www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hiru ziren
Piarres Larzabal
1957

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Donibane Garaziko ostatu baten aintzina, zenbait mahain eta kaderekin.

 

 

I

BENAT ETA TEREXA

 

BENAT: (Edaten ari) Egun, nik uste, ez gira biziki buruz buru egoiten ahalko.

TEREXA: (Zerbitzaria) Egun, hemengo plaza besta! Beldurtzeko da itoak izanen girela!

BENAT: Orai dugu sinadura... Mentaberri Amerikanoa ixtantean hemen izanen da.

TEREXA: Zure lau lagunak beti hitz beretan direa Ameriketarat joaiteko?

BENAT: Ez... Biek karrik egin daukute.

TEREXA: Nor eta nor gelditzen zirezte?

BENAT: Gelditzen gira: Garajako Anton, Etxebesteko Pantxo eta ni. (Ixtant bat ixilik dagotzi) Bortz urte, Terex... Gehienik sei, eta, Jainkoak nahi badu, berritz hemen izanen gira buruz-buru...

TEREXA: Luze izanen da.

BENAT: Halere iduritzen zaut iraunen dugula... Maiz maiza elgarri izkiriatuz... Nik ez zaitut utziko, zuk ez banauzu uzten.

TEREXA: Nik ere ez zu. (Ixtant bat ixilik)

BENAT: Nehori aipatu duzuia gure arteko sekretua?

TEREXA: Ez... Nehori... Zuk?

BENAT: Nik ere nehori... Nork zer behar du! Denbora jitearekin, aski goiz izanen da denek ikas dezaten.

TEREXA: Uzten zaitut... Barnekoen zerbitzatzerat joaiten naiz. (Jalitzen da)

BENAT: Heldu naiz ba ni ere. (Ixtant bat bakarrik dago, gogoetatua... Edan eta sartzen da) (Terexa berritz agertzen da, mahaina altxatzen du, nigar bat xukatzen)

 

 

II

MENTABERRI, TEREXA

 

MENTABERRI: Agur, anderea!... Mahain hau okupatzen ahal duta?

TEREXA: Zerendako ez? Lehen jartzen denarena da.

MENTABERRI: Ba, erran nahi dut, izkirio lan batzuetan artzeko, zuretzat irabazirik gabe...

TEREXA: Ba, ba, libro da... Nahi duzun bezanbat hortaz baliatzen ahal zira.

MENTABERRI: Bon... ontsa da... Boo... Ekatzu halere boka bat.

TEREXA: Ontsa da.

MENTABERRI: (Bere paperak larruzko zaku eder batetik jalitzen drtu. Terexak zerbitzatzen du) Milesker!... Zu, hemengo alaba zira?

TEREXA: Ba jauna, hala niz!

MENTABERRI: Zuen aita, denboraz, Ameriketarat joan aintzin, ezagutu dut. Hil omen zen.

TEREXA: Ba... Hila da.

MENTABERRI: Zenbat haurride zirezte?

TEREXA: Hiru... Bi anaia eta ni!

MENTABERRI: Eta zer duzu? Ostatua zuk segitzen?

TEREXA: Segitu nahi nuke... Anaieri beren partea egiten ahal badiotet segurik.

MENTABERRI: (Irriz) Eginen diozute, eginen diozute... Seriosa baitzira! Karatik seinale duzu!... Zuk bilduko duzu oraino senar balios bat, ostatu huntarik hotel bat muntatuko baituzue!

TEREXA: (Irriz) Agian ba!

 

 

III

PIERRA ETA NANI,
DANTZARI BEZTI AGERTZEN DIRA

 

NANI: Errazu, Terexa, ekartzu otoi hunarat orratz eta haria... Bonetako xingola urratu zaio dantzari huni, eta behar ginioke josi.

TEREXA: Ekartzen segidan! (Jalitzen da)

MENTABERRI: (Bi mutileri) Non dituzue dantzak?

PIERRA: Pilota plazan, partida denboran.

MENTABERRI: Ontsa duk... Usaia xaharrak segitzen dituzue!

PIERRA: To... Horra Elena eta Karmen!... Horiek eginen die jostura. (Elena eta Karmen agertzen dira)

ELENA: Zer nahi duzue?

TEREXA: (Agertuz) Huna orratz eta haria!... Nahi duzuia nik jos dezadan?

PIERRA: Ez... Milesker!... Eginen dauku Elenak... Elena, otoi xingola hau jos-azu boneta huni!...

ELENA: Gizonak, beti emazteen beharretan! (Mentaberriri) Zer dituzu, Mentaberri jauna, bi mutil hauk Ameriketarat bildu gogo?

MENTABERRI: Zerendako ez?... Nahi badute joan...

KARMEN: Hola segituz, hemengo mutil guziak joanen dituzu, eta gu geldituko gira mutzurdin!

MENTABERRI: Joaiten ditut, bainan frango ere gibelerat itzultzen... bonetetan joaiten eta, zuen plazerrarentzat, xapeletan gibelerat itzultzen... Eta zuek, mutikoak, ez zireztea deliberatzen?

PIERRA: Lehenik, soldadogoak egin ditzagun. Gero ikusiko!

MENTABERRI: Ni ere zuen adinean, hol'hola ninduan... Geroztik egin diat bide, eta ez diat urrikirik!... Zozokeria duk gazte bat hemengo xuhurrerian bizitzea, Ameriketarat joanez, ahurra urrez bete dezakelarik.

PIERRA: Ez da errana, ez dugula guk ere holako zerbait alderdi hartu beharko! Gure etxetan, ez dute gure beharrik... Badira gu baino lehenagokoak!...

MENTABERRI: Joaitekotz, aski goiz hobe dik deliberatzea... Sinets nezazue ni!... Eta deliberatzen bazirezte, ez kexa piaia eta gaineratekoaz... Eni aski duzue hitz bat salatzea!... Behar diren paper guziez kargatuko nuk!...

KARMEN: Neskato gazteentzat ez duzuia enplegurik Ameriketan?

MENTABERRI: Berdin... Nahi baduzue jin, badira «Ranchero» nausi eder batzu, oroz gainetik, eskualdun alabak nahi baitituzte emaztetzat...

KARMEN: Igort-zkitzu «Ranchero» hetarik zenbait hunat. Haatik, ez gero ileak sobera zuritu ondoan.

MENTABERRI: Jiten dira, jiten hetarik ere hunarat!... Ni ere hala jina nintzen.

KARMEN: Abisa gitzazu, bat edo beste emazteketarat abiatzen delarik eskualde hautarat.

MENTABERRI: (Irriz) Ez duzue nik abisatu beharrik!... Holako berriak hedatzen dira neskato gazteen artean, elizako zeinuez barreiatuak balire baino fiteago... Ez niz beldur, jakin eskasian, damurik ukanen duzuela.

KARMEN: Nor dituzu, oraiko aldian, joaiten Ameriketarat?

MENTABERRI: Ixtantean, sinaduraren emaiterat, esperantza ditut hiru mutil gazte segur ezagutzen dituzuenak.

KARMEN: Nor?... Ean?...

MENTABERRI: Bat... Garajako Anton.

KARMEN: Te... Anton urgulutsu hori!... Entzuna nuen, osaba batek, haurrik ez duela han eta, bere segida utzi nahi diola... Segurki dagola han!...

MENTABERRI: Ez da naski hemen ontsa ikusia?

KARMEN: Nork ikusiko du ontsa, duen karaterarekin?... Errea, beti esker gaxtoa prest, eta dena ni; ba, segurki ezagutua da... Otobusako usaia dutenetan guti ikusiko duzu horren alde mintzatuko denik... Eta bertze biak nor dira?

MENTABERRI: Bertzea, Etxebesteko Frantzua.

KARMEN: Frantzua, Frantzua!... (Elenari) Nor dun hori, no?

ELENA: Ez dakin? Kapillunbordako Martzelinarekin ibiltzen baitun?...

KARMEN: Ha, Pantxo!... Ba, aise ezagutzen dut... Bai, hori ere joaiten ahal da Ameriketarat!... Mutil neskatari alfer bat da hori!... Orai duen hori, laugarrena du segurik... Erran, eta fama dun, Martzelina esperantzetan eman duela!... Segur nun hartako joaiten dela Ameriketarat... Bixtatik ihesi... No, ontsa dun, Martzelinaren amak, Margarita buhamisak harrapatzen badu.

MENTABERRI: Zointakoa da Martzelina hori?

KARMEN: Ba, horren ama, segur ezagutzen dukezu ba... Margarita Harritaldeko buhametarik, emazte larri bat, beti zare bat besoan... Ha, beraz Pantxo Ameriketarat!... Te, te, te!... Eta, hirugarrena nor da?

MENTABERRI: Hirugarrena, Agerreko Bernard.

KARMEN: Ha, Beñat... Hori ba... Hori mutiko seriosa da... Langilea eta laketa... Hori pena da hemendik joaitea...

ELENA: (Boneta emanez) Ori zure boneta... Ean ikus nola duzun!... Arras ontsa duzu!... Gaitzeko arrakasta ukanen duzu!...

PIERRA: Bon... Orratz eta haria behar ditut itzuli... (Neskatxeri) Ale... Heldu zireztea zerbait edaterat?

KARMEN: Ez... Milesker... Ez gira egarri!...

PIERRA: (Naniri) Haugi hunarat!... Zerbait behar diagu hartu pagamentzat. (Jalitzen dira)

KARMEN: (Mentaberriri) Gu ere, joanen gira, zenbait «ranchero» hor gaindi aurkituko ote duzun!

MENTABERRI: Ontsa, ontsa... Domaia da ez baititut hogoita hamar urte gutiago!

KARMEN: (Irriz) Zuk, gogoz, hitzez... Eta guk... obraz. Sofri hor! (Mentaberri ixtant bat bakarrik dago, paperak itzulikatuz)

 

 

IV

BATTITTA, MENTABERRI, PANTXO

 

BATTITTA: (Hurbiltzen da, idor) Agur, jaun Mentaberri!

MENTABERRI: Agur, agur!

BATTITTA: Fama entzuna dut, gure mutikoa, Ameriketarat joaiteko, zurekin solasetan abiatua dela!

MENTABERRI: Nor zitut zu?

BATTITTA: Etxebesteko Battitta!... Pantxoren aita.

MENTABERRI: Egia da... Haren beha nago... Oraindanik jina behar luke, azken sinaduren emaiterat.

BATTITTA: Bon... Hortan gira beraz. (Gogoetatua)...Debru zirtzila!... Etxean fitsik salatu gabe!... Mesfidatua nintzen ba!... Baitu, zonbait eta zenbait egun ere, etxeko laneri tiro emana diotela... Eta, noiz du partida?

MENTABERRI: Laster... Zortzi, hamar egunen buruan!

BATTITTA: Zirtzila, alain zirtzila!... Bainan, ez da dena haren falta... Pusatzaleen falta ere bada!

MENTABERRI: Pusatzaleak badituia?

BATTITTA: (Idorki) Bai... Baditu... Eta, zu lehena! (Kalapitan mintza ditela)

MENTABERRI: Nik zer falta dut? Ez nuen ezagutzen ere!... Bera jin da niganat.

BATTITTA: Ba... Zuk eta zuk bezelakoek dituzue hemengo gazteak Ameriketarat tentatzen!... Mentaberri, zure lana trixtea eta kaltekorra da...

MENTABERRI: Nahi nuke jakin nola... Ez ote ditut nik hemengo gazteak laguntzen, bizipide berri batzuetarat gidatuz?

BATTITTA: Ba, bainan gure etxeak, gazteriaz husten dituzu! Eta harat joan nahiak, etxeko lanetako gogoa galtzen diote.

MENTABERRI: Amerikek, hemengo etxe gehiago altxatu dute, galdu duten baino!

BATTITTA: Beti Ameriketan erreusitu-eta itzuli direnak dituzue aipatzen... Eta, hamarretarik bi itzuli direnentzat, zortzi ez baitira gehiago agertu. Gero, guk ere badakigu hango berri zerbait.

MENTABERRI: Ez ditut gazteak enganioz biltzen... Aintzinetik, elez eta zinemaz ere, ahal bezen ontsa argitzen ditut hango harat hunatez... Handik ere hainitzek, hor dituzte argitzale, ahaide eta adixkide.

BATTITTA: Bai, hango biziaren eskualde ona, miraila garbian erakusten diozute... Bainan, miraila haren infrentzua erakusten diozueia?

MENTABERRI: Zuk, kabala bat saltzean, kabalaren itzalak aipatzen dituzuia?... Zuk bezala egiten dut nik ere... Eroslearen da itzalen ikustea.

BATTITTA: Hortan da zure makurra... Gazte horien furiaz baliatzen baitzira, arantzak gorde-eta, loreen bakarrik agertzeko!

MENTABERRI: Iduri luke, zure erranetarik, Ameriketarat joaitea, galtzea dela! Nahi dena galtzen da han ere, hemen bezala!...

BATTITTA: Hum!... (Kurri dabil, ixilik, eskuin eta ezker. Pantxo agertzen da) Hor hiza?... Amerikano batez aberastu behar omen diagu gure familian. Hire ait'amek zerbaiten jakiteko dretxoa ahal ziteian?

PANTXO: Paperak segurtatu-eta, errango nautzuen!...

BATTITTA: Eta, zer egingo duk Ameriketan? Zer uste duk?... Dolarrek, sasitan martxutxek bezala, pusatzen dutela?... Hemen bezala, izerdiaren gostuz duk han ere, diru egitea!

MENTABERRI: Halere, han, hemen ez bezalako aisetasunik du, artzaingotik nahi badu diru egin!

BATTITTA: Nun dauka hunek artzaingo ofizioa? Ez ditu egundaino gure etxeko ardi pezarrak bertzerik gobernatu-eta!

MENTABERRI: Hori bera aski du!... Gaineratekoez han laster eskolatuko dute... Ni ere egin ninduten!

BATTITTA: Ez bada hemen baino jarraikiago bere laneri, pleini dut hunen nausia!

MENTABERRI: Ba, ez du ez, han, hemen bezanbat besta eta okaxione izanen, lanari ihes egiteko!... Bakarrik izanen da mendian!... Lana bera izanen du manari.

BATTITTA: Baditake... Agian ontsa aterako da... Nahi dukana egin dezakek... Adinean baihiz... Haatik, hola plantatzen hizenaz geroz, ez zakala izan Etxebestean petrentzionerik... Urruntzen hizanaz geroz, arreba izanen duk ondoko.

PANTXO: Ene dretxoak uzten dazkot!

BATTITTA: Ontsa duk... Ama ere hemen duk nunbait... Agian ez ditik etxeko berriak bazterretik entzunen. (Urruntzen da)

MENTABERRI: Bon... Haugi hunarat... Huna paperak, prest presta... Hire sinadura die eskas! Aipatu ginitian kondizioneak onartzen badituk segurik... Irakurtu ahal dituk nik eman paperean?... To... Hiru sinadura emazkik... Bat, hemen!

PANTXO: (Presaki mintzo) Ba... onak izan ditela... Nik hemendik urrundu nahi dut, urrundu norapait lehenbailehen!

MENTABERRI: Zer «onak izan ditela»?... Hire sinadura ez ahal duk itsurat emaiten? To bigarrena, hemen sina zak!

PANTXO: Noiz da partida?

MENTABERRI: Zortzi, hamar egunen buruan... Azken xehetasunentzat, haugi hunarat igandean, hameketako.

PANTXO: Lehenbailehen joaitea dut nik galdatzen!

MENTABERRI: Joanen hiz, mutikoa, joanen hiz! Zer duk holako presa?... To, hirugarrena, hemen...

PANTXO: Ba, lehenbailehen lekuen hustea!...

MENTABERRI: Baietz... Lehenbailehen!

 

 

V

MARGARITA, MENTABERRI,
PANTXO, KAROLINA

 

MARGARITA: (Agertuz) Errazu, Mentaberri jauna, egia dea Ameriketarat joaiteko, zurekin paperen egiten hasia dela Etxebesteko seme, Pantxo izena duen bat?

MENTABERRI: Ori, huna nun duzun!

MARGARITA: (Pantxori) Errak!... Ni, Martzalinaren ama nuk!... Badakik zer duzuen egina? Eta, badakik beraz zer gelditzen zaukan egiteko!

PANTXO: Nik ez dut fits ikustekorik Martzalinarekin!

MARGARITA: Fitsik ez ikustekorik?... Zer duk?... Lan tzarra egin eta, ondoan ukatzen?

PANTXO: Zure alaba penetan bada, aski du pena egileari jazartzea eta ez eni!

MARGARITA: (Tira-ahala) Zer dituk ele horiek?... Purtzil ustela hi? Zer dituk?... Hire obraz, bertzeak zikindu nahi?... Uste duka hortan kito hizala?... Haa! Errexegi lukek!... Mundu guziak jakinen dik, hi nor haizen! Tribunalari, emanen baitzioiat parte... Eta zuk, Mentaberri jauna, orai beretik hunen paperak arrastatzen ahal dituzu, berdin nik arrastaraziko baititut... Etxebesteko semea hizala-eta, Kapillunbordakoak zer dauzkak?... Hire zangoko errauts?

KAROLINA: (Andere, esku batean «Revue de la mode» agerkaria; preziatuki mintzo) Zer da?... Zer duzue hola kalapitan?

MARGARITA: Ho, andere Karolina, ontsa jina zira... Zure semearekin ari nintzen!

PANTXO: Ama, ez zozula kasurik egin!

MARGARITA: Ba... zu eta ni, horrenganik amatxi behar baigira!

KAROLINA: Ho... gazte ixtorioetan ni ez naiz barna sartu nahi!

MARGARITA: Ha!... Ixtorio horietan ez sartu nahi!... Zure semeak hola ezarri balu jaun meraren alaba, sartu nahiko zinuken ba! Ala, ahantzia duzuia ene alabari gertatzen zaiona, zuri gertatu zauntzula!... Eta, kontesko izan zinela orduan, zure «ixtoriotan», zure ama sartu baitzen!

KARMEN: Ho... Ez dautzut errepustarik emaiten... Ez dut zikindu nahi!

MARGARITA: Ez zikindu nahi! Ez duzu zikintze beharrik! Aski zikindua zira hol'hola. Zuen ohoreaz, hura galdu ondoan, zirezte oroitzen... Ustel apainduak, zuek!...

KAROLINA: Otoi, bakea emazu zure ele komun horiekin!

MARGARITA: (Karolina imitatuz) Bakea emazu... Bakea emazu... Ba, bakea emanen dautzut, andere Karolina... Sarri artio bederen... Tribunala ideki artio balia zaite zure ohoreaz, ordu artio, an-de-re Ka-ro-li-na... (Urruntzen da)

KAROLINA: Ho... Zer jende itsusia hori!... Eta, sinatu duzuia, Pantxo?

PANTXO: Ba, ama, sinatu dut... Aita ere jin da!

KAROLINA: Aita jin?... Eta, badakia Ameriketarat funtski ari zirela?

PANTXO: Orai, denak badazki.

KAROLINA: Nola hartu du berria?

PANTXO: Hartu du!...

KAROLINA: (Mentaberriri) Ba, ene senarra pixka bat leheneko modakoa da... ez du batere konprenitzen gaztek behar dutela abusatu. Eta, beti, mutiko horri, gerla egiten zion, sobera jalitzen zelakotz... Uste du beti, duela berrogoitahamar urte bizi girela. Eta, hortakotz, mutikoak erakutsi dautalarik Ameriketarat jaoiteko desira, gogotik erran diot: «Zoazi, haurra!... Han bederen bakea emanen dautzu!...»

MENTABERRI: Ba, segur aski urrun izanen baita hemengotarik!

KAROLINA: Eta, gain gainetik gomendatzen dautzut ene mutiko hau... Nahi nuke hunen nagusiari erraiten bazinio, otoi goxoki erabil dezan, beti goxoki usatua baita. Eta, gain gainetik, hotz beroak dituela partida.

MENTABERRI: Segur eginen diot komixionea!

KAROLINA: Eta? Noiz duzue partida?

MENTABERRI: Zortzi, hamar egunen buruan!

KAROLINA: Oas, zoin fite!... Zato, Pantxo... Bideko erosi behar dautzut trikota pollit bat... Hura izanen duzu amaren oroitzapena... Agur beraz, jaun Mentaberri! (Urruntzen dira)

MENTABERRI: Ba, jaun andereak. (Bakarrik, paperetan okupatua) Emazte hori ere, ttutta untzi zerbait duk, nik uste... Eta semea, amatar naski. Ez dik horrek Ameriketarat joaitea beharrik galtzeko! (Irriz) Kaliforniako mendietan bakarrik izanen delarik, griñatuko duk to biziki horren nausia, horren hotz beroaz... To, huna Garajako Anton!

 

 

VI

ANTON, MENTABERRI

 

ANTON: Agur, jaun Mentaberri.

MENTABERRI: Agur, Anton. Beraz heldu hiz, hi ere, sinaduraren emaiterat?

ANTON: (Karroli) Lehenik, baditut xehetasun zenbait galdatzeko!

MENTABERRI: Zer xehetasun?

ANTON: Mesfidatzeko zutaz errana zautaten... Denboraz makinungoan ikasi zinuela-eta... Han eta hemen ni ere alatu niz... Nola daiteke, eni bertzeari baino gehiago galdatzen duzula paperen egite sari?

MENTABERRI: Zer? Hortan gituka?... Hatzeman dituk, hik ere, buru berotzaleak!

ANTON: Egia da edo ez da egia! Nor izanaren arauko sariak galdatzen dituzula?

MENTABERRI: Lehenik, oroit hadi huntaz: Hihaur jin haiz eneganat!... Nitan konfientzia gehiago ez izaitekotz, aski huen bertzetarat joaitea, edo paperak hihaurek moldatzea.

ANTON: Ba, hala egin behar nukela, kontseilariak izan ditut.

MENTABERRI: Bon... Mintza gaiten gizonki... Zuen paperen egitetik ene irabazia badutala, bixtan duk... Ez ahal duk nehor lanean urririk ari!

ANTON: Hori konprenitzen dut.

MENTABERRI: Bertzalde, paperak ez dituk berdin hemengo batentzat, eta, mugaz hunarat pasaturik, ameriketarat joaiten den nabartar batentzat... Harek xahupide gehiago badik...

ANTON: Nahi dut. Bainan, zertako ez dugu soma bera pagatzen hemen berekoek?

MENTABERRI: Nahi duk jakin zerendako Pantxok eta Beñatek, hik baino merkeago duten ene lana? Huna zerendako!... Horiek biek Konpainia batentzat artzain joaiteko sinatu die... Nik, Konpainia horri, horien izenak fornitu-eta, kito izan nuk... Konpainiak berak egin ditik horientzat, behar ziren desmartxa guziak. Hortakotz, horien lana guti gosta zaitak. Aldiz hi, hihauren kondu joaiten haiz, hire osabari buruz... Hortakotz, hiretzat ibili behar izan diat, kontsulan, minixterioan eta bertze asko tokitan, hor gaindi... Horra zertako, hire paperak gehiago gostatzen diren, lagunenak baino!... Bahiza orai?

ANTON: Paper botigak!... Zenbait gizentzen da, horien medioz... Ekartzu hunarat sina ditzadan.

MENTABERRI: Hala duk!... Bainan horiek gabe, fits ezin egin!... To, sina zak hemen... Eta horien biltzeko nor-nahi ez on... Bigarren sinadura emak hemen... Eta, biziak erakutsiko dauk eskuz-esku gizonekin bide hobeki egiten dela mutur-hauska baino... Eta, hirugarrena, hemen!...

 

 

VII

BENAT, MENTABERRI, KARMEN,
ANTON, TEREXA, ELENA

 

BENAT: (Agertuz) Heup!

MENTABERRI: To... Hor hiza, Benat... Hi hintudan eskas... Pantxo izana duk jada sinatzen... Zortzi, hamar egunen buruan duzue partida... Azken xehetasunendako, igandean, hemen berean, hameketan, elgar ikusiko diagu.

ANTON: Ontsa da... Bon... Nik uzten zaituztet...

MENTABERRI: Ba... Igande artio beraz... (Beñati) Jar hadi hor! Eta?... Beti hire hitzean hiza edo badituka kondizione zenbait, joan ez zaukenik?

BENAT: Sinatzeko prest naiz!

MENTABERRI: Beraz, ados gituk! Ene lana pagatzen dautak! Konpainiak piaia pagatzen dauk hemendik eta hoteleraino... Hotelerat heldu-eta lanari lotzen haiz, eta, hire lanetik, Konpainiari itzuliko piaiaren saria.

BENAT: Zer behar dut sinatu?

MENTABERRI: To, hiru paper hauk sinaizkik... Hemen bat... Hik ba, hik eginen duk bide, osagarriak laguntzen bahu segurik... Hemen bi...

BENAT: Agian ba... Ez luke balio bertzenaz hola urruntzea!

MENTABERRI: Hemen hiru. (Paperak bilduz) Orai segidan, joan behar diat Baigorrirat, eta handik Itsasurat... Ikusi behar ditiat, bertzeak beren hitzean direan. (Montrari behatuz) Oi! Berant aire nuk.

BENAT: Zerbait hartu nahi duzuia?

MENTABERRI: Ez... Milesker... (Urruntzerat abiatzen da) Te, te, te... Amerikano batekin ezkondu nahia, errabiatua den presuna gazte bat, baduk hemen... Nork zakik, denborarekin?... Ori, andere gaztea, hemen «ranchero» gei bat baduzu, zurekin gogotik konpainiatuko dena. (Jalitzen da)

KARMEN: (Agertuz) Egia dea Ameriketarat joaiten zirela?

BENAT: Egi egia!... Oraintxet sinatu dut.

KARMEN: Ho!... Ez zautzuia zerbait egiten, hola Eskual-Herriaren uztea?

BENAT: Ez dut ez plazerrez utziko!

ANTON: (Leiho barnetik) To, nik uste harekin hintzela eta, hi neska hunekin!

KARMEN: (Kexu) Ez duk bertzerik erraiteko enetzat... Asto lilia, hi!

ANTON: Eta?... Sinatu dazkok paperak?

BENAT: Ba... Hik ere, omen!

ANTON: Ba... Bainan, lehenik, jaun horri erakusterat eman zioiat, bere solas eder guziak, diru biltzeko jukutria batzu dituela... Ez dezan bere burua, sobera apostolutzat har!

KARMEN: (Bazterrerat mintzo) Zozo burua!... Iduri berak, denek baino gehiago jakin.

BENAT: Nik ez nian arrazoinik haren miatzeko.

ANTON: Igandean, azken afari bat egin behar ginikek denek betan!

BENAT: Ba, ni ere hortako nukek, bertzek nahi badie segurik!

ANTON: Elgarrekin ikusiko diagu, igande goizean... Bon... Uzten zaituztet... (Gordetzen da)

BENAT: Ontsa duk.

KARMEN: Segurki joan dadila bixtatik!... Zer mutil higuina hori!

BENAT: Te, huna Terexa! (Keinu egiten dio)

KARMEN: Ho, ez dakizu, Terexa? Benat, Ameriketarat joaiten zauku!

TEREXA: Ha, baia?... Ori, pena da... (Mahaina xukatzen duela)

KARMEN: Ho, ba pena da... Hoberen guziak urrun ari zauzkigu... (Benateri hurbiltzen zaiola) Zure adreza igortzen badautazu, hemengo berriak emanen dauzkitzut... Maite nuke hango norbaitekin letraz gurutzatzea.

BENAT: Ha, gaixoa!... Utz nezazu lehenik harat heltzerat!

KARMEN: Ez zira betikotz joaiten? Itzuliko zira?

BENAT: Hala dut esperantza.

KARMEN: (Ergelki) Hi, hi, hi... Bitxi izanen zaut, zu xapeletan ikustea... Hi, hi, hi... Sarri balean izanen zirea?

BENAT: Beharbada ba... Beharbada ez... Nola helduko naizen!

KARMEN: Hi, hi, hi... (Terexari) Badakit ba zuk zer pentsatzen duzun!

TEREXA: Zer pentsatzen ote dut?

KARMEN: Mahain hau okupatuz geroz, behar ginukela zerbait hartu... Hi, hi, hi...

TEREXA: Ez, ez... Ez naiz hortarik ari den gutienik ere.

ELENA: (Agertuz) Neska, nun haiz?... Mugi hadi!.... Pesta hasten dun!... Gure tokiak galduko ditinau!...

KARMEN: (Xutituz) Heldu nun... Heldu nun... (Irri polit batekin) Sarri artio, Benat!

BENAT: Ba, sarri artio!

KARMEN: Ekarzu ba eskua, alo!

BENAT: (Eskua tinkatuz) Ori, ori... Sarri artio. (Karmen urruntzen da. Terexari tinkatuz) Ez zirea jelos?

TEREXA: Ez, den gutienik ere... Ez baita hori on, bost urtez norbaiti leial egoiteko.

BENAT: Bortz urte!... Beharbada sei!... Luze izanen da... Agian gure amodioa beti azkar egonen da.

TEREXA: Gure Jainkoak lagunduko gaitu... Nik, egun guziez, otoitz bat eginen diot zuretzat.

BENAT: Ori... Ideia bat emaiten dautazu... Ez niz otoitz egilea, bainan oherakoan, «Agur Maria» bat bederen eginen dut, nik ere zuretzat.

TEREXA: Hola, gure izpirituak, egun guziz gurutzatuko dira.

BENAT: Eta, hola apailatuz, ez zaut iduritzen, deusek barreiatuko duela gure amodioa.

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa