Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—16—

 

        Gero jakin nuen garai hartan Luzi guztiz iaioa omen zela eta maniobraren bat egin nahi zuela jelosia jelosiaz ordaintzeko. Ez genuen deus ere egin, baina segur asko bere planetarako hori ez zen beharrezkoa, inportanteena elkarrekin bakartatean egotea eta Jabik jakin zezala zen. Baina Jabiri ez zion axolik, zeren horrela, bere kontzientziaren aurrean bere kondukta justifikatzen bait zuen, Luzi ere besteekin zebilela eta. Eta ni erdian, aldez Jabik zirikatzen ninduelarik karta zuria lor zezan, eta aldez Luzik nerekin jolasean ari zelarik, baina jolastera sekula heldu gabe.

        Eta ez nuen giro hartatik irteteko ezein itzur biderik. Orduan okurridu zitzaidan Joneri deitzea. Beste egoera normalago batetan ez nukeen inola ere egingo. Klandestinitatearen arauak apurtzeko erarik nardagarriena bait zen. Kasualitateren batez poliziak, etxetik hanka egin nuela susmatuez gero, aurrenik bururatuko zitzaizkien gauza nere adiskideren bati jarraitzea bait litzateke. Eta behin urrats hori emanez gero zure ondotik hastea ez da hain arrotza. Banenkien gaizki egiten nuela baina jasan ezina zitzaidan giro hartan jarraikitzea.

        Orduan erabaki nuen zuri deitzea. Dudatan nengoen etorriko ote zinen, aldez aurretik hiru edo lau aldiz elkarrekin buelta bat Hondarrabian besterik ez bait genuen egin, baina zurekin nengoenean, ez dakit zergatik, lasaitasun fresko berezko bat sentitzen nuen eta besteekin baino gusturago nengoen. Hala ere, telefonoaren numeroa lortzeko, hainbeste buelta eman behar izan nuen, azkenean Donostira joatea erabaki arte. Badakit astakeria grabe bat zela, baina behin egitea erabaki nuenean edozer egiteko prest nengoen. Haseran Brunori eskatzeko egon nintzen, baina berehala damutu nintzen banenkien horrek gero koadrila guztiari esango ziola eta. Eta bi xori tiro batez hil nahirik Luisaren gana joan nintzen. Bidean autoestopean ninoala, horrela baskongadosetan edo autobusean joatea baino segurago zela uste bait nuen, oraindik ez nengoen segur zer egingo nuen. Ez bait nuen erabat deskartatzen Luisari berari proposatzea. Nahiz hau zu baino areago ezagutzen nuen, honekin harreman arinagoak nituen, gaingiroki baizen ez bait nuen tratatu ordurarte.

        Bere etxen presentatu nintzenean burutik oinetara dardar jarri zitzaidan. Esplikatu nion behin eta berriz ni ez nengoela erreta, egia zela erakundean sartua nintzela eta etxetik hanka egin nuela baina polizia ez zebilela nire ondotik, baina ez zidan entzuten esaten niona, bere ama laster etorriko zela eta etxen harrapatuez gero izugarrizko disgustoa hartuko zuela baizik ez zidan esaten.

        Apur bat lasaitu zenean bere gelara eraman ninduen. Dena liburuz betea zedukan eta estudiatzeko mahain gainean Simon de Beauvoiren Bigarren Sexoa. Larruzko kadira batean gainean indioak bezala eseri eta bere melena beltza lazo more batekin lotu zuen. Portzelanazko figura polit bat formatzen zuen kadira haren gainean niki morea eta bonbatxo zabal haiekin, baina haren aurrean martziano bat sentitzen nintzen.

        «Ez nuen sekula ere pentsatuko horrelako roilo batetan sartuko zinenik. Ez diot inolako arrazoirik aurkitzen». Inongo iaiotasunik gabe piztu zuen zigarroa eta ezin izan zuen ebitatu eztul pare bat botatzea. Baina erakunde horrek ba al daduka zerrikusirik langilegoarekin eta marxismoarekin, eta zu marxista zara, ez da? Ezpainak biribildu eta globo bat puzten bezala bota zuen ahoan zuen ke guztia. Bilboko burjes tikiak. Argiki ikusi da orain hor, Lekeitio ondoan komando bat harrapatu dutenean bata juezaren senidea, besteak Deustuko ikasleak. Abentura bat da.

        Irakurri ahal duzu «Los condenados de la tierra»?

        Bai, eta zer?

        Bada hor argiki nabari da herri kolonizatuetan jendeak jasaten dituen alienazioa eta traumak.

        Ez didazu esango Euskadi kolonizaturik dagoenik. Alderantziz agian, hemengo burjesia da Espainiako langileria explotatzen eta hango herrietako lehengaiak ekartzen dituena.

        Baina egoera politiko eta kultural honek euskal jendearengan uzten dituen traumak, egiazko kolonizaturik baiginake. Ez dot ulertzen nola esan dezakezun horrelakorik. Kontzientzia errealitatearen espilatze bat da. Eta errealitatean, politikoki nahiz ekonomikoki kolonizaturik ez badaude; nola uler dezakezu kontzientzian eta kultural horrelako fenomenorik egon daitekeenik?

        Baina euskararen egoera. Hizkuntza debekatua...

        Eta burjesiak euskararekin egiten duen manipulazioa Euskadiko langileria dibiditzeko. Euskararen paper objetiboa hori bait da, aldez langileria banandu euskaldun eta erdaldunen ar tean, eta bestetik langile euskaldunak burjesia euskaldunarekin lotu. Gainera euskara zer da? Euskal herriko jendeak hitz egiten duen mintzaira, eta euskal jendearen mintzaira, euskara bezain euskaldun dira andaluza, gaztelania, galegoa, eta abat.

        Errege banendi, erregina zinake. Sartre banendi, Simone zinake esateko goga nuen autoan bere etxera ninoala baina han nere aurrean nuenean xit kursi iruditzen zitzaidan horrelako zerbait esatea.

        Bigarren sexoa irakurri beharrean lehen sexoa agian egokiago litzateke, mutilok baino konpetitiboagoa bait da. Bizkarretik hartu eta astintzeko gogoa ematen dit, ea konturatzen den ez gaudela Frantzian, eta Donostiak ez duela zerrikusirik Parisekin. Han erresistentzia garaile batetik irten zirela eta nola iraultza egiterik ez zuzen lortu, baduela zentzunik existentzialismoak baina hemen haur-jolasketa bat besterik ez zela garai hartan. Ez dut uste ordea berakin eztabaidatzea merezi zuenik.

        Irakurri al dozu Mexikon sortu berria den Cheren Obra.

        Zer deritzazu iraultzailearen lehen egitekoa iraultza egitea dela dioenean?

        Eta baldintza objetiboak? Nik Che asko maite dut. Baina marxista baldin bagara, baldintza objetiboak aztertu behar dira. Cuban zilegi eta zuzen zena, agian hemen ez dago hain argiki posible denik. Hasteko, jendea ez dagoelako tiroka hasteko prest.

        Han ere ez. Cuban haseran jendea ez zegoen prest, baina abangoardiaren lanaren kausaz, egoera aldatu egin zen. Baldintza objetiboak ez direlako behin betirako, aldatzeko posibilitatea ere badago. Orain arte intelektualak mundua interpretatu besterik ez dute egin, hemendik aurrera gure egitekoa mundua aldatzea da, hori edo horrelako zerbait ere norbaitek esan zuen. Zein harro sentitu nintzen horrelako aipu egoki eta definitibo batetaz hain ongi oroitzeaz. Esan nion segurtasunak, beste norbaitek ahozkatu zuela ematen zidan.

        Izakiak determinatzen du kontzientzia eta ez alderantziz, esan dizut lehen ere. Hemengo egoera eta Espainiako gainerako beste edozein herritakoa ez dira guztiz desberdinak, explotazio kapitalista berdina da, askatasun demokratiko falta ere berdin samarra. Eta zanpakuntza kulturala, agian hemen kualitatibo dena, kultura desberdina, han kuantitatibo dela, kultura falta. Baina gainera, kultura horretaz den bezainbatean, ez ahantzi erabat burjesa dela, euskal langileriak ez duelako landu bere kultura euskaraz, eta burjesiak bai.

        Agian burjesiak ere ez. Apaizek besterik ez bait dute egin. Eta apaiz haiek zer ziren, bada. Euskal kultura hori dena kalbinisten influentzia errotik ateratzeko besterik ez zen izan.

        Ez nintzen joan etxe hartara horrelako eztabaida edukitzera eta geroago eta nardatuago sentitzen nintzen. Ez zegoen zereginik neskatxa harekin. Noizbait, agian, euskaldun gaztearen gorpu hilaren aurrean bere sentimenduak erabat astindurik egongo lirake, baina bien bitartean denbora galtzen ari nintzen alde guztietatik.

        Azkenean jonen telefonoa eskatzera ausartu nintzenean erabat harriturik gelditu zen. Uste dut, aldez ez zuelako amesten zu politikan sarturik zeudenik eta aldez igarri zuelako berakin egotera joan banintzen agian zure telefonoa eskatzeko besterik ez zela izan.

        Zure numeroa hartu eta joaten hasi nintzenean kaleko ateraino lagundu ninduen. Banenkien azken aldiz ikusten nuela eta hurrengo aldirako, ikusten baginan, anitz urte iragango zela, baina ez nuen musurik emateko ezein gogorik.

        Egon nintzen atariko atelzain automatikotik deitu eta <idiota> esateko, baina etxea utzi nuenean bost axola zitzaizkidan Luisaren jakituria guztia.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983