www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zumalakarregi
Joseba Zubimendi
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zumalakarregi, Zubimendi'tar Joseba. Arreta, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII
Amai
mingotsa

 

                Doñu errikoian.

 

 

Negua itzulka dabil eta Udaberriak

jantzi apañez jarri dizkigu mendiak;

lore lurrin usaia, zeruen urdiña

guzia da guretzat orain atsegiña.

 

Arnas eta indar berri sortzeko giroa!

Zuaitz ostro berriak loratutzekoa!

Ta Zumalakarregi alai bearrean,

gaxorik arkitzen da indar makalean.

 

Zer du gure gizonak aulik arkitzeko?

Zer gerta osasuna orrela galtzeko?

Gudako min nekeak ez menperaturik,

nolatan orain dago gaixo ta itunik?

 

Egundo galzorian jarri ez diranak,

guda-lurretik iges eskutun daudenak,

agintzarako leia beste ez dute-ta

bekaitzkeri zitala diote gordeta.

 

Min ez dio emango Batzorde lagunak

saltzea, here bizkar goian jar ditunak?

Naigabe onek dauka samiñez beterik,

aien asmo okerrak jar dute gaixorik.

 

Irrikitzen ez dago Carlos bakalduna

noiz Madriden sartzeko datorren eguna?

Españin jarririkan maitasun guziak

zeren ajola dio euskoen auziak?

 

Ta Zumalakarregik zer dio gai ontan?

Anitz oldoztua du gau ta egunetan:

Españi bakalduna Carlos bezin azkar,

euskoentzat Zumalak azkatasun dakar.

 

Carlosen ametsa da Bilbao artzea

ta ango guda izkilluak beretzat jartzea.

Bañan Zumalak ez du ura nai oraindik,

gauza onik ez dator, bere ustez, andik.

 

Lengo naigabeaz gain, orain aginduak

oztu ditu Zumalan aginte asmoak;

buruzagitza laga du egun artatik

ta bere etxera doa, samiñez beterik.

 

Bañan Carlos zer degu Zumalarik gabe?

Zein da eusko mutillen gogoaren jabe?

Deitzen dio berriro eta txurikatuz,

Bilbaorutz dijoa Carlosen aginduz.

 

Ikus orain Zumala ixil, buru makur.

Bilbaon sartze orrek eman dio bildur.

Badirudi biotzak esaten diola

zauri bear dun bala Bilbaon dagola.

 

Gudalozteak berriz, ausardia gainka,

dijoa abestuaz, irrintzi, orruka.

Bilbo! eskeñitako atsegin lekua,

ainbeste nekepean amestutakoa!

 

Ikusi dute uria. Zein eder etxeak!

Ai, zein polit dirdiraz bertako dorreak!

Zer lilluragarriak ageri diraden...

Eup! Laxter dira berak errian barrenen!

 

Bañan bilbaotarrak ez daudete lotan;

sutunpak or dituzte jarriak albotan.

Lau milla gizon daude gertu gordetzeko

edo ta beragatik illik gelditzeko.

 

Egun sentiko laurak dirade oraindik

eta danbor jotzea, turuta nunaitik.

Tunpaketa asi da Begoña aldean;

tunpaka erantzun du Bilbaok unean.

 

Sutunpak asi dira arresiak austen:

bertako gudariak zuloak estaltzen.

Iñoiz erortzen bada gizonen bat illik,

bere lekun jartzen da beste bat ixillik.

 

Eguzkien beroak daukazki kixkaltzen,

egarri-oñezeak mutillak itotzen.

Ez dio ardurarikan! Ekin berriz gogor,

Bilbao menpetzeko garaia badator!

 

Bañan gaua eldu da eta Bilbao ori

ez da euskoen mende oraindik erori.

Sutunpen ots burrunbak ez dute lagatzen

gau guzian iñola lorik ere artzen.

 

Ara berriz eguna argi eta alai.

Gaurkoan bai gurea izango dala, bai!

Egaka gañean da bala txistu otsa,

zenbatek arkiko du orain eriotza!

 

Bañan egun au ere aurrera doala

ezin sarturik dabiltz Bilbaon iñola.

Amets au egizteko biderik bai al da?

Bakarra ta mingotsa: arresik asalda!

 

Zeintzu jun bear duten egiñik sosketa,

guziak batasunez aurren nai dute-ta,

naparruko mutillei jazoa zaiete

ta amorruz irakiten gerturik daudezte.

 

Ona tarari otsa! An doaz aurrera!

Or lenengo mutillak zaurituz lurrera!

Nora dijoa napar bulartsuen pilla...?

Eriotzaren truke azkatasun billa!

 

Izkilluz jausi dira mutillik geienak;

atzera jo bearrik dira beste denak...

Itxaropenez Bilbo mutillak ausartu

besterik gaurko onetan ez digute lortu.

 

Beste gau bat berriro supunpan otsakin,

iñondik ere lorik ezin liteke egin,

ta atsedenikan gabe nekeren-neketan,

ikus urren eguna nolaz argitzen dan.

 

Larrinagan kañoiak gogor ari dira,

eusko mutil errenkak, zintzoki, begira.

Boluetatik Zumalak ditu ikusiak

ta arinka an datorgu arrituz guziak.

 

Andik onera dabil taldeak ikusten,

etsaien suak ez du iñola bildurtzen,

Begoña jauregia dago gain-gañean,

bertaratzera dua oin alegiñean.

 

Leiora irten zaigu eta aginduak

ematen ari dala, ango ke ta suak!

Adiskideak deitu diote sartzeko;

bañan oz da jaioa iñun bildurtzeko.

 

Eudi jasen irudi balen ugaria...!

Beren artean zutik dago gudaria.

Ene...! Zabuka orain, zer du ain nekean?

Bala batek zauritu digu belaunean!

 

Kentzagun azkar ortik! Nun sendagilea?

Tximista bezin azkar, alde billatzea!

Jarlekuan etzanda, aurpegia zuri,

ona gure Zumala non dagoen eri.

 

Zertan ausartu zera balaren tartera?

Galzorira nolatan ortik irten zera?

Ene negar gogoa! Au biotz zartada!

Gizonikan onena gaur zauritua da...

 

Ona sendagilea. —Zer du? Gauz aundia?

—Ez du galduko onekin oraingoz bizia.

Boluetara orain, balaren tartean,

damate min zorrotzak arturik bidean.

 

Zumalak anaiari dio bereala

Zegamara laxterren eraman zezala.

Oetxo ibilkarian mutillak artuta

atsege damakite guziak, minduta.

 

Durangon geldi-aldi labur bat egin du

ango gizon andreak egiñaz samindu

Zenbat begi malkotan busti ote dira!

Atsekabea sar du euskaldun errira...

 

Ormaiztegin berriro zaizkigu gelditu,

sendikoen oroitzak antxen berri ditu.

Jaiotzerritik gora Zegama aldera

damakite astiro, itun ta minbera.

 

Ona oean sartu ta sendalariak

diotenez, ez dute larririk zauriak.

Bañan gero ta geigo makaltzen dijoa,

sukarrak eldu dio auldurik gajoa.

 

Ara burzoratuta gudua zuzentzen;

nundik jo, nora kendu, diote agintzen.

Buru biotz aietan beti dagon garra

Euskadi azkatzea da bakar-bakarra.

 

Ekarri dizkiote gaur elizakoak

ta artu ditu beroki eri gizajoak.

Kanpaien ots illuna ari dan garaian,

zeruratua zaigu atseden erdian.

 

Ai, Zumalakarregi, gizon biotz-bera

Euskalerri maitale sutsua izan zera.

Aintza ta omen zure izen ospetsua

euskoen ikasbide agertutakoa!

 

aurrekoa hurrengoa