Herri honen erraietan Herri honen erraietan Jende multzo ederra bildu zenean soroan bere oinetan atabala pausatu zuen Herri-mutilak eta, bere papertxoa sakelatik ateraturik, zintzurra bi karrakaldiz garbitu ondoan, hasi zen oihu egiten doinu latz batez: HEMEN, GEURE HERRI ZAHARRAREN ERRAIEN ATARIAN GAUDE. SARTU AINTZIN, HONA ABISU BAT: Jendea dena begi-belarri eman zen... HONA SARTZEKO: INORK EZ DU BAIMENIK EZ ETA PASAPORTERIK BEHARKO. EZ DA ERRATE BEHARRIK: INOR EZ DA FITXATUA IZANEN. HAATIK, IPURDI - BARKATU - BELARRI MOTZAK... Jende guzia irriz hasi zen ... Herri-mutilak letaginak atera zituen... BELARRI MOTZAK KONTROLATUAK IZANEN DIRA EA BELARRI ZULOAK GARBI DITUZTENETZ. ESKALAPOINEZ ABARKAZ HOBE - IBILTZEA HAIZU. EZ DA BARUR EGUNIK: BERAZ JAN-EDANAK LIBRO. NAHIKO ZIGARRO ERRETZEN AHALKO DA. Haizolbean Txominek tnarfundia bildu zuen: Urtzainka hasi zen eta animaleko uzkerra eskapi! Soroan, jende guzia irriz karkailan hasi zen ... Herri-mutilak bekainak zimurtu zituen ... ZAKUR ONGI HEZIAK BAIZIK EZ DIRA LAXOAN UTZIKO ZAKUR ERRABIATUAK ALDIZ, KALITUAK IZANEN DIRA. ERRAIETAN BARNA JOANEN GARELARIK, NAHI DEN PENTSAMENDU GAIZTOA, ONA, BIHURRIA, ZUZENA NORNAHIK EDOZEIN TENOREZ HAUSNAR DEZAKE; BAINA SOLASEN BURU-BUZTANAK ORRAZTATUAK IZANEN DIRA... HAU DA LEHEN ETA AZKEN ABISUA. Jende guziak burua makurtuz eta balantzatuz abisu haur onetsi eta onartu zuen bere osoan ... NOR EDO NOR XEHETASUN BAT EDO BESTEREN BEHARRETAN GERTA BALEDI, HOR LUKE BERE ZERBITZUKO, GAUERDITIK GAUERDI ARTE, ERROIMENDI LEPOAN, BASA AHUNTZEN ARTEAN, ORHI JAUNA Herri-mutilak bere papertxoa plegatu zuen, atabala bizkarrean eman; eta denak abiatu ziren HERRI HONEN ERRAIETAN barna ..................
Herri honen erraietan |