www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Etxahun
Piarres Larzabal
1951

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Literatur Emailuak [http://www.susa-literatura.eus/emailuak/emailu080b.htm]

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Eliza baten sartzeko athea, barneko aldetik. Sahetsean, kofesionale bat, kadera zonbait aintzinean.

 

 

ERRETORA: (Kofesatzeko jauntziez beztitua, harat eta hunat dabila, ofiziotako liburuan othoitzak marmarikatuz... Sei orenek joiten dute elizan. Jaun erretora badoha elizako athearen gakoari, idekitzeko itzulia emaiterat).

        —Orai sar ditela... beren tenorean... Ez hor ez, lau orenetako, zoin lehenka!... Iduri eta erretor botek tenore guziak libro dituela... (Belhaunikatzen da aldarean buruz). — «Ha, Jainko maitea, lagun nezazu lan dorphe huntan! » (Sartzen da kofesionalerat).

 

(Sartzen dira elizarat, bakotxa bere moldean zeinatuz,
belhaunikatuz eta kofesionale aintzinean kokatuz,
lehenik gizon zahar gohor bat, gero hamabi urtheko
muthiko basaka bat, gero atxo xahar bat nexka bat eskutik,
bertze zonbait ere nahibada; azkenik,
Gaztelondoko Maider eta Kattalin.

Denak serioski bulta bat badagotzi,
kontzientzia etsaminatzen, bat arrosarioekin,
bertzea liburutik eta... hola...).

 

ATXOA: (Hurbiltzen zaio gizon zahar gohorari) Kofesatua zirea, Ganixon?

GANIXON: Zer?

ATXOA: Pasatua zirea?

GANIXON: Pasatua zait ba... Milesker... Ahatik zortzi egun ohean egon-eta!

 

(Denak irriz kurkurkur)

 

ATXOA: Ez, ez... Ean, kofesatua zaren

GANIXON: Ha... kofesorro? Ez dakit barne hortan baden nehor... Ethorriko da ba, dudarik gabe... Tenora du!...

ERRETORA: (Barnetik, xutiturik) Ixilik hor!... Kofesatzen ahal zarezte... Sar zaite, Maria!.. (Atxoa sartzen da).

GANIXON: Ha!.. Hor zen-eta!

 

(Hamabi urtheko muthikoa, erne ernea dago,
atxo xaharra jali ordu, kofesionalerat sartzeko.
Hura athera ordu, brixt sartzen da...
Bainan gizon zaharra ohartzen zaio,
eta lephotik lotzen, oro inharrosten dituztela)
.

 

        —Hep! Nere saindia duk gero... haugi hunarat... Deubru kakatsu tzarra!

 

(Denak irriz kurkurkur)

 

ERRETORA: (Kexu) Agozte ixilik!... Hi, muthikoa, ikasak saindiaren beha egoiten...

 

(Gohorra kofesatzean, oro beharriak tapaka,
erdi irrika dagotzi, kofesionaletik
ahal bezenbat urrunduz.
Kaderen arrabotsez eta eztulka entseatzen dira
gohorraren solasen tapatzerat.
(Halere gohorraren hitz hauk aditzen dira.)

 

GANIXON: Bai, bai, predikua han horat joana... Ja, ja; gazte denboran bai, ez orai... Ba, bizpalau zama edo hola... Zenbat hamarreko? Hamahiru?

ETXAHUN: (Elizan sartzen da, eta kofesionale aintzinian plantatzen, Gaztelondoko bi neskeri hurbil. Hauk, hartaz, elgarri keinuka lotzen dira. Ixtant baten buruan, Etxahun ohartzen zaiote, eta Maideri erraiten dio ahapetik) Seigarren hortan etsamia hadi gero ontsa

MAIDER: (Ahapetik) Zu ere zer zira? Zenbat tiroen salatzerat ethorria (Bi neskak irriz ahapetik).

ERRETORA: (Furian jalitzen zaiote) Zoazte kanporat hemendik... Ala zer zarezte? Jainkoaz trufatzerat jinak hunarat! (Maider eta Kattalin jalitzen dira).

        (Etxahuni) Eta hik ere, kanpoko zozokeriak utziko dituk kanpokotz, eta gizonki gobernatuko haiz hemen haizen denboran bederen.

ETXAHUN: (Jazartzen zaio) Ez naiz ni non nahi gizonki gobernatzen? Zer duzu nitez erraiteko?

ERRETORA: Xehetasunak nahi badituk, haugi ene etxerat.. Hemen ixilik... elizan baigituk!

 

(Ordu berean sartzen da Joanes).

 

ETXAHUN: (Badoha kanporat, koleran) Ez zure etxerat, ez hunarat ez naiz gehiego jinen!

JOANES: (Etxahuni) Ala, muthikoa!... Zer ari haiz?

ETXAHUN: (Athea hetsiz) Erranak erran, orai aski... Ez naitek berritz hemen ikusirik... Ni kofesatu nahi naueno, jin bedi eneganat. (Denak ixilik dagotzi... Kofesioak aitzinarat... Gohorra xutitzen da eta, kanporat dohala, Joanesi mintzatzen)

GANIXON: Zer zian Etxahunek, te, hola jalitzeko?

JOANES: Deubrua dantzan!.. Deubrua dantzan!..

GANIXON: Jainkooren etxean ere deubrua dantzan?!... Ez gaituk gora!...

 

(Jalitzen da... Ixtant bat...)

 

aurrekoa hurrengoa