www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Tormesko itsu-mutila
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Tormes'ko itsu-mutila, Nikolas Ormaetxea Orixe. Verdes Atxirika, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN YARDUNA

Lazarori abade beten menpean yazo yakona

 

        Biaramonean, an nasai enengoala ta Makeda deritxoen toki batera yoan nintzan, Bertan eske nenbillala, abade bat topau neban, pekatari onek, eta Meza erasoten ete nekian itandu eustan. Baietz esan neutson, egia zan-da. Elbarritu ba nindun bere, itsu oker arek au irakatsi eustan beste amaika gauzen artean. Abadeak, bere mende artu nindun.

        Odeietik aldegin eta iñusturia topau neban. Itsua zikoiztasun utsa izanik, Alesandro Andia zan onen ondoan. Bein esateko, munduko mixeri guztia barruan eukon, eztakit berez, ala abadegoa zala bide batuta. Kutxa zar bat eban giltzagaz itxia, ta giltz ori galtz-estunetik esegita eroian. Elizatik otlata etorri orduko an sartzen eban arrapaladan eta itxi barriro kutxa. Etxean ez egoan ezer yatekorik, besteetan lez: urdai apur bat ertokian, gaztai apur bat oltxu baten edo armariuan; otzaratxu bat ogi-zati batzukaz. Niri onik egiten ezpaeustan bere, ikusteak poztu egiten ninduala iduri yatan.

        Kipula-korda bat baño ezer ez egoan, eta bera etxearen goenean, giltzez itxiriko gela batean. Lau eguneko naikoa neban kipula oneetako bat. Eske yoateko giltza eskatzen neutsonean, norbait aurrean ba egoan, sartzen eban eskua oker-sakelean eta astiro astiro askatzen eban eta emoten eustan esanaz:«To, ta ekarri egik laster, eta ez yardun mizkaka».

        Giltz aren azpian Valenciako gorde-yaki guztiak bai legozan; untze batetik esegita egozan kipulak baiño egon ezta. Eurak bere, zenbaturik eukozan, eta ni zerbait luzatu banintz, igerriko neutson.

        Goseak ilten nengoan. Ni baiño bere burua maiteago eban. Bost txuriren okelea eban eguneroko bazkari-aparietako. Niri salda emoten eustan, bai; okeletik, begiaren zuria; ogi apur bat, bear nebanaren erdia emon izan baleust!

        Zapatu egunez alderdi oneetan aari-burua yaten da, ta bat-eske bialtzen nindun, iru marabirigaz. Egosten eban eta yaten eutsozan begi, miin, garondo, mun eta masailtarteko aragia, ta azur garbiak emoten eustazan: «To, yan egik, bizi adi, mundua iretzako dok eta. Aita Santua baiño obeto bizi az».

        Oba neukek! esan neban nire artean.

        Abadeagaz iru aste edo neroiazala, zutunik egoteko gauza enintzala geratu nintzan gosearen gosez. Lurpera bidea argi nekusan, Jainkoak eta nire yakiteak atara ezpanindue. Nire zakurkeria nun erabilli eneukon. Zerbait ikusita bere, enegiken itsutu abadea, il ba da Jainkoak barka degion itsu a lez. Maltzurra izanda bere enindun usmatzen begi barik; beste onek ostea iñok baiño begi zoliagoa eban.

        Meza-eskeintzekoan etzan azpillean txuri bat bere yausten a oartu barik. Begi bat jenteari ta bestea nire eskuari eukozan. Begiak aurpegian yauzi egiten eutsoen zidur-bizia bai liran. Eskeinten ebezan xuri guztiak gogoan eukozan. Eta eskeintza amaitutakoan azpilltxua niri kenduta altara-gaiñean ipinten eban.

        Agaz bizi, edo obeto esana, il nintzan bitarte guztian, enintzan txuri baten yaube egin. Ardautegitik eneutson sekula txuri bat ardo ekarri, ta kutxan eukon apurretik neurriz artzen eban eta aste osoan irauten eutson.

        Eta bere zikoiztasuna estaldutearren esaten eustan: «Txo, abadeak yan-edanian gartxu izan bear ddoek, eta nik ez ddoat geiegirik egiten besteak lez».

        Baiña guzurra iñoan zikoitz arek, eleizkizunetan eta illeta-egunetan besteren llepotik otsoak lez yaten eban, eta amorratu batek baiño geiago edaten.

        Illeta aitatu dodan ezkero, Jainkoak barka begit orduan gizatasunaren aurka egon izana, iñoz ez ta. Ondo yaten bai gendun, bada ta, betetan nintzan. Gura neban eta eskatzen neutson Jainkoari, eguneko bat eroan egiela. Eta gaixoai eleizakoak emoten geuntseezanean, bertan dagozanai abadeak errezetako agintzen deutsenean, batez bere ezken-igurtzi edo oliatzean, enintzan ni laburrena otoitz egiten, eta biotz biotzez eskatzen neutson jainkoari, ez noski berari egokion tokira artu egien, esan oi dan lez, baiña eroan egiala mundu onetatik.

        Eta bat edo bat ataraten zanean, Jainkoak barka begit! «deabruak eroango al ddok», milla bidar esaten neban. An egon nintzan arte guztian, sei illabete edo, ogei lagun baiño etziran il, eta eurek nik edo il nebazan, edo zuzenago esateko nire eskabidez il ziran. Iduritzen yat bada, nire gosek-ilte amorratuaren ederrez, Jaunak il egiten ebazala, niri atsegin emotearren. Baiña, neukon gosearen ase-biderik eneban aurkitzen. Norbait lurperatze-egunean bizi ba nintzan, illik etzan egunean, min andiago emoten eustan eguneroko gosetera itzuli-bearrak, betekadaz oituta. Eneban atsegiñik aurkitzen eriotzean baiño, ta neure buruari gura neutson noz edo noz besteai lez; baiña eneban yadisten, beti neugan ba egoan bere.

        Askotan otu yatan nagosi zikoitz arengandik anka egitea; baiño bi gauzek eragozten eusteen. Lelengo, nire zangoen bildurrak, gosez auldurik neukozan-da. Bigarrengo, neure buruari esaten neutsolako: Bi nagosi izan dozak; lelengoak goseak illik itzi induan, eta a itzita beste au topau eban, eta lurpearen ezpaneraiño ekarri naiok. Au itxita okerragoagana yotzen ba dot, zer daukot, iltea baiño?

        Alan bada, mugitzea enitzan azartzen. Ba nekian bada, geroago ta zikoitzagoak topauko nebazala. Ta beerago yo ezkero, Lazarorik etzan aipatu izango munduan.

        Estu-aldi onetan nengoala bada —Jaunak libratu dagizala atatik kristiñau zintzoak— zer egin yakin barik, gero ta okerrago niñoiala ikusita, nire nagosi koitadu, zikoitz eta zurkaitza kanpotik zala, ateetara etorri yatan pezkin edo galdaragille bat. Jainkoak niri bialdutako aingerua edo zan. Zerbait konpontzekorik ba ete neban itandu eustan.

        «Neuronek daukot naikoa konpondu-bearra —esan neutson ixilka, berak entzuten ez ebala— ta ez dozu gitxi egingo konponduten ba nozu».

        Ez egoan astia emoterik «eskerrik asko» esaten, eta Ispiritu Santuz argiturik esan neutson:

        «Osaba, olango giltza galdu yat, eta nagosiaren zigor-bildur naz. Arren bada ikusi eizu zuk daroiazuzan orreetan bai ete dan balio dabenik, ordainduko deutsut eta».

        Pezkiñ aingerutxua asi zan probetan bat eta beste, sail andi batetik, eta nik lagundu egiten neutson otoitz egiñaz. Oarkabean kutxa-barruan Jainkoaren aurpegia ikusten dot ogi-iduritan, esan oi danez. Edegita esan neutson: «Nik eztot dirurik giltzaren ordaiña emoteko, baiña artu-izu ortik ordaiña». Olata bat artu eban, eritxon ederrena, ta niri giltza emonda pozik aldegin eban, ni pozikago itxita.

        Baña eneban ogirik ikutu orduan, nagosia oartu etzeiten, eta ainbeste ondasunen yaube neure burua ikusita, gosea nigaz etzala azartzen iduri yatan. Etorri zan nagosi zikoitza, ta Jainkoak ez eban gura izan aingeruak eroandako olatari begiratzea.

        Biaramonean, a etxetik urteeran, edegi neban neure ogi-zerua, ta atzen eta ortzen tartean artu neban olata bat, eta Jesus bitan iruntsi neban, arduraz kutxea giltzatuta. Asi naiz etxe-garbiketan poz pozik, andik aurrera bide artatik bardinduko nebala neure gosea-ta. Egun a ta biaramona eztitan igaro nebazan. Baiña etzan luzaroko atsegiña, irugarren egunean beroenak (kallentureak) artu nindun-da. Izan bere, ezorduan kutxa-gaiñean ikusi neban goseak ilten nindun a, itzuli ta irauli, ogiak kontetan bein da barriro. Disimuletan neban eta neure otoitz eta eskabide ixilletan niñoan. «Sanjuan, itsutu egizu!»

        Egunak eta atzak luzaro kontetan yardun-da esan eban: Kutxa au arduraz ezpaneuko, norbaitek ogiak ostu deustazala esango neukek, baiña gaurdanik idurituai atea ixtearren, gogoan edukiko dodaz: «bederatzi ta puska bat geratzen dira».

        Beatzak galduko al dozak arraio orrek, esan neban neure artean. Aren esanak eizlari-geziak lez biotza zulatu eustan, eta urdailla goseak atzamarka asi yatan, lengo gose-egunetan neure burua ikusita. Aldegin eban etxetik. Nik poztearren kutxa edegi neban, ta ogia ikustean adoretan asi nintzan, artzen azartu barik. Kontau nebazan, baldin utsegin ete eban, baiña aren kontaketa nik gura baiño egiago yazo zan. Besterik ezin-da nik egin nebana, milla mosu emon ogiai, ta puskari barriz, ebagiaren gaiñetik eta erara kendu neutson exal bat, eta beragaz igaro neban eguna, ez aurrekoa baizen pozkorra.

        Gosea gora yoian, batez bere bi edo iru egun areetan, sabela ogi geiago yaten oitua neukon da. Ill-agiñean nengoan, eta kutxa itxi ta kutxa zabaldu baiño eneban egiten eta Yainkoaren aurpegi ari begiratu, umeak esan oi deben lez. Baiña gaixoai laguntzen deutsen Yaikoak berak gogorarazo eustan estuasunetik urteteko bidetxu bat. Nire artean esan neban.

        «Kutxa au zarra ta andia ta autsia da andik-emetik, zulo txikarrak ba ditu bere. Arratoiak sartuta ogia ozkatzen dabela ikurituko edo yako. Bat osoa ataratea etxat komeni, berelaxe oartuko da ta. Au egin daiteke».

        Ta asi nintzan ogiak apurtuten mai zapi txarpil batzuetara, ta bat artu ta bestea itzi, iru edo lautatik atara neban zertxubait. Gero, goxo-gauza bai litzan yan neban apur bat eta poztu nintzan. Bazkaritara etorrita kutxa idigi ebanean, ikusi eban gaitza, ta nunbait, arratoiak egiñ ebela sinistu eban. Oso yator egozan zuloak, arratoi-antzera egiñak. Begiratu eban kutxa guzia zatirik zati, ta zulotxu batzuk billatu eutsozan, iduritua artzeko lain. Dei egin eustan:

        «Lazaro, begirok ze etsai etorri yakon bart gure ogiari».

        Nik arrituarena egin neban, zer ete zan itaunka.

        «Zer al dok?» esan eban: arratoiak; etxoek ezeri bakean izten. Asi giñan yaten, eta onetan bere, zori ona izan neban, Yainkoak alan nai ta. Eguneroko uskeri a baiño ogi geitxuago egoki yatan. Kutxilluaz kendu eutxon arratoekuntzea zala uste ebana, iñoala:

        «Yan, egik ori, arratoia gauza garbia dot eta». Alantxe, neure eskuen lana, edo zuzenago esateko, atzazalena eguneko yatekoaz batuta, bazkaria amaitu gendun, nik sekula asten ezpaneban bere.

        Gero beste larrialdi bat yazo yatan. Ikusi neban abadea arduraz untzeak ormatik atarata oltxu batzukaz kutxa zar aren zuloak ixten.

        «Yaungoikua! esan neban, zenbat ezbear eta zoritxar ikusteko yaio gara, ta zein laburrak dira, bizitza neketsu ontako atsegiñak! Nik uste neban uste, bide orregaz aldegingo neutsola neure zoritxarrari, ta alai ta pozik nengoan ainbestean. Nere zoritxarrak iratzarri eban nagosi zikoitz au, ta berez zan baiño arduratsuago egin, zikoitza lez, naiko izanik bere; ta kutxaren zuloak ixteagaz nire pozarenak bere itxi ebazan, eta idigi zoritxarrarenak».

        Nik asmu auetan niñarduen bitartean, gure arotz zurrak amaitu eban bere lana ainbat untze ta oltxugaz iñoala:

        «Oraintxe, arratoi yaunak, beste asmorik artu egizue, etxe ontan gizentzerik eztaukozue-ta».

        Etxetik urten ebaneko, banoa lana ikustera, ta kutxa zar zorigaiztoko artan ez eban itzi eltxu bat sartzeko diñako zulorik. Idigi neban nire protxubako giltzagaz ta ikusi nebazan asita zegozan ogi bi edo iruak, nire nagosiak arratoe-ozka zeukiela ta ebagi ebazanak. Euretatik apur bat atara neban oindiño be, arin arin ikutuaz, ezpataketari trebeak lez. Bearra lako irakaslerik ez da-ta, neure burua ainbestekoan beti ikusita, gau ta egun nola biziko, niñarduen nire artean.

        Ta bizi-bide orreik aurkitzeko, goseak argi egiten ei eustan; esana da bada, goseak burua argitu egiten dabela, ta beteak ostera illundu, ta nigan ori gertatzen zan.

        Gau batez lo-galdurik nengoala asmu oneetan (zelan baliatuko ete nintzan kutxa ataz), oartu nintzan nagosia lo egoala. Alako zurrunga ta sur-aizea iñarduen. Jagi nintzan asti-astiro, ta egunez pentsau nebanez, an itzi neban kutxillu zar bat leku yakiñean. Banoia kutxa zarrera, ta argalen egoala ikusi neban lekutik ekin neutson kutxilluaz taratulua bai litzan. Eta ainbeste urtetako kutxa zarra, indarrik ez biotzik ez ebana oso beraturik eta zizkaturik egoana, berela eskuratu yatan eta saietsean zulo eder bat egin neutson nire onerako. Au eginda idigi neban astiro kutxa zauritua, ta esku-ikutzeaz erdituta aurkitu neban ogiari, len esana egin neutson. Alantxe, poztutxuago, kutxa itxita neure lasto-ganera itzuli nintzan, eta an itxedon eta lo apur bat egin neban. Eneban asko egiten; gitxi yanda edo irudi yatan. Izan bere, sasoi atan ezeustan loa galazoten Frantziko erregearen ardureak.

        Biamonean nagosiak ikusi eban nik egiñiko kaltea, ogiarena ta zuloarena, ta asi zan arratoiai biraoka. «Zer ete da au? Oraiñarte eztogu etxe ontan arratorik ikusi!».

        Ta egia ei zan. Iñun etxerik ba da eurentzat debekaturik, a zan noski, ezer yatekorik eztagon tokian ez bai dira batzen. Asi zan barriro untze-billa ta oltxu-billa etxe guzian, zuloa tapetako. Gabeko itxodona-bitartean, yagitzen nintzan eta nire tresnagaz, arek egunez tapatu-ala nik agertu egiten nebazan.

