Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

I

 

        Maitea, zein nagitasuna ematen didan berriz, gaur ere, boligrafoa hartu eta zuri karta hau idazten hasteak; Alizia berri baten irudiz, paper zuri honen beste aldeko bakarraldian murgiltzeak. Baina uste dut, hala ere, hauxe izango dela bidaltzen dizudan ene azken karta, zirkunstantzia hauetan bederen, zeren gaur goizean, gutien espero nuenean, zure abokatarekin aurkitu bait naiz eta esan dit zuena ongi doala. Bueno, honez gero segur aski enteraturik egongo zara duda gabe, telegrama bat bidali dizuela esan bait dit. Hainbeste urtebete itxaroten egon eta berriz aurkitzeko eta elkarrekin egoteko aukera edukiko dugunean ze sentsazio arrotz multzoa sentitzen dudan, aldez aurretik ez ezagutuak eta imajina ere egiten ez nituenak, eta are gehiago, esango nuke ez dutela zer ikusi handirik bakarraldi heze eta triste batean irudikatzen nituenekin. Lehen beti amesten nuen, trantze hau heltzerakoan alegrantziaz lehertuko nintzela, guztiz urduri eta nerbiosa jarriko nintzela, ezin izango nuela ezer ere egin, eta zu aurkitzen zinen lekura irtengo nintzela lasterka, oinez besterik ez bazen ere. Berriak, ordea, absurdo iruditzen bazaizu ere, hotz utzi nau. Are gehiago, nolabait beldur apur bat ere eman dit. Ez dakit zerk ote, notiziak berak ala neure hotzaldiak berriaren aurrean. Ematen du pasa zaidala nola batzutan pultsoan gauza bat eusten egon eta eskua erdi lotan paralizaturik gelditzen den, bada, hauxe bera. Sentikortasuna agorturik, ahiturik edukiko banu bezala, emozio berriak sentitzeko kapazitatea galdurik banu legez. Istant batez onartu behar banu modura, hurrengoan elkarrekin bakarrik, funtzionaririk aldamenean ez dugula aurkitzen garenean, zortzi urte baino gehiago igaro direla azken aldiz besarkatu ginenetik.

        Uste dut Saioak oraindik ez dakiela ezertxo ere. Telefonoz abisatu izan nahi izan diot, baina ez dakit zer arraio gertatzen den Mundakan zeren ez bait dago telefonoz deitzerik. Hamar urte bete baditu ere oraingoz ez dakit nola hartuko duen azkenean bere aita gartzelatik irtengo delako berria, oraingo bolada honetan nahiko raro xamar baitabil. Badakizu ez dela sekula izan neskatila oso hizlaria, baina orain zure antza gero eta handiago dauka. Ez da gauza bi hitz segituan esateko eta egun guztian egoten da irakurri eta irakurri. Iadanik ez da gustora sentitzen ez telebista ikusten ere, eta badakizu lehen nola irensten zituen programa guztiak. Beldur naiz ez ote den ari inpresionatzen zure irteraren irrikiaz.

        Espetxetik irten eta berehala hemendik anka egin behar dugu, egiaz kontatzeko, zer sentitzen duzun, zer pentsatzen, zein diren zure ametsak eta ilusioak, azken momento hauetan maletak prestatu eta kalera irten baino lehen. Zenbat gauza eduki behar duzu kontatzeko, batez ere zer egin eta pentsatu duzun azken urte hauetako bakarraldi horretan. Ia lortzen dugun inposatu diguten aislamendu hau apurtzea.

        Egia esan, eta benetan, bihotzez esaten dizut, ez zait axola azken urte hauetako bakazio eta oporraldi guztiak galtzea zu ikustera joatearren aste sainduan eta udan hainbeste urtean barrena. Konsziente bait naiz egin dudan guztia ideal baten gatik egin dudala, berdin zait jendeak entenditzen nauen ala ez, baina sekula ahaztuko ez dudana bizi naizen bitartean —barkatzea ala ez beste gauza bat da— jarri gaituen inkomunikamendu hori da. Zenbat gutun lelokeriak esaten, hainbeste gauza kondatzeko genuenean. Baina ze nazkagarri zen, esaten nizun guztia —ez, jakina, Saioa gaixorik zegoela, ni ongi aurkitzen nintzela eta hori guztiak,— baina beste gauzak oro beste begi arrotzek jakingura morbosoaz irakurriko zutela jakitea. Ze indignante susmatzea, susmoa besterik ez bazen ere, gutunen batetan esaten nizuna zure kontra erabilia izango zela, agian mortifikatzeko asmoaz. Horrek eragotzi ninduen behin baino gehiagotan zureganako nere egiazko sentimenduak erakustea. Eta hori bai zaidana barkaezina.

        Batzutan uste dut gartzelan iragan duzun denbora luze honek ez duela kontatzen ez zuretzat eta ez neretzat. Oraindik ematen du atzo zela irratian entzun nuenean Luis eta zu Bilbon detenituak izan zinatela. Agian gauza haietaz hobeki oroitzen naiz atzo goizean gertatu zirenetaz baino, indar handiagoaz geratu direlako grabaturik, su eta burdinaz, nere baitan. Memorio handiago eta freskoagoa dut egun haietan, aste hartan gertatu zenari buruz, piztiak bezala persegituak egon ginen denbora hartaz, ezen ez geroko denborari buruz. Eta, haatik, aldatu egin naiz. Aski aldatu naizela uste dut behintzat. Asko aldatu gara denok. Zu ere bai, nik uste. Lojiko da, jadanik ez gara haur batzuk. Ia hogeitabamar urte dugu. Ura hatz bitartean bezala joan zaigu denbora, enteratzeke, bidaia beti berdinetan, hitz lelo hutsez betetako bisita eta gutunetan. Tximinoiak ekarri ditut, amak legatza prestatu dizue, aurkitu dut azkenean eskatu zenuten liburu hura. Hainbeste gauza kondatzeko genituenean, edo nituenean, zenbat problema eta arazo komunikatzeko genituenean, eta ez bakarrik Saioaren heziketari buruz, baina bai sakonagoak ere. Zeren gauzak aldatu egin bait dira, ez dakit hoberako ala gaizkirako, nork jakin, ez dakit gure gurasoak gu baino zoriontsuago izan diren ala ez, baina gure inguruan erraza da frogatzea nola ezerian bada ere aldatzen den, jendea, nola betidaniko eta betirako ziruditen balioak globoak irudiz lehertzen diren, ahitzen diren, gutiengoaren gesto eta hizkuntzak gehiengoarenak bihurtzen diren. Ez dakit jendeak zinez asumitzen dituen ala ez, hori beste problema bat litzateke. Agian hori ere moda bat bezala iragango da. Nork jakin snobismo hutsa den ala jendea aspertu egiten delako, baina ezin dezakezu imajina ere nolako txaskarriloak dabiltzaten ahoz aho.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983