Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Itzulpenari buruz

 

         Irakurleari nekez kostako zaio nobela hau irakurtzea niri itzultzea kosta zaidan haina. Ba dakit neure ezjakintasunaren kontua dela zerbait, jakiteak ez baitu goirik. Baina ez dut nahi apaltasun faltsuz benetako gaitza estaltzerik. Nire ezjakintasuna baino oztopo latzagorik eta desesperagarriagorik aurkitu dut: hizkuntzaren beraren ezintasuna. Eta honek erretzen dauzkit gibelak, zeren ezjakintasuna ikasiez konpontzen baita, baina euskaraz zer da ikasi behar dudana eta zer ahaztu behar dudana? Euskal literaturan Txomin Agirre, Orixe, Lizardi eta abar ditugula eta euskara «plazara jalkitzeko» moduan dagoela este dutenek har bezate Huxley edo honelako beste zenbait idazle eta gero eginen dugu hitz. Norbaitek esan dezake lehenago ere egin direla itzulpenak. Hala da, bai. Neuk ere aisa egin nezakeen Huxley-ren itzulpena neure buruarentzat, edo linguistentzat edo agian «euskaltzaleentzat». Baina nik herriarentzat idatzi nahi dut eta hementxe dago kakoa, alegia, nahi eta ere ezin dudala herriarentzat idatzi neurri haundi batean behintzat. Eta «herria» esatean, ba dakit zer diodan: ez euskaraz dakiten guztiak, oraindik zoritxarrez minoria diren euskaldun alfabetatuak baino. Eta bildur naiz minoria horrexentzat ere ezin dudala idatzi. Ahalik eta konprenierrezen itzultzen saiatu naiz baina ba dakit askori gehiegi kostako zaiola. Non dago koska? Hizkuntzan bertan. Alferreko deritzat afirmazio hau oinarritzen hastea. «Inteligenti pauca». Askok beste gabe konprenituko du zer nahi dudan esan eta beste asko mila arrazoiz ere ez da konbentzituko. Ez dezala inork uste hitz hauek euskararenganako gaitzespenik edo gutiespenik estaltzen dutenik. Ez horixe. Baina bai esan behar dut euskararen ezintasun horrek geure ezintasuna eta geldotasuna salatzen dituela; geuk daukagula euskararen egoeraren errurik gehiena. Eta honekin nator nahi nuen harira, Batasunaren auzira. Ez da hau lekua —eta nahi ere ez dut horretan denbora galtzerik— Batasunari buruz betiko topikoak esaten jarduteko. Ahalik eta bortxatzen esan nahi dudana zera da, alegia, Batasuna urriki gabe aurrera eraman behar dela. Hauxe ere topiko gerta daiteke, baina niretzat guztiz konkretua da bidea. Batasunaren mugimenduak eman du pauso haundi bat: «Batasunaren Kutxa» Mitxelenaren promesaren pean. Bi gauza ikusten ditut bertan zein baino zein inportanteagoak: liburua bera, alegia, ortografia, deklinazioa, aditza eta hiztegi bateratua. Eta bigarrena, lehenengoa bezain inportantea, batasuna aurrera eramateko zin egin duten idazleen zerrenda. Zerrenda horretan beste izen haundi bat sartu beharko litzateke: Herria. Batasunaren auzia beraz, oso konkretua da niretzat. Utz polemikak alde batera, utz behingoz «denok bat egiteko» amets utopiko eta iheskoia. Talde haundi batek bide bat badakusa, berama aurrera urriki gabe. Batasunaren konplejidadeaz eta zailtasunaz ez kargutzeko bezain inozentea ez naiz. Baina uste dut eragozpen teknikoez aparte, ausardiaren gora behera dela gehiago. Erabaki bat hartzerakoan, gaiaren beraren zailtasunari baino beldur gehiago izan ohi zaio sarritan ondoren sortuko den iskanbila eta nahasketari. Gaitz hau euskararen tradizioan patologikoa dugu zoritxarrez. Baina pausoak azkar eman beharra dago, «Gauzek beren denbora behar dutela» atxakiaz denbora pasatzen uzteak ez du beste ondoriorik denbora alferrik galdu dugula konturatzea baizik. Eta beldur naiz askok, ohartuz edo oharkabez, hizkuntzaren auziak sekulorun sekulorun segi dezala nahi ez ote lukeen, kausa bikain bati zerbitzen diolakoan. Baina ba dugu hizkuntzaz beste zer eginik ugari eta aurreragokorik ere.

         Eta honez gero proposamendu konkretu bat egitera nator, behar beharrezko eta luza ezineko deritzadana. Lehenbailehen erdaratik euskarazko hiztegi elemental bat behar dugu. Elementalak ez du txikia esan nahi. Uste dut milaka batzuk hitz hartzeko ez dela askorik nekatu behar, Hiztegi horretan euskal hitz jatorrak letozke, bai eta zenbait hitz arrotz ere —eta askok uste baino askoz gehiago izanen dira—. Hitzak banaka ez ezik hitzen familiak ere ondo osatzea beharrezko deritzat. Esaterako, inork ez du dudan jarriko erdarazko «ver» euskaraz «ikusi» dela. Baina «vista», «vision», «vidente», «visible, invisible», «visiblemente» eta abar ere esan behar ditugula euskaraz. Beste adibide bat jartzeko, hor dugu «jan», denok erabilia, bai herriak eta bai idazle guztiak. Baina «comestible», «incomestible», «comedor» eta abar ere esan behar dira. Eta horra herririk gehienak «komedore» esaten duela. Eta ondo egiten du gainera, edo ez dezake besterik egin, zeren hiztegira edo idazleekana badoa, sei-zazpi hitz aurkituko baititu: jantoki, jangela, jangu, janleku, jantegi, bazkalgu, bazkaldegi, eta abar. Alferrik da esatea hitz hauek elkarren antzekoak direla eta beraz aberastasun bat dela. Hitz hauek antzekoenak badira ere, beti izanen dira diferenteak eta ugaritasun hau aberastasuntzat jotzea neurri gabeko disparatea da linguistikarik elementalenean. Ez dut uste beste inongo hizkuntzatan honelakorik gertatuko denik, geurean eta geurearen antzera daudenetan izan ezik.

