Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamabostgarren kapitulua

 

         Park Lane-ko Hilurranen Ospitaleko pertsonala ehun eta hirurogei eta bi Delta ziren, bi Bokanowsky Sailetan banatuak. Sail batean laurogei eta lau eme ilegorri eta bestean hirurogei eta zortzi biki ar buruzapal eta beltzaran. Arratsaldeko seiretan, beren lanaldia bukatzean Ospitaleko atarian biltzen ziren bi taldeak, eta legatu subadministrariak nori bere soma errazioa ematen zion.

         Aszentsoretik irtetean, Basatia beren artean gertatu zen. Baina haren burua handik urrun zegoen. Heriotzarekin zebilen, bere saminarekin, bere arrenkurekin; makina gisa zertan ari zen ez zekiela, jendartetik zehar pasatzen hasi zen bristi brasta.

         — Ixo! Zer arraio diharduk denoi sakaka? Nora deabru joan behar duk, ordea?

         Mehe edo sendo, eztarri pila hartatik bi ahots bakarrik entzuten ziren txilioka edo orroaka. Bi aurpegi, muga gabe errepetituak ispilu hilara batean bezala: bata ilargi bizarmotzaren antzekoa, pekaztoa eta gorrixka, eta bestea luzenga, txori mokoaren antzekoa eta bi eguneko bizarrez. Bi aurpegiok haserrez begiratzen zioten pasaeran Johni. Hauen hitzek eta ematen zizkioten saihetsetakoek konturarazi zuten John non zegoen. Iratzarri zen berriro kanpoko errealitatera, begiratu zuen ingurura eta kargutu zen zer zen zekusan hura. Eta kargutzean, izua eta nazka eman zioten era batera: huraxe zen bere gau egunetako zorabio etengabea, non nahi erruz ageri ziren idetasun perfekt, berezkaitz haien ameskaitza. Bikiak, bikiak... Harrak bezala, multzoka profanatu zuten Lindaren Heriotzako misterioa.

         — Somaren banaketa! —hots egin zuen ahots batek—. Ordenuz, mesedez. Ea, agudo.

         Ireki zen atea eta norbaitek mahai bat eta aulki bat jarriak zeuzkan atarian. Alfa gazte lirain bat zen hots egin zuena. Burdinazko kutxato beltz bat galtzerpean zekarrela sartu zen. Pozezko murmurika atera zen zain zegoen biki multzoaren ezpainetatik. Berehalaxe ahaztu ziren Basatiaz. Gazteak mahai gainean jarri eta zabaltzen ziharduen kutxa beltz hartara zeuden begi eta belarri. Jaso zion tapa.

         — Ooooo...! —ulukatu zuten ehun eta hirurogei eta hamabi Deltek era batera, su artifizfalak ikusten baileude bezala.

         Kutxato beltzetik hojalatazko kutxatila eskukada bat ateza zuen gazteak.

         — Eta orain —esan zuen gazteak presaka— hurrera zaitezte mesedez. Bana banaka eta bultzik egiteke.

         Bana banaka eta bultzik egiteke, bikiak hurreratu ziren mahai ingurura. Lehenengo bi ar, ondoren eme bat, gero beste ar bat, ondoren hiru eme, gero... Basatia begira zegoen. —O, mundu berri eta bikain! O, mundu berri eta bikain! Haren gogoan hitz ritmiko haiek doinuz aldatuak ziruditen. Farra egin zioten bere saminari eta bere errenkurari, lotsagabekeria zikinez eta gordinez egin ere. Deabru bihurriak bezala farra eginez, hitz haiek ageriago utzi zioten bere batean zerabilan ameskaitzaren doilorkeria lizuna eta itsuskeria nazkagarria, Eta orain, bat batean, gudu-deia jotzen bezalako turuta hotsa ateratzen zioten.—O, mundu berri eta bikain! Mirandak edertasunaren posibletasuna, ameskaitza zerbait eder eta noble bihurtzeko posibletasuna proklamatzen zuen. O, mundu berri eta bikain! Desafio bat, ordena bat zen.

         — Ez sakadarik! —hots egin zuen, haserre bizitan subadministrariaren legatuak. Brasta itxi zuen kutxa beltzaren tapa—. Formal ez bazaitezte porta, ez dautzuet somarik banatuko.

         Deltek erremuskada batzuk egin zituzten, elkarri ukondokada batzuk eman zizkioten baina azkenik ixilik eta mantso geratu ziren. Amenazu hura efikaza izan zen. Somarik gabe gel zitezkeela pentsatze hutsa ere ikaragarri zitzaien izaki haiei.

         — Tira, beste itxurarik duzue orain! —esan zuen gazteak.

         Eta berriro ireki zuen kutxa.

         Linda esklabo izan zen; Linda hila zen. Besteok ordea, libre bizi behar zuten eta munduak berriro behar zuen bere ederrez jabetu. Erreparazio bezala, eginkizun bezala. Basatiak, bada, argi eta garbi, ikusi zuen bere egitekoa. Kolpera leiho bat zabaldu edo kortina bat korritu balitz bezala zen.

         — Ea!— esan zuen Subadministrariaren legatuak. Beste emakume kaki batek pauso bat eman zuen aurrera.

         — Geldi! —oihu egin zuen Basatiak, ozen eta indartsu. Geldi!

         Jendartetik mahairaino pasa zen ukondoka. Deltek harriturik begiratzen zioten.

         — Ford! —esan zuen Subadministrariaren legatuak ixilki. Hona Basatia berton!

         Beldurrak hartu zuen.

         — Entzun, otoi, neuri! —hots egin zuen Basatiak adoretsu—. «Entzun iezadazue...»! [1] —Sekula ez zuen ordurate publikoan hitzik egin eta lanak zituen esan nahi zuena adierazteko—. Ez ezazue sustantzia nazkagarri hori har! Pozoia duzue, pozoia.

         — Ea, Mr. Basati —esan zuen Subadministrariaren legatuak, adiskide gisa irriparre eginez—, Utziko al dautazu...?

         — Pozoia duzue hori, bai gorputzerako, bai arimarako.

         — Ederki, baina utz iezadazu mesedez banaketa segi dezadan. Porta zaitez mutil on bezala.—Sekula ere ez! —hots egin zuen Basatiak

         — Baina, aizu lagun...

         — Jaurtiki ezazu ber berton pozoi zital hori.

         — Hitz hauek —«jaurtiki ezazu ber berton pozoi zital hori»— Delten ulertezinaren estratuetan barrena sartu ziren, haien kontzientzia jo arteino. Haserrezko marmarioa sortu zen jendartean.

         — Bakea ekartzera etorri natzaitzue —esan zuen Basatiak bikiengana bihurturik— Bakea...

         Subadministrariaren legatuak ez zuen gehiagorik entzun. Ataritik kanpora atera eta lumero baten bila ari zen telefono liburuan.

         — Ez diagok bere gelan —esan zuen Bernardek—. Nirean ere ez, eta hirean ere ez, Ez Afroditeum-ean, ez Zentroan, ez eta Unibertsitatean ere. Nora ote daiteke joana?

         Helmholtzek bizkarrak uzkurtu zituen, Ohiko biltokiren batean zain aurkituko zutelakoan itzuli ziren lanetik. Baina mutilaren arrastorik ere ez inon. Eta hori oker haundia izan, zeren Miarritzera joateko asmoa baitzeukaten Helmholtzen lau plazako deportikopteroan. Basatia laster agertu ezik, berandu iritsi behar afarira.

         — Gauden zain beste bost minutuan —esan zuen Helmholtzek—. Eta ordurako ager ez badadi... Telefono hotsa. Hartu entzutailua eta:

         — Bai, esan...

         Gero pixka batean adi egon ondoren, arnegu bat jaurtiki zuen:

         — Ford bere gurdian! Berehalaxe nihoak!

         — Zer gertatzen duk? —galdetu zuen Bernardek

         — Park Lane-ko neure lagun bat zuan —esan zuen Helmholtzek—. Basatia han dela ziok. Agi denez, zoratu egin omen duk. Dena dela, urgentea duk. Ba al hator?

         Elkarrekin korrika abiatu ziren aszentsorerantz.

         — Nola gusta dakikezue esklabo izatea?— zioen Basatiak bere bi lagunak Ospitalera sartu ziren mementoan—. Nola gusta dakikezue haur izatea? Haur, bai, haur, Txilioka eta negarra eta elderra darizuela— gaineratu zuen senetik ere aterea, salbatu nahi zituenei berei gaizki esaka.

         Deltek errezeloz begiratzen zioten.

         — Bai, elderra darizuela!— oihukatu zuen ozenki. Zeharo ahaztu zen lehengo saminez eta arrenkuraz, hain gorroto eta nazka gordina sentitzen baitzuen munstro gizaxka haienganako.—Ez al duzue libre eta gizon izan nahi? Ala gizatasuna eta libertadea zer diren ere ez al dakizue?—Amorrazioak etorri itzela zemaion. Hitzak oparo zetozkion ezpainetara.—Ez al duzue konprenitzen?— esan zuen berriro. Baina inork ez zion erantzun-. Ea, bada —jarraiki zen irriparrez—, neuk irakatsiko dautzuet orduan. Neuk askatuko zaituet, nahi dezazuela nahiz ez dezazuela.

         Eta ospitaleko barruko patiora ematen zuen leihoa zabal zabalik irekirik, soma kutxatilak eskukadaka jaurtikitzen hasi zen handik behera.

         Memento batez kakizko jendetza hura ixilik egon zen, harri eta larri, barka ezineko sakrilejio hari begira.

         — Zoraturik diagok —marmartu zuen Bernardek, begiak lekutik irtenak—. Hilen diate. Hilen...

         Honetan jendea oihuka hasi zen kolpera eta han zetorren olatu mugikor bat Basatiarenganantz.—Lagun bekio Ford!— esan zien Bernardek, eta begiak apartatu zituen.

         — Bere buruaren lagun denari bakarrik laguntzen dio Fordek.

         Eta parre algara bat, egundoko parre algara bat jaurtikirik, Helmholtz Watson jendartean barrena abiatu zen.

         — Libreak, Libreak!— oihukatu zuen Basatiak. Eta esku batez soma jaurtika ari zen leihotik behera eta besteaz ukabilka bere atakatzaileen aurpegi ideetan.

         — Libreak!

         Eta Helmholtz ikusi zuen alboan —«Helmholtz mutil ona»— ukabilka bera ere.

         — Gizonak azkenez!

         Eta bitartean Basatia soma jaurtiki eta jaurtiki ari zen leihoan behera.

         — Gizonak, bai, gizonak!

         Pozoi guztia amaitu arte. Orduan jaso zuen gorantz kutxa eta hutsik erakutsi zion jendeari.

         — Libreak zarete!

         Uluka, Deltek amorrazio gehiagoz eraso zioten.

         Nahasmendu hartan zer egin ez zekiela, Bernardek esan zuen berekiko: « Hauenak egin dik»; eta bat bateko bultzadak eraginda, aurrerantz abiatu zen haiei laguntzera. Gero hobeto pentsatu eta geratu egin zen; baina lotsaturik, beste pauso bat eman zuen. Berriro eritzia aldatu eta geratu egin zen, ezbai lotsagarrizko agonian. Pentsatzen zegoen berak lagundu ezik, elkar hilen zutela, baina baita bera ere hila zitekeela laguntzerakoan. Orduan (Goretsia bedi Ford! ) han agertu ziren poliziak beren maskara eta guzti, mutur luze eta begi saltaridun zerri farragarrien itxuraz.

         Bernard korrika atera zitzaien bidera poliziei, besoak astinduez. Hura behintzat ihardutea zen, zerbait egitea zen, «Hel» hots egin zuen hiru lau aldiz, gero eta eta indartsuago, zertanbait ba zuela laguntzen sinestarazteko bere buruari.

         — Hel, hel, hel!

         Poliziek apartatu zuten paretik eta beren egitekoari ekin zioten. Hiru agente, nork bere hautseztailua bizkarrean zeramala, somazko baporeak hedatzen hasi ziren airean zehar. Beste bik Musika Sintetikozko Aparato erabilkorraren inguruan ziharduten. Beste lauk, anestesiko indartsuz kargaturiko ur pistola banaz harmatuak, burrukaririk porrokatuenak jo eta sailean eraisten zituzten xiringadaka.

         — Azkar, azkar! —hots egin zuen Bernardek—. Hilen dituzte azkar ez bazabiltzate! Hilen...! Ai!

         Bernarden uluez ernegaturik, polizi batek urezko pistolada bat jaurtiki zion. Bernatd segundo batzuetan albo alboka ibili zen. Oinak hezurrik, zainik, giharrik gabe geratu zitzaizkiola zirudien, gelatinazko eta azkenez ur hutsezko habe xoil bihurturik; eta fardotzar batek bezala lurra jo zuen.

         Honetan Musika Sintetikoko aparatutik ahots bat hasi zen hizketan. Arrazoiaren ahotsa, Sentimendu Onen ahotsa. Erroilu ozenak ba ziharduen jaurtikitzen bere Hitzaldi Sintetiko Antimutin lumero 2 (bigarren gradua). Existentziarik gabeko bihotz baten barrenetik, Ahotsa oihuka ari zen: «Ene lagunok, ene lagunok!» Eta hain hunkigarriro, hain akar xamurrezko airez mintzo zen, non poliziei berei ere begiak malkoztu baitzitzaizkien maskara antigazen azpian.

         — Zer esan nahi du horrek? —jarraikitzen zen Ahotsa—. Zergatik ez zarete zoriontsuak, zergatik ez zarete onak elkarrentzat, denok elkarrekin? Zoriontsuak eta onak —zioen behin eta berriro Ahotsak—. Bakez, bakez.

         Dardartu zen, furrundara bihurtzeraino jautsi zen, eta pixka batean mututu.

         — O, zer desira dudan zuek zoriontsu ikusteko! — hasi zen berriro kartsuki—, Zer desira dudan onak zaitezten! Zaitezte onak, otoi, eta...

         Bi minuturen buruan, Ahotsak eta Somak egina zuten beren eragina. Begietatik negarra zeriela, Deltek elkarri muxuka eta besarka ari ziren, dozena erdi biki besarkada bakarrean. Helmholtzek eta Bernardek ere guti falta zuten negarrez hasteko.

         Administraziotik beste soma aldi berri bat ekarri zuten. Arrapaladan banatu zuten eta Ahotsaren baritono durunda xamurrez, bikiak irrintzika sakabanatu ziren, bihotza zatikatuko balitzaie bezala.

         — Agur, agur, ene laguntxo maiteak. Fordek salba zaitzatela!

         — Agur, agur, ene laguntxoak!

         Azkenengo Delta joan zenean, poliziak deskonektatu zuen aparatua eta Aingeru Ahotsa mututu zen.

         — Portatuko al zarete errisistentziarik jartzeke? —galdetu zuen sarjentuak—. Ala anestesiatu beharko ote zaituet?

         Eta amenazuka jaso zuen bere urpistola.

         — Ez dugu erresistentziarik jarriko— erantzun zuen Basatiak, txandaka xukatuez ezpainetako ebakietatik, lepoko arramasketik eta esku ezkerreko haginkadatik zerion odola.

         Helmholtzez ere baietz egin zuen buruaz, sudurretik painelurik kendu gabe, odola barra barra baitzerion.

         Bernard iratzar berri zen eta oinak berriro mugitzen zitzaizkiola kargutuaz batera, memento huraxe hautatu zuen inork igartzeke ihes egiteko.

         — Aizak, hi!— hots egin zuen sarjentuak.

         Eta polizi batek, bere zerri maskaraz, sala alderik alde pasa eta bizkarretik oratu zion gazteari.

         Bernard itzuli zen, haserrezko errugabetasun itxurak eman nahiez. Ihes zihoala bera? Ametsik ere!

         — Ez dakit, bada zer nahi dezakezun niregandik—esan zion sarjentuari.

         — Presoneren lagun haiz hi, ez al da egia?

         — Ba...— esan zuen Bernardek; eta dudan jarri zen. Ez, ez zezakeen uka.

         — Eta zergatik ez nintzen izanen?— galdetu zuen.

         — Segi, orduan, neuri— esan zuen sarjentuak.

         Eta aterantz abiatu zen, ate aurrean zain zegoen kotxe zelularrerantz.

 

[1] Friends, Romans, countymen, lend me your ears. (Julio Zesar, III, 2)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971