www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bordaxuri
Piarres Larzabal
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Sukalde bat.

 

 

        (Terexa supazter xokoan dago... Amerikanoa karta tiratzen mahain muturrean jarririk... Bordaxuri harat-hunat dabila erotua tutak entzuten dituela... Kanpotik galarrotsak ari dira, eskualde batetik, bertzetik, hurbildik, urrundik, edozoin soinu motaz)


GALARROTSAK: (Botz bat urrundik)

                Ala zorigaitzeko premu izaitea,

                Harek eman baiteraut betikotz kaltea,

                Aitari galdeginik sortzeko partea,

                Galeretan eman nau, hauxe duk dotea.

        (Botz berak irrintzin batean)

                Bordaxuri, ai, ai... urde gorri, hi, hi, hi...

        (Denek errepostu)

                Hu... hu... hu...


        (Bertze botz batek bertze nunbaitik)

                Aita aintzinean eta arreba ondoko,

                Osaba burjes hori diru fornitzeko,

                Ez ordean enetzat bi sei liberako

                Galeretan bederen leher egiteko.

        (Botz berak, Afrikako

        apez mahometanoek bezala oihu eginez)

                Bordaxuri aker handia...

        (Denek aker botza eginez)

                Meee...

        (Botz berak)

                Bordaxuri asto ziria...

        (Denek astoaren orroa eginez)

                Hi-han... hi-han...

        (Hirugarren botza urrundik)

                Zuri mintzo nitzaitzu, oi aita zilarra,

                Ardura dudalarik begian nigarra,

                Zure ta ene arraza Bordaxuritarra,

                Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.


BORDAXURI: (Erotua amerikanoari) Ez dituka aditzen? Zortzigarren gaua berdin dela. Holakoak, hil behar litazkek, hil, hil... (Beti kurri dabila)

AMERIKANOA: (Deskantsuan) Mutikoa, ez zakotela kasu egin, zakur erautsiari baino gehiago.

BORDAXURI: Aise duk erraitea. Ez haiz hi saltsan barne... ezagun duk... aditzen dituk, bainan senditzen ez ditukala...

AMERIKANOA: Utzkik... Konprenituko die kaxketadunek zenbait baretuko dituztelarik.

BORDAXURI: Kaxketadunak ba... Ez ahal duk dolurik, piltzar horieri, ixilik egon diten, arnoa ez diotekala eman eta...

BORDAXURI: Ez zakiat... ez zakiat, zer izanen zen hobe. (Berritz ere galarrotsak entzuten dira)


        (Botz hatek urrundik...

        Airea: Dios te salve-ren koblak)

                Bordaxuri, atzar ba,

                Zure semea preso da,

                Konplitua da zure desira,

                Klotilda orai libro da.

        (Bertze botz bat bertze nunbaitik)

                Gure etxeko urdeak,

                Maite tutzue zuen umeak,

                Bordaxuri jaun nagusi handiak

                Kondenatzen tik bereak.

        (Lehen botza berriz ere)

                Ni naiz ni Bordaxuri,

                Ni naiz zuen buruzagi,

                Ez jarraiki ene molderi

                Bainan ene erraneri.

        (Bigarren botza)

                Ale ale, Klotilda,

                Bordaxuri hor heldu da,

                Semea preso ezarri du eta

                Senargaitzat horra aita.

        (Galarrotsak denak betan)

        (Lehen hotzak urrundik,

        apez rnahometanoak bezala eginez)

                Zer dela, zer dela?

        (Bigarren botzak tonu berean)

                Bordaxuri gaztetu dela...

        (Galarrotsak denak betan)

        (Lehen botzak)

                Zer dela, zer dela?

        (Bigarren botzak)

                Semearen orde aita espos dela...

        (Galarrotsak denak betan)

        (Lehen botzak)

                Zer dela, zer dela?

        (Bigarren botzak)

                Bataioa ere manatua dela.

        (Galarrotsak denak betan)


BORDAXURI: Nik... nik hau jasan behar dudala?

AMERIKANOA: Mespresa-zatzik, mutikoa!...

BORDAXURI: Barneak ez nik laguntzen hortako ere... Ez diat ene zuzenaren gaina aski senditzen... Ilun duk, ilun ene barnea...

AMERIKANOA: Zer haiz, hoinbertzen ondotik, duda-mudetan sartzen ari?

BORDAXURI: Ba, niagok aldizka, zuzenean naizenez bederen.

AMERIKANOA: To, ez nian uste holakorik hireganik aditzea.

BORDAXURI: (Kexu) Hire falta ere baduk!

AMERIKANOA: (Botza altxatuz) Zer falta diat nik?

BORDAXURI: Ez baninduk pusatu egin dukan bezala, beharbada orai ez nintuan estatu huntan izanen.

AMERIKANOA: To, hori behar nian beraz entzun hireganik, milesker gisa, hiretzat egin ditudanen ondotik... Dolutua balin bahiz, ez hadila auzoan ibil hobendun-keta.

BORDAXURI: Hire diru eta laguntzak ez bahintu eskaini, ez nintuan molde huntan izanen... Etxekoen artean ere bakarrik nauk.

AMERIKANOA: (Xutituz bizi-bizia) Hire ondoan daudenak, soberakin balin badituk, etxe huntan, urrunduko dituk heiek ere... Dudarik gabe hire urriki-meta ez zauk aski larri, hola haren emendagailu-ketan ibiltzeko... Adios beraz, anaia... (Jalitzen da). (Bordaxuri mahain buruan jartzen da, burua bi eskuen artean)


        (Galarrotsak berritz ere)

        (Botz bat litanien airean)

                Ohore nahi eta emaile guti...

        (Denek)

                Gure Bordaxuri.

        (Botzak)

                Elizan pabillunketari eta kanpoan emaztekari...

        (Denek)

                Gure Bordaxuri.

        (Botzak)

                Egunaz norbait bainan gauaz oro iduri...

        (Denek)

                Gure Bordaxuri.

        (Botzak)

                Bertzen konduentzat xuhur bainan bereentzat larri...

        (Derek)

                Gure Bordaxuri.

        (Galarrotsak berritz ere...

        Harriak tiratzen dituzte sukaldeko leihoari)


BORDAXURI: (Errabian badoa aterat eta galarrots-larieri mintzo) Etxeari harrika orai berriz? Hurbil zaitezte putrun zikinak... Kapable balin bazirezte... Gizona dena agert dadila hunat...


        (Galarrotsak denak betan)

                Hu... hu... hu...


BORDAXURI: Muturrak hautsiko ahal dituzue denek gau hurtan... (Atea hanpakoan hesten du)


        (Galarrotsak denak betan)

                Hu... hu... hu... (eta harrabots)


BORDAXURI: (Ixtant bat kurri ibilirik, Terexari mintzo da) Zuk ere ez duzuia fitsik erraiten? (Terexak espaldak altxatzen diozka) Iduri duzu ez dituzula senditzen ere eni egiten dituzten afruntuak.

TEREXA: (Erdi nigarrez) Zer nahi duzu nik egitea?

BORDAXURI: (Errabian) Zer nahi egitea? Pixka bat ene penetan parte hartzea. Nik senditzen dudanetik poxi bat senditzen bazinu, ez baitzinteke hor egon, apoa bezala zabaldua... Ha, uste nuen haur bat bederen gelditzen zautala... Ez dut beraz gehiago haurrik ere... (Terexa xutitzen da eta nigarrez jalitzen. Bordaxuri bakarrik xutik) Horra beraz nun dutan mundu guzia ene kontra... Mundu guzia bizkarrean... Bakarrik... Nehoren amodiorik ez, bainan denen herra ba... Ifernua bertzerik ote da? (Jartzen da mahain muturrean) Denak kontra izanik ere, fitsik ez litake ene kontzientzia ene aide banu... Bainan, ene kontzientziaren lekukotasunak berak ez nu laguntzen... Bertzetarik ohorerik ez hartzea, fitsik ez da... Bainan bere buruari ohore ezin eman izaitea, hori da hori izigarrikeria... Eta ni, Bordaxuri, hortaratua naiz. Bertzek nitaz zuten estimua galdu dut... Ez dute gehiago enetzat, izanaren izena baizik... Bainan, lazgarriago dena, ene buruaz nihaurek nuen estimua, hura dut bereziki galdua... Gaizki eginaren biharamuna... ha, egun iluna!...


        (Galarrotsak)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa