www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bordaxuri
Piarres Larzabal
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa  

SEIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Hilerriak. Erditik, hilerrietarat jausteko eskalerak. Eskaleren pean, bizpahiru eskualdun tonba.

 

 

PAXKAL: (Tonba baten gainean jarria, pinta bat arno aintzinean, ber bera eleketa ari) Hauxe da gau ederra!... Bordaxuri, kasu hiri!... Musikariak engoitik apailatzen ari dituk... Oren baten buruko, oi zer tutak... Gizagaizoa Bordaxuri... Erotzen hasia omen da. Hilak eta ezkeletak eta ikusten omen ditu... Eta heiekin mintzatzen ere omen da... Ori aski du hunat jitea elestatzerat... Izanen du konpainia ederra elestatzeko, hemengo egoiliar guziekin... Debru zoroa!...

        Ez niz ez ni oraino hortaratua... Nun ote da hilherri zaina? Hitzartuak gire elgarretaratzeko, pinta arno hunen husteko... Arno buxundatua da gero...

        Zer gau ederra!... Gu hemen elgarretaratzen girela nork salatu ote dio jaun erretorari? Debru mutzurdin tzar horiek seguraz ere...

        Jes, zoin berant heldu zautan hura berriz... Botoila hunen hasteko ere tira-boxoinik ez diat... (Entseatzen da idekitzerat bizpahiru moldez: azpitik joz, gain behera inarrosiz, hortzez) Brien-ariña nola idek ordian?... (Xutiturik berriz ere entseatzen da idekitzerat, besoazpian, zangoen artean, tonba bati joz eta hola... Kexu gorrian jartzen da) Ha, idek hadi ba... Egarri niagok, idek-hadi, zozoa!... (Botoila pausatzen du tonba baten gainean, eta haren aintzinean belauniko, otoitzean lotzen zaio) Alo, idek-hadi, idek, gaizoa... (Koleran eskuetan hartzen du, bota nahi balu hezala, debruetan harat) Idek-hadi... Ez nezakala koleraz... Idek-hadi edo hausten haut... (Potaka eta milikaz lotzen zaio) Ho, kanpotik bederen edaten ahal banu... Hum, ez baitu haatik, berinak arnoa pasatzerat uzten...

        To, hago hor!... (Tonba baten gainean pausatzen du eta ixtant bat ixilik dago) Ha, ez du Jainkoak ideki nahi... Ontsa da... Beraz debrurik balin bada, botoila hau idek dezatela... Ha, ez da ez Jainkorik ez debrurik gehiago. (Ikaratua) Ja, ja, ja... Nor da hor heldu? Jaun erretora ote da hori?... Gorde gaiten... (Gordetzen da)

BORDAXURI: (Kapa beltz batez bezti, emeki eineki jausten da eskalerer beheiti, penaz herbaildua mintzo da) Hilak, heldu naiz zuen egoitzetarat, biziek ez baianute gehiago bakean utzi nahi... Ene izena beti enekin dut... Bainan izenaren ahalak urrundu dire eneganik... Ez naute gehiago norbaitzat hartzen ez kanpokoek ez eta ere etxekoek, ez eta Jainkoaren gizonek... Hola ez naiteke gehiago bizi... Axal mamiz hustua bezala naiz, ihizi basa azken zalapartetan zakurrak segitzen duten bezala, etsai multzo batek inguraturik naukate... Hilen tonbak idek zaitezte enetzat... Suntsi nadila... ez deus bilaka nadila... Ez deus bilaka nadila...

HIL-BOTZA: (Apal, latzgarri, emeki mintzo tonbapetik bezala) Sortuz geroz betikotz sortua haiz.

BORDAXURI: (Ikaretan) Nor da hola mintzo?

HIL-BOTZA: Bertze munduko botza mintzo zauk.

BORDAXURI: Ha, ez banintz bederen sortu!...

HIL-BOTZA: Sortzea Jainkoak, zortea hihaurek...

BORDAXURI: Hilak, zuen betiereko ixiltasunak ingura nezala...

HIL-BOTZA: Hobendunentzat ez da ixiltasunik...

BORDAXURI: Ho, adixkideak, nun zarete ene adixkideak?

HIL-BOTZA: Gaizkilearentzat ez da adixkiderik, bekatuzko lagunik baizik...

BORDAXURI: Zer? Biziak ez aski... hilak ere etsai...

HIL-BOTZA: Hire etsairik handiena, hire baitan.

BORDAXURI: Ene baitan?

HIL-BOTZA: Ba, hire baitan den hobena...

BORDAXURI: Urrun dadiela ene hobena eneganik.

HIL-BOTZA: Urrun igorrak.

BORDAXURI: Nola igor dezaket?

HIL-BOTZA: Sar-hadi urrikitan...

BORDAXURI: Urrikitua ahal naiz?

HIL-BOTZA: Dolutua haiz, ez urrikitua...

BORDAXURI: Ez urrikitua?...

HIL-BOTZA: Urrikiak galdatzen du aitormena.

BORDAXURI: Aitortzen dut.

HIL-BOTZA: Hihauri, ez duk aski, deneri behar duk aitortu.

BORDAXURI: Ha, malurusa ni, ene bizia ez dezaket uka... ez, ez... Bordaxuri ez daiteke umilia... Umiliatzea, itxurarik gabeko gizon bilakatzea litake... Nahiago dut hil, bizien artean hil bat bezala bizi baino... Eta zer? Ni hobendun... Baditut nik ere ene arrazoinak... Hilak, hil tonbak idek zaitezte... Hilak, mintza zaitezte... (Ero begi batzu ikaratuak egiten ditu) Bainan zer ikusten dut? Ala burua galtzen ari dut? Ha ene burua... Zer da eni luzatua dagon ezkeleta hori?... Hortik, hortik, tonbatik... Ha!... (Oihu izigarri batean, eskaleretan, sahets baten gainerat erortzen da)

HIL-BOTZA: (Emeki boza dardarikatuz) Ma-lu-ru-sa... ma-lu-ru-sa, be-ti-kotz, be-ti-kotz.

 

(«Galerianoa»-ren kantu hauk
entzuten dira oihal gibeletik...
erdi amets batean bezala,
Bordaxurik entzuten ditu)

 

                Kantatzerat nihazu alegera gabe,

                Ez baitut probetxurik trixtaturik ere,

                Nehun deusik ebatsi, gizonik hil gabe,

                Sekulakotz galerak neuretako dire.

 

PAXKAL: (Agertzen da... Harritua behatzen dio Bordaxuriri... Publikoari mintzo) Zer gertatu zaio huni? (Ikaratua) Hila da naski. Apezketarat joan behar dut... (Jalitzen da)

 

(«Galerianoa»-ren kantuak)

 

                Ene aita da gizon kontsideratua,

                Semea galeretan du segurtatua,

                Nun nahi otoitzean belaunikatua,

                Saindu iduri debru madarikatua.

 

                Elizan sartzen dire debozionekin,

                Iduriz doazila saindu guziekin,

                Beren liburu eta arrosarioekin,

                Debruak pesta onik einen du hoiekin.

 

                Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko,

                Ahaide adixkidek kuraia hartzeko,

                Eta partikulazki, aita, zuretako,

                Kantu hauk aditzean semiaz oroitzeko.

 

BORDAXURI: (Begiak idekitzen ditu zerbait ikusten balu bezala... Burua pixka bat altxatzen du... Botz apal hil batez mintzo da) Barka zaidaak, Piarres... barka... (Burua pausatu eta azken hatsa botatzen du)

PAXKAL: (Agertzen da eskalera buruan) Huna nun den, jaun erretora.

ERRETORA: (Agertuz) Ha, arrazoina du, ba... Jes, jes... Zer gertatu zaio huni? (Hurbiltzen zaio Bordaxuriri... Foltsua hartzen dio... Grimasa bat egiten du... Absoluzione bat emaiten... Xutitzen da eta jenderi mintzo) Hunek aldia egina du... Bordaxuri, etxalde gidari zuhur eta fermua, zuzenaren zerbitzari leiala, bainan gizon osoa... Adimendu zorrotza, bainan bortitza... Bihotza berdura beldurrez, bihotz idorra... Beretzat norbait eta bertzentzat norbait nahia... Bordaxuri, guk ez dakigunez, Jainkoak onart dezala zutaz egin dugun jujamendua...

 

OIHALA

 

aurrekoa