Herri honen erraietan ................................................................ bigarren oharra: Jende onak ez arren beldur izan nire herri zahar honen odolaren kexuaz herra eta gorrotoa kantatzen baldin badizuet musika hautsi batez... Ez samur herri gartzelatu honen gateak apurtu nahi baldin baditut... herri isildu honen eleaz mintzatu nahi baldin badizuet... Herri zahar honen barruko herra eta gorrotoa darabiltzat odolean-eta nabila urduri plazaz-plaza ... Arren ez otoi kexa jende onak! ................................................................ NEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK GAUR AITA-AMEN BIHOZKADAK, IZERDIAK, ZOTINAK ANAIEN KEXUAK ETA KOLPEAK GAUR HASIAK GAITUK KONDATZEN, MINTZATZEN ESKU-BESOEZ EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA GOGOR, POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA SEGURKI, ARI GAITUK ORENAK ETA ORENAK PLAZAZ-PLAZA BIZI DEN HERRI HONEN HISTORIA EGITEN AGERIAN GAUR.... DAKAR: HAIZEA TA ARKATZA HERRI HONEN IRAULTZA HOTZA GURE ODOL HEZGAITZA UHAITZA... Non gordeak ote dira geure bizi espazioak ebatsi dizkigutenak? Geure askatasunaren gustua kendu digutenak? Gure larruko izerdiaz irri egiten dutenak? ttortta ttortta ala tturrustan nondik hator ur garbi xirripa? Hiri beha, beha ta beha ezin aspertuz, niagok oren luzeak oren luzeak herra eta gorrotoa bihotzean... Non gaindi dabiltza nire gudu lagunak? Nongo mendietan? Nongo xenderetan? Nongo kaleetan? Nongo gartzelan sartu dituzte nire gudu lagunak? Hik ba ahal dakik ur xirripa garbia? Hemen niagok borrokaren bakartasun latzean neure lagunen haiduru nonbaitik bederen bat noiz etorriko den ? BAKARTASUN LATZA GIZONAREN HOTZA GALDURIK BIHOTZA: BESO-ZANGO MOTZA! ttortta ttortta ala burrustan hirekin narabilak oren luzeak, luzeak egunak eta egunak, ezin aspertua borroka gogorra bere beroan eramaten duen herri honen betean niabilak goibel, urduri, isil-isila hire musika hautsian murgildua xenderaz-xendera gaur... kalez-kale umezurtza erne doa tiroz hil eguneraino mendiz-mendi bere aita zihoan bezala aitaren oroimenaz begi bustiak amaren babesean xukatzera kalez-kale umezurtza doa... borrokaren bakartasun latzean haiduru dagoen andre baten intziriak tiroak eta gartzelak umezurtzen negarrak lagunen berriak lagunen irriak galtzen dira kalez-kale... Noiztik noizera niabilak kezkati nork zituen nahasi erloien orenak? Nork zion ebatsi herri alai honetan azkorria gauari? Nork zuen hil zorian gure herri zahar hau maitasun gabez ukatu? Nola euri uharrak gau izartsuen lilluran ... halaxe borrokaren ukaldiak egunak gauean galdu dituen herri zahar honen hezur-mamietan! Herri zahar honen borroka erraietan ahanzten ziazkidak munduko erlojuaren oren banatuak... noiztik noizera... ................................................................
Herri honen erraietan |