www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Tormesko itsu-mutila
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Tormes'ko itsu-mutila, Nikolas Ormaetxea Orixe. Verdes Atxirika, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

ITZAURREA

 

        Ondo deritxot, onen gauza ezaugarriak eta, urrian, iñoz entzun ez ta ikusi ezak askori adierazotea, ta ez aiztu-obian lurperatzea; ba leike bada, norbaitek irakurriz atsegiñ artzea, ta irakurgai sakon-bila ez dabizanai atsegiñ oemotea. Ari ontara diño Pliniok, ez dala libururik, txarrenik bere, zerbait onik ez dabenik; izan bere, nok bere agoa izaten dau ta. Batak yan gura ez dabenera, bestea itoa da, ta orobat osterantzeko gauzetan. Olan adierazoten deusku Pliniok, ezer ez daitela apurtu, ez txarto artu, oso iguingarri izan ezik; eta kaltegarri ezpada, ta ezer onik atara ba leike, azaltzeko.

        Osterantzean oso gitxik idatziko leukie bakarrarentzat, neke litzake bada; ta lana egin daben ezkero, saria gura dabe, ez dirutan, euren lanak ikusiz eta irakurriz baiño; eta merezi ba dabe, izena aitatuz. Augaitik diño Tuliok: «ospeak sortzen dauz eder-lanak». Nork uste, lenen-maillan doan gudariari bizitza iguingarriago yakola? Ez beintzat; izen-gureak daroa arriskura. Orobat yazoten da idazti ta eder-lanetan. Praille letraduak itzaldietan ondo ba diardu, ta arimen ona gura ba dau, Asarratuko al da egundoko ederto diardu berorrek esaten ba deutsoe? Alako yaun batek zaldi-guduka barregarria egin eban, eta barritxuari gudu-yantzia omon eutson, guztiz ondo egin ebala esan eutsolako. Zer emongo, egia izan balitz?

        Eta onan da guztia. Ni auzokoak baiño obea enazala autortuaz, etxat damutuko mordolloki idatziriko uskeri onetaz, irakurle guztiei atsegiten ba deutse, gizon bat olango zorion-zoritxarretan bizi izan dala ikusita.

        Artu begi, arren, yauna, eskiñi urri au, nire guraria al-izateaz bardin balitz, aberatsagoa litzake ta. Eta berorrek luzaro yarduteko idazten deustan ezkero, erditik ez baiño asieratik ekingo deutsot, nire ezaguera zeatza izan dagian. Ganera, yatorriz aiton-seme diranak, gomuta begie ze gitxi zor yakeen, zoria euren alde atara zalako; ta asko geiago egin ebela, zori etsaia izan arren, euren ganora zala bide, arraunka legorrera onez urten ebenak.

 

aurrekoa hurrengoa