka. Emakumearen esku gogor beltzari bereekin oratu zion Johnek eta ahal hainako haginkada eman zion. Emakumeak garrasi egin zuen, oraturik zeukakion eskua soltatu eta eman zion sakadaz lurrera eratzi zuen. Emakumeak hiru bider azotatu zuen latigoaz. Inoiz ezerk ez bezalako mina egin zion: suak bezala. Latigoak txistu berriro eta zarta. Baina oraingoan Lindak egin zuen txilio.

         — Baina zergatik jo nahi zintuzten, Linda?—galdetu zion gau hartan.

         John negarrez zegoen, bizkarreko latigo seinale gorriek min izugarria ematen baitzioten. Baina negar egiten zuen ere jende hura hain astoa eta gaiztoa zelako, eta bera haur zelako soilki eta haien kontra ezer egiterik ez zuelako.

         — Zergatik jo nahi zintuzten, Linda?

         — Ez diakiat. Nola jakin dezaket, bada, nik? Nekez uler zekiokeen zer zioen, zeren Linda ahoz behera baitzetzan eta aurpegia bururdian ehortzia baitzuen.

         — Gizon hauek beren gizonak direla zioate —jarraiki zen—. Eta mutilari ez baina bere baitan zeukan norbaiti hizketan ari zitzaiola ematen zuen. Solasaldi luzea izan zuen, baina Johnek ez zion deusik konprenitu. Azkenez Lindak garrasi egin zuen berriro, inoiz baino zorrotzago.

         — O!, ez negarrik. Linda! Ez negarrik!

         Johnek bortxaz besarkatu zuen. Beso bata lepotik bueltan jarri zion.

         Lindak oihu egin zuen

         — Kontuz! Ene bizkarrak! O!

         Eta bortxaz apartatu zuen beregandik. John horma kontrara joan zen buruz aurrera.

         — Astotzar hori! —hots egin zion amak—. Eta bat batean zipli eta zapla hasi zitzaion. Behin, eta beste behin, eta beste behin...

         — Linda! —hots egin zuen Johnek—. O! , ene ama, ez, ez!

         — Ni ez nauk hire ama. Nik ez diat nahi hire ama izaterik.

         — Baina Linda! Ai!

         Beste matraileko bat.

         — Basati eme biburtu nauk —oihukatu zuen Lindak—. Umeak egiten ditiat animaliek bezala... Hiregatik izan ez balitz, Inspektorearengana aurkez nintekeen, alde egin nezakeen hemendik. Baina ez seme batekin. Lotsagarriegia izanen zuan.

         Johnek igarri zion berriro ere jotzera zetorrela eta beso bat altxatu zuen aurpegia jagoteko.

         — O! , ez, Linda, mesedez!

         — Astakume hori!

         Lindak besoa jautsarazi zion aurpegia agirian utzitik.

         — Ez, Linda, ez!

         Johnek begiak itxi zituen, kolpearen zain.

         Baina Lindak ez zuen jo. Geroxeago Johnek berriro zabaldu zituen begiak eta ama begira zegokiola ikusi zuen. Honetan Lindak besarkatu zuen eta musuka hasi zitzaion, behin eta berriro.

         Noizik behin, egun oso batzuetan, Linda ez zen ateratzen. Ohean gelditzen zen, tristuraz beteta. Edo bestela Popék ekartzen zion likidoa edaten zuen. Batzuetan goragaleek goitika eragiten zuten. Maiz mutila garbitzeaz ahaztu egiten zen eta anitz egunetan talo hotzak ez beste jatekorik ez zuten. Oraino gogoan zituen haren izugarrizko oihuak bere buruko ileetan holako koko hok topatu zituelako.

         Mementorik zoriontsuenak Lindak Beste Munduaz hitz egiten zizkionak ziren.

         — Eta benetan al diozu nahi duzun guztian hega zaitezkeela?

         — Bene benetan.

         Eta Lindak anitz gauza kontatzen zion: kutxa batetik ateratzen zen musika eder hura, zer olgeta bikainak zituzten, zer janari eta edari gozoak, zer argia ateratzen zen hormako aparatutxo bati emanaz bakarrik, zer pelikula politak entzun, iku eta ikus zitzaketen; beste usain goxozko kutxa hura, etxe arrosazko, berde, urdin eta zilarrezko haiek, mendiak bezain altuak; eta mundu guztia zoriontsu, eta inor ere ez tristerik edo haserrez; eta nola mundu guztia mundu guztiarena zen, eta nola kutxa batzuek munduko beste ertzean gertatzen zen guztia ikusarazten eta entzunarazten zieten, eta haurrak frasko garbi ederretan, garbi garbi dena, usain txarrik gabe, zikinkeriarik gabe... Eta inor ere ez bakarrik, denak elkarrekin baizik, alai eta zoriontsu, Malpaisko udako dantzetan bezalatsu, baina askozaz zoriontsuago, zeren hango zoriona egunerakoa baitzen, betikoa... Johnek liluraz aditzen zion luzaro. Batzuetan, bera eta beste haur batzuk jolas egiteaz aspertuta zeudenean, herriko zaharretarik bat, beste hizkuntzaz, Munduaren Itxuraldatzaile Nagusiaz mintzatzen zitzaien, bai eta Esku Eskuin eta Esku Ezkerraren arteko burruka luzeaz, Lehortearen eta Hezetasunaren artekoaz; Awonawilonaz, zeinak gau batez pentsaturik, laino zarratu bat eratu baitzuen, laino horrexetatik Mundua kreatu zuenaz; Ama Lurraz eta Aita Zeruaz; Ahaiyutaz eta Marsailemaz, Gerraren eta Hazararen biki zirenaz; Jesusez eta Pukong-ez; Mariaz eta Etsanatlehiz, hots, gazte bilakatzen den emakumeaz; Laguna-n zegoen Harri Beltzaz eta Arrano Haundiaz eta Andre Mari Acomakoaz, Istorio estrainioak, are miresgarriagoak, oraino guztiz ulertzen ez zuen beste hizkuntza batez kontatzen zizkiotelako. Ohean luze etzanik, Zeruan eta Londresen eta Andre Mari Acomakoan zerabilan gogoeta, bai eta frasko fin eta garbitan sarturiko haurren ilada luze luze haietan Jesus hegalarian eta Linda hegaz egitekoan, eta Inkubamenduko Zentro Mundialetan eta Awonawilonan.

         Gizon asko zetorren Linda ikustera. Mutikoak hatzamarraz seinalatzen hasi zitzaizkion. Linda gaiztoa zela zioten beren hizkuntza arrotzez. Johnek konprenitzen ez zituen izenez deitzen zuten, baina ba zekien izen txarrak zirela. Egun batez kanta bat kantatzen ari ziren Lindari buruz, behin eta berriro. Johnek harrika egin zien. Berek ere iharduki zioten, eta harrikada zorrotz batek matraila zauritu zion. Odola etengabe zerion, berehalaxe odoleztaturik geratzeraino.

         Lindak irakurtzen irakatsi zion, Ikatz zati batez irudiak horman deseinatu —animalia bat etzanda, haur bat botila barruan— eta gero alboan zer hauek idazten zituen: «Katua lo dago», «Haurñoa botilan dago». Johnek azkar asko eta aisa ikasten zuen. Amak horman idatzitako hitzak ikasi zituenean, Lindak bere zurezko kutxa haundia ireki eta liburutto mehe mehe bat atera zuen inoiz erabiltzen ez zituen galtza gorri dotore haien azpitik. Lehendik ere sarritan ikusia zeukan Johnek.

         — Haundi egitean —ziotsan beti amak— irakurri ahal dukek.

         Haunditu zen, bada, eta bai harro zegoela gure mutila.

         — Beldur nauk ez zaiala askorik gustatuko —esan zuen Lindak—, baina daukadan bakarra duk.—Eta arnasa hartu zuen—. Ikusten ahal bahitu Londresen dauzkagun irakur makina bikainak!

         John irakurtzen hasi zen, «Enbrioiaren Egokimendu kimikoa eta bakteriologikoa. Enbrioi Almazeneko Beta langileentzako Instrukzio praktikoak.» Titulua irakurtzea bakarrik ordu laurden kosta zitzaion. Johnek lurrera jaurtiki zuen liburua.

         — Liburu itsusiagorik!—hots egin zuen.

         Eta negarrari eman zion.

         Mutil koxkorrek ba zerraizkion beren kanta zitalari Lindari buruz. Eta inoiz burlaka ere hartzen zuten hain baldres jantzirik zebilalako. Soinekorik apurtzean, Lindak ez zekien edobatzen. Beste Muduan, amak esan zionez, arropa zaharrak jaurtiki eta berriak erosi ohi zituen.

         — Mari traskil, Mari saskel!—hots egiten zioten mutil koxkorrek.

         — «Baina nik ba dakit irakurtzen —zioen bere baitan Johnek—, eta horiek ez. Irakurtzea zer denik ere ez dakite.» Holako hauek pentsatzen saiatuez gero, ez zitzaion askorik kostatzen berari burlaka ekiteak bost axola zion planta egiten. Liburua berriro uzteko eskatu zion Lindari. Zenbat eta mutil koxkorrek gehiago kantatu eta gehiago seinalatu hatzamarrez, hainbat eta gogotsuago irakurtzen zuen. Laster ikasi zuen hitz guztiak irakurtzen.. Bai eta luzeenak ere. Baina, zer esan nahi ote zuten? Lindari galdetu zion. Baina honek erantzun ahal zionean ere, ez zuen askorik konprenitzen. Eta gehienetan okerrago, zeren Lindak berak ere ez baitziezakeon erantzun

         — Zer dira produkto kimikoak? —galdetzen zuen Johnek.

         — O! , Hor dituk magnesio gatzak eta alkohola, Deltak eta Epsilonak txiki eta kaxkar kontserbatzeko, karbonato kalzikoa hezurretarako eta beste zenbait horrelakotsu.

         — Baina nola egiten dira produkto kimikoak, Linda? Nondik atetatzen dira?

         — Ez diakiat, bada. Fraskoetatik atera ohi dituk. Eta fraskoak hustutzean, Almazen kimikora gehiagoren bila. Almazen kimikoko jendeak egiten dituztelakoan niagok. Edo akaso fabrikara joanen dituk bila. Ez diakiat. Nik ez nian horretan lan egiten. Nik enbrioien ardura niedukaan.

         Eta kontu berdina beti, edozer galdetzean. Lindak, antza, apenas zekien deusik. Herriko zaharrek erantzun askoz zuhurragorik eman ohi zuten

         — «Gizonen eta izaki guztien hazia, eguzkiaren hazia, eta lurreko hazia eta zeruko hazia, hauek oro Awonawilonak eginak dira Laino Ernekorretik. Munduak lau sabel dauzka; eta Awonawilonak lau sabelotarik beherengoan gorde zituen haziok, eta haziok poliki poliki erneez joan ziren...»

         Egun batez (Johnek geroago kalkulatu zuenez, hamabi urte egin berri zituela gertatu zen) etxera itzultzean, ordurarte inoiz ikusteko zuen liburu bat aurkitu zuen logelako zelaian. Liburu lodi lodia zen eta zahar zaharra ematen zuen. Arratoiek erdi janak zituen azalak, eta orriren batzuk solterik eta zimurrik ageri zitzaizkion. Hartu zuen Johnek eta atarira begiratu zion. Liburuaren titulua: William Shakespeare-ren Obra Osoak.

         Linda ohean zetzan, meskal hatsitua katilutik edanez.

         — Popék ekarria duk —esan zuen. Ahots totelez eta lakarrez mintzo zen, bere ahotsa ez balitz bezala—. Antilopeen Kiva-ko kutxa haundi batean ziegoan [1]. Seguru asko ehundakak urte zieramaan bertan. Hala delakoan niagok, zeren begiratu bat eman baitiot eta tontakeria besterik ez baitakar. Zibilizatu gabeko autorea noski. Hala ere irakur pratikak egiteko balioko al dauk.

         Beste zurrut bat egin, katilua hustu, lurrean, ohe alboan utzi, buelta erdi eman, zotin bat edo bi egin eta loak hartu zuen.

         Johnek itsuan ireki zuen liburua:

                          Ezer ez; etzangu lizuneko izerditza mingotsean bizi bakarrik,

                          ustelkerian egosiez,

                          eztiketan eta maitaketan,

                          kamaina zikinaren gainean... [2]

         Hitz sorgin haiek murmurka sartu zitzaizkion buruan, trumoiaren hotsa bezala; udako dantzetako danborrak bezala, danborrek hizketan balekite. Gizonek abesten duten Arto-Kanta bezala, ederraren ederrez negar eragitekoa. Mitsima zaharraren hitz magikoak bezala bere lumei buruz, bere makila landuei eta bere hezur eta harri zatiei buruz: kiathla tsilu, silokwe silokwe silokwe. Kiai silu silu, tsithl. Baina Mitsimaren formula magikoak baino ere hobeki, zeren liburu hau berari mintzo baitzitzaion; miragarriro, erdizka bakarrik konprenigarri, magia indar txit ederrez mintzo zitzaion Lindaz; han, katilua hutsik ohe alboan, zurrunka zetzan Lindaz mintzo zitzaion; Lindaz eta Popéz mintzo zitzaion, Lindaz eta Popéz.

         Johnek gero eta gorrotoago zuen Popé. Ba dezake gizon batek irriparrerik franko egin eta bilau izan. Errenkurarik gabeko bilau, traidore, oilo, krudel. Zer esan nahi ote zuten zehazki hitz hauek? Johnek erdizka bakarrik zekien. Nolanahi ere, magia indartsua zuten, eta hitz haiek zerebroan durundaka zerraizkion eta ba zirudien inoiz orduxerarte ez zuela benetan gorroto izan Popé; inoiz benetan gorroto izan ez balu bezala, zeren ez baitzen inoiz izan zenbat gorroto zuen adierazteko kapaz. Baina orain hitz hauxek zituen Johnek, danborren, kantuen, formula magikoen antzeko hitz hauxek. Hitzok, berauk hartu zitueneko istorioak berak (beronek ez zuen harentzat bat ere zentzurik, baina hala ere miragarri, miragarria zen) Popéri gorrotoa ukateko motibo bat ematen zioten; harenganako gorrotoa egiazkoago bihurtzen zuten; Popé bera errealago egiten zuten.

         Egun batez, olgetan ibili ondoren John etxera bihurtu zen batez, barruko gelako atea zabalik aurkitu zuen; han zeutzan biak ohean, lo: Linda zuria eta Popé beltza alboan, beso bata haren bizkarren azpitik eta bestea haren bular gainean, bere trentza beltza Lindaren Lepo zuriaren gainean, estrangulatu nahi zukeen sugetzar baten antzera. Lurrean, ohepean, Popéren kalabaza eta katilu bat. Linda zurrunka zegoen.

         Johnek bihotza galdu zitzaiola nabari zuen, hutsunea geraturik haren lekuan. Bai, hutsik senti zen. Hutsik eta hotzik, eta erdi mareaturik eta zorabiaturik bezala. Horma kontrara jarri zen arean suspertzeko. Errenkurarik gabeko bilau, traidore, oilo... Danborrak bezala, artoari kantuz ari diren gizonak bezala, formula magikoak bezala, hitzak bueltaka zebilzkion buruan. Hasierako hoztasunetik bat bateko berotasunera pasa zen John. Matrailak odolez erretzen zituen, gela zalantzaka eta lausotuez zekusan. Hortzak karrazkatu zituen. «Hilen dut, hilen dut, hilen dut...» esaka hasi zen. Eta kolpera hitz hauek etorri:

                               Horditurik lo datzanean, edo sumindurik dadinean

                               edo oheko intzestu atseginaren gozamenean. [3]

         Magia bere alde zeukan, magiak dena ezplikatzen zuen eta ordenak ematen zituen. John itzuli zen kanpoko gelara. «Horditurik lo datzanean...» Haragia ebakitzeko ganibeta lurrean zegoen, sutondoan. Johnek hartu eta behatzen puntan, barrurantz abiatu zen berriro. «Horditurik lo datzanean; horditurik lo datzanean...» Korrika pasa zuen gela alderik alde eta zasta sartu zion ganibeta. —O! , odola!— behin eta bigarrenez, Popé bere lo sakonetik iratzartzen ari zen bitartean. Jaso zuen berriro zastakatzeko asmoz, baina norbaitek eskuturretik oratu eta —Ai, ai!— bihurtu egin zion. Johnek ez zeukan mugitzerik. Harrapatua zegoen. Han ikusi zituen Popéren begitxo beltzak, beregandik hurbil hurbil, berari begira begira. Johnek begiak zehartu zituen. Popéren ezkerreko bizkarrean bi zastada ageri ziren, «O! , odola, odola —Linda oihuka— odola! Egundo ezin izan zuen odolaren ikusterik sufritu. Popék beste eskua jaso zuen... «garbituko niauk» pentsatu zuen Johnek. Jarri zen tinko kolpeari eusteko. Baina eskuak kokospetik oratu, burua altxarazi eta Popéri bekoz beko begirarazi zion. Luzaro, orduak eta orduak. Era honetan —ezin eutsi gehiago—Johnek negarrari eman zion. Eta Popék parreari. «Hoa, hoa —esan zuen indieraz— hoa, ene Ahaiyuta suhar». Eta John beste gelara abiatu zen korrika, negar malkoak estaltzera.

         — Ba dituk hamabost urte —esan zuen Mitsima zaharrak indieraz—. Buztina lantzen irakatsi behar dauat.

         Elkarrekin lan egiten zuten, biak kokoriko erreka alboan.

         — Lehenengo —esan zuen Mitsimak buztin hezea esku artean harturik— ilargitxo bat eginen diagu.

         Agureak buztin multzoa zapaldu zuen, disko forma emanik, eta gero hegalak jaso zizkion. Eta ilargia gopor bilakatu zen.

         Astiro eta moldakaitz, Johnek agurearen mugimendu leunak imitatu zituen.

         — Ilargi, gopor eta orain suge.

         Mitsimak beste buztin zati bat hartu eta zilindro luze zauli bat egin zuen; gurpil forma osoa eman arte tolestu eta gopor egalen gainean jarri zuen.

         — Gero beste suge bat, beste bat eta beste bat.

         Gurpilez gurpil Mitsimak gorantz zeramatzan pitxarraren hegalak. Behetik estu, erdirantz zabalago eta berriro estu lepo aldean. Mitsimak leundu zuen buztina, xafladatxoak eman zizkion, lausengatu eta arraskatu zuen. Eta azkenez, han zuen esku artean Malpaisko pitxar tipikoa, ez beltza, baizik zuria, koipe antzekoa eta oraindik biguna. Johnen pitxarra zetzan alboan, Mitsimak egindakoaren imitazio baldarra. Bi pitxarrak ikustean parre algara ederrik jaurtiki zuen Johnek.

         — Baina hurrengoa hobea izanen da— esan zuen.

         Eta beste buztin zati bat bustitzen hasi zen.

         Landu, forma eman, hatzamarrak trebatuez eta indartuez zihoazkiola senti: hura zen gozamena, hura.

         «Bitamina A, Bitamina B, Bitamina C» —kantatu zuen ahapetik, lan egin bitartean. «Koipea gibelean, makailoa itsasoan...»

         Mitsimak ere kantatzen zuen: hartz hiltzearen kanta.

         Egun osoan lan egin zuten; eta egun osoa pasa zuen zorionez gainezka.

         — Datorren neguan —esan zuen Mitsima zaharrak— arkugintza irakatsiko dauat.

         John luzaro egon zen ate aurrean zain. Eta azkenez bukatu ziren barruko zeremoniak. Ireki zen atea eta atera ziren. Lehenengo Kothlu, eskuina luze, ukabila gogor itxirik, pitxi bikain bat gorderik balekar bezala. Kiakimé zetorren atzetik, eskuina luze honek ere eta ukabila itxirik. Ixilik zihoazen, eta ixilik ere haien atzetik anaiak, arrebak, gusuak eta jende nagusia.

         Atera ziren herritik lautadan zehar. Amildegi ertzera iristean geratu egin ziren, eguzkiaren sorgu alderantz begira. Kothluk ireki zuen ukabila. Eskukada bat arto irin zuri ikusi zitzaton. Kothluk hats egin zion, zenbait hitz misteriotsu esan eta eskukada irin zuria Eguzki alderantz jaurtiki zuen. Kiakimék ere beste hainbeste egin zuen. Gero Kiakiméren aitak pauso bat aurrera eman, lumaz apainduriko makila liturjiko bat jaso, otoitz luze bat esan eta berak ere makila jaurtiki zuen arto irina joan zen alderantz.

         — «Bukatua da» esan zuen ozenki Mitsima zaharrak— «Ezkondurik daude».

         — Beno —zioen Lindak etxeranzkoan—, nik diodana duk ez dagoela hainbeste komeria harmatu beharrik halako huskeria baterako. Herri zibilizatuetan mutilak neskatxa desiratzen duenean, ez dik besterik... Baina nora hoa, John?

         Johnek ez zion kasurik egin eta arinari eman zion, urrunera, oso urrunera, bakarrik egon zitekeen lekura.

         «Bukatua da» Mitsima zaharraren hitzak durundaka zebilzkion gogoan. «Bukatua da, bukatua da...»

         Ixil ixilik, urrun urrunetik, baina bortxaz, etsipenez, esperantza apurrik ere gabe, Johnek maite maite izan zuen Kiakimé. Eta orain horra bukatua dena. Johnek hamasei urte zituen.

         Ilargi betean anitz sekretu agerraraziko zen Antilopeen Kivan, anitz ritmo izkutu dantzatuko zen. Mutil gazteak Kivara sartuko ziren eta gizondurik aterako bertatik. Ikaratuxe eta era batera urduri zeuden denak.

         Iritsi zen noizbait eguna. Eguzkia sartu zen eta ilargia atera, John ere besteekin batera joan zen. Kivako atarian zenbait gizon beltzaran zegoen zain. Esku eskailera behera eta behera zihoan, argi gorrixka baten argipean. Lehenengoak hasiak zeuden jausten. Honetan gizonetariko bat aurreratu zen, oratu zion besotik eta koadrilatik kanpora atera zuen. Johnek nolabait aldegin zion eskuartetik eta han zen berriro lagunartean, bere lekuan. Bigarrenean, Ordea, ileetatik oratu eta kolpeka hasi zitzaion gizona.

         — Hi ez, buruzuri hori!

         — Hi ez, zakurkume hori!— hots egin zion beste gizon batek.

         Mutilek farra egin zuten.

         — Kanpora!

         Johnek ez zuen oraindik koadrilatik irten nahi.

         — Kanpora— hots egin zuten berriro ere gizonek.

         Batek makurtu, harri bat hartu eta danba jaurtiki zion.

         — Kanpora, kanpora, kanpora!

         Hura zen harri zaparrada. Odola zeriola, ilunetarantz ihes egin zuen Johnek. Gorriz argituriko Kivatik bereganaino zetorren hango kantu hotsa. Azkenengo mutila jautsia zen eskaileran behera. John bakarrik geratu zen.

         Bakarrik, herritik kanpora, lautada hartako zabaldi basamortu hartan. Ilargiaren argira, haitzek hezur zuriak ziruditen. Han behera, haranean, koioteak uluka ilargiaren. Atzaparkadek min zemaioten eta ebakietatik odola zerion oraindik. Baina ez zuen minez egiten negar, bakarrik zegoelako baizik, bera bakarrik jaurtiki zutelako haitzezko eta ilargiaren argizko mamutegi hartara. Amildegi ondoan jesarri zen. Ilargia bere atzean zuen; beherantz begiratu zuen, lautadako itzal beltzerantz, herioaren itzal beltzetan. Pauso bat, saltotxo bat ematea besterik ez zen behar... Bere esku eskuina ilargiaren argitara altxatu zuen. Eskuturreko ebakidurari odola zerion oraino. Zenbait segundo bakoitzetan tanta ilun, ia kolorga bat erortzen zen argi hil hartan. Tanta bat, beste tanta bat... Bihar, eta bihar, eta bihar... [4]

         Denbora, Herioa eta Jainkoa arkituak zituen.

         — Bakarrik, beti bakarrik zioen gazteak. Hitz hauek oihartzun larria sortarazi zuten Bernarden gogoan. Bakarrik, bakarrik...

         — Neu ere bakarrik niagok —esan zuen konfiantza bolada batean—. Beldurgarriro bakarrik.

         — Zu? —John harriturik zegoen—. Nik uste nuen Beste Munduan... Lindak beti esaten du han ez dagoela inor bakarrik.

         Bernard gorri eta larri jarri zen.

         — Aizak! —esan zuen hitz totelka eta behera begira—. Ni besteenagandik diferente xamarra naizelakoan niagok. Inor deskuidoz diferenteki dekantatua izanez gero.„

         — Hori, hori! —baieztu zuen gazteak—. Diferente denak bakarrik egon bihar du derrigorrez. Denek ostikoka erabiltzen dute. Ba al dakizu leku guztietatik jaurtiki nautela ni? Beste mutilak gaua pasatzera mendira zihoazenean, han nork bere animalia sakratuaz amets egitera, niri ez zeutaten besteekin batera joaten utzi; ez zeutaten beren sekretuetarik batto ere agertu. Baina nik neurez egin nuen dena —gaineratu zuen—. Bost egun pasa nuen ezertxo ere jan gabe eta gau batez neu bakarrik joan nintzen mendi haietara.

         Bernardek irriparre egin zuen amultsuki.

         — Eta egin al huen ametsik? —galdetu zion.

         Besteak baietz buruaz.

         — Baina ez dautzut esanen zer amets egin nuen. Ixilik egon zen apur batean eta gero motel motelki jarraiki zen: Behin beste inork egin ez duena egin nuen. Udako eguerdi batez, haitz baten kontrara egon nintzen, besoak zabalik, Jesus gurutzean bezalaxe.

         — Baina, zergatik egin huen hori?

         — Gurutzean josita egoteak zer sentiarazten duen jakin nahi nuen. Zintzilik han, eguzkiaren azpian...

         — Baina, zergatik?

         — Zergatik? Ba... —dudan egon zen—. Egin beharra sentitzen nuelako. Jesusek jasan ahal izan bazuen... Gainera ezer txarrik egin duenak... Bestalde ni ez nintzen zoriontsu; eta horra beste arrazoi bat.

         — Lehen begiratuan, zoritxarra erremediatzeko modu xelebrea duk hori—esan zuen Bernardek.

         Baina hobeto pentsatuez gero, ondorio hau atera zuen: zena zela, ba zela zerbait. Behar bada soma hartzea baino hobe...

         — Handik lasterrera mareaturik nintzen —esan zuen gazteak—. Ahoz behera erori nintzen. Ikusten al duzu egin nuen ebakiaren seinalea?

         Bekokia estaltzen zion ile-xerlo beilegia jasorik, han ageri zitzaion zauri hatz zurbil bat eskuineko lokian.

         Bernardek begiratu egin zuen eta gero, ikaratxo baten ondoren, begiak handik apartatu zituen. Bere egokimenduak are delikatuago egina zuen urrikari baino. Gaixotasun edo zaurien aipamenik txikiena bera ere ez zuen ikaragarri bakarrik, bai eta nazkagarri, eta batez ere, atsekabe. Zikinkeria, desformatzeak edo zahartzea bezalaxe. Gero beste kontu batera jo zuen agudo.

         — Gustatuko al litzaikek Londresera joatea gurekin? —galdetu zuen. Kanpaina bateko lehen pausua zen hau. Eta kanpaina hartarako estrategia aspaldi zerabilan hausnarka bete baitan, etxeto haren barruan gazte basati haren «aita» nor zen igarri zuenez geroztik—. Gustatuko al litzaikek?

         Mutilari argi argi jarri zitzaion aurpegia.

         — Benetan al diozu?

         — Bai horixe; baimenik lor badezat, jakina.

         —  Eta Linda ere bai?

         — Ba...

         Bemard dudan zegoen. Emakume nazkagarri hura! Ez, inola ere ez. Edo, edo... Honetan Bernardi buruak eman zion, Lindari zerion nazka huraxe gerta zekiokeela hain zuzen, egundoko garaitza.

         — Ba, jakina baietz! —hots egin zuen, bere lehengo dudak biotz zabaltasun gehiegiz partu nahiez.

         — Pentsatzea ere nire bizitza guztiko ametsa egia bihur daitekeela! Gogoratzen al zara Mirandak esaten duenaz?

         — Nor da Miranda?

         Baina bistan zegoen gazteak ez ziola galdera hau entzun.

         — O, miragaria!— zioen.

         Begiak argi eta aurpegia gori zeuzkan.

         — Zenbat eta zer gizakume jainkozkoak diren hemen! Zer gizateria ederra!

         Aurpegia are gorriago eta goriago jarri zitzaion. John Leninarengan pentzatzen zegoen, botila berde koloreko likaz jantzitiko aingeru harengan, gaztetasuna eta usain goxoa zerion aingeru mardul irripartsu harengan:

         — O, mundu berri eta bikain!— hasi zen. Baina kolpera geratu zen; odolak ihes egin zion matrailetatik; papera bezain zuri zegoen — Berarekin ezkondurik al zaude?— galdetu zuen.

         — Zer nagoela?

         — Ezkondurik. Konprenitzen? Betiko. Indioek horixe esaten dute beren hizkuntzaz: «Betiko». Hauts ez daitekeen lokarria.

         — O, ez horixe, Forden amodioarren!

         Bernardek ezin izan zion parreari eutsi.

         Johnek ere parre egin zuen, baina beste zer bategatik. Pozaren pozez egin zuen parre.

         — O, mundu berri eta bikain! —esan zuen berriro—. O, mundu berri eta bikain!, halako gizakumeak dituena! [5] Goazen agudo bertara!

         — Batzuetan txit xelebre mintzo haiz gero —esan zuen Bernardek, harriduraz eta zalantzaz begiratzen ziola—. Gainera ez al litzaikek hobe mundu berri hori nolakoa den ikusi arte itxadotea?

 

[1] Zuñi indioak sekta edo Kiva askotan banatzen dira, bakoitzak animalia zaindari baten izena hartuaz; talde bakoitzak soto bat du batzarretarako, beroni ere Kiva esaten zaiola.

[2] Nay but to live

     In the rank sweat of an enseamed bed,

     Stew'd in corruption, honeying and making love

     Over the nasty sty... (Hamlet, III, 3)

[3] When he is druk aslept, or his rage

     or in the incestous pleasure of his bed (Hamlet, III, 3)

[4] To-morrow, and to-morrow, and to-morrow,

     Creeps in this pttiy pace from day to day

     Tho the last syllabe of recorded time. (Hamlet, V, 5)

[5] O wonder!

     How many goodly creatures are there here!

     How beauteous mankind is! O brave new world,

     That has such people in't! (Ekaitza, V, 1)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971