www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bordaxuri
Piarres Larzabal
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Gorputz hil pausa toki bat, azita ur benedikatuarekin.

 

 

BERONIKA: