www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hiru ziren
Piarres Larzabal
1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

Joka-lekua:

        Kaliforniako ostatu barne bat. Hango puskak, hango beztidurak izan beite.

 

 

I

HOTELERO, BENAT, PANTXO

 

HOTELERO: (Lanean ari kontuar gibelean... Ez du ikusten Benat sartzen... Hau jartzen da... Trixte da) Ha!... Hor haiz-eta! Pasaiatu zarete pixka bat?

BENAT: (Idorki) Sobera.

HOTELERO: Sobera, sobera!

BENAT: (Kexu) Hamabortz egun badu hemen girela, eta ez dugu bertzerik egiten. Nahi nuke jakin zuk aipatu kanperoa noiz segur jinen den, gu hemendik mendirat joaiteko... Ez gira gu Rostchild, hola hemen, bi besoak gurutzaturik bizitzeko.

HOTELERO: Errak, errak... Ez ahal zarete malurus... jana, edana eta loa izanez geroz, zer behar duzue gehiago?

BENAT: Ez gira hunarat zor egiterat jinak, bainan lan eta diru.

HOTELERO: Hemengo zorrak laster pagatuko dituk mendiko irabaziekin... Eta, behere hautan haizeno, balia hadi biziaz... Gain hetan egunak luze eta bortitz dituk gero... Zerbait dakiena mintzo zauk.

BENAT: Bostgarren eguna da, kanpero famatu hura hemen izanen dela, faltarik gabe, hitzemaiten dautazula... Eta kanperorik, egun oraino, ez da seinale. Dudan nago, kanperoak ote dakien ere, gu hunarat helduak girela.

HOTELERO: (Kexu) To... Nitaz ez bahaiz fida, galde zok bere alabari. Alaba ixtantean hemen izanen duk... Gurearen bilarat etortzekoa duk, Etxegaraien hotelerat afariterat joaiteko... Hi ere, hango haiz, dudarik gabe, sarri.

BENAT: Hango edo... oheko!

HOTELERO: Hihaurek ikus. (Ixtant bat ixilik. Pantxo sartzen da... Agur eta agur) (Pantxori) Sarri, badakik Etxegaraien urte betetzea dela?... Haren hotelean haiz, dudarik gabe, afariteko?

PANTXO: (Irriz) Bitxi da hemengo usaia! Kasik arrats guziez, hotel batean bada norbaiten urte-muga... Nausiarena, haren alabarena, edo bederen kozinariarena!

HOTELERO: Hobe zuentzat! Afaria urririk izanen duzue!

PANTXO: (Irriz) Ba, jana kitorik emaiten duzue holakoetan, bainan gomitatuek pagatuz edaten dituzten wiskyekin, eman afariaren saria aise biltzen duzue!

HOTELERO: Bixtan duk... Ez gaituk urririk ariko jende hazten.

PANTXO: To, kanperoaren alaba, Benita, heldu da!

HOTELERO: Ba... Gure Gabrielarekin hitzartuak dituk, Etxegarai baitarat afariterat joaiteko.

 

 

II

BENITA, BENAT, HOTELERO, GABRIELA

 

BENITA: (Sartuz, alegeraki) Hor zarete?... Alo, Benat eta Pantxo, laster bezti zaitezte... Etxegarai baitan behar ditugu fandangoak eman, lehertu artio!

BENAT: (Ilun) Ni ez niz, arrats huntan, hemendik mugitzen.

BENITA: Zer duzu?... Bihotzean min?... Alo... Behar dugu min hori tratatu... Hotelero, wisky bat deneri!... Non da Gabriela?

HOTELERO: Ba, agertuko da laster!... (Benati) To, orai hor duk kanperoaren alaba!... Galde zok aita noiz heldu den zuen bilarat!

BENITA: Aita!... Egun arratsaldean etorria da!

BENAT: Ez da goizegi!

GABRIELA: Ai, Pantxo, Pantxo... Zu lagun, Kalifornian kurrituz, fandangotan bizitzekoa irabaz ginezake... Ale, nere turnada, orai! Huts baso horiek! (Edaterat emaiten diote)

PIERRA: (Irriz) Artzaingoan ez badut erreusitzen, jinen naiz menditik gibelerat, eta lotuko gira biak dantzako ofizioari.

BENITA: Benat eta ni, etorriko gira zuen lagun, ttunttun eta atabalarekin.

BENAT: Nik, ardi joarez nahiago dut entseatu, ttunttunez baino!

GABRIELA: Beztitzerat noa... Agozte ixtant bat nere beha!

PANTXO: Ba, nik ere ganberaraino joan behar dut, bizar hunen poxi bat leuntzerat! (Biak jalitzen dira... Benita eta Benat ixtant bat ixilik dagotzi)

BENAT: Zure aita noiz jinen da hunarat!

BENITA: Ixtantean, nik uste... (Ixilik ixtant bat) Errazu, mendirat joaitean, nere aita izango baituzu kanpero, harekin komixione zenbeit bialduko dauzkitzut.

BENAT: Zer komixione?

BENITA: (Ezin atrebituz bezala) Ez baituzu hemen nehor familiatik... Familiakoa banintz bezala... (Ixtant bat ixilik daude. Letxero eta Rantxero sartzen dira, pixka bat edariak harrotuak)

 

 

III

LETXERO, RANTXERO, BENITA, BENAT, HOTELERO

 

LETXERO: Eheup! Agur, Benita... Agur hi, gazte... Laster maitatu duzue ziek elgar!

BENAT: Agur... Laster jujatzen duzu, zuk ere, elgar maite dugula!

LETXERO: Ba... Hiru lerrotan adinez pasatua nuk gero... Eta, hainitz ikusiz, laster jujatzen ikasten duk... Hoo... Ez diat gero erraiten gaizkirik egiten duzuela... Ez, ez... (Oihuz) Hotelero!... Ean, hunat wisky bana.

HOTELERO: Heldu, heldu!

LETXERO: Bota hunarat baso bat!... Nik uste, hamabortzgarrena diagu, bainan edan dezagun aintzinat... Edariak kontserbatzen omen dik!

BENAT: Hemengo edateko moldean, bakotxak bere aldian denen turnada pagatuz, ostalerotik haste, hertzeak gazterik idortzen bide dira!

LETXERO: Ha, gazte!... Zer hu? Wisky xorta batek izitzen?... Ez bahaiz wisky xorta baten jasaiteko on, habil etxerat... Habil etxerat!... Hortako ez bahaiz, hobe huen, hire etxetik ez mugitu... Nik ez zekiat zertarat jiten diren Ameriketarat euskaldun gazteak!

BENAT: Zertarat? Zu jin zinen bezala, artzaingotik diru pozi baten egiterat, dudarik gabe!

LETXERO: Dirua, dirua!... Ez duka ordean ikusten, ardien prezioak beti beheiti ari direla?... Mendian pekatuko dukalarik, bakarrik han nunbait galdua, zazpi aldiz oraino, nik erabili gogoeta berak eginen dituk!... Zertarat jin haizen hunarat!... Zerendako ez haizen han berean, zerbait lani lotu... Sinets nezak, gazte!

BENAT: Eni eman kontseilua, zerendako ez zinuen zuhaurek segitu?... Nolaz gelditu zira hemen?

LETXERO: Ha, gazte!... Hainitz hunat jin Eskualdunen ixtorioa, eta enea, berdin dituk... Jin nindian, bortz, sei urteren, hamar urteren buruan gehienik, etxerat berritz itzultzeko xedearekin. Bainan itzultzeko urteak jin zirelarik, beti urte bat gehiago hobe nuela hemen etsitzea, pentsatzen nuen, holako edo holako afera on baten erreusitzeko... Eta, emeki emeki, urteak joan dituk... Eta ni beti hemen!... Sinets nezak, gazte!... Har-zak xedea, bortz sei urteren buruan, gertatzen dena gerta, etxerat itzultzeko... Eta, tenorea jitean, ez hadila egun bat gehiago hemen zahar.

BENAT: Orai, zertarik bizi zira?

LETXERO: Ni letxero nuk, eta hau rantxero... Mendia on duk gaztentzat, bainan zahartuz geroz, ixterrek toki leunak nahi ditie.

RANTXERO: Bai, mendia, orai fitsik ez duk... Orai biranazka dituk, eta mendi zolan han die beren «rulota», radio eta su-gazarekin... Ez zuan hola to, gure denboran!

LETXERO: Hire denboraz hiza arrangura? Zer erran hezake ene denboraz? Guk, etsai ginitian, ez bakarrik otso-kujoteak, gato-basa eta sugeak... ez bakarrik eritasunak... bainan denak baino tzarrago, bakeroak... (Errabiarekin) Bakero madarikatu ustelak!

RANTXERO: Konda-ozu huni ere, behin zer egin zautzuten!

BENITA: Bon, ni, Gabriela zer bilakatzen den, ikusterat noa. (Jalitzen da)

LETXERO: Zer duzu?... Sobera ezagutzen ene ixtorioa? Berdin du... (Benati) Bakeroak, behi-zainak dituk... Hastapen hetan, ez zuan behi artalderik hemengo mendietan, bainan bakarrik ardi artaldeak... Behiak muntatu eta, hasi zituian kalapitak, artzain eta bakeroen artean, pazka-lekuen gainetik... Batzuk eta bestek, pazka-leku berak nahiz.

        Behin, ene kanporat jin zituian, bi bakero, ene ardiak, ziren tokitik alda netzadan lehenbailehen, behiak behar zituztela han ezarri... Ezetz, ez nituela ardiak handik aldatuko. Loto gintuan kalapitan. Badakika zer egin zautaten?... Hartu... Kristo bezala, arbola bati estekatu, eta han utzi... Eta, ene bi zakurri, ene kanpoko bi untzi buztanetik estekatu eta debruetarat igorri hek eta heiekin ene bi mila ardiak.

        Gau bat eta egun bat, han egon ninduan estekatua, kanperoak atzeman artio, kordez kolpatua, ahuldua, salbu hi eta, ene beharrez galtzak oratuak... Huuu, bakero zikinak!...

        Baduk hemen oraino, ene denborako bakero tzar bat!... Jiten duk hunarat noizean behinka... Orai aberastua, nausi handi bilakatua duk... Bainan, bakero alimale on bat izan duk to hori! Ez diagu ez, harek eta nik, konplimendu hainitzik elgarri egiten!

HOTELERO: Noren turnada orai?

BENAT: Enea!

HOTELERO: Edan ausarki! Hunek kentzen dik tripako mina!

BENAT: Noren tripako mina?... Zurea ala gurea?

HOTELERO: (Erdi kexu) Hik edanak, ez dik hainitzik nehorenik kenduko!... Nik ez zakiat, nola altxatzen dituzten Euskal-Herrian oraiko gazteak! Ez dute, ostaturat sar-eta, edaten ere zenbaitek! (Jalitzen da)

BENAT: Dudarik gabe, oraiko ostalerek ez dakite heien laket-arazten ostatuetan.

LETXERO: (Apaletik) Hunek beti, bere zazpi ahalak ibiltzen ditik, hunarat sartzen direneri, bere edariaren sakatzeko... Lotkorra duk, lotkorra, gizona!

BENAT: Ez dakit sobera on den ostaler bat lotkorregi izan dadien... Enekin segurik, sal nahiaren izaria beiratuz, gehiago sal lezake.

LETXERO: To... Hotel huntan, zenbait eta zenbait artzainek, menditik jautsi-eta utzi ditie beren sakeleko sosak. Eta frangok, beren irabazi guziak!... Kasu emak, gazte, menditik jautsiko haizelarik... Izigarri duk orduan tentamendua, pestan eta zurrutean, behere hautan bizitzeko... Eta, hainitzek, penatuki luzaz irabaziak, hemen, ixtant batez garbitzen dituzte.

BENAT: Ez zaitela kexa... Hemengo moldez argiturik, heldu gira oraiko gazteak.

LETXERO: To, to... Huna nun heldu den, oixtian aipatu bakero tzarra... Debru mutur beltza!

 

 

IV

BAKERO, HOTELERO, LETRERO, BENAT, RANTXERO.

Gero MOTO eta INDIANO

 

BAKERO: (Bakeroen xapel handia buruan... Salutantzi eder batez dio) Arratsalde on, jaunak! (Denek ihardesten diote, salbu Letxerok... Esku zartaka, deitzen du Hotelero)

HOTELERO: (Agertuz. Gaitzeko errespeturekin, bere mahain, kadera, pipatzeko, apailatzen dizkio) Arratsalde on, jauna!

LETXERO: Ba dik ba horrek konplimendu... Baitu huntarik (diru keinua). Bere mahaina ere beti erresalbatua dik horrek hemen.

HOTELERO: (Letxeroki) Zuk, otoi, gizon hori ixilik utziko duzu. (Bakero zerbitzatzen du)

LETXERO: Jakin-eta gizon hori zer mandila izana den, horren ikusteak berak, barne guzia nahasten daitak... Pu, zikina! Horren kontzientzia eta zerri-zola, berdin garbi dituk... (Bakerori) Bakero ustel zikina!

HOTELERO: (Izigarri kexu) Zu... Zoazi kanporat hemendik, eskandala eman nahia bazira hemen!

LETXERO: Joanen nuk, joanen nuk, hotelero, goiti egin nahia emaiten daitak gizon horren ikusteak berak... (Rantxerori) Heldu hiza to! (Bakerori, jalitzean) Bakero... Urdea!...

HOTELERO: Higuin tzarrak!... (Bakerori) Barka-ozu... Edaria da mintzo!

BAKERO: Bego, bego... Ez da deus!

HOTELERO: Urruntzeko hobeak dituk, bazter nahasle horiek! Nik, denekin behar diat gero bizi... Ez diat horien arteko saltsan fitsen beharrik.

        To, horra nun heldu diren bertze bi herbail... Errana zioteat ba, sar ditela bakarrik ostatuan, nehor ez delarik... Bertzenaz, ez!... (Moro eta indianoa agertzen dira... Lehenak bizkarrean dauka keza bat zapeta ziratzeko puskekin. Bigarrenak bi taula badauzka aintzin gibeletan, bera «zanduitx» dagola erdian... Taula hetan izkiriatua da edozoin pesta edo sal-gailuen erreklama, itxurazko apaindura zenbaitekin. Erreklama, anglesez izan bedi)

HOTELERO: Beltzak debruetarat!

INDIANO: Here is no apartheid. (Pronontzia: Hier is no aparzei) It is the law! (Ite iz ze o)

HOTELERO: Ez dezaket igor... Legea hola da!

BAKERO: Bego... Berdin du...

HOTELERO: Orai artio, larru koloratu gizonak ez zituan libro, larru zurien ostatuetan... Orai, lege zikin bat egin ditek... Horiek ere non-nahi haizu dituk.

BENAT: Zertako ez litezke haizu? Horiek ere, gu bezala, gizonak ahal dira!

HOTELERO: Ha... Ageri duk ez ditukala ezagutzen arraza horiek! Utz horieri utz, zangoa hire etxean sartzerat... Laster berak eta bere familia ere sartuko dauiate, eta hihaur kanporat emanen!

BENAT: Ba, anartean, zenbait eta zenbait dolar zuretuko dituzu, horier saldu wiskyarekin.

BAKERO: (Morori) Hello, boy!... Zapatak!

MOTO: Bai jauna, berehala!... (Morok zapatak Bakerori ziratzen dizkio)

 

 

V

LEHENGOAK PANTXO, BENITA ETA GABRIELA

 

PANTXO: (Benateri) Ale!... Heldu hiza afariterat, Etxegaraien hotelerat!...

BENAT: Ez... nik hobe diat hemen egon, kanpero arrats huntan heldu bada ere!

BENITA: Bai, gero ere izango duzu, bai, harekin egoiteko astia.

PANTXO: (Irriz Morori begira) So egizak, so egizak, nola ari den! Ofizio bat duk ba hau ere!... Ez zaitak iduritzen ofizio mota horieri euskaldun bat aise lot daitekela... Edo behar likeie arrunt errekan!

BENAT: Beren bizia hola jalitzen badie, arrazoin die... Ez dik ofizioa behatu behar, bainan zer emaiten duen.

PANTXO: To, nik segurik, ene burua hola ikusi baino, nahiago nikek errekari behera aurtiki ere...

BENAT: Nork zakik, egun batez, ez garen holako ofizio batez behartuko, bizitzekotz?

PANTXO: Debruak erabilki-hia?... Ez araiz?

BENAT: Nork zakik.

GABRIELA: Ale... Goazen bestarat!

BENITA: Atoz, zu ere, Benat!

BENAT: Ez, Benita, zure aita ikusi artio!

BENITA: Bon, beraz, ni ere ez naiz joango... Hemen nago.

BENAT: Ez... Ez zaitela nigatik geldi... Hitz emaiten dautzut... Egonen naiz, ixtant bat, zure aitaren beha... Eta, ez bada jiten, edo jiten bada ere, gure solasak erabili-eta, zuenganako naiz!

BENITA: Faltarik gabe gero... Hitza atxikiko ahal dezu!

BENAT: Ba... Ene hitza hitz da.

GABRIELA: Goazen, Benita... Jinen dun gibeletik Benat!... Ixtante artio, Benat. (Jalitzen dire)

BENAT: Bai, ixtante artio. (Ixilik... Moroak bere lana finitzen du, saria eskuratzen eta wisky bat manatzen)

 

 

VI

LEHENGOAK ETA ANTON

 

HOTELERO: Hi, bakarrik hemen?... Zer hago?... Kanperoren beha?

BENAT: Ba... Egun bederen, ez ahal naiz debaldetan egonen?

HOTELERO: Berak erakusterat emanen dik... To, kanperoa ez bada ere, hor bertze hire adixkide bat heldu duk!

BENAT: Nor?

ANTON: (Sartuz) Agur, jaunak!

BENAT ETA HOTELERO: Agur!... (Hotelero jalitzen da)

ANTON: Hor hiza oraino?... Ez hiza Etxegarai baitarat heldu?

BENAT: Sarrixago... Ixtantean, hemen izanen omen baitiagu kanperoa... Haren beha niagok.

ANTON: (Ahapalez) Ontsa ezagutua duka hoteleroa?

BENAT: Zerendako?

ANTON: Mesfida hadi hortaz... Baliatzalea omen duk... Sosa sendi badu, klianta atxik ahala atxik artzen omen duk... Kanperoak berdin erosiz, ahal bezen luze jin diten hemen dagotzinen xerkarat!

BENAT: Zer nahi duk egin dezagun?... Eta, hi, ari haiz hire lanari ohartzen?

ANTON: Ba... laster hartu diat ene osabaren garaja hura. Baditiat lau langile meneko.

BENAT: Biba hi!...

ANTON: Uste diat, osabaren gostuko izanen nukala!

BENAT: Hobe, hobe!...

ANTON: Bon... Errak, berant aire nuk jada... Beraz, gurekin izanen haiz ixtantean?

BENAT: Ba... Halako xedetan nauk.

