Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XXIII

 

        Nere adiskideak ere ez ziren agian hobeki portatu. Boitean beste inor ez balego bezala, euskaraz ozenki hitzegiten, anderenioen euskara batu finean. «Ideologia» alemanez bezala ahozkatzen eta besteen hitzegiteko manera korrejitzen, esku gurutzatuak sabel gainean emeki apoiaturik, «miresgarri» norbaitek «admirabli» esan zuelako ondarrutar azentu eta doinuaz. «Multzoa» Arrate eibartarrak «mordoa» esaten zunean, halako moldez non Rotemeyer berri horrek hitzegiten zunean ideak komunikatu beharrean seminarista-ohi batengatik ikasi berriak zituen hitzak errepikatu besterik ez baitzuen egiten ezein zentzu eta ez kontenidorik gabe, euskara korrejitu, garbitu eta diztira emanez, ekin eta yarrai. Bihotza zeritzan Rotemeyer barriaren gona puntiladuna, Arrateren galtza berdea bere oinen moztasuna areagotuz, Aneren miope betaurrekoen diztira, blusa morea, eskua higitzeko era hain artifizial eta afektatua. Afan eta irriki fortzatua.

        Eta gu biok barraren erdian banderila eta kanapen bandejak banantzen ezkerretara eta eskubitara, ardo zuri eta beltz, bitter eta cinzanoko boteilak errepartitzen alde batera eta bestera kamarero baten laguntzaz, zubi-rola egitera entseiatzen ginelarik bai zure familiaren eta nere sendiaren artean eta bai zure adiskideen eta nere lagunen artean, inongo arrakastarik gabe, beti bezala.

        Horrelako egun bat elkarrekin bizitzeak eta padezitzeak areago elkartzen du hamar urte elkarrekin bizitzeak baino.

        Guztiz inkomunikaturik geuden. Egoera geroz eta hertsiago eginez zoan, ke gehiago, jendea lasaitzen zoan eran lekua ere hestuago ematen zuen. Ez nenkien jadanik ni ala beste jende guztia zegoen han sobera. Jose Ramon Cuban sanitatean eta erakaskuntzan egin diren aurrerapenez ziharduen, hizkuntza militarraz baliatu, analfabetismoaren kontrako batalla, epidemiari gerra deklaratu. Pedro Mari bere oin luzeetan ordena apur bat jartzera entseiatzen bere eta Jose Ramonen are luzeagoen bitartean zegoen leku hestu tiki hartan kabi zitezen, zein irrikiaz mintzatzen zen Beattlesi buruz, halako moldez non bazirudien ezen musika modernoko konjunto bat baino areago zirela Hegelen Espirituaren Fenomenologiari musika jarri ote zien orkestaren bat, hain ziren esoteriko, sakon, alanbikatu, mezu filosofiko estrainio eta ulergaitz Paul McCartneyren abestien letrak. Zertaz ariko ziren eten gabe gure amak, hain ertz hilun hartan?

        Banderilak bukatu eta Pedro Mari txiste hain injenioso hura egin zuenean, «orain nora goaz jatera?» esan zuenean hartu botella bat eta buruan joko nukeen. Sekula ere ez zara destakatu adiskide jator eta normalak eridetearren.

        Arrate Jose Ramonekin koketeatzen hasi zen, ezkondurik zegoen adiskide bakarrakin hain zuzen, batere ironia izpirik gabe ia nola zekien hainbeste gauza Cubari buruz galdeginez. Jose Ramoni begiak ezin zabalagoak jarri zizkion aireportuko pista guztia beretzat bakarrik hutsik aurkitu balu bezala, bere jakituria guztiak aparka dezan, eta afan guztiarekin egin ere, boltereta bat inperialismoaren menpean zeuden herri kolonizatuek egoera larriaz, tirabuzoi moral batzuk iraultzaile baten eginbide inportantena iraultza egitea dela demostratzeko, balantzeo suabe batzuk alderdi erreformisten paper egiaz erreakzionario eta kontrairaultzaileari buruz, azkenean, lurra hartzeko mementorik egokienean gai horri buruzko ezagutza zabaldu eta sakondu nahi bazuen bere gurasoek liburudenda bat zutela Hernanin literatura legal zein ilegalarekin.

        Ordurako zure aita ere animatzen hasia zegoen eta jeiki eta ahalketsu, neskato batekin bere bizian lehen aldiz hitzegitera hain urduri seme arra edukitzearren, baina bai guk egin genuen montaia hura guztia gatik. Eta galdegin zion ea Arregi pelotari famatu zahar hark bere familiarekin zerrikusik ote zedukan, segurtasun guztiaz horrela nere aita batbaten tartika guztiez explikatzen hasiko zitzaiola zenbait partidu irabazi, nolako tanto espektakular ez sinestekoak, zenbat tanto galduak eskuko min krudel haren kariaz.

        Eta orduan, giroa desjelatzen hasi eta berehala, bi amak jeiki eta kafe bat bartzeko asmoaz goiko kafetegira igo zirenean, denok automata batzuk bezala jarraiki genien. Gora joan kafe bat hartu eta hantxe bukatu zen gure ezkontza.

        Ez dakit zergatik esaten dizudan hau guztia. Agian nere baitatik sortzen zait, berriz ere sentsazio neretzat hain ezaguna datorkidalako, bakartate hezea, komunikazio eza eta animalia tikia izateko gogoa, ezertaz ere ez pentsatzeko. Hobe uso tiki bat banintz, egun hauek zurekin pasa ahal izateko, zure hatzekin nere lepoa laztan diezadazun, eta mokoa, burua, hegalak maitekiro musukatu.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983