www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bordaxuri
Piarres Larzabal
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Ezkaratz mutur bat. Bi ate, bat sukaldekoa, bertzea ezkaratzetik kanporatekoa.

 

 

GANIX: (Su-pala gider batez, arto bihitzen ari da... Bihotzetik minez dago) Nago, barneko oren zahar hau, ez ote zautan laster geldituko. Ha, hatsa... hatsa... funtsean, ez da estonatzeko nere barne huntan zerbait zapartaturik ere, nik jasaiteko ditudanekin...

BORDAXURI: (Sartzen da, arrasteilu bati hortzen emaiten ari) Aita, bihotza hola eri eta, zure tokia ohean da ez eta hemen.

GANIX: Ohean ez naukek, hemen gertatzen denarekin.

BORDAXURI: (Bizi-bizia) Beti musika bera beraz!!! Preso dena ez da zurea, ene semea da.

GANIX: Hire semea ba... bainan ene semearen haurra, eta ene semetxia... eta hiru egunen buruan haren jujamendua Paben... eta nehor ez hemen mugitzen haren salbatzerat... Ahurrean eri bezenbat gizon lekuko haren galtzeko... etxekoak aintzinean eta nehor ez haren salbatzeko!

BORDAXURI: (Gaixtoki) Hanbat gaixto harentzat, erein duen hazitik, biltzen badu.

GANIX: Hanbat gaixto guretzat...

BORDAXURI: Guretzat?

GANIX: Piarres, gure odoletik duk... Bordaxuritarra, hi eta ni bezala... Haren ohorea galtzen baduk, hirea eta gurea ere itzaliko duk.

BORDAXURI: Ene semearen ohorean ez dut nik sartzerik... erreka zikinduaz ez dire gain-ur garbiak hobendun.

GANIX: Odol erreketan ez duk ez gainik ez behererik... Odol bereko, putzu berekoa... Bordaxuri bati odola galtzen badiok, Bordaxuritar guziak desohoratuko dituk.

BORDAXURI: Ustela onetik berexteak, ez du ona galtzen bainan ona usteletik begiratzen.

GANIX: Ustel puska ttipi bat balin bada onean, onak hura jasan eta irets dezala... Onak ez dezala bere burua zauri ustel puska kenduz.

BORDAXURI: (Kexu botza altxatuz) On hunek ba ahal du aski ustelkeri jasan eta iretsirik... Aski eta sobera... Galerek on bezate, gure egin ahal guziek ondu ez dutena... (Ateratzen da)

GANIX: (Bakarrik) Ha, ene bihotzaren banpakoak... badut uste heriotzea atean dutan... laster etor bedi!... Zeren bizi huntan, ez da gehiago enetzat zorionik. Bi seme ukan ditut... ikusi duzue zaharrena. Hiru haurren aita da: bi seme eta alaba bat... Gazterik alargun gelditua, nihaur gelditu nintzen bezala... Emaztea hil zaiolarik, Kadet gure lehen kusiak, harek haurrik ez zuela eta bat hartu dauku, eri bat gaixoa, deusetako on ez dena... eta Plumagainean, ene seme hau gelditu zen, Piarres eta Terexa bere bi haurrekin... Ene bigarren semea Ameriketatik sosdun jina da; hor bizi da, mutil zapar ostatu batean ganbera bat harturik... Ha, hatsa, hatsa... bi haur, bai... bainan bietarik kontsolamendu guti... biak bihotz idorrak... Ameriketan nola ibilia ote da hoin laster aberasteko?... Eta hemen, zer bizi dabilka?... Mutil zahar, alfer eta ase dagona, maiz debru tzar... Etxeko hunek berriz semea preso dauka... ene semeatxi Piarres... Piarres ene semeatxiak auzoko alaba batekin nahi zuen ezkondu. Aitak ezetz... Piarresek aitari tiro bat eman dio... airerat ba naski... Beti, hau da geroztik preso... horra gure etxeko berriak...

TEREXA: (Kanpotik oihuz) Aitatxi...

GANIX: To... gure Terexa... Zer da?

TEREXA: (Agertuz) Ha, hemen zinen eta... Ganbararat so egin, barrokirat so egin, nindagon nun ote zinen...

GANIX: Zer nahi zinuen?

TEREXA: Iturrirat joan bainiz, ixtant batentzat, eta auzoko Mayik errana baitaut, jinen dela esku kolpe baten emaiterat, errozu, ni berritz gibelerat jin artean, zaku huntako ilarrak berex ditzan... baitira hainitz hipiatuak...

GANIX: Ontsa da...

TEREXA: Oas... zu, bihotza hola eri-eta, lan hortan? Izitzen nuzu... Ohean egoiteko orde... Zerbait nahi duzuia hartu?

GANIX: Ez, ez... ontsa naiz hola hola. Milesker... Zoazi gostuan iturrirat... Mayiri erranen diot zer egin...

TEREXA: Nere beharretan denak, oihu bat egin beza.

GANIX: Baietz, baietz, haurra... (Terexa ateratzen da, Ganix bakarrik) Ha, Terexa... Haur on bat zen ttipian... Bainan jitea ari zaio idortzen... Ez da estonatzeko... beti hemen, gizonpean, eta gure arteko molde bortitzekin... Emazterik gabeko etxean ez laiteke haurrik altxatu behar...

MAYI: (Kanpotik) Hela!...

GANIX: Zu zirea, Mayi? Aintzina, aintzina...

MAYI: Ari zirea, Ganix?...

GANIX: Zerbaitetan denbora pasatu beharrez... Ori, doi-doia Terexak erraiten zautala iturrirat joan zela, eta, heldu bazinen, ilar horiek garbituko diozkatzun, hura berriz gibelerat jin artean.

MAYI: Ontsa da... eta bihotz hori, zertan duzu?... Uste nuen ohean zinela.

GANIX: Jeikia niz... ez sendoago naizelakotz, ez... Bainan gorputzari lana emanez, izpiritua beharbada poxi bat pausatuko zautalakoan.

MAYI: Zu, beti zure semetxia gogoan?

GANIX: Ba, Mayi, ba... Hiru egunen buruan omen da tribunaleko harat-hunata... Ene seme horiek ez dira hartaz ene aintzinean mintzatu nahi ere... Kontzientzia makurrek, argitzalerik ez maite... Etxe huntarat ez da gehiago nehor agertzen ere... Marka txarra hori... Etxe zuzenak adixkidedun baitire...

MAYI: Diotenaz, hainitz lekuko omen du kontra eta gutti alde.

GANIX: Bainan, zer? Zertaz dute hoinbertze belzten?

MAYI: Lehenik, aitari tiro eman diola, bere etxe partea, ezkontzeko ezin ardietsi zuelakoan aitarenganik.

GANIX: (Bizi-bizia) Bainan, tiro aireari eman du... Aitari izialdura bat bakarrik eman nahi zion... Hil izan nahi ukan balu, uste duzuia hoin hurbildanik huts eginen zuela? Horrek nun du kanorea?

MAYI: Akusatzen omen dute ere aitaren omena zikindu duela...

GANIX: Aitaren omena zikindu? Nolaz?

MAYI: Aitak berak, bere emaztetzat Klotilda nahi omen duelako...

GANIX: Baditekea holakorik? Zer?... Gure seme horrek, adin hortan, berriz ezkontzea pentsatzen ere duela?

TEREXA: Nik, dazkitanak, erosi bezala saltzen daitzut...

GANIX: Uste duzuia Klotildak nahi ere lukela adin hortako gizon bat?

MAYI: Ho... badakizu oraiko neskato gazteak nolakoak diren? Nik ere baditut higa... Eta bertzenetaz nahiago dut ixilik egon... ez baitakit nihaurek eneekin zer behar dutan ikusi...

GANIX: Bainan, Bainan, ezkontza horrek ez luke kanorerik ere...

MAYI: Bizkitartean, diotenaz, aita-semek hortan omen zuten bere makurraren zimendua. Kartiereko gazteria denetaz ontsa jakintsun baita, aitari tutak jo behar diozkatela, muntatzen ari omen dire...

GANIX: Zer, tutak? Galarrotsak Plumagaineko nagusiari? Kontseiluko gizonari? Elizako pabillunketariari?... Bordaxuritarren errespetua hortaratua?

MAYI: Ez zaitela asalda... Ni, aspaldian zuen etxekotua bainaiz, zuekin aise mintzo niz... Denak diren bezala erraiten dauzkitzut... Hobe baita jakinaren argia, ezin jakinaren errabia baino...

GANIX: (Xagrindua) Ho, ho, Plumagainea hoin behera... Hemen hola eta hura han preso...

MAYI: Ez duzuia preso denarenganik deus komixionerik ukan?

GANIX: Ez, zer komixione?

MAYI: Ontsa hedatua da, Piarresek zure lekukotasuna haren alde galdatu dautzula.

GANIX: Ez dut nik holako galderik ukan...

MAYI: Nik ez dakit... Fama da, Klotilda bere aitarekin izan direla haren ikusten, eta heiekin zure semetxiak galdea igorri dautzula haren alde mintzatzeko tribunalean... Ez zautzuia Katxo hemen izan?

GANIX: Ez, aspaldi du ez dutala ikusi hemen nehor Katxoteikoetarik...

MAYI: Ha... Ilarraren garbitzea fini dut... Ikusi behar dut zer lan duen Terexak sukalde hortan... (Ateratzen da sukalderat sartzeko)

GANIX: (Bakarrik, erdi nigarrez) Piarres... ene semetxia... egia ote da?... Ene odola huntaratuko zela... Sekulan ez nuen erranen, sekulan... Bertze xahartasun bat idurikatuz bizia nintzen. (Ixilik ixtant bat nigar egiten du)

AMERIKANOA: Hep! (Sartzen da) Jainkoak dautzula egun on, aita. Nola duzu bihotz hori? Joan dea?...

GANIX: (Bihotza hunkituz mintzo dela) Errak, seme, errak egia, zertan duzue auzia?

AMERIKANOA: Ez zaitela kexa, aita... Jujek oro hatzean ezarriko dituzte.

GANIX: Errak... ez ahal duzue Piarres galduko? Aita ez bada, familia bederen alde izanen ahal dik?

AMERIKANOA: Jes, aita... Zoin griñatua ziren mutiko piltzar hortaz?

GANIX: (Izigarri penatua) Ha, horra... hi ere haren kontra!... Ez nian bertze beldurrik... Nungo odola duzue zainetan, gisa hortan familiako haur bati hola bihurtzeko? Ez duzueia ikasi familiak sustengatuz behar dutela xuritu ez eta auzitegian? (Amerikanoa harat-hunaka dabila, hixtuz kasurik egin gabe bezala) Piarres duk Plumagaineko premua... Piarresek behar dik hemen segitu Bordaxuriren deitura... Hori duk gure geroa... Familia guzian horren azkartzeari artzeko eginbidea diagu. Eta horren ahultzeari, errekaratzeari ari zirezte... Ez diat konprenditzen... Ez diat konprenditzen... ha, ene bihotza!...

AMERIKANOA: Ez zaitela hola asalda, aita. Utz-azu gure geroa gure gain... Terexa ere hor da gero! Plumagainea horren eskuetan hobeki izanen da Piarresenetan baino...

GANIX: Horrek ez dik gure izena beiratuko... Eta uste duka kondenatu baten arreba etxeko seme on batek nahiko duela? (Xutitzen da bihotza torratuz)

AMERIKANOA: (Trufaz bezala) Diruduna, aita, denek nahi dute... Diruak, itzal guziak tapatzen ditu... Badakit hori ene gostuz... Ameriketarik itzuliz geroz, etxeko jaun handi guziak, beren alabak eskainka, ondotik ditut.

GANIX: Hobe huke hik ere, denen eskaintza baino, baten segurtasuna bahu... (Jalitzen da)

AMERIKANOA: (Bakarrik) Jes, hauxe dira xaharren arrengurak... Ni ezkondu? Ez... Ezkontzen dena, lepotik kordarekin duk... Nahiago diat libro eta biziaz ontsa baliatu... Gero ere, ene diruaren gostuz bederen izanen ahal diat artazale.

BORDAXURI: (Sartzen da) To... hor hiza? Eta... zer berri ekartzen duk?

AMERIKANOA: Ago gostuan, hunekin (diruaren keinua eriz egiten du) denak biltzen dituk... Kurritu ditiat Pabeko handi horiek denak... eta behar den lekuan mintzatu nuk... eta, ba, ba, jujamendua segura duk hogoi urteren galeretarik bederen ez dik eskapurik.

BORDAXURI: Doala betikotz bixtatik!

AMERIKANOA: Errak, gure xaharra arrunt kexu diagu, mutiko zirtzil horren alde.

BORDAXURI: Ba... xaharra to... eta hura bere semetxia... eta gertakari guziak ez ditik betidanik haren begietarik baizik ikusi!

AMERIKANOA: Nik beti, Plumagainearen segida nahiago diat Terexaren eskuetan ikusi, ezinez eta mutiko tzar horrenetan. Hire zahartasunarentzat Terexa hobe Plumagainean, nunbaiteko errena baino... Nik ere, ez zekiat, hezur zahartuak ez ditudan hemen ondarra higatu nahiko. Eta enetzat ere, Terexa nahiago nikek bertze edozoin kanpoko baino, eta bereziki Katxoteiko arraza hortarik baino!!!

BORDAXURI: Izpiritu zuzenak ez zezakek bertzela ikus... Etxeari behar dik behatu... gure zirtzil hura ez duk on etxe hunen segitzeko... Seme ez deus baino, suhi on bat hobe, ba etxearentzat, ba etxekoentzat.

AMERIKANOA: Eni ere hola iduritzen.

BORDAXURI: Bertzelako ikusi bideak, bihotz ahulenak eta sentimendu nahasitik dituk... Biziak bide xuxena nahi dik... Bide xuxenik ez zukek, traban direnak tokitik kendu gabe.

AMERIKANOA: Hago deskantsuan, Tribunalak gure traba kenduko dik eta itzalean ezarriko, bere pretenzioneak ixilduko baitzaizko. (Zakurra ihausika entzuten da) To, badakika nor heldu zaukun?

BORDAXURI: Nor? Klotilda bederen?

AMERIKANOA: Ez, haren aita... Katxo bera...

BORDAXURI: Zertarat heldu da hori hunat? Bere alabak gure mutiko hura bilduz geroz, errana zioat ba ez dezan gehiago zangorik sar hemen, ez berak ez eta ere Katxoteiko bertze nehork... Auzo izanik ere urrun nahi dutala horietarik bizi...

AMERIKANOA: To, akoma hadi berarekin... Nik uzten zaituztet, gordetzen nuk... (Atea joiten dute)

BORDAXURI: Aintzina!

KATXO: Jainkoak dautzula egun on, Bordaxuri

BORDAXURI: (Gain behera mintzatuz, hotz-hotza) Zer da? Hainbertzetako beharrak jo du Katxo, nun ez baitzitaken egon Plumagainerat jin gabe?

KATXO: Nehork ez daki noren beharretan izan diteken.

BORDAXURI: Holako sarkidekin, berriz ere Plumagaineko ezkaratza, jats ukaldi baten beharretan izanen da.

KATXO: (Koleran abiatua) Kasu emazu, jatsaren lastoa enetzat balin bada, haren makila ez dadien zuretzat izan.

BORDAXURI: Zer habila hemen, ene semea hartu ondoan, haren ontasun partea bildu beharrez?

KATXO: Zure semea ez dut nik bildu... ohetik kendu eta kanporat eman duzularik baizik.

BORDAXURI: Gizona den gizonak, auzoko kabala errebelatua ez dik etxean sartzen, bainan etxe ondotik haizatzen.

KATXO: Gizona den gizonak, beharretan den jendea du laguntzen.

BORDAXURI: Zer nahi huen? Plumagaineko nagusiari hire miga sakatu?

KATXO: Plumagaineak izan dezake etxeko andere makurragorik.

BORDAXURI: Jakintzak, Plumagainean sartuko denak, izendun familiatik beharko duela.

KATXO: Zer diozu? Katxoteikoek ez dugula izenik?

BORDAXURI: Zer izen duzue zuek? Ala ahantzia duk zer motetarik haizen? Pakante seme, hainitz bordetako seme; jakintzak etxedun izaiteak emaiten duela izena. Etxeka dabilana, etxe bezenbat izenetako gizon duk. Etxedun gizona duk bakarrik izen batetako gizona.

KATXO: Zer dituzu pretenzione zoro horiek? Ala zer uste duzu? Ontasun jabe behar dela izan, gizontasun jabe izaiteko? Ez dela ontasun dunetan gizon zuzenik baizik, eta ontasun gabetan gizon makurrik baizik?

BORDAXURI: Jakintzak zerbaitetarat heldua denak, bere balioaren frogak emanak dituela... Herrestan dabilanak, nun ditu frogak zerbaitetako on dela?

KATXO: Zer dituzu espantu horiek? Dituzun gehienak ondoriotasunez izanak dituzu... Gu bezala pakante borda txar batean sortu izan bazine, uste duzuia gu baino gehiago izanen zinela oraiko orenean? Zerbait diren gizon gehienak, bertzez dire zerbait, ez eta berez...

BORDAXURI: Zer dauzkak? Ez deusak? Odol on baten haur izaitea? Ontasun baten segitzeko gei izaitea? Zertako habila beraz, gure ontasun eta semearen ondotik?

KATXO: Dituzun ontasunak, zuk ere bertzetarik ukanak dituzu. Bertzetarik ukanak, bertzetarat hedatzeko dira... Ez ahal duzu larretik ateratu nahiz ari den jendea baztertuko?

BORDAXURI: Zer pretenitzen duk? Zertarat heldu gogo haiz?

KATXO: Ene onez bezenbat, zure onez jina niz.

BORDAXURI: Ene onaren gidari utziko nuk nihaur.

KATXO: Zure semea salbatu nahiz nabila.

BORDAXURI: Ene semeak ez likek kasurik hireganik, ez bahintz suhi baten ondotik ibilki.

KATXO: Etzi da Pabeko jujamendu handia... Haren harat-hunata zuen eskuetan da. Badakit lekukoketa zabiltzala haren garrazki kondenarazteko.

BORDAXURI: Lekukoak, dituenak agertzen ditik.

KATXO: Diruz, beti lekukoak izan ditazke.

BORDAXURI: (Koleran) Diruz...? Diruz...? Zoin dirurekin?

KATXO: Diruz, ba diruz. Badakit zer diotan... Zurea ez bada, zure anaia turko horren gostuz bederen.

BORDAXURI: (Oihuz) Ene etxean eta ene kidekoez bertzela mintzatuko haiz. Zorritik ateratu batenganik ez baitut hemen mesprezio hartzerik.

KATXO: (Orroaz) Zoin gira zorritsuenak... zuek ala gu? Gure etxean ez da semerik aitari tiro bat eman dionik, ez eta ere aitarik jeloskeriaz bere semea kondenatu nahiz ari denik.

BORDAXURI: (Orroaz) Kanporat, habil kanporat! Zer ari haiz? Ez dukala hihaurek ohorerik galtzeko eta bertzerena galdu beharrez? Habil eta hanbat gaixto zangorik hemen sartzen baduk! Te... te... huia, huia... (Katxo jalitzen da... Zakur ihausiak aditzen dira... Oihuetarat heldu dire Amerikanoa eta Mayi. Hau, ikusiz zerbait makur bide badela, berriz sukalderat itzultzen da)

AMERIKANOA: Zertarat jina zen?... Bazterrak nahasi beharrez?

BORDAXURI: Kopetadun eta buhamien gisako behar dik egiazki, hola bertzen etxerat afruntu emaiterat joaiteko.

AMERIKANOA: Ez dakika zoin motetarik diren? Ez hiza oroit horren aitatxo buhamietarik zela?... Saski egitetik bizi... eta kartiereko xara guziak saski gai keta larrutzen zituela?... Eta Katxo bera zer izara duk?... Eta zer duk oraino ere? Alimale biziotu bat.

BORDAXURI: Ene semeaz dik griña... ene semea behar dela librarazi... (Aitatxi Ganix, sukaldeko atean agertzen da... Amerikanoak keinu egiten dio bere anaiari ixil dadien, bainan berantegi) Zertaz okupatua, ene semea nahi, bere alaba, neska tzar horrentzat?

GANIX: Ha, ene semea... ez hadila hola mintza. Bihotzean pena egiten dautak. Zer uste duk, hire semea galeretan sartuz ohore gehiago ukanen dukala, Katxoteiko alabarekin ezkonduz baino?

BORDAXURI: (Koleran) Aita... zu aise mintzo zira... Zer erranen zinautan nik egun batez tiro bat eman banizun?

GANIX: Aireari dik tiro eman, hi iziarazteko, ez eta hihauri...

BORDAXURI: Aireari? Ez, aita, ez... Nihauri eman daut tiro... Eta ez banintz aski goiz konkortu, ez nintzen gehiago mundu huntan izanen... Nik hori badakit, zuk eta bertze guziak baino hobeki... Eta gero, bere burua garbitzeko zer fama hedatu du? Ni, Katxoteiko neska txar harekin adixkide nintzela... Eta, jeloskeriaz, berak beharra nik nahiz, naizela hoin bortitza harentzat... Kartiereko gazteak ere, tuta joiterat ene kontra muntatu ditu... Horiek guziak nik zuri egin banintu, zer erranen zinuen he?...

GANIX: Piarres hire semea duk... Oroitu behar duk, gaizoa, amarik gabe hazia izana dela, gure artean, frango bortizki eta penatuki... Ez duk estonatzeko bere bidean kausitu duen lehen emaztearen goxoak beretu eta enganatu balin badu ere.

BORDAXURI: Aski zuen bertze bati lotzea, ez eta neska horri.

GANIX: Bihotzeko legetan ez dik adimenduak manatzen. Frango ezkontza sahetsetik musikaturik ikusi ditiat, ondotik ontsa eman baitute, elgar maite die... Biak gazte eta libro dituk. Beharrena hortan duk... Gaineratikoan, biziak heziko ditik.

BORDAXURI: (Kexu) Malerus da ba, aita, zu hola mintzatzea... Ikusten duzu zuk, neska tzar hori, hemen etxeko andere? Zeren premutasunaz, Plumagainea Piarresi heldu zaio... Ez duzuia ikusten zer den neska hori? Beti jo harat eta jo hunat. Laneko funtsik ez, gizon guzien ondotik... Ez ditutzuia ezagutzen Katxoteikoak? Zorrak ezin pagatuz, gobernurik ez, elizako urratsak erdizka... Ikusten nuzuia ni, Plumagain, herrian kontseilari, elizan pabillunketari, eta etxean holako errena baten jabe? Bainan, aita, ez dezaket konpreni, zuk nola esku eman dezokezun hortan Piarresi.

GANIX: Nahi dena ezin egin delarik haurrekin, seme, ahal dena egiten duk. Bide handiz ez badezakek semea ibil araz, ez duk arrazoin bat haren erreka behera igortzeko... Xendraz ibili gogo badu, utzak xendraz, bide zabalerat jinen delako esperantzan... Bainan ez zakala erreka behera aurdiki, handik ez baituk sekulan jaliko...

BORDAXURI: (Pikatuz koleran) Zuk hola ikusten duzu? Nik bertzela... Zure bizia aintzinatua da, aita, eneak badituzke oraino urte... Ez naiz seme gaixto batengatik, hura ezin jasanez, gelditzen zauzkidan urteak bizi nahi. (Aitari zerbait jin zaio... Amerikanoak keinu egiten dio ixil dadien) Zuzenetik dabiltzanak ez ditazke pozoinda makur dabiltzanek...

GANIX: (Nekez mintzo) Ha, semea, bertzela uste nian Bordaxuritar arrazak segitu behar zuela. Hire semeari, hamalau urte zituelarik, nik erakutsi nioian lur iraulden... Lehen ildoak atera zitian makur... Baina gero ikasi zian tresnaren erabiltzen, eta ildoak eremaiten zitian nik bezain xuxen... Hori ikus-eta loria batek hartu nintian... Gogotik egoiten nintuan Piarresen lehen ildo xuxeneri beha... Engoitik, nioian ene buruarekin, deskantsatzen ahalko nauk... Ene semearen semea hasia duk ildoa xuxen jalitzen... Bainan orai, ene ametsa fini... ha, bizi hau gehiago fitsik ez zautak... fitsik... Hil nauzue bien artean... Seme, hil nauzue... (Erortzera doa... biek atxikitzen dute)

AMERIKANOA: Bainan... aita... zertako egiten duzu holako odol gaixtoa? Jes, atxikak... Mayi, zato hunat! (Mayi agertzen da) Aitari zerbait jin zaio. Ba, ez du, ez dudarik gabe fitsik... Ixtant bat ezarriko dugu ohean... Ori, bil-zkitzu arto hauk.

MAYI: (Bakarrik) Ha... xahar hau joaiterat heldu bada, etxe huntan ez dute aise ordainduko... Hori gizon bihozdun bat izana da egundainotik... Hainitzak lagundu ditu eta urgulurik batere gabe... Bai familiakoak, bai eta ere auzoko zonbait... Bertze xahartasunik merezi zuen segurki... Hori gizon bat izana da. (Terexa iturritik sartzen da)

TEREXA: Jes, aitatxi nun da?

MAYI: Ba ez da ez urrun... Ahulezia ttipi batek harturik, ixtant bat oherat joana dute...

TEREXA: Ho... ez du segur lehen aldia...

AMERIKANOA: (Agertzen da presatuki) Mayi... Terexa... fite, fite, mugi zitezte... apeza, medikua...

TEREXA: Zer da?

AMERIKANOA: Badut beldurra azken hatsetan den...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa