Herri honen erraietan ................................................................ lehen oharra: Gure herri zahar honen egoeraren minaz kolpatuak direnek badakite nolakoa den egunero daramaten borrokaren saria! Beren buruaz axolatuago direla eta beren ideiak nagusiarazteko ari daitezkeela orenak eta orenak, egunak gau, uste dutenak oso jende nahasiak direla salatu behar da goraki, herri guziaren agerian... Alegia orotan badira jende nahasiak baina ez gure herrian bezala jende nahasi sabantak! Gure mendietako erreka, zelai, kaskoetan teknikak zilatu ditu aldapak, urratu ordokiak zabaldu xenderak, eta bide egokiak ireki... Gure herri zahar honen erraietan barna doanak: ez du bide legunik aurkituren ez eta ateka garbirik zeiharka eta belauniko eta herrestan askotan ibili beharko du haztamuka, itsura, adina ere ahanzten den eremu honetan! ................................................................ Etxe aitzinean pentzea eta pentzearen zolan haritz handi baten sahetsean oihanetik ez hain urruti haur denborako iturriaren musika zoragarria... Dakar: Haizea ta arkatza herri honen iraultza hotza gure odol hezgaitza uhaitza ... Ttortta ttortta ala tturrustan nondik hator ur garbi xirripa? Hiri beha, beha ta beha ezin aspertuz niagok oren luzeak oren luzeak bakartasun betean irriz ala kantuz... Ttortta ttortta ala tturrustan noiz abiatu hintzen ur garbi xirripa haritz handi honen pean eta itzalean sortzeraino? Ezin isilduz niagok orenak eta orenak oren luzeak atseden gozoan irriz ala kantuz... Nondik hator non gaindi ibilki haiz lurpez-lurpe haritz honen sahetsean jalgitzeraino ta nire lagun bilakatzeraino Ttortta tortta ala tturrustan biltzen dizkidak neure etxekoen oihuak, aita-amen bihozkadak anaien zalapartak... Hiri beha, ezin aspertuz, hiri beha eramaten nauk ametsetan heure musika zoragarrian ttortta ttortta ala tturrustan ekartzen dizkidak neure herriaren lanak, gorabeherak, izerdiak, nigarrak ... Hiri beha, beha ta hi entzunaz ezin aspertuz niagok egunak eta egunak eure herriaren historia ikasten ... Neure herriko lanak, izerdiak, nigarrak, ipuiak, aita-amen bihozkadak, karkailak, abestiak etxondoko bazterretan hasten gaituk kantatzen, kantatzen xoriekin ezin aspertuz, ezti ala azkar, polliki eta finki, polliki eta gora ibiltzen gaituk orenak eta orenak lurpez-lurpe herritarren intziriak biltzen... Nondik hator non gaindi ibilki haiz herro honen erraietan zehar eta haritz honen sahetsean jalgitzeraino? Ttortta ttortta ala tturrustan nora hoa ur garbi xirripa? Hiri beha eta hire lagun, lurpez-lurpe ezin aspertuz niabilak, zoratua, oren luzeak egunak eta egunak, irriz ala kantuz hi entzunaz bakartasun betean hiri beha eta hire lagun, lurpez-lurpe herri honen ele itoaren bila ... Non galdu ote da erri honen historia? Nork hautsi ote dio gure herri honi bere izana? Hiri beha eta hire lagun lurpez-lurpe eta oren luzeak oren latzak, oren goibelak baina halere eramaten nauk eramanen nauk herrestan behar bada, aspertu gabe, irriz ala kantuz eta, beharbada, nigarrez hi entzunaz eta hire lagun geure herri hautsi honen historiaren bila ... Heure musika zoragarrian kondatuko dizkidak herri ukatu honek galdu ez dituen lanak, borrokak, ipuiak eta salatuko didak bila nabilan herri honen izena ... Neure herriaren garrasiak, borrokak iraultzak mendeetan zehar aita-amen bihozkadak, zotinak, anaien jauziak , karkailak eta abestiak etxondoko funtsetan gaur hasten gaituk kantatzen, kantatzen xoriekin ezin aspertuz, ezti ala azkar, polliki eta finki, polliki eta gora aritzen gaituk orenak eta orenak lurpez-lurpe herri isildu honen historia mintzatzen gaur ... Apurka apurka jakinen diagu ere nork zuen gure herri hau zatitu eta saldu nork zion bere izana hautsi nork zuen isilarazi... Nora eraman ote dute herri honen historia? Nola ukatu ote diote gure herri honi bere izana? Ttortta ttortta ala tturrustan hire musika zoragarrian eramana niagok orenak eta orenak egun luzeak bakartasun betean bizi nahi duen herri honen barruan bizia pil-pil bere beroan senditzen den gunean niagok historia eder bat ikasten... NEURE HERRIAREN BORROKA, ERDI-MINAK GAUR AITA AMEN BIHOZKADAK, IZERDIAK, ZOTINAK, ANAIEN JAUZIAK, ABESTIAK IRRINTZINAK GAUR HASTEN GAITUK KANTATZEN, DANTZATZEN XORIEKIN EZIN ASPERTUZ, EZTI ALA AZKAR, POLLIKI ETA FINKI, POLLIKI ETA GORA, ARITZEN GAITUK ORENAK ETA ORENAK PLAZAZ-PLAZA BIZI DEN HERRI HONEN HISTORIA MINTZATZEN AGERIAN GAUR... ttortta ttortta ala burrustan hirekin narabilak oren luzeak, luzeak egunak eta egunak, ezin aspertuz bizia pil-pil bere beroan hurrupatzen den herri honen betean niabilak irriz, kantuz, dantzan hire musika zoragarrian eramana plazaz-plaza gaur... Noiz behinka halere niabilak urduri nork zituen jarri muga eta zedarri? Nork zuen ezarri gure herri zahar hau gartzela bat iduri? Nork zion bihotzean askatasuna ebaki? Nola amets ilunak lo zorroaren gozoan... halaxe herra eta gorrotoa libro izan nahi duen herri zahar honen barru barruan! NEURE HERRI ZAHAR HONEN BARRUKO HERRA ETA GORROTOA ZIARABILTZAAT PLAZAZ-PLAZA NOIZ BEHINKA...
Herri honen erraietan |