        Aen usu ta ariñ egiten gendulako esan edo da: «atea itxi ta atea idigi». Atzenik, ba irudian, alde batera gendula Peneloperen euna, arek egunez eioten ebana gabez nik urratzen neutson-da. Egun gutxi barru kutxa alako itxurean itzi gendun, zuzen itzegite ezkero kutxa ez baiño antziñako «koraza» aietakoa irudien, ainbat untze-josiaz.

        Ezer aurreratzen ez ebala ikusita, esan eban:

        «Kutxa elbarri, zar, argal onek ez dau arratoientzat balio. Ta olan ba goaz, gordepe barik itziko gaitu. Ta gitxi balio ta bere, oindiño palta egingo deusku, ta iru edo lau errial eralgi bearko dodaz. Biderik onena al da ta, arratoi madarikatu orrei barrundik sagutei bat ezarri bearko deutsegu, beste ezerk eztau balio ta».

        Berela ekarri eban sagutei bat epetan, eta auzokoai gaztae-azal batzuk eskatuta, katua an egoan kutxa-barruan ernai beti. Ez nire damuz. Eneban bear bazi andirik yateko, baiño alan bere pozten nintzan saguteitik atarariko azalakaz, eta eneutson parketan olatari arratoe-marraska.

        Ogia arratoitua ta gaztaia yana ikusita biraoka asten zan, ze arratoi ete zan ezin konturatuz, eta auzokoari itauntzen eutseen zer ziteken; gaztaia yan eta saguteitik atara ta ez geratzea barruan arratoirik eta saguteiaren tranpatxua ez yaustea.

        Gogoratu yakeen auzotarrai ez ei ebala alakorik iñungo arratoiak egiten, noz edo noz yausi barik. Batek esan eutson:

        «Gomutetan dot zure etxean suge bat ibili oi zala ta a edo da. Ta itxura ba dau, luzea baita, ta yana artu dagike, ta oso sartu barik, urten egiten dau tranpatxuaren azpitik».

        Ondo artu eben danak aren esana, ta larritu zan nagosia, ta andik aurrera ez eban lo nasai egiten. Zedenaren otsa gabez entzun-aldioro, sugea irudi yakon kutxa-zura yaten. Berela yagitzen zan, eta, sugearena esan eutsoenean, bururko ondoan eukon makilla bategaz, kutxa gaixoari egundoko makilkadak emoten eutsozan, sugea ikaratuko ebalakoan. Zaratagaz auzokoak itxartzen ziran, eta niri ez eustan lo egiten izten.

        Yoaten zan nire lastoetara ta beraiekaz iraultzen nindun sugea nigana yoaten zalakoan, eta agotz-tartean edo nire estalkian izkutatzen zaiakoan. Esan edo eutsoen, pisti oneek gabez bero billa sein-askaetara yoten ebela umeak ozkatzeko ta galtzeko zorian. Nik geienez lo artu-iduri egiten neban, eta goizean esaten eustan:

        «Mutil, bart eztok ezer usmatu? Sugearen billa ibilli nindukan, eta ire ogepera doala iduri yatak, oso ozperak dozak eta, bero-billa».

        «Ez nagiala ozkatu, niñoan; naiko bildur deutsot».

        Orrela nenbillen oso yagia ta ernai. Suge, edo obeto esan, giza-suge arek ez eukon gabez marraska yarduteko ta kutxara yagitzeko asmurik. Egunez egiten nebazan nire bidealditxuak, bera Eleizan edo errian zan bitartean.

        Kalte orreik ikusi ta nola aldendu yakin ez, gabez ebillen, esan dodanez, zomorroa lez.

        Bildur nintzan, ainbat ardureaz giltza lasto-tartean topauko ete eustan, eta ziurrago egoteagaitik aoan sartzea otu yatan gabez. Izan bere, itsuagaz bizi izan nintzanetik zorro biurturik neukon agoa, ta amabi ta amalau marabiri txuri-erditan iduki oi nebazan barruan, yatekoan be oztopo barik. Bestela enintzan txuri baten yaube itsu madarikatua oartu barik, zizkuak eta yoskureak arakatzen eustazan sarri-ta.

        Esan dodanez, gabero sartzen neban giltza agoan eta alan lo egiten neban nire nagosi sorgiña oartuko zan iruditu barik. Baiña zoritxarra dotorrenean, alperrik da ardurea. Nire patuak edo zuzenago esateko, nire pekatuak egin eben, gau batez lo nengoala giltza agoan zuzen kokatu yatan kanpora begira, ta nik eragiten neban aizea, txulotik ateratzen zan txistuka. Alako txistu-zarata entzun nire nagosiak eta egiñ eban bere artean, txistu a sugearena zala, ta alan irudi bide eban.

        Yagi zan astiro astiro, makilla eskuan ebala, ta sugearen txistu-otsera geldi geldi eldu zan, sugeak usmatu ez egian. Ondora zanean, irudi yakon ni etzunda nengoan lastoetan egoala, bero-billa etorrita. Makilla ondo altzau ta azpian eukolakoan bertan kalitzeko asmuz, indar guztiz emon eustan buruan egundoko maikillkada, ta korde barik itzi ninddun, kaskarra autsita.

        Emon eustala oartu zanean, nire tamala ain andia bide zan, etorri ei zan nigana ta oiuka ta deika neureganatzen alegin ei eban. Eta esku-ikuka asi yatanean, oartu zan odoletan niñoiala, ta ezagutu eban egin eustan kaltea.

        Eriosuar yoan zan argi-billa, ta urreratuta aienaka aurkitu nindun, oindiño giltza agoan neukola, ez bai neban bertan-bera itzi, erdia agerian, txistu egin nebanean neukon edo lez.

        Suge-iltzailleak arrituta begiratu eutson giltzari, ta agotik oso ataraten eustala ikusi eban, berea lako lakoxea zala. Yoan zan probetan eta aurkitu eban sorginkeria. Esan edo eban eiztari gogor ak:

        «Bakea galazoten eusten arratoi-sugeak eta nire ondasuna yaten ebenak aurkitu yoataz».

        Iru egun areitan yazo zanik ezer ez dagiket esan, bale-barruan egon nintzan-da. Baiña gaur kontau dodana, neureganatu nintzanean nagosiari entzuna dot, ak kontetan eutseen luze ta zabal, zatozan guztiei ta.

        Iru egun buru neureganatu nintzan, eta lasto-ganean aurkitu neban neure burua, txaplataz, orioz, eta gantzukariz betea, ta ikaratuta esan neban.

        «Zer da au?».

        Abade ankerrak erantzun eustan:

        «Egitan, arratoi ta sagu galtzailleak eizatu yataz».

        Begiratu neutson neure buruari ta bertan ulertu neban nire gaitza. Orduan sartu zan sorgiñ-atso sendalari bat, eta asi yatan buruko zapiak kentzen eta makill-zauria sendatzen. Korderatu nintzanean poztu ziran eta esan eben:

        «Bereganatu da, ta ez al dau ezer izango Jainkoagaitik».

        An asi ziran barriro nire gaitzak kontetan, eta ni pekatari au negarretan. Au ta guzti bere yaten emon eusteen eta ozta ozta ase nintzan, goseak amorratzen nengoan-da.

        Andik amabost egunera yagitzen asi nintzan eta eriotzetik atara nintzan, ez gosetik baiño.

        Jagi ta biamonean, nagosi yaunak eskutik eldu eustan eta etxetik atara nindun eta esan eustan atarian.

        «Lazaro, gaurdanik eurea az, ez nirea. Billatu egik nagosi bat eta oa Jainkoagaz. Nik etxoat gura i lako morroe zintzorik. Itsu-mutilla izan edo az, iñolaz bere».

        Ta ziñatu nire aurrean deabrua bai neukon, eta etxera sartuta atea itxi eban.

 

aurrekoa hurrengoa