ANTON: Ixtante artio beraz, eta (ahapetik) mesfida hadi hoteleroaz. (Jalitzen da) (Moro eta Indianoak, laster eta ixil, wisky botoilatik, baso barra wisky ebasten dute... Hotelero sartzen da... Ohartzen da, zerbait behar ez den badabilala airean, bainan ez daki nor akusa)

HOTELERO: Ez zakiat, hemen, zerrikeria ez ote den nausitua!

BENAT: (Bizi-bizia) Gogoeta bera naukan ene baitan.

HOTELERO: Hik?... Zer zerrikeriaz duk errenkura?

BENAT: Hamabortz egun hautan kanperoa ez ageri-eta, nun dagon, ez ote zen hor jukutria zerbait, haren hemendik, ahal bezen luzaz, urrunt begiratzeko.

HOTELERO: Zer jukutria nahi duk izan dadien?

BENAT: (Idorki) Ba omen baitira kanperoak, hotelerako treina huts egiten dutenak, hoteleroak hala galdatuz.

HOTELERO: (Kexu) Beha-zak!... Lehenago ere erran dauiat, nik ez diatela deus hobenik, hire kanperoa hoin berant heldu bada... Hasteko, ez bahaiz hotela huntaz kontent, bertzetara libro haiz.

BENAT: (Idor) Baditake lehen eta azken aldikotz hartu dudan hemen ene ganbera!

HOTELERO: Lehena haiz, hola errenkuraka hemen entzuten dudana. Ez zituan holako hire aintzineko gazteak, ez eta ere hire lagun Pantxo hori!

BENAT: Ez... Beharbada ez ziren hola, ez baitzuten, nik bezala, aski bekokirik, pentsatzen zutenaren erraiteko.

HOTELERO: To... Horra hire kanperoa non den... Kontsola hadi... Agur, Bixente... Zer modu?

 

 

VII

KANPERO, HOTELERO, BENAT

 

KANPERO: Agur, agur deneri... Gu, ondo... Zuek ere bai?

HOTELERO: Bai, bai... Ori, momento onean heldu zare... Badituzu hemen aspaldi zu ikusi nahituak!

KANPERO: Ha, gazte... Hi haiz, bi berrietarik bat... Non duk bestea! (Emeki mintzo da... Eskuara pixka bat arroztua du)

BENAT: Ba, ni Agerrekoa naiz... Etxebestekoa Etxegarai baitan da... Urte mugako afaria baitute...

KANPERO: Hala duk, hala duk... Boozak, gure nagusia duk Booza, esana zaitaian bi sheepherd (prononzia chepeurd), bi artzain bazirela etortzekoak hunarat... Ordu onean heldu zarete... Sheep-man, gizon batek baditik bortz mila ardi zuen gomendio... Bi mila eta erdi, bakotxak izanen dituzue, Chewer-Lake-ko mendian alarazteko... Bakotxak zuen ardiak zain, eta gauaz elgarretarat bil.

HOTELERO: Wisky?

KANPERO: Ez... Eskerrak! Segido Etxegarai hotelera goatza...

BENAT: Noiz izanen dugu lana haste?

KANPERO: Bihar berean etorriko zarete nerekin... Orai bildots gehienak salduak ditiagu... Ardiak motz, marroak eman, karnizeroari azken saltzeak egin, eta libro izanen zarete mendirat... Hogoi bat egun izango dituzue beherean egoiteko, hemengo buru beltzen, zakurrekin eta, gobernatzen ikasi artio. (Xutitzen dira)

BENAT: Bildotsak saldu dituzuela?... Ardiak zertarik egiten dituzue?

KANPERO: Bildotsen hazkuntza, Nevada-n egiten ditek... Handik erosten ditiagu ardiak. Ikasiko duk ba orai hemengo modua... Bueno... Hator nerekin... Agur, hotelero... Bihar artio!

HOTELERO: Bai, Bixente, bai! Ausarta tzarra!... Nere nahiz, kanperoak treina huts egin duela!... Nahi nikek jakin nork argitzen dituen hola, orai hunarat heldu diren gazteak!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa