Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—15—

 

        Mutiko bat pasa da nere aldamenean eta begira geratu zait, nere trazaren arroztasunaren kausaz, pentsa dut haseran, baina gero dudatan gelditut naiz, bere insistentziagatik, ez ote dudan nonbaitetik ezagutzen, agian bart afarian egon da, nahiz ez duen euskal traza handirik, baina hori ere ez da atxakia hemen Bruselasen jaio eta bizi bada. Seguraski beste norbaitekin konfunditu nau.

        Begiekin jarraikitzen dut bere begirada, lepoari buelta ematera behartzen banau ene, eta bere jakinminaren zedea erideten dut: garagardotegiaren barnean hamar bat urtetako neskatila bat, zakur batekin jolasean, andre nagusiaren keinuak egiten, segurtasunaz agintzen zakurrari geldirik egoteko, baina aurpegiz are umeago ematen duena. Panpina aurpegia du, pekaz beteta begi-inguruak eta bi zulottu nimino biribil masailean irripar bat argitzen dunean. Beharbada ez du hainbeste urte, bueno horixe, zazpitik hamarrera, ez gehiago eta ez gutiago. Ez dakit ume bat zer den. Nola pentsatzen eta portatzen diren, zein sentsibilitatea eta nolakoa duten. Eta hala ere ume baten aita naiz. Eta laster agertuko da plaza adokinatu eta eguzkiz bete honetara aita esatera eta musukatzera, haurtzaroan ezagutu ez duen eta bere bizi moduan falta izan zaion ordena eta segurtasuna eskainiko dion aita gerizale baten bila.

        Baina, nola eskaini dezaket nik horrelakorik inori neure buruari emateko ere ezteus bait naiz. Saioa gaisoa. Gure bizian egiazko sakrifikatua. Gerra estrainio eta ezkutuko baten ume-zurtza. Aita gabe jaioa. Aita gabe baino tzarrago. Zenbat negar egin zuen gaisoak lehen aldiz ikusi ninduenean. Bi urte justo justo edukiko zuen lehen aldiz Burgosko gartzelara iragaten utzi ziotenean.

        Aita ezagutuko zuela eta hain pozik omen zetorren, baina gartzelara iragan eta katxeoa, hain bobeda handien hoztasun hezea, gizon zaharkituak ehun zahar zimurtutako preso-trajeekin, ilea xit motzekin, eta negarra irteten zitzaion, igartzen bait zuen zerbait estrainio eta zitala gertatzen zela leku hartan. Bere aitarekin ere ez zuen nahi egon. Kalera, besterik ez zuen esaten. Aita ere ez ninduen deitu.

        Azkenean, beldur nintzen ez ote zen traumaturik gelditu. Eta orduan konprenitu nuen argi eta garbi lehen aldiz nere bizian, ez nuela ume hura mundura ekartzeko inongo eskubiderik. Gelara joan eta izugarrizko ukabilkada bat jo nion hormari. Agian ez nuen eskubiderik ezkontzeko eta ez Joneri Bilbora joan zedin eskatzeko ere.

        Beharbada amodioak eta maitasunak baino areago egin bait nuen beste edozein sentimendu ezezagunen batek eraginda. Bagenekien uda hartatik ez ginela ongi aterako, nor bait hilko zutela segurki eta beste anitzek bere bizi gutirako gartzelara joan beharko zuela. Eta gizon egiteko sentimendu sakona nuen, agian nere buruari andre bat kontestatzeko gauza nintzela demostratzeko, nork jakin. Baliteke ere dena Jabiren liada bat besterik ez izatea.

        Jabi. Gure garaiko egiazko buruzagia. Poliziaren eskuetatik hainbat aldiz itzuria. Behin beste aldera hanka egin eta berriz barnera iragatera ausartua. Gure gazte-burrukari jarraipen eta transzendentzia ematen zion bakarra, aintzindari politiko izanez gainera, besteoi amodioa egitera bultzatzera obsesionatua.

        «Nik ikasi nuenean ez nuen uste inoiz erabiltzera beharturik kausituko nintzenik. Parisen arjeliar batek erakutsi zidan ostatu batetan, biok garagardoz erdi-mozkorturik. Guztiz erraza da. Hartzen da pila bat, baina ez edozein, hemezortzi watiotakoa baizik, eta detonadore baten bi kableak ezartzen zaiozkio bata positiboan, honela, bueno hau zirriborro higuingarri bat da, tzarra bainaiz dibujatzen, baina berdin da, ulertzen didazue, ez da? eta hemen negatiboan beste ezkina eta kito. Bueno eta erlojua, jakina. Bestela hau kontaktotan jarri eta berehala lehertuko litzateke, horregatik behar duzu medioren bat kontaktoa egiteko, bestela zure eskutan lehertuko zen. Eta jartzen duzu erloju bat, tikiek ere balio dute, baina gordetzeko problemarik ez badago, hobe duzu despertadore bat jarri, hemen kable honetan eta, hartu kablea eta moztu eta gero mutur bat orduan, adibidez zazpietan nahi duzula, bata zazpietan, eta beste kable-muturra erlojuaren beso tikian, horrela zazpietara heltzen denean kataplun, kotxe guztia izorratuta, bueno kotxea edo kuartela, dena dela. Batzutan kale egiten du. Begira beste aberri egunean, bost jarri genituen baina hiru baizen ez ziren lehertu. Zaila da jakitea zergatik lehertzen diren batzuk eta ez besteak. Zortea agian, errazena izango da, nik uste, beharbada kableren bat askatuko dela, bereziki hauxe, erlojuaren beso tikian loturik egoten dena.

        Erreza, ez da? Nik lehen uste nuen askoz ere zailago izango zela. Badakizu pelikulak gatik, han emozio apur bat emateko edo askoz ere konplikatuago egiten dute. Baina hauxe da dena. Bueno gero, nola detonagailu tikia izaten den, detonante hau goma-bi edo dinamita-kartutxo baten barnean ezarri behar duzu, leherketa handiago dadin, baina Arjelian detonadorearekin berarekin bakarrik ere maiz jartzen zuten, adibidez, pospolo kaja baten barnean hau dena jarri, orduan bai, eskumuturreko erloju tiki bat behar duzu, eta restaurante batetan txakurraren mahain gainean jartzen haduzu, eta ez da lort erraza, jakina, agian txakurra akabatzen duzu.

        Baina ez zaitut imajinatzen, zu Josu, bonba jartzen. Eta zu, Jon, gutiago. Ezaba dezagun poliziak hartzen badu ere, kuaderno hau. Ze arraro, ez da borratzen, ez da? Begira oraindik erlojua eta positiboa eta negatiboa igartzen dira. Koño, begira orain ematen du alu bat dela. Ezpain handiak, ezpain tikiak, eta hemen klitorisa. Ohera ahal zarete inoiz neskatxaren batekin?

        Apaiz bati galdegin ziola konturatzean, belarreitaraino gorritu zen bera, baina Jonek berari galdera ez bazion bezala patsadan zegoen, galderak ez zuena zentzu guztiz konkreto baten segurtasunaz. Biak neri begira gelditu zitzaizkidan. Ez nenkien non sartu nere begiak. Baina ez nien baietz eta ez ezetz esan. Birjina nengoen froga aski. Orduan, bada, kontseilu bat, egiatan, begira, jende askok uste du emakumeek zakila sartu eta irten eginez gozatzen dutela, baina gezurra da. Bere sensibilitate guztia hementxe, ezpain handien puntu gora honetan dagoen klitoris honetan biltzen da, eta han ukitzen edo igartzen ez baduzu ez dira enteratu ere egiten.»

        Begiak paperetik igo nituenean, furia eta amorrazioz bete nintzen, Luzi begira zegoela konturatzean. Nagusi irripar bat eta bere kaderen biribiltasuna nabariago egiteko besoa jeikirik atearen markoan apoiatuta.

        Berehala jaka hartu eta hanka egin nuenean, Jabik uste zuen bere historia hark lotsatu egin ninduela. Hori badoa dastatzera, edo horrelako zerbait entzun bainion atea ixten nuenean. Baina ez ninoan ezer dastatzera, zerbaitetik ihesi baizik.

        Ezagutu nuen egunean bertan ere igarri nion zerbait arraroa, beste ezein neskatxari aldez aurretik ez ikusia, garai hartan aztertzera entseiatu ere egin ez nintzena. Ez dakit begiratzeko modu anormal bat, bere begietatik indar misteriotsu beltz bat jario balitz bezala. Ironia lotsagabe bat agian.

        Buruzagiaren andreak mutiko gaztearekin jokatzeko gogoa balu bezala. Koketeo ahalkegabeegia egiazkoa izateko, behar bada Jabiri zerbait demostratzeko asmoaz, baina gero egiatia ematen zuena.

        Bada ez bada Bilbora entxopanaturik joan nintzenean, hamabost egun haietan maiz etorri zitzaidan bera bakarrik, haseran erakundea zona hartan nola zegoen esplikatzera, baina hiruzpalau egun iragan eta, explikazio batzuren eske, nahiz bera herrialdeburu izan ere, nere informazioren bat nahi balu bezala, edo dela libururen bat edo dela garai hartan edonoren eskutan ez zegoen informazio motaren bat, hala nola Frantziako PCren estruktura, etab.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983