Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

X

 

        Garai hartan, gainera, ezin izan nion arreta handirik dedikatu gauza izugarri batzuk gertatu bait zien.

        Ikusten zen gauza ez zela ongi bukatuko. Zeren, Carreroren atentatuaren arrakastaz animaturik, erakundea erdi harroturik bait zebilen eta Madrilen frankismoa behin betirako hondatuko zuten zerbait aurrera eramatea erabaki bait zuen. Madrilen gertatu zen masakrearen berri jakin eta berehala kontura ginen zerbait grabea gertatuko zela erakunde barnean, esaten zuten bezala. Hanka sartzetzat hartuko zuten ala aitzitik gerrako egintza bat bezala. Handik zenbait hilabetetara sortu zen eszisioa milien eta poli-milien artean. Garai hartan ni aski desligaturik nengoen erakundetik eta gertakari politikoak, egia esan, ez nituen jarraitzen interes pertsonal baten gatik, jasotzen zena zuri gero bisitetan kondatzeko baizik. Zu ere bolada hartan, Luis eta biok elkartu eta berehala aldatzen hasi zinen, esango nuke zure presupuestoak moderatzen hasi zirela. Igartzen nuen jadanik abandonatu zenituela hirurogei hamarkadako ideak eta pentsamoldea baina ez nuen igartzen nondin zebiltzaten.

        Eszisioa gertatu eta berehala hirurogeitako historia bera gertatu zen. Talde bat, poli-miliek, egintza gero eta arriskutsuagoak egitera saitu zen, orduan ETA «zaharrekoek» bezala, zure eta Luisen irriki iraultzaile eta adoleszente beraz. Makoetako bulegokoek paper bat eman zidaten. Bestetan ez bezala, irikita hartu nuen eta zera esaten zuen, miliek harmak eta seiluak ebatsi zizkioetela. Tartika horrekin gogoratuko zara duda gabe zertaz ari naizen.

        Zuretzako gutuna zabalik ematea eta eszisioaren kausa bezala horrelako gauzak agertzea hain iruditzen zizkidaten ingenuo non sinpatia hartu bait nien. Dena dela, arazoa da gutuna ekarri zidan mutikoak —mutiko bat bait zen, hemeretzi urtetakoa gorabehera— handik bi egunetara berriz etorri zitzaidala polizia bere ondotik zebilela esanez. Guk bere adinean genuen injenuotasun bera zuen. Ez zuen dudatan jartzen lagundu egingo niola. Eta egiaz zen baino askoz ere nagusiago ematen zuen, behar bada ez zuelako ironiarako batere kapazitaterik. Bere galtza grisak gatik eta oinetako beltzak gatik ematen zuen bankuko enplegaturen bat zela, baina beste aldeko mintzairaz guztiz kutsaturik erabiltzen zuen euskara gatik, ordea, estudiante traza hartzen nion. Hitzontzi bat zen.

        Hartu doskaballosa eta Lekeitiora eraman nuen, beste aldera eramango zuen untzi bat zain omen bait zedukan. Berak oso ongi ezagutzen zuen zona guztia eta ia burdibide batzuetatik gidatu ninduen. Ni guztiz kezkaturik ninoan. Gogoratzen naiz nola Gernikatik Arteagara doan bide luze hartan barrena, noizean behin batbatean zentinela bat bezala agertzen zen argitako poste bat espeilu erretrobisorean, begi bakar fijo zorrotz bat irudiz. Kuartel aurretik iragan behar izan genduenean nere lagunaren bihotzaren taupadak nere burukoekin elkartzen ziren, eta bera bere esku fin zuri luzeegiaz aurpegia disimuloz estaltzen zuen. Gero bideska batetatik sartu ginen eta kotxearen argiek zuhaitz eta sasien atzean ezkututako bideko seinalearen bat argitzen zuten bakoitzean, batbatean goardia zibilen linterna bat biztuko zela ematen zuen. Bideskako tobogan bakoitzean mundua amaitzen zela zirudien.

        Eta ardura hartan amildurik, belaunetako dardara ager ez zedin nere indar guztiaz sakatzen nuen azeleradorea, halako moldez non kurbetan automobila bidetik irten zorian balantzeatzen bait zen, baina nere adiskidea isildu gabe zoan. Bere diskurtso monotono desordukoak, ordea, ni are nerbiosoago jar nendin besterik ez zuen lortzen.

        «Hau azken batalla besterik ez dugu. Frankismoa hil zorian dago, ez bait du galdu soilik burjesiaren barne-laguntza baina bai eta herri kapitalistetako kanpoko laguntza. Estatu Batuetako bide autoritarioaren alde dauden sektoren eta Espainia Merkatu Amankomunera sar dadin alde dauden erreformisten diferentziak geroago handiagoak dira. Caudilloaren delfin izatera deiturik zegoenaren kontrako atentatu iraultzaileak, bertzalde, kontraesan guztiak leher daitezen egin du, ez soilik oligarkiaren barnean baina bai eta Estatuaren barne-aparailuan bertan ere, oraindaino sekula gertatu ez zen gauza. Emaitza, jakina, edozein iraultza eta burrukan bezala ezin daiteke nehola ere jakin aldez aurretik, baina duda gabe euskal herriak gertakariek eskatzen diotena oro egingo du.»

        Bidea gaizki seinalaturik zegoen eta aspaldian nuen galdurik edozein aztarna. Ezker aldean otsoaren ahoaren hilunbetetan galdutako erreka tikiren baten surmurru itoa nabarmentzen nuen. Oraindik ez dakit amestu ala egiaz neure begiez gau hartan ikusi izan nuen, ia kotxe bat besterik sartzen ez zen bideska batetik nahiko luzaron joan eta herriska batetara ailegatu ginenean, ezkerretara buelta trakets bat eman orduko, elizako kanpan-dorre gainean xori mehatsaile bat bezala, gizon bat besoak zabalik, agian estatuaren bat zegoen.

        «Frogatzat hor dago presoen burruka —ni azkenengo gutunean eszisioaz gainera gose-greba bat egin ezazuen agindua zela eta ez zela bidaltzea eduki nituen dudetaz pentsatzen ninoan bitartean— berak jarraitzen zuen: edo bestela Gasteizko langileria eta herri osoak eman duen erantzuna bost langile asasinatu dituztenean lau probentzietan greba orokorra eginez. Horrek esan nahi du herri honetan zerbait aldatzen ari dela, eta gauza berri hori, duda gabe, Euskadi klase borrokako marko autonomo bihurtzen ari dela besterik ez da. Zergatik ez diote erantzuten espainol langileek Arabako langileriak egin duen elkartasun-ohiuari, zergati ihardespen iraultzaileak lau probentzien arloan ematen ote dira. Burgosko judizioak dinamika politiko berri bat sor erazi du, Euskadi egiazko nazio biburtuz doana, euskal langile guztiak anaiturik burruka antifrankista batetan, baina ez soilik errejimen politiko baten kontra, ez soilik askatasun demokratikoen alde, ez-soilik errejimen politiko bat aldatzeko...»

        Baina nik «ez soilik...» bakarrik entzuten nion «ez soilik» Burgoskoa entzun eta berehala judizioko garai hartan jasan nuen kezkaz oroitzen bainintzen. Donostiako ostatuaren bakartate hezea, maindiren hotza, zolaren labankortasuna, paretetan zeuden mila dibujo estrainio —mairu sabledunak, nazien gurutz gamatuak— eta balkoi beti itxiaren ate ondoan zegoen arrakala beti bustia.

        «Baina bai eta gizonaren explotazioan oinarriturik dagoen sistema ekonomiko bat, kapitalismoa.»

        Kapitalismo hitza entzun nionean konturatu nintzen zerbait sakona esaten ari zela eta so bat bidali nion, baina berehala damutu nintzen konprentsio keinu horretaz, bere mintzaldia jarrai dezan seinaletzat hartu bait zuen.

        Orain ja konbentzimendu ezin handiago batez hasi bait zen, hitzei bizitasun gehiago emanez. «Gasteizkoak argiki demostratzen du historia honek ez duela beste bueltarik eta ez biderik.»

        Langileak konturatu dira ez dagoela ja beste biderik bere askatasunerako, bai herri bai klase bezala, ez bada prozedura horretan bere buruz eta kabuz parte hartzea. Eta hargatik sortu da zerbait berria kontzientia maila horri erantzuteko: asanbladak.

        «Asanblada horietan elkartzen da era askaezin batez ekoizte modo kapitalistaren eta nazio-zanpakuntzaren kontrako burruka eta horrela politikaren eta ekonomiaren arteko berezkuntza eta dibisioa gainditzen da. Eta orain ezen ez Burgosko-judizio garaian edo hirurogei hamarkadan ematen da egiaz, nazionaltasunaren eta sozialtasunaren arteko berezkuntzaren garaitzea.»

        Pinudi batetan sartu ginen kotxearekin eta ez nuen ia ezer ere ikusten, kotxea txalupa bat denboraltzan modura zoan alde batetik bestera balantzeo traketsean. Ilunaldi hartan amildurik argi nimino horiska bat ikusi nuen aurre aurrean, baina zaila egiten zitzaidan bereztea zein distantziatan ote zegoen, noizean behin pinuren baten atzean ezkutatzen eta gero berehala agertzen bait zen munstro baten urregorrizko begi bakar fijoa bezala. Autopista ordaintzeko, bolantearen aurrean neraman kalderilaren dardar zaratatsuak beste edozerk baino areago zirikatzen zizkidan nerbioak insistentzia zital bateaz.

        Berriz Burgosko judizioa etorri zitzaidan burura eta ume aurpegiri begiratu nionean batbatean konturatu nintzen harriturik garai hartan ez zuela hamalau urte baino edukiko. Zaharturik sentitu nintzen baina ez nintzen kapaz ezer ihardesteko, ez bait nion ongi jarraiki bere diskurtsoa.

        «Orain ez da lehen bezala. Lehen abangoardia zen multzoak egintzara bultzatzen zituena, edo egintzak egiten zituena, multzoa esna zedin. Egungo egunean, ordea, berak dira, multzoak, eszena politikora salto egin dutenak, berak izan nahi dutelako bere buruaren askatasunaren protagonista». Guztiz pozik ematen zuen bere metafora teatral horrekin, eta orduan konturatu nintzen agian diskurtso hori guztia ez zoala neretzat bere buruarentzat baizik eta beraz, beharbada egintzaren bat eraman behar zuela burura eta animoak ematen ari zela.

        Batbatean pinuditik kanpo eta baserri etxe handi baten aitzinean kausitu zen. kotxea. Argi nimino hura ez zen urrutiko etxeren bat, hantxe bertan zegoen baserri baten teilatuko argia baizik.

        «Gardata» esan zidan mutikoak, baina ez nion ulertu hitz misteriotsu horren zentzua harik eta handik aste betetara berriz ere Lekeitiora itzuli behar izan nuenean, eta sarrerako hauzo baten izena zela ikusi arte.

        Kaminora heldu eta batbatean erreboltan zegoen pintada zuri ia erreflejante batekin aurkitu ginen aurrez aurre. Egin berria zegoela ematen zuen, oraino karea estali gabea bait zegon eta «independentzia» jartzen zuela eman zidan, azken letrak baizen irakurri ez banituen ere.

        Azkenean Lekeitiora heldu eta elizaren ate printzipalearen aurrean dagoen taberna argitsu batetan utzi nuenean, bueltako bidaia askoz ere lasaiago egin nuen. Burua hutsik erabat neraman arreta guztia errebolta eta toboganak ongi hartzen jartzen nuelarik. Pinudiak zutik, firme eta ilun, formaziotan, aurreko aldetik erreka batetan txaluparen brankan urak irikitzen diren bezala. Eta atzeko aldetik espilu erretrobisorean pinu berak elkartzen ziren otsoaren aho ilunean irentsia bait nintzen. Noizean behin ematen zuen, bidea lantzamenduko erranparen bat zela eta memento batetik bestera, pinuen gainetik hegaka irtengo nintzela.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983