|
Bai mundu berria
Hirugarren kapitulua
Kanpoan, jardinean, jolas ordua zen. Ekaineko eguzki galdapean biluzik, han zebiltzan seiehun edo zazpiehun neskato mutiko, batzuk alderik alde korrika, txilio zorrotz urtika, pilotan jokatuez; bestetzuk ixilik jesarrita, sasiarte loretsuan ezkutaturik, binaka edo hirunaka. Arrosadiak lorean zeuden, Bi urretxindor ari ziren bakar kantari hosto artean, eta kuku batek desafinatzen zuen pixka bat ezki artean. Airea bibraka zegoen erleen eta helikopteroen furrundaraz. Zuzendaria eta ikasleak geldi egon ziren apur batean, nola haur talde batek Pilota Zentrifugora jokatzen zuen begira, Hogeikote batek korrua egiten zuen altzairu kromatuzko dorre baten inguruan. Dorre gailurreko plataforma batera jaurtiki behar zuten pilota. Orduan pilota dorre barrutik behera erortzen zen, izugarri azkar jiraka ziharduen disko bateraino iritsi arte. Disko honek pilota ikutuez batera, tximistan jaurtikitzen zuen kanporantz, dorre armazoiak zituen anitz zuloetariko batetik. Eta haurrek harrapatu egin behar zuten. — Xelebrea duk —ekin zion zuzendariak, handik aldentzean— xelebrea duk pentsatzea gure Forden denboran ere, gehienean, ez zutela beste jostagailurik, pilota bat edo bi, palutxo batzuk, eta inoiz sare bat baizik. Pentsa nolako astakeria den, kontsumorik deus ere gehitzen ez duten joko konplikatuetara jokatzen uztea jendeari. Astakeria garbia. Gaur eguneko Inspektoreek ez dute inolako joko berririk onartzen, lehendik dauden jokorik konplikatuenak haina aparatu gutienez beharko dituela demostratu ezik. Atsedentxo bat egin zuen.—Hona hemen talde xoragarri bat—esan zuen, seinalaturik. Belarditxo batean, Mediterraneoko txilartza altu batzuen artean, bi neska-mutiltxo —mutikoak sei urte eta neskatoak bat gehiago behar bada— jolasean ari ziren, inbestigazio lanean diharduten zientzia gizonak bezain serio eta adi. Zertara? Lehen mailako sexu jokora jokatzen zuten. — Xoragarria, xoragarria— berresan zuen bihozbera I.E.Z.ak. — Xoragarria— baieztu zuten mutilek ere kortesia haundiz. Baina haien irribarreak ba zuen halako zerbait derrigorreko xamarrik: zeren oso denbora guti baitzen berek utzi zituztela haur jolas haiek; denbora gutiegi, noski, arbuiorik gabe begira egon ahal izateko. Zereko xoragarria! Bi neska mutilkondo baizik ez ziren haiek, tontakeriak eginez. Tontakeria hutsak, umekeriak. — Beti pentsatu ukan dut...— hasi zen zuzendaria, lehen bezain bihozbera. Baina negar garrasi zorrotz batek isilarazi zuen. Inude bat zetorren handik hurreko sasitza batetik, mutiko bat negarrez zekarrela eskutik. Neskatotxo bat zetorkion atzetik orpoz orpo, estu eta larri korrika. — Zer arraio gertatzen da?— galdetu zuen zuzendariak. Inudeak bizkarrak jaso zituen. — Ezer ez axolazkorik —erantzun zuen—. Ez da besterik mutiko hau pixka bat uzkur eta elkargaitz dela besteen joko erotikoetan. Lehendik ere karguturik nengoen bi edo hiru aldiz. Eta orain lehenera jo du berriro. Negarrari eman dio eta... — Egitan ere —esan zuen aurpegikera larridun neskatotxoak—, nik ez nion txarrik egin nahi izan. — Jakina, bada, ezetz, enetxo —esan zion inudeak lasaiarazi nahiez—. Horigatik —jarraiki zen berriro zuzendariarengana itzulirik—, Psikologiako Superintendente Laguntzaileari eraman behar diot. Ea anormaltasunik duen edo ikus dezan. — Ederki —esan zuen zuzendariak—. Eramazu hara. Eta zu geratu berton, neskatxo —gaineratu zuen, inudea mutil negartiarekin aldentzen zelarik—. Nola duzu izena? — Polly Trotsky. — Bai izen pollita, zeu bezalakoa —esan zuen zuzendariak—. Zoaz eta ea beste mutikoren bat aurkitzen duzun jolas laguntzat. Neskatoak arinari eman zion sasiarterantz eta bistatik galdu zen. — Haurtxo xarmangarria! —esan zuen zuzendariak, aldendu zen alderantz begiraturik; eta ikasleengana bihurturik, jarraiki zen: orain esanen dautzuedana ez dautazue behar bada sinetsiko. Baina Historiara ohitzeko dagoenari, lehenagoko gertaera guztiak iruditzen zaizkio sinesgaitz. Eta egia harrigarri hau jakinarazi zien. Denboraldi luze batean Gure Forden aurretik, baita ondorengo gizaldi batzuetan ere, neska-mutiltxoen arteko maite jokoak zer anormaltzat jotzen zituzten (barre algara ederrak atera zitzaizkien); eta anormaltzat ez ezik egitan inmoraltzat ere (bai zera!), eta beraz, zorrozki debekatuak zeuden. Entzuleen aurpegiak zeharo sinesgogor ageri ziren. Nola zekiekeen haurtxo gaixoei jolastea debeka? Ezin zuten sinistu. — Gaztetxoek berek ere debekatua zeukaten —jarraiki zen I.E.Z.a—. Zeuek bezalako gaztetxoek... — Ezin daiteke hori! — Autoerotismo pixka bat eta homosexualidadeaz aparte, ezertxo ere ez zen zilegi. — Ezertxo ere ez? — Gehienean hogei urte egin arte behintzat. — Hogei urte? —berresan zuten ikasleek oihartzun bat bezala, tutik ezin sinistuez. — Hogei, bai —esan zuen berriro zuzendariak ere—. Esan neutzuen ez zeneutatela sinetsiko. — Zer gertatzen zen, bada? —galdetu zuten mutilek—. Zer ondorio zetorren hortik? — Ondorio negargarriak, noski. Honetan ahots astun eta ozen bat sartu zen solasean ustekabez. Denek jeurt egin zuten, Talde txikiaren ertzean gizon ezezagun bat ageri zen: estatura erdizkoa, ile beltza, okil sudurra, ezpain gorri gizenak, eta begi ilunak, daratulu irudikoak. — Negargarriak —esan zuen honek ere. Mementu hartan I.E.Z.a jesarrita zegoen, jardinean zehar egoki banaturik zeuden altzairuzko eta kautxozko aulkietarik batean. Baina ezezagun hura ikusiaz batera, zutitu zen kolpera eta korrika joan zitzaion bila, besoak zabalik, hortz guztiekin irribarre eginez, biguntasuna zeriola. — Kaixo Inspektorea! Hau atsegin ezustekoa! Aizue mutilak, zer pentsatzen zaudete? Hona berton Inspektorea: Bere Fordtasun Mustafa Mond. Zentroko lau mila saletako lau mila erloju elektrikok arratsaldeko laurak jo zituzten denek batera. Altabozak oihuka ari ziren. «Lehenengo txandaren erreleboa! Bigarren txanda hasten da! Lehenengo txandaren erreleboa! Bigarren...!» Aszentsorean, janztokira bidean, Henry Foster eta Predestinamenduko Zuzendari Laguntzailea zeuden, apropos bizkar ematen ziotelarik Bernard Marx-i, Psikologiako Ofizinakoari. Ahalegin guztiak egiten zituzten ahalik eta harremanik gutien edukitzeko fama txarreko gizon harekin. Enbrioi Almazenean makinen zurrunka kirrinkek aire gorriari dardar eragiten zioten oraindik. Txanda bati beste bat zerraion; aurpegi gorri luputsu batek beste bati uzten zion leku. Trenak majestatez eta etengabe arrastaka zebiltzan, geroko gizonen eta emakumeen eraman ekarrian. Lenina Crowne aterantz abiatu zen. Bere Fordtasun Mustafa Mond! Ikasleak begiak ere galdu beharrik zeuden ia. Mustafa Mond! Munduko hamar Inspektoreetarik bat! Mendebaleko Europako Inspektore Nagusia! Hamarretarik bat... eta aulkian jesarri zitzaien, I.E.Z.—rekin batera; eta bertan geratzeko zen, geratzeko, bai, eta areago oraindik hitz egiteko ere prest zegoen... Zuzen zuzen iturritik hara! Zuzen zuzen Forden beraren ezpainetarik hara! Honetan bi neska mutiltxo atera ziren inguruko sasiarte batetik; apur batean begira egon zitzaizkien, begiak zabal zabalik eta harriduraz beterik, eta berriro beren hosto arteko jolasetara bihurtu ziren. — Uste dut denok —esan zuen Inspektoreak bere ahots sendo astunez—, uste dut denok gogoan dukezuela Gure Forden esaera eder eta zuhur hura: «Historia atso ipuin bat duk —esan zuen geldiro geldiro, atso ipuin bat». Eskuari eragin bat egin zion, lumabal ikusgaitz batez hauts pixka bat kendu bailu bezala, eta hauts hura Harappa zen, Ur Kaldeakoa zen. Baita amaraun batzuk ere, eta amaraun haiek Tebas eta Babilonia ziren, Knosos eta Mizenas. Beste eragin bat lumabalari, eta hara Ulises, Job, Jupiter, Gautama eta Jesus betiko aldenduak. Beste eragin bat gehiago eta hara betiko ezereztuak Atenas, Erroma, Jerusalem eta Inperio Zerutarra zeritzaten putzuaga zapar haiek, Beste bat, eta hara Italiako lurra zena basamortu bihurtua. Beste bat eta Katedralenak egin zuen. Beste bat eta beste bat, eta agur Errege Lear eta Pascalen Pentsamenduak. Beste bat eta agur Pasioa. Beste bat eta, pikutara Requiem! Beste bat eta, pikutara Sinfonia! Beste lumabalkada bat, eta... — Gaur arratseko sensoramara ioatekotan al hago, Henry? —galdetu zuen Predestinatzaile laguntzaileak—. «Alhambra» filmea ederra dela esan diautaate. Amodiozko eskena bat diagok hartz larruzko alfonbra baten gainean. Zoragarria omen duk. Hartzaren ile guztiak dituk birproduzituak. Ikumen efekto harrigarriak omen ditik. — Haugatik ez zaitzue Historiarik irakasten —zioen Inspektoreak—. Baina heldu da ia ordua... I.E.Z.ak artega begiratu zion. Zurrumuru zerak zebiltzan, Inspektorearen despatxuan honelako eta harelako liburu zahar debekatuak zeudela, segurantza-kutxa batean gordeak. Bibliak, Poesiak... Jakin ere zer ez zekian Fordek! Mustafa Mond kargutu zen haren begirada larriaz, eta ironiaz zimurtu zituen bere ezpain txoko gorriak. — Lasai, zuzendari, lasai —esan zuen burla aire finez—. Ez ditut, ez, alferrik galduko. I.E.Z.a zur eta lur geratu zen. Arbuiatu sentitzen direnak, arbuiati ageri nahi. Izan ere Marx Bernarden aurpegian ageri zen irriparrea arbuizkoa zen. Hartzaren ile guztiak! Bai eta zera ere! Ahalegin guztiak eginen ditiat joateko —esan zuen Henry Fosterrek. Mustafa Mond aurrerantz makurtu zen eta eri luzea haienganantz luzatu zuen. — Aski duzue konprenitzen saiatzea —esan zuen, eta haren ahotsak entzuleen diafragmei dardar eragin zien—. Saia zaitezte konprenitzen, zer sentiaraz zezakeen ama erditzailea edukitzeak. Berriro ere hitz lizun hura. Baina oraingoan irribarre egin zezakeenik ere ez zitzaion inori bururatu. — Saia zaitezte pentsatzen zer zen «nor bere familiarekin bizi izatea». Saiatu ziren, baina alferrik. — Eta ba al dakizue zer zen «sukalde» bat? Denek ezezkoa egin zuten buruaz. Soto ilun gorrizkatik atera ziren. Lenina Crownek hamazazpi pisu igo zituen, aszentsoretik irtetean eskuinerantz hartu zuen, handik pasilu luze batean zehar aurrera jo zuen, eta, Emakumeen Janztegiko atea irekirik, besoz, golkoz eta barruko arropaz beteriko kaos itzel batean murgildu zen. Ur beroa barrastaka erortzen zen ehundaka baineratan, edo borborka ateratzen haietarik urzuloetan zehar. Laurogei masaje tresna —haizez eta bibrazioz zebiltzanak— zurrunka eta txistuka ari ziren; laurogei ale eme bikainen haragi gihar eta eguzkiz erreak igortzitzen eta milikatzen zituzten denek batera. Deihadarka mintzo ziren denak. Musika sintetikozko makina batek superkornetaren bakar bat jotzen zuen. — Hola, Fanny —esan zion Leninak pertxategia eta armarioa berearen alboan zituen neskatxari. Fannyk Enbase Salan egiten zuen lan eta berak ere Crowne zuen abizena. Baina Planetako bi mila miloi biztanleen artean nola hamar mila deitura baizik ez zegoen, idetasun hori ez zen batere harritzeko. Leninak tiratu zien bere kremailerei: beherantz jakekoa, beherantz, bi eskuez, galtzetako bi kremailerak, eta beherantz barruko arropak ere—, eta, galtzerdi eta zapata hutsik, bainurantz abiatu zen. Sukaldea, sukaldea... Gelatxo batzuk jendez josiak, gizon bat, emakume bat aldizka izorra, eta edade guztietako haur multzoa. Ez airerik, ez lekurik. Esterildu gabeko presondegi bat. Ilunbea, eritasunak eta kiratsak. (Hain bizi eta gordin agertu zien Inspektoreak sukaldea, non mutil bat, besteak baino sentikorrago izaki, zurbil zurbil geratu baitzen deskripzio hutsez eta mareatu hurran egon zen). Atera zen bainutik Lenina, xukatu zen toaila batez, hartu zuen horman zegoen tubo luze zauli bat, apuntatu zuen hartaz bere bularrera, bere burua hiltzera balihoa bezala, eta gatiluari eman zion. Haize bolara epel batek talko hauts fin finez estali zuen. Lababo ertzeko grifo txikiei eragitea besterik ez zuen, zortzi lurrin eta Kolonia ur diferente aukeran edukitzeko. Leninak ezkerreko hirugarrena ireki zuen, Txipreko lurrinez usaindu zen, eta zapatak eta galtzerdiak eskuan zeramatzala, masaje tresnarik libre zegoen ikustera irten zen. Eta sukaldea zatarra zen oso, nola psikikoz hala fisikoz. Psikikoz untxi zulo bat zen, zimaurtegi bat, elkarrekin bizi beharrez elkarrekin muturka beti, emozioen emozioez kirastua. Zenbat kutunkeria itogarri! Zenbat harreman arriskutsu, osasungaitz eta lizun familiakoen artean! Sinoti batek bezala, amak ez zeukan beste ardurarik bere umeena baizik... nola kateme batek bere katakumeak, hala jagoten zituen bereak amak. Baina hizketan lekikeen katemeak bezala, «ene potxolo, ene potxolo» behin eta berriro esaten lekikeen kateme batek bezala. «Ene potxolo, o, neure ugatzean dituela bere eskuñoak, bere gosea, eta atsegin hilkor eta paregabe hori. Ene potxolo loak hartu du azkenek, ene potxolo loak hartu du, esne tanta txuri bat dariola ezpainetan behera. Ene haurtxoa lo-lo lago...» — Bai —esan zuen Mustafa Mondek, buruari eraginez—, arrazoiz ikaratzen zarete zuek. — Norekin aterako haiz gaur gauez? —galdetu zuen Leninak. Masajetik bueltan zetorren, arrosa bezain dizdiratsu, barrutik argituriko bitxi bat bezala. — Inorekin ere ez. Bekainak ere zimurtu zitzaizkion Leninari, zeharo harriturik. — Aspaldion ez naun guztiz ondo aurkitzen —azaldu zuen Fannyk. Wels doktorak Ernal Ordea hartzeko agindu zieutanan. — Baina hemeretzi urte baizik ez baititun! Lehenengo Ernal Ordea ez dun obligaziozko hogei eta bat arte. — Ba diakinat hori, neska. Baina ba ditun pertsonak lehenago hartzea komeni zaienak. Wels Doktorak esan zieutanan ni bezalako pelbis zabaldun neskatxa beltzeranek hamazazpi urterekin hartu behar dutela lehenengo Ernal Ordea. Beraz, bada, bi urteko atzerapena diakarkinat eta ez aurrerapena. Bere armarioko atea ireki eta goiko alasako kutxa-errezkada eta anpulo etiketatuak seinalatu zituen. «Corpus Luteum jarabea». Leninak altu irakurri zituen bakoitzaren izenak. «Obarina freskoa, garantitua. Kadukatze fetxa: F-en 632eko abuztuak 1. Titi gingilen gurina: egunean hiru bider hartxekoa, jan aurretik, ur- pixka batez. Plazentina 5 zm, hiru egunerik behin. (Zainpekoa)..» — Ui! —ikaratu zen Lenina—. Zainpekorik ez ziaidan bat ere gustatzen! Hiri? — Neroni ere ez. Baina geure onerako direnean... Zentzu aparteko neskatxa zen Fanny. Gure Ford —edo Gure Freud, berak arrazoi izkuturen bategatik deitzea erabaki zuen bezala psikologiako gaiez mintzo zenean—, gure Freud izan zen familia bizitzako arrisku izugarriak agerrarazi zituen lehenengoa, Mundua gurasoz beterik zegoen eta, beraz, miseriaz beterik. Amaz beterik zegoen, eta, beraz, perbertsio era guztiez beterik, sadismotik kastitateraino. Neba arrebaz eta osaba izebaz beterik zegoen, eta, beraz, zorotasunez eta suizidioz beterik. — Eta hala ere, Samoako basatien artean, Ginea Berriko kostako ugarte batzuetan... Eguzki tropikalak ezti beroak bezala dizdiz egiten zuen, hibisko loretzan, denak nahas, ijutika zebiltzan neska mutiltxoen gorputz biluzien gainean. Palma orrizko teilatudun hogei etxerik edozeinetan zegoen sukaldea. Trobiand uharteetan, ernaltzea arbasoen izpirituen lana zen. Inok ez zuen entzun ere inoiz «guraso» izenik. — Ertzak elkar jotzen daude —esan zuen Inspektoreak—, zeren egin ere, elkar jotzeko eginak baitira. — Wels doktorak zion hiru hileko tratamendua har badezat Ernal Ordeaz, hemendik hiru lau urtera osasuntsu nagokeela berriro. — Zuzen egonen al dun horretan —esan zuen Leninak—. Baina, aizan, Fanny, benetan al dion hiru hilebete hauetan ez dezakenala zera...? — Bai zera, neska, inola ere ez! Bi edo hiru aste bakarrik eta kito. Klubean iraganen dinat gaua, Bridge Musikalera jokatuez, Baina hi bai aterako al haiz, ez? Leninak baiezkoa egin zuen buruaz. — Norekin? — Henry Fosterrekin. — Berriro? —Fannyren ilargi aurpegi amultsua harriturik geratu zen, samin eta gaitzespen airea harturik—. Ez al da egia izanen oraindik ere Henry Fosterrekin habilala? Aita-amak, neba-arrebak. Baina ba zen senarrik, emazterik, maitalerik ere. Bazen monogamia eta erromantizismoa ere. — Zuek ez duzue, nonbait, jakinen zer diren gauza hauek esan zuen Mustafa Mondek. Ikasleek ezezkoa egin zuten. Familia, monogamia, erromantizismoa. Dena zen esklusibismoa, dena zen interesen pilatzea, dena zen berezko bultzadaren eta energiaren zuzendu beharra. — Egia da, ordea, mundu guztia mundu guztierena dela —amaitu zuen Inspektoreak, esaera hipnopedikoa aipatuez. Ikasleek oraingoan baiezkoa egin zuten enfasi haundiz, ilunetako hirurogei eta bi mila entzunaldik segurtzat ez ezik, axiomatzat, ageri ageritzat, duda ere ezinekotzat onarrarazi zien afirmazioa baiezturik. — Beno, nola nahi ere —ihardetsi zion Leninak—, lau hile bakarrik ditun Henryrekin nabilala. — Lau hile bakarrik! Ederki! Eta txarrena da —jarraiki zen Fanny, hatz salatariz seinalatzen zuelarik—, txarrena da, denbora guzti honetan ez dunala hire bizitzan Henryz aparte beste inor eduki. Ez al dun egia? Lenina gorri gorri jarri zen kolpera. Baina haren begiak eta ahoskera desafioka zerraizkion bere lagunari. — Ez, inor ere ez —erantzun zuen gogorki—. Eta ez diakinat zergatik behar nuen ere besterik inor iduki. — Bapo! Neskatxoak ez omen diakin zergatik! —berresan zuen Fannyk, Leninaren sorbalda ezkerraren osteko entzule izkuturen bati mintzatuez bezala. Gero ahoskera kolpera aldatuez gaineratu zion: benetan ere kontuz ibili behar hukeela uste dinat. Oso gaizki diagon beti gizon berarekin ibiltzea horrela. Berrogei edo berrogei eta bost urterekin, tira... Baina hire edadean, Lenina... Ez, inola ere ez. Gainera hik ondo dakin I.E.Z.ak zeharo debekatuak dituela zer biziegi edo luzeegiak... — Pentsa ezazue ura presioan daraman tubo bat. —Ikasleek pentsatu zuten—. Dagiodan zulo bat —esan zuen Inspektoreak—. Bai txorro ederra! Zula dezadan hogei lekutik eta horra hogei iturritxo ziztrin. «Ene semetxo, ene semetxo...» «Ama». Zorotasuna itsaskorra da. «Ene maite, ene maite bakar, pinpirin, pinpirin...». Ama, monogamia, erromantizismoa... Iturria txit goi jaiotzen da; txorroa amorrazioz, apartsu ateratzen da. Beharrak irtenbide bakarra du. Ene maitetxo, ene semetxo! Ez da harritzeko premoderno gizagaixo haiek zoraturik egotea eta dohakabe arlote hutsak izatea. Haien munduak ez zien gaixoei uzten gauzak patxadan hartzen, ez zien uzten zentzudun, bertutetsu, zoriontsu izaten. Hainbeste amaz eta maitalez, obeditzeko egokitu gabe zeuden hainbeste debekuz, hainbeste tentazioz eta bakarreko errenkuraz, hainbeste eritasunez eta samin etengabez eta aislatzailez, ez da harritzeko gauzak hain biziki senti zitzatela. Eta hala sentituez gero (are txarrago oraindik, bakardadean, itxadopenik gabeko aislamendu indibidualean) nola zitezkeen estableak izan? — Ez daukan, ez, berton behera utzi beharrik. Baina noizik behin atera hadi besteren batekin ere. Aski dun hori. Bera ere ibiltzen zain beste neskatxa batzuekin ez al da egia? Lenina konforme zegoen. — Jakina, bada. Henry Foster gizon gizona dun, gizalegetsua beti. Gainera pentsa ezan zuzendariarengan. Ba dakin zer pirria den... Buruaz baiezkoa eginik, Leninak esan zuen: — Gaur arratseon berton xaflada bat eman diautan atzean. — Ikusten? —Fanny harro ageri zen—. Horra zerk axo1a dion gehien. Konbentzionalismo hutsa. — Estabilidadea —esan zuen Inspektoreak—, estabilidadea. Ez dago zibilizaziorik estabilidade sozial gaberik. Eta ez dago estabilidade sozialik, estabilidade indibidual gaberik. Turutak bezala hots egiten zion ahotsak. Hari aditzean, ikasleak haunditzenago eta gartzenago ziren. Makinak jira eta bira dihardu, eta jiraka ekin behar dio beti. Geratzen baldin bada, heriotza da. Mila milioi zebiltzan arrastaka lurrean. Gurpilak jiraka hasi ziren. Ehun eta berrogei eta hamar urtean bi mila milioiraino iritsi ziren. Gel gurpilak oro. Ehun eta berrogei eta hamar asteren buruan, berriro mila milioi bakarik. Milaka eta milaka gizon eta emakume goseak hil ditu. Gurpilek jiraka ekin behar diote beti, baina ez itsumustuan. Gizonak behar dira kargu har diezeten, gurpilak berak beren ardatzetan bezain gizon seguruak, gizon zentzudunak, esanginak, estableak beren poztasunean. Hoska ari badira: «Ene seme, ene ama, ene maitebakar»; marmarka ari badira: «Ene bekatua, ene Jainko beldurgarria»; saminez oihuka ari badira, sukarrez hiltzear badaude, zaharraren zaharrez eta ezerezaren ezerezez sufritzen badaude... nola arraio behar diete gurpilei kargu hartu? Eta gurpilei kargurik ezin hartzekotan... komeriak leudeke milaka eta milaka eta milaka gizon eta emakumeen gorpuak ehortzitzen edo erretzen. — Eta nola nahi ere —Fannyren ahotsa urrungari jarri zen—, zer du txarrik edo desatseginik beste bi edo hiru gizon edukitzeak, Henryz gainera? hauek oro kontuan, nahasitxoago behar huke ibili. — Estabilidadea —ekin zion Inspektoreak—, estabilidadea. Lehenengo eta azkenengo beharra. Estabilidadea. Hortik dator guztia. Esku mugimendu batez jardinak seinalatu zituen, Egokitegiko edifizio larria, haurrak biluzik, hostotzan erdi izkutatuak edo larrerik larre korrika. Leninak ezezkoa eragin zion buruari. — Ez diakinat zergatik —esan zuen ahapean—, baina aspaldion ez diadukanat gogo haundirik nahasmendurako. Batzuetan ez egin beharra din batek. Hik, Fanny, ez al dun inoiz honelakorik sentitu? Fannyk baietz esan zion atsegintsu eta ulerkor. — Baina ahalegindu egin behar dun —esan zuen sententzia gisa—. Parte hartu behar dun jokoan. Nolanahi ere, mundu guztia mundu guztiarena dun. — Bai, mundu guztia mundu guztiarena dun —berresan zuen Leninak geldiro geldiro. Eta hasperen eginik, ixilik geratu zen pixka batean. Gero Fannyri eskutik oraturik, estutu egin zion pixka bat. Arrazoi osoa daukan, Fanny. Beti bezala. Ahaleginduko naun. Bultzada hertsiek gainez egiten dute, eta gainezte hori da sentimendua, gainezte hori da grina, gainezte hori da zorotasuna ere. Korrontearen indarrean, eta dikearen altueran eta heusmenean dago gorabehera. Bidean oztoporik aurki ez dezan korrontea bare bare doake kanale predestinatuetan behera, zorion lasaia emanez. Enbrioia gose da. Egunik egun, odol artifizialaran bonba jiraka ari da minutuko zortzirehun erreboluziotan. Haur dekantatuak negar egiten du; berehalaxe datorkio inudea kanpoko sekreziodun ontzi batez. Sentimenduak ugaritu egin ohi dira desiratzetik kontsumatzera bitartean. Labur ezazue bitarte hori, bota itzazue ezertarako ez diren dike zahar hoik. — Zorioneko mutilak zuek! —esan zuen inspektoreak— ez zioten begiratzen ere nekeari zuen bizitzak errezak zitezen emozioz; ahal guztiak egin zituzten emozio guztietarik haiek jagotearren. — Ford bere gurditzarrean dago! —marmartu zuen I.E.Z.ak—. Dena dabil ondo munduan. — Lenina Crowne? —esan zuen Henry Fosterek, Predestinatzaile Laguntzailearen galdera berresanik eta galtzetako kremailera ixten zuelarik—. Neskatxa bikaina duk. Izugarri pneumatikoa. Harritzen nauk hik ez duala oraindik heure egin. — Benetan ere ez diakiat nola izan zen —esan zuen Predestinatzaile Laguntzaileak—. Baina arrapatuko diat hurrengo aukeran. Zegoen lekutik, Janztegiko nabearen beste ertzetik, Bernard Marxek den dena entzun zien eta zurbilik geratu zen. — Egia esateko —esan zuen Leninak—, aspertzen hasita niagon ia egun eta bihar Henry besterik ez edukitzeaz. —Ezker oineko galtzerdia jantzi zuen—. Ezagutzen al dun Bernard Marx? —galdetu zuen ezaxol airez, baina bistan zeukan asko axola zitzaiola. Fannyk harriturik begiratu zion. — Ez al dautan esanen,.. — Zergatik ez? Bernard Alfa-Gehiago bat dun. Gainera Basatien Erreserba batera berakin joateko eskatu zieutanan. Beti egona naun Basatien Erreserba bat ikusteko irrikitzen. — Baina... duen fama txarra zer? — Bost axola diautan niri zer fama duen. — Ez omen ziaion Oztopo Golfik gustatzen. — Omen, omen...—esan zuen txantxaz Leninak. — Gainera ia denbora guztia bakarrik ematen din, bakar bakarrik. Fannyren ahotsari izu ikara zerion. — Beno, dena dela, ez liegoken bakarrik nirekin dagoela. Ez diakinat zergatik hain gaizki hartzen duen mundu guztiak. Niri behintzat asko gustatzen ziaidan. —irribarre egin zuen bere baitan. Zer lotsa absurdoa ageri zuen Bernardek berakin? Ia ikaraturik zegoen gaixoa, neskatxa bera balitz bezala Munduko Inspektorea eta hura mekaniko Gamma-Gutiago bat. — Gogora zaitezte nor bere gustoez —esan zuen Mustafa Mondek—. Aurkitu al du inoiz zuetariko inork mendera ezineko oztoporik? Ezezko ixiltasuna izan zen galdera honen erantzuna. — Aurkitu al da inoiz zuetarik inor luzaz itxadon beharrean, desiratzetik kontsumatzera bitartean? —Bada, nik iii... —hasi zen esaten mutil bat; eta dudan jarri zen. — Mintzo hadi —esan zion I.E.Z.ak—, ez ezak Bere Fordtasuna zain eduki. — Bada, nik, behin batez, lau aste itxadon behar izan nuen desiratzen nuen neskatxak berakin irtetea permiti ziezadan arte. — Eta sentitu al huen halako emozio gogorrik? — Izugarria! — Izugarria!, horixe noski, —esan zuen Inspektoreak—. Gure arbasoak hain genituen tentelak eta ikusmen laburrekoak, non lehenengo erreformariek agertu eta emozio izugarria hauetarik askatzea eskaini zietenean, ez baitzieten jaramonik egin. — Haragi puska bat balitz bezala mintzo dituk neskatxa honetaz. —Hortzak karraskatu zituen Bernardek—. Behin frogatua dudala, behin frogatzeko dudala. Arkume bat balitz bezala. Arkume baten pare jartzen diate, ez gorago ez beherago. Pentsatuko zuela esan zieutaan berak, eta aste honetantxe erantzunen zeutala. O, Ford, Ford, Ford! Haiengana joan eta Kristorenak emateko gogoa zuen. Benetan ere, froga dezaala aholkatzen haut —zioen Henry Fosterrek. — Har dezagun Ektogenesia. Pfitzner-ek eta Kawaguchik honen teoria osoa landua zuten. Baina, Gobernuek den jaramon mendreenik egin ote zieten horregatik? Bai zera. Ba zen kristautasuna zeritzan gauza bat. Eta emakumeak erditzaileak izaten segitzera behartuak izan ziren. — Itsusiago dun, itsusiago! — Niri, ordea, gustatzen ziaidan haren tankera! — Hain kaxkarra gainera! Fannyk keinu bat egin zuen. Izan ere, kasta apalei zegokien estatura txikia. — Nik behintzat oso sinpatiko aurkitzen dinat —esan zuen Leninak—. Ba diadukanat hura mimatzeko gogo bat! Konprenitzen al dun? Katutxo bat bezala mimatzeko. Fanny harriturik eta haserreturik zegoen. — Deskuidoren bat ukan omen zinan norbaitek, oraindik enbasaturik zegoela. Gamma bat zelakoan, alkohola sartu omen zionan odol artifizialaren errazioan. Horixegatik dun hain kaxkarra. — Tontakeriak! —Lenina sutan zegoen—. Lotan irakastea debekaturik zegoen Ingalaterran. Ba zen han Liberalismoa zeritzan halako zerbait. Parlamentuak —jakinen al duzue zer zen—, lege bat onetsi zuen irakaskintza hura debekatzekoa. Artxiboetan kontserbatzen dira. Anitz hitzaldi izan zen askatasunari buruz. Alferreko eta zorikabe izateko askatasuna. Zulo koadratuan ziri biribil izateko askatasuna. — Bai pozik ere, ene lagun maite—. Hago segur. Poz haundiz gainera. —Henry Fosterrek bizkarrekotxo batzuk eman zizkion Predestinatzaile Laguntzaileari—. Nola nahi ere, mundu guztia mundu guztiarena duk. «Ehun berresaldi, astean hiru gauean, lau urtean zehar —pentsatu zuen Bernardek, hipnopediako espezialista baitzen—. Hirurogei eta bi mila eta laurehun berresaldik egia bat osatzen diate. Astotzarrak! «Edo kasten sistima, bestela. Hamaika aldiz proposatua eta hamaika aldiz baztertua. Demokrazia zeritzana zuten orduan. Gizonak fisiko-kimikoz gainera ere berdinak balira bezala. — Beno, bakar bakarrik zioanat onartzekoa dela baten inbitazioa. Bernardek gorroto zituen, bihotzez gorroto ere. Baina bi ziren, altuak eta sendoak gainera. Bederatzi Urteko Gudua F-en 141-ean hasi zen. — Odol artifizialean alkohola jarri ziotela egia balitz ere... — Baina nik, jakina, ez dinat horrelakorik sinetsiko —bukatu zuen Leninak. — Hamalau mila abioi burrunbaka zihoazen formazio irekian. Baina Kunfürstendam-en eta Zortzigarren Distrituan, antrax bonben esplosioek ez zuten danbarrada gehiagorik ateratzen paperezko boltsatxo batek baino. — Basatien Erreserba bat ikusteko gogoa daukadalako. — CH3 C6 H2 (NO2)3+Hg (CNO)2=Zer? Zulotzar haundi bat lurrean, erruina artean haragi eta mukus puskak; hanka bat, bota jantzia oraindik hegan doa airean zehar eta, blasta! lurrartzen du geranio artean, geranio gorri artean... Hura zen lorearen lorea uda hartan! — Ez daukan erremediorik, Lenina. Hor konpon, alferrik dun hirekin. — Errusoen teknika urak infektatzeko txit zuhurra zen. — Elkarri bizkar emanik, Fanny eta Lenina janzten ari ziren, biak ixilean. — Bederatzi Urteko Gudua, Ekonomiaren Hondamendia. Bietarik bat hautatu behar zen: Munduaren menderatzea edo Munduaren desegitea. Estabilidadea edo... — Fanny Crowne ere neskatxa bikaina duk —esan zuen Predestinatzaile Laguntzaileak. Haurtegietan Klase Sozialen Kontzientziako ikasgaia bukatua zen, eta orain deihadarka ari ziren geroko eskaria sortaraziez geroko eskaintza industrialerako. «Zer poza hegan egitea —marmartzen zuten—, zer poza hegan egitea. Zer poza soineko berriak edukitzea, zer poza...». — Liberalismoa, jakina, antraxek hil zuen. Baina gauzak ez daitezke indarrez egin. — Ez, ordea, Lenina bezain pneumatikoa. Ez eta gutiagorik ere. — Baina soineko zaharrak itsusi hutsak dira —zerraion esaka murmurio asperkaitzak—. Guk soineko zaharrak jaurtiki egiten ditugu beti. Hobe da jaurtikizea adobatzea baino, hobe da jaurtikitzea... — Gobernatzea legegitea da, ez jotzea. Eta zerebroaz eta ipurdiaz gobernatzen da, inoiz ere ez ukabilez. Esaterako kontsumatzea obligazio zen, obligaziozko kontsumoa... — Ea, prest niagon —esan zuen Leninak; baina Fannyk ixilik zirauen, bizkar emanik—. Aizan, Fanny, egin ditzagun bakeak. — Gizonak, emakumeak eta haurrak oro urtean honenbesteko bat kontsumatzera beharturik zeuden. Industriaren onerako. Ondorio bakarra... — Hobe da jaurtikitzea adobatzea baino. Zenbat eta adoba gehiago, hainbat eta diru gutiago, Zenbat eta adoba gehiago... — Usterik gutienen —esan zuen Fannyk samin airez—, nahaste ederrean sarturik hagoke. — Denak zeuden kontra amorruz: ez zela eta ez zela kontsumatu behar. Buelta berriro Naturara. — Zer poza hegan egitea, zer poza hegan egitea. — Ondo al nago? —galdetu zuen Leninak. Azetato berdezko jake bat zeraman, lika berdezko lepoz eta eskuturrez. — Bizimodu Errazaren aldeko zortzirehun, metrailaz garbitu zituzten Golders Green-en. — Hobe da jaurtikitzea adobatzea baino. — Horra gero British Museum-eko hilketa. Bi mila kulturazale fanatiko dikloretilen sulfuroz gazeztatuak izan ziren. Jockey berde zurizko txanotxo batek gerizatzen zizkion begiak Leninari. Zapata berde biziak eta txit dizdiratsuak zituen. — Noizbait —esan zuen Mustafa Mondek—, konturatu ziren Inspektoreek indarrez ez zegoela zer eginik. Metodo geldiagoak, baina mila bider seguragoak behar ziren: hala Ektogenesia, Neo Paulov Egokimendua, Hipnopedia... Eta gerri bueltan larru berdezko kartutxontzi bat zeraman Leninak, zilarrez bildua eta antisorgailuz bete betea (zeren Lenina ez baitzen neutroa). — Azkenez Pfitzner-en eta Kawaguchiren arkikuntzak erabili zituzten. Umegintzaren kontra egundoko propaganda... — Pinpirin —hots egin zuen Fannyk, liluraturik. Ez zegoen Leninaren xarmamenari luzaz eustekorik. Hura gerriko Malthustar polita! — Era batera lehenaren kontrako kanpaina: museoak itxi, monumentu historikoak eratzi, (zorionez gehienak lehendik deseginak zeuden Bederatzi Urteko Guduan); F-en aurretik argitaraturiko liburu guztiak erretiratu... — Inondik ahal bada, neuk ere horrelakoxe bat lortu behar dinat —esan zuen Fannyk. — Ba zen, esaterako «Piramideak» izeneko zerbait. — Nire txarolezko gerriko zahar honek... — Bai eta Shakespeare zelako tipo bat ere. Zertan esanik ere ez, jakina, zuek ez duzuela inoiz honelakorik entzun. — Ez din ezertarako balio. — Hona hemen heziketa benetan zientifikoaren abantailak. — Zenbat eta adoba gehiago, hainbat eta diru gutiago; zenbat eta adoba gehiago... — Gure Forden lehen Modelo T-ren sarrera... — Bi ditun hiru hilebete soinean daramadala... — ...hautatu zuten Haro berriaren hasieratzat. — Hobe da jaurtikitzea adobatzea baino; hobe da jaurtikitzea... — Ba zen zerbait, lehen esan dautzuedanez, Kristautasuna zeritzana. — Hobe da jaurtikitzea adobatzea baino. — Subkontsumoaren morala eta filosofia... — Zer poza soineko berriak janztea, zer poza soineko berriak janztea, zer poza... — Behar beharrezko ziren subprodukzio denboran, Baina makina haroan eta behin nitrogenoa finkatuez gero, krimen garbia gizarterako. — Henry Fosterrek erregalatu zieutanan. — Gurutze guztiei goia moztu zieten eta T bat bezala geratu ziren. Ba zen Jainkoa zeritzan zerbait ere. — Tafiletearen imitazio garbia dun. — Orain Estatu Mundiala daukagu. Eta Forden eguneko jaiak, eta Elkar-Kantak eta Elkar-Zerbitzuak. — O Ford! zer gorrotoa zieadan!» pentsatzen zuen Bernard Marxek. — Ba zen zerbait Zerua zeritzana; hala ere alkohol edale porrokatuak ziren! — «Haragia bezala; haragia balitz bezal bezalaxe». — Ba zen zerbait «arima» zeritzana eta beste zerbait «hilezkortasun» zeritzana. — Galde iezon Henryri ea non lortu zuen. — Baina morfina eta kokaina hartzen zuten. — «Okerrena duk, berriz, bera dela aurrena bere burua haragi soiltzat hartzen duena». — F-en 178-ean bi mila farmakologo eta biokimiko subentziotu zituzten... — Umore txarreko dagoela ematen dik —esan zuen Predestinatzaile Laguntzaileak, Bernard Marx seinalaturik. — Eta handik sei urtera merkatuan zebilen droga perfekta. — Zirika dezagun mutil hori. — Neskatxa euforikoa, narkotikoa, goxoro liluragarria. — Triste xamar hago, Marx. —Eman zion bizkarrekoak ikaratu egin zuen. Jaso zituen begiak. Henry Foster astotzar hura zen—. Soma gramotxo bat behar duk. — Kristautasunaren eta alkoholaren on guztiak; eta haien txarrik bat ere ez. — «O Ford; jo eta garbituko hinduket!», Baina «ez eskerrik asko» esan zuen bakarrik, eskaini zion pastila tuboa ukatuez. — Gogoak ematen dion guztian har ditzake batek bakazioak errealitatetik, eta buruko minik eta mitologiarik bat ere gabe itzuli berriro. — Har ezak, gizon, har —ekin zion Henry Fosterrek. — Estabilidadea ia finkaturik geratu zen honela. — «Zentimetro kubiko battok hamar tristura kentzen ditik», esan zuen Predestinatzaile Laguntzaileak, hipnopedia jakinduriako esaera bat aipaturik. — Zahartza menderatzea bakarrik falta zen. — «Pikutara hemendik!» hots egin zuen Bernardek. — Mutil! Bai zirin hagoela gero! — Hormona gonadalak, odol gaztearen transfusioa, magnesio-gatzak... — Eta pentsa ezak gramo bat hobe dela dioskada bat baino. Eta biak farraka atera ziren — Eta hona zahartzaren arrastorik ere ez dela geratzen. Eta gainera... — Ez ahaztu gero gerriko malthustarren zera Henryri galdetzeaz —esan zuen Fannyk. — Eta gainera zaharren bereiztasun mental guztiak ere abolituak betiko. Bakoitzaren izakerak beti bat bera dirau bizitza guztian zehar — ...Oztopo Golfera bi partidu jokatu behar ditinat oraindik ilundu aurretik. Ba nihoan. — Lana, jolasak... Hirurogei urterekin kemen berdin berdinak ditugu, nola hamazazpirekin. Aintzina zaharrek erretiratu egiten ziren, erlijiora jotzen zuten, irakurtzeari ematen zioten edo pentsaketan pasatzen zuten denbora. Pentsaketan! — «Tentel alu madarikatuok!» zioen berekiko Bernardek, pasiluan zehar aszentsorerantz zihoala. —Gaur egun, ordea, pentsa nolako aurrerapena, dugun, zaharrek ere lan egiten baitute, eta ez daukate denborarik ez hutsarterik atseginez bete ez dezaketenik; ez daukate memento batto ere jesarrita egoteko edo pentsaketan iharduteko. Eta inoiz, zoritxarrez, beren distrakzioen mami giharrean denbora arrailik ager baledi, hor dute soma, soma eztia. Gramo erdi arratsalde libre bat bezala da, gramo bat aste buru bat bezala, bi gramo Ekialde ederrera joan etorri bat bezala, eta hiru gramo ilargian betiere ilun bat egitea bezala. Eta arrail hura atzean utzi ondoren, berriro itzultzen dira sendo eta tinko, eguneroko lan-jolasen lur gotorrera: nahi haina sensorama, nahi haina neskatxa pneumatiko, nahi haina Golf Elektromagnetikoko kanpo... — Kanpora, neskato! —hots egin zuen haserrez I.E.Z.ak—. Kanpora mutiko! Ez al dakusazue Inspektorea lanpeturik dugula? Alde hemendik beste norabait zeuen jolas erotikookin! — Haurtxo gaixoak!— esan zuen Inspektoreak. Geldiro eta majestatez, makinen furrundara leunez, trenak ba zihoazen aurrera, orduko hirurehun eta berrogei eta hamar milimetroan. Ilunbe gorrixka hartan konta ezin ala errubi zeuden dizdizka.
Bai mundu berria |