         Beste hitz asko dudarik gabe kanpotik hartu beharra dago. Eta hauek ere izendatu egin behar dira. Eta izendatzeko eta fijatzeko ez dago beste bide egokirik hiztegi bat baizik. Hitz hauexetan ere familien problema bera dago. Har dezagun adibidez, «aborto». Hitz hau denok onartzea pauso haundi bat izanik, ez da nahikoa, hortxe baitaude: «abortivo», «abortable», «abortante», «inabortable», «antiabortivo» eta abar. Honekin ez dut esan nahi erdararen plagiorik edo itzulpenik egin behar dugunik. Gauza askotan ez dago paralelismorik. Neuk ere eginak ditut neure lanak honetaz, Mitxelenaren esku jarri ditudanak. Lan haietan disparaterik franko egonen dela ere ba dakit. Horixegatik jarri ditut gizon konpetenteen eskuetan, ezjakintasuna sarriegi eta ozenegi mintzo baita euskal tradizioan. Bost axola zait gainera lan haiek askorik balio ez badute ere, lan batek egitera bultzatu ninduten asmoak betetzen baldin badira.

         Hiztegi hori idazleok beharrezko dugu, txitean pitean darabiltzagun hitzak era berdinez esan ditzagun. Baina hiztegi hori ikasleek dute batez ere beharrezko. Eta idazleok ere neurri haundi batean ikasle gara. Zer egin behar du ikasle batek Mujikaren Hiztegira joanda? Zer hartu eta zer utzi behar du? Mujikaren hiztegia guztiz ona da, baina ez ikasleentzat, ikasientzat baizik, kriterio ondo eginak dituenarentzat. Baina urriki dut ikasi nahiez Mujikaren hiztegira doana, eta urrikiago oraindik Mendizabalenera jotzen duena. Eta nork ez du hiztegi horietara mila aldiz jotzen? Dagoenera jo behar, besterik ez den bitartean. Eta nork ez du hainbeste hitz eta neologismo alferrik ikasi?

         Erdaratik euskararako hiztegia urgentea dugu, jaunak. Galde bestela herriari. Zaila dela? Batasunaren Kutxan datorren aditza onartu dugunok ez al genuke honelako hiztegi bat ere koplarik gabe onartuko, han datorren euskal hiztegi bateratuaz batera? Batasunak bere exijentziak ditu eta berdintsu ikusten dugunok ez dezakegu atzera edo albora begira eta luzamenduetan denborarik gal. Aditza beti jo izan da eragozpenik haundienetarikotzat. Eta benetan ere harriturik geratu nintzen baturik lehenengoz ikusi nuenean, baina pozez harriturik. Denak edo asko ez daudela konforme? Eta zer axola du horrek konforme gaudenok ere asko bagara? Inork aditzean galtzerik edukitzekotan, bizkaitarrok daukagu. Hala ere dudarik gabe eta ondo etorrika hartu dut, zeren askozaz lehenago baita niretzat «euskaldun» izatea, «Bizkaialdun» edo «gipuzkaldun» izatea baino.

         Aditz batuari bezain urgente deritzat nik, eta are gehiago behar bada, erdal-euskal hiztegi bati ere. Hitz asko utzi egin beharko litzateke oraingoz. Baina milaka batzuk biltzeko ez da bururik apurtu behar. Oinarri hori ez litzateke pauso makala bai idazleontzat eta bai herriarentzat batez ere, hala hitzen fijaziorako, nola anitz neologismo oker behingoz desterratzeko. Eta segur egon herriak ikasiko duela, lehen ere hamaika gauza alferreko eta prejuizio inozente sartu diogu-eta.

         Hiztegi honen aldeko arrazoiak ematen ekiteaz ere lotsatu egiten naiz ia. Eguerdiko hamabietan eguzkia behar dugula defenditzen jardutea bezalatsu deritzat nik kontu hori.

         Beste zenbait auzirik ere bada euskaran, lehendik garbi ikusi arren, itzulpen honek askozaz garbiago ikusarazi dautana. Hala adibidez, «euskal kutsua» delakoaren egia eta gezurra, sintaxia, euskal frasearen lotutasuna eta moldagaiztasuna, beste hizkuntzetako prosaren ondoan, abstrakziorako edo hitz abstraktuetarako zer guti landurik dagoen oraindik, eta abar eta abar. Eta zein ateka zabaldu behar zaizkion nire ustez euskararen barruti estuari, munduko prosaren plazara jalkiko baldin bada. Baina hauek kontu luzeak lirateke. Gainera beste asko ere ohartu da gauza hauetaz eta zenbait idazlek benetako ahaleginak egiten dihardu ideia hauek burutik lumara pasatzeko.

         Bukatzeko, hiztegi hori zaila dela? Ez dugu askorik balio orduan. Ez dela aurrera aterako edo ez dela onartua izanen? Batasunaren Kutxako firmak gezurrak ez baldin badira, bai. Hauegatik, horigatik edo besteagatik oraindik ezineko dela? EGIN DEZAGUN APROBA

 

Xabier Amuriza

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971