www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Etxahun
Piarres Larzabal
1951

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Literatur Emailuak [http://www.susa-literatura.eus/emailuak/emailu080b.htm]

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-Lekua:

        Oihan zoko bat: arbola eta arroka, bidexka batekin... Gau ilhargi da... Pette, muthil gaztea, bidexkan agertzen da... Huntza baten oihua entzunik, bide bazterean konkortzen da... Berritz, bietan huntzak oihu egiten du, eta orduan sasipetik Mane, bertze muthil gaztea, irriz ateratzen zaio Petteri.

 

MANE: Ha, ha, ha... izitu haizela ahatik!...

PETTE: Ah!... Hi hintzena.. Jakiterat... Behar huen, to, harrika aldi bat hartu...

MANE: Sekulan deusek ez hauela gauaz izitzen, espantuka ari izan baihaiz atzo, nahi nikan frogatu ean egia othe huen edo ez!

PETTE: Ba, egia erran, ez nauk izi errexa... Bainan oxtian, hunarakuan, zerbait entzun diat, eta beldur bat sartu zaitok bihotzean.

MANE: Zer entzun duk?

PETTE: Tiro bat entzun diat... Eta, gero halako intzirin batzu.

MANE: (Irriz) Ba, errana duk, amodiotan dabilanari sorginak pueska ibiltzen zaizkola ondotik.

PETTE: Ba, ez nauk gero irriz ari... Hor, zerbait gertatu duk...

MANE: Emak bakio, muthikoa... Eta, haugi Gaztelondorat... Hango leihoetan ahantziko dituk oro!

PETTE: Ez zakiat, hor zer gertatu den... Hortxet zian dena... Egiaphaleneko landa buruan... Hor norbait!

MANE: Ba, berdin norbait, basurderi edo azkoneri tiroka... Zer nahi duk izan dadien bertzerik gauaz?

PETTE: Ba... Eta intzirin hek?

MANE: Hek, hek!... Bon, utz-aitzik horiek burutik bere gisa... Ilhargi ederra diaguk... Denbora goxoa... Aufa!.. Biba libertatea eta amodioa... Goazen, Gaztelondoko maiteen harrotzerat...

PETTE: Pxt... Pxt...

MANE: (Aphal) Zer duk?...

PETTE: Norbait baduk hor... So egizak... Gizon baten bultua duk.

MANE: (Aphal) Gorde gaiten... Ez gaitzan ezagut... Goazen hemendik.... Haugi hunat.... (Biak gordetzen dira).

ETXAHUN: (Agertzen da bakarrik, harma erdi herrestan, itxura arrunt desegina... Ixil-ixila, lehenik jartzen da harroka baten gainean, eta gero, hipaka nigarrez lotzen).

        — Hil dut. Hil dut... Gizon bat hil dut... Eta nor?... Ez Egiaphal, ez.... Ez ene etsaia.... Bainan Joanes.... Joanes ene adixkide hoberena...

        (Orroaz, iduri adimendua galdua). Hil dut, hil!

OIHARTZUNA: (Menditik errepostu) Hil... Hil!...

ETXAHUN: (Xutitzen da harritua) Nok nau akusatzen?

OIHARTZUNA: Akusatzen!

ETXAHUN: Ez dut nahitarat hil!

OIHARTZUNA: Hil!

ETXAHUN: Ez nuen nahi Joanes hil!

OIHARTZUNA: Hil!

ETXAHUN: Ez naiz kriminela!

OIHARTZUNA: Kriminela

ETXAHUN: (Nigarrez berritz jartzen da, eta bere buruarekin, intzirin eta solas, luzaz mintzatzen) Zorte malurusa!... Joanes ene adixkidea... Hura behar nian beraz hil... Joanes ene haurreko laguna.... Egundainotik ez baitaut ongirik baizik egin... Bertze guziek, etxekoek, kanpokoek, aphezek berek, beltzten, zikintzen, zangopetan ezartzen ninditekan denboran, hi, Joanes hi bakarrik, bethi ene alde agertu haiz... Ba etxean, ba bidean, ba ostatuan... Zenbat aldiz ez haiz ethorri nere kontsolatzerat, preso nintzenean! Adixkide bat, bat, bat bakarrik nuen munduan, eta hura dut hil... Ha, hurbildu naizelarik et ezagutu dudalarik nor nuen lurrerat aurthiki... Ha ikusi ditudalarik haren bi begiak eni luzaz luzaz itzultzen azken aldikotz... Ha, barka zadak... (Xutitzen da, eta begiak galduak mintzo da) Ez, ez naiteke gehiago bizi... Joanes hil dut... Hil nadielo ni ere... Ha hunekin berarekin... Kartutxak... Azken kartutxa bat... Nun zarezte ene kartutxak?

ERRETORA: (Bet-betan agertzen da) Etxahun!...

ETXAHUN: (Izigarriki harritua, harma erortzerat bezala uzten du, oihu bat eginez).

ERRETORA: (Lotzen zaio besotik) Zer ari haiz hola, Etxahun?... Zer egin duk to? Harma eskutik kentzen dio).

ETXAHUN: (Nigarrez) Joanes, jauna, Joanes hil dut!

ERRETORA: Bazakiat... Laster jendea ohartu duk eta deithu naitek.. Bainan, berantegi...

ETXAHUN: Ez da ene falta... Ez nuen hura hil nahi... Bainan Egiaphal.

ERRETORA: Joanes edo Egiaphal... gizona gizon duk!...

ETXAHUN: Hala da... Bainan Egiaphal hil banu... hura hil banu bederen. Ez bainuen zakur batentzat baino gehiago nigar eginen...

ERRETORA: Ago ixilik... Ez duk bakotxari xuxentasunaren egitea... Legezko gizonak hor dituk hortakotx eta Jainkoa denendako.

ETXAHUN: (Erreboltan) Legezko gizonak!.. Ha, aipha-ozu eni heien xuxentasuna! Zuk ez dakizu ene etxeko berri... Zu! Aise mintzo zira sahetsetik!

ERRETORA: Mintza-hadi aphalago... Orhoit-hadi hobendun haizela... Orai zer egin gogo duk?...

ETXAHUN: Ez dakit... Ez dakit gehiago, ez nor noizen, ez zer egin, ez zer pentsa!

ERRETORA: Jandarmak hor dituk gibeletik... Ixtantean hemen izanen dituk...

ETXAHUN: (Ikharan) Jandarmak!... Ez dut nahi hetarat erori... Lehenago ene burua garbituko dut... Ekazu harma... Ekazu harma hori...

ERRETORA: Utzak harma hori eni... Norat ari hintzen hemen gaindi?

ETXAHUN: Ez dakit nihaurek ere... Espaka... Espaka norapait mendi alde.

ERRETORA: Pentsatu diat hemen hintukela, nunbait, arimez eta gorphutzez galdua... Eta, baleki bale, hortakotz jina ninduan hunarat.

ETXAHUN: Eta, orai, nik zer egin behar dut?...

ERRETORA: Hire egitatea, egitate larria duk... Bainan, kondenamendu handienetik salbu hintazkela iduritzen zaitak. Ez baituk nahitarat hil Joanes.

ETXAHUN: Ez duzuia zerbait egiten ahal ene alde? Ez duzuia jujeri esplikatzen ahal bederen?...

ERRETORA: Kasu egizak, Etxahun, zer erranen dukan... Gaua duk orai... Bihar goizean, herriko buruzagiekin aiphatuko diat hire harathunata... Gorde-hadi, bihar artino. Eta, zer salos ibili dugun hitaz, jinen nauk bihar erraiterat.

ETXAHUN: Gorde?... Bainan nun?

ERRETORA: Habil Mendialderat... Aski urrun izanen haiz hola... Mendialdeko artzainak izanen dik hire doia lasto bere bordan... Aski diok phitsik ez salatzea... Berria ez duk berdin berehala hedatuko haraino.

ETXAHUN: Harat jinen zirea?

ERRETORA: Ba... Ago han ene beha... Eta, orai urrun-hadi... Tenora duk...

ETXAHUN: (Eskua tinkatuz jaun erretorari) Milesker, milesker, jaun Erretora... (Urruntzen da).

ERRETORA: (Harmari behatuz) Ha mundu hau!... Mundu trixte hau!... (Harma sasi-pean sartzen du eta urruntzen da)... Emazteak ahal handia du ongiarentzat, bainan ere gaizkiarentzat... Zenbat krima gizonek ez dituzte egiten emazteen-gatik!

 

OIHAL

 

aurrekoa hurrengoa