www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Etxahun
Piarres Larzabal
1951

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Literatur Emailuak [http://www.susa-literatura.eus/emailuak/emailu080b.htm]

 

 

aurrekoa hurrengoa

BORTZGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-Lekua:

        Dendarianeko josteko barne bat

 

 

AMA: (Bera mintzo) Zer izigarrikerria gertatu den ahatik gau huntan! Pazko gaua, orhoitzekoa izanen da zenbeitentzat... (Leihotik, behatzen du). Eta alaba ez ageri! Nun othe dabila?... Ixtantean, jendea mezatik, jaliko da, eta segur naiz, xehetaxunetarat denak hunarat jinen dira, Dendarianerat... Ez baitut maite hala holaka artzea... Hobe baita gauzak gertatu diren bezala, xuxen kondatzea... Ha... horra, horra alaba heldu.

 

(Alaba sartzen da).

 

        Eta... Zer ihasi dun hor gaindi?

ALABA: Ha ama... Zer nahi ihasi dut... Gertakari bat ditaken nahasieno omen da.... Hainitz salsa izanen omen da hor.

AMA: Zer ba?...

ALABA: Batzuek diote Egiaphalek hil duela Joanes... Pette eta Mane ere saltsan omen dira.... Etxahun jaun andreak ere ba.

AMA: Bo Etxahun!... Sobera adixkide zitunan no Etxahun eta Joanes... Segur naun Egiaphalek duela Joanes hil....

ALABA: Ez dakit... Bainan, Egiaphal, jandarmek, berekin, joan ondoan, libratu omen dute....

AMA: Berdin din, berdin... Hura dun hor hobenduna Egiaphal zikin hori omen zabilan bethi Etxahunen emaztearen ondotik... Eta segur nun, Joanesek salatzen zizkonan Etxahuni denak.... Etxahunek Joanes zinan bere emaztearen zaintzale... Hortaz ohartu dun Egiaphal, eta hartaka din hil Joanes.

ALABA: To... So egizu leihotik... Jandarmak, Etxahunen emaztearekin pasatzen... Eta xuxen-xuxena, jende guzia elizatik jalitzen ari delarik... Hoa! Zer ahalgea!

AMA: Zerendako ahalgea?... Ez badu pitsik egin!

ALABA: To, Gaztelondoko Maider eta Kattalin ere hor dira.... Egin behar diotet oihu... Kartieretik hurbil baita krima gertatu, zerbeit bide dakite... (Leihoa idekirik, keinuz deitzen ditu...)

ALABA: Heldu dira... Behar diotet athea ideki... (Sartzen dira)

AMA: He ben.... Arropa berri horriek nola ditutzue? Izan duzuel «ximiko berri» hainitz...

MAIDER: Arras pollitak ditugula erran daukute.

AMA: Hobe, hobe... eta errazue, zer diozue gertakari hortaz?... Hori.... Egiaphalen lana.... Urde gaxtoa.... Haren egitatea ditake hori bakarrik!

MAIDER: Non ez den Etxahunena?....

AMA: Hum, nekez.... Etxahun, mihi gaixtoko gizona duzu, nahi bezenbat... Edana delarik bereziki, kobletan-eta, zer-nahi erranen dautzu.... Guk ikusten dugu hemen nola ibiltzen den plaza huntan. Bainan, ez da barne tzarreko gizona... Egiaphal hura ba, bere kopeta ilhunarekin... Ha, harek bat izitzen nau.

MAIDER: Ba, ez dakit... Etxahunek, lehen ere eman izan du gero tiro bat.

AMA: Bainan Joanes zertako nahi duzu hil zezan?... Bere adixkide hoberena!

MAIDER: Nik dakita?... Bainan, ni bethitik mesfidatzen naiz Etxahunez... Horrek ez du barne sano pausatu hetarik... Bethi halako errabia, kaldo batean bizi den gizona da...

AMA: Eta zuek, gain hortan, ez duzueia phits arrabotsik entzun gau huntan?

MAIDER: (Keinu eginez, bere ahizpari)... Ez, ez... Phitsik... ederkixko lo egin dugu...

 

(Athea jotzen dute)

 

AMA: Aintzinat! (Sartzen dira Pette eta Mane).

AMA: Jes! Non zabiltzate hemen gaindi?

PETTE: (Bi ahizperi)... Errazue, huna laburzki!... Jandarmek nunbeitik jakindu dute gau huntan krima-tokia gaindi pasatu garela, eta beretarat deithua gira... Zuen atzemaiterat heldu gira, han agertu baino lehen. Emazue gero egia dena den... Guk ere hala erranen dugu... Ez dugu gero saltsa hortan barne nahi... Zonbat orenak ziren, gu zuen leihoetarat jitean?...

MAIDER: (Gorrituz) Hamar, hamekok.

PETTE: Eta zonbatak, gu handik urruntzean?

MAIDER: Bi hiruenak...

PETTE: Bon.... Hitz hortan, agozte gero zuek ere... Guk dena den erranen baitugu... Gu bagoazi... Zuek ere izanen duzue segur, ondotik, galdea...

 

(Jalitzen dira: Denak, jenatuak ixtant bat egonik,
bi ahizpak, jalitzen dira...)

 

MAIDER: Bagoatzi gu ere.

AMA: (Ezpain mehez) Ontsa da, ontsa da... Zoazte beroz! (Jalitzen dira).

AMA: Ikusten duna horien kopeta?... Ontsasko lo egina zutela gauaz... Uste ninan ahatik seriosago zirela... Eta goizean, segur nun... komuniatzen zitunela...

ALABA: Ba, kofesatu dira ba, dudarik gabe...

AMA: Bo, bainan, berritz hasteko, prest ordian!...

        Arrazoina din Etxahunek, batzueton edan-eta, jiten baita guri koblen egiterat; Jainko-jaleek diten maiz erlisionea galtzen...

ALABA: Utz-azu Jainkoaren gain, horien jujatzea (Leihotik behatuz). To, jaun erretora, kanpagnarat joaiteko makila ferratuarekin... Norat ari da hola?.. Tenore huntan?

AMA: Nun dun?

ALABA: Ori, ixtantean athetik pasatuko da...

AMA: Ago ixtant bat... Behar zakoniagu zerbeit estakuru pentsatu hunarat sar-arazteko... Beharbada, zerbeit bazakin...

        (Leihotik) Jaun Erretora, othoi sar zaite, ixtant ixtano bat... Badut zuri zerbait presatu galdatzeko...

ERRETORA: (Sartzen da) Zer nahi zinuen!

AMA: Hemen badut, eliza aldare nausiko oihal bat, laburtzerat andere serorak ekharria... Nola zinuke nahi? Aldare gaineko oski dena bakarrik, edo bi bazterretarat erortzen dena?...

 

(Erakusten dio oihala).

 

        Eta zer zaitzu gertakari izigarri hortaz, jaun Erretora... Zer barneko jendeak badiren ahatik bazterretan!... Nor othe da kriminela?...

        Ori, hau behar duta pikatu edo hau?

        Batzuek, Etxahun dela diote. Nik ez uste, jaun Erretora.

ERRETORA: Utziko ditutzue sei erhi trebes dilingo, aldare sahets bakotxetarik. Hola ontsa izanen da...

AMA: Bon untsa da... Eta zuk, jaun Erretora, zer pentsatzen duzu?

ERRETORA: Phitsik, phitsik pentsatzen... Egun Phazko dela, eta denbora goxoa dugula. Bon, oihal hori erran bezala, eta sarri artino, andereak...

 

(Jalitzen da)

 

AMA: Hauxe da ba apeza... Eta phitsik ez erran nahi!... Etxahunek hil othe du ba? Egiaphal!.. Eta Etxahunen emazte hori holakoa dela nork erranen du? Holakoeri su, su behar laiteke eman... Zer? Zuzen-kontrako gizonekin dabilan emaztea?... Zer da holako emaztea?

ALABA: Errazu, errazu, ama.... Hola mintzatu aintzin, orhoit zaite ba....

AMA: Ago ixilik hi! Nik bazakinot ene berri. Ni haur tzar bat nindunan, enganatu nindutelarik... Bazakinat, Etxahunek ez nain ni maite, maiz ene kontra ari dun; bainan, Egiaphal baino gehiago estimatzen dinat halere... Egiaphal, azpiz artzen dun lan tzarrean... Etxahun bederen ageri dun non den eta zer derasan.

ALABA: To, krida... (Leihoa idekitzen du... Kanpuan tanburra jo eta kridatzen dute).

HERRIKO MUTHILA: Abisu Barkoxeko jende guziari... Nork edo nork balinbadaki nun den Topet, Etxahuneko nagusia, haren berri lehenbailehen helaraz dezala jandarmeriarat... Norbaitek gizon hori gordetzen badu, edo ikusi-eta non den, ez badu salatzen, garrazki gaztigatua izanen da, gizon hori krimineltzat ekharria baita.

AMA: Hooo... Horra beraz... Horra kriminela... Arrazoina zuten Gaztelondoko neska horiek... Sekulan, sekulon ez nuen erranen Etxahun holakoa zela... Sekulan...

 

(Athea jotzen dute. Sartzen da Maria,
kofesioko atxo xahar hura)

 

AMA: Te, hor zirea, Maria?... Sar zaite, sar, gaixoa. Zu ere berriketarat heldu... Ez zira lehena... Jakindu duzu nor den kriminela?

ATXOA: Bo, orai entzun dut herriko muthilaren ganik... Zuk ere ba dudarik gabe?

AMA: Ba, guk hemen goizetik zerbeit baginakien... Horra, ikusten duzu, horra gizon bat zertarotzen den errabian eta jeloskerian bizi delarik?... Bethi mesfidatzen nintzen, Etxahunek azkenean holako zerbait eginen zuela. Eta zuk zer diozu hortaz?...

ATXOA: Ho. (Eztiki) Ho, ene adinean badut holako frango entzunik. Krima batzu badire agertzen direnak, eta hainitz arrabots egiten dutenak. Bertze batzu, hainitzetan gehiago, badire nehork aiphatzen ez dituenak. Hortako; holakoak entzutean, ixil-ixila egoiten naiz, Jainko maiteari galdatuz, orotaz urrikal dadien...

AMA: Arrazoina duzu ba, Maria!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa