Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

II

 

        Lerro hauk idazten hasi baino apur bat lehentxoago irratiak oraintsu esan du duda gabe aste honetan irtengo direla Cordoban kausitzen diren preso guztiak. Eskua paralizaturik gelditu zait, bihotza geldirik, odola jelaturik, buruan, belanuetan barrena, ordea, dardar suabe leun bat. Zer ez da izango aurpegiz aurpegi ikusteko parada edukitzen dugunean, ikuitzeko aukera edukitzen dudanean, besotik oratu ahal izatea, zure eskuak, besoak nere gerriak sentitu ahal izatea. Gerrian, zure eskuak nere gerrian. Gogoratzen al zara Adamoren abestiaz, zeinaren konpasek eraginda balankatzen ziren gure gazte gorputzek Errenderiako enparantzan. Musu eman ahal izatea. Zure abotsa bitartekorik gabe entzun, gure artean begietara behatzeke eta oihuka komunikatzera behartzen gaituena, kristal beti lainoz bete izugarri hori ez dugularik. Abotsa bortxatzeke, suabe, emeki emeki mintzatzeko posibilitatea edukitzea.

        Behar-bada jadanik ez duke sentidurik eskutitz honek. Agian igorri orduko, bukatzeko dudanean agian, espetxetik irtenda egongo zara eta dena, oro, guztia esateko aukera edukiko dut. Azkenean, bazen garaia nere bihotza iriki, zabaldu eta egiati gauza guztiak esateko zoriona, Bilboko aste bura baino lehen gure artean genituen harreman sinzeroak berriz konstruitzea, elkarri gertatu zitzaiguna oro kondatzen genionean, konfesio gisa. Haur-joko ero hutsa zela esaten zenuen, gure erligio-edukazioaren aztarna soila, baina zein baketsu sentitzen nintzen horrelako ejerzizioak egin eta gero. Zein garbi sentitzen nintzen hori eginez gero.

        Dena dela, karta hau zure eskutara heltzen ez bada ere, hortik lehenago irten zarelako, hala ere, eskribatzen jarraituko dut dena esateko beharra eta premia sentitzen dudalako. Ia nere buruari esateko gogoa handiago bait dut zuri kontatzekoa baino, ideak argi eta garbi ikusteko eta berriz ere nere burua zure begien aitzinean lehen bezain garbi aurkitzeko eta are neure begien aurrean ere, familiaren eta adiskideen arteko konpresio falta izugarri eta hotz honetan gauzak zuri esanda soilik sentitzen bait nintzen garbi eta lasai.

        Horrela ez balitz ere, lerro hauek zure eskutara erortzen badira, gustatuko litzaidake astiro irakur ditzazun, kapaz naizen egiatitasun osoaz idatziak bait dira. Hargatik, arren, gutunaren memento honetara heltzen zarenean laket izango zitzaidan lehio hartatik begira dezazun izarren bat, ilargia, zeruan barrena arinki doan hodeiren bat, bere bidaian mila forma arrotz dibujatzen dituelarik, segurki memento horretan neu ere argi berari, izar berari begira egongo natzaiola, zu bezala, neu ere saiatzen naizelarik zuk asmatzen dituzuen forma horik asmatzen; pertsonak, oroipenak, idarokitzen duena oro.

        Neu ere imajinatzen egongo naiz zure ezpanak, xure bularra eta besoak, korrika ikusten zaitudala, belartzan nola bueltaka erortzen zaren, uretan, olatu artean nola igeri egiten duzun, bits azpian sartzen, murgiltzen zure gorputza, zilarrezko arrain bat antzo nola higitzen den. Ez zaitez harri romantika jartzen banaiz. Ezin dezakezu imajina ere zer paisaia ikusten den, begiak igoteaz bakarri, lehiotik zehar, idazten ari naizen mahaitik.

        Nere aurrean mendi haritz eta pagoz betea ikusten da, lehenagokoak bezalakoa, beraz, indarraz eta harrrotasunaz jeikitzen dena, retatuz, gazte bat bezala, itsasoaren aitzinean eta Donibaneko portuaren aldamenean hibai hat menderatuz, bere oinak leunki garbitzen eta miazkatzen dizkiolarik, kursi irudiko ez bazitzaizun, Martaka Jesusi esatera nioakezun. Memento honetan leiho aurretik itsas untzi bat iragaten ari da. Banderagatik Noruegakoa edo dirudi, kargaz betea pintatu berria, barri-egia bezalakoa, eskandinabo dena oro modura. Artilezko jertse berriegi dituzten marinel batzuk besoak eta eskuak igurtzen ari dira, noizbehinka saltoren bat ematen dutelarik. Baina hotzaren kariaz baino —ez baitu horren besterik egiten— ematen du, desenbarkatzen dutenerako forman egoteko asmoarekin egiten dutela, horrela Donostira korrikan irteteko prest egongo direlako. Kalatxori batzuk noiz zirkuluak, tirabuzoiak, jiroak, mila lerro eta arabesko dibujatzen dituzte bere hegatzeaz, noiz haizeak eraman ditzan uzten dute, Supertrampen musikan inspiraturik legokeen ballet bat interpretatuz bezala. Ni ez nintzen inola ere gauza izango zortzi urte egoteko itsasorik ikusteke. Gau hezean uhinak nola hondartzara aurreratzen, abantzatzen diren ikusteke, jinete gabeko zaldi zuriak irudiz; itsasoan bainatzeke, murgildu eta ur azpian birikiak leher zorian aurkitzen diren sentitzeke: uraren parte bat, itsasoaren tanta nimino bat garela, itsasotik gatozela, arraiak direla gure arbasoak eta berriz ura izan, urtu behar dugula sentitu gabe.

        Euria egiten ari da. Tamalez, bada, ezin izango dugu arrantzara joan. Egia esan, neri ez zait hainbeste arduratzen arrantzan ez egiteak, baina zein lasaigarri den Karlosen untzian buelta bat ematea. Ez dakit jakingo duzun berri bat erosi zuela, bela ikaragarri handi batekin. Ez sinestekoa da nola disfrutatzen duen, ume afanoso batek baino gehiago, marinel zaharrak imitatuz, kapitainaren pipa eta gorra ere erabiltzen baitu. Zenbat emango nukeen neure bizi guztian hain gazte eta adoleszente irautearren; nahiz gero luxo hori beste pertsonek ordaindu behar izaten duten. Karmele ere, segur aski, gurekin etorriko da. Bolada honetan guztiz jator ibili da, bereziki keramikagintzan hasi zenez geroztik. Ah! azkenean ez dugu jakin hartu ote zenduen ikurrinaren forma zuen hautsontzi hura. Aurrenik egiten zuen gauza zen, eta beraz agian ez zegoen guztiz ongi amaitua, baina harez gero dexente ikasi du eta orain pitar zoragarri batzuk egiten ditu, horrez gainera pintatzen ikasi bait du eta anitz koloretako lore xit xarmangarriak egiten. Beste batean pitar bat egin zuen lore morez pintatua, eta artista profesional baten eskuetatik sortua ematen zuen, benetan.

        Ia euria egiteari uzten dion eta itsasora joaten garen. Zenbat emango nuke txalupan biloizik etzanda, eguzkiak laztandurik egotearren, kalatxorien hegoaldiari so, biok elkarrekin egin ditzakegun gauzetaz pentsatzen.

        Karlos siestatik jeiki da eta, beti bezala, pianoa jotzen bai baina jotzen zentsurik ez musikalenean esango nuke, hasi da. Musikaren ritmoari —haseran dudakor eta desigual, melodiaren aldatze etenkorrari—, jarraikiz soilik badakizu nola doan esnatuz ezeri-ezerian eta zein humoretan kausitzen den. Edozer gauza emango nuke berak bezain ongi jotzearren. Maite ditudan pertsonei senti erazteko, berak neri orain bezala, Yesterday jotzen duenean sentierazten didana. Ehun mila aldiz entzuna baina memento honetan bertan lehen aldiz entzun banu bezala aditzen dut, astiro, romantiko, sentimental, gorputzaren azaletik arimaren hezurretaraino sartzen zaidala, dardar ikaragarri batetan ezarriz, lehen aldiz Lekeition entzun nionean bezala. Karlos aluak ongi daki hori eta aukera duen bakoitzean ez du dudatzen, gauza den sentimendu guztiaz jotzen ditu nota horiek, pianoa ezin emekiago laztanduz, aingeru batek zilarrezko arpa baino suabekiago. Badirudi ongi dakiela, eta parada duen bakoitzean probetxatzen dela, nere arimak buru gainean hari tipi bat duela, neskatoen lazo bat bezala, eta handik tiratuz nere arimaren haragi bizia ikuitzen duela, berak nahi dituen sentimenduak sor eraziz, edo direla gauza gertatuen oroipenak edo direla beste horik bezain aztarna uzten dituzten jasotzeko eta jasotzeke dauden gertakari amestuak sujerituz. Lehen konpasak entzuten ditudanean, oroitu baino gehiago birbizi egiten dut abesti horrek garai batez bioi esaten geniona. Gogoratzen al zara nola joan ginen astegunean biok bakarrik koadrila utzirik «Zein gaua egun hartakoa» ikustera, eta gure herritik nahiko urruti periodikoek hitzegiten zuten gertakari bat jazo zela, oraindik guti ezaguna baina gure bizimoduak aldatzeko indarra eduki zezakeena, minigona eta mutilen bizarra uztea baino aldaketa sakonagoak ekar zitzakeela. Gure adineko jendea milaka mugituko zituen sukar bat. Amets bat: kantuz eta dantzaz aldatuko genuela gustatzen ez zitzaigun mundu probentziano hertsi hura, nahiz jakin ez zerk har zezakeen haren lekua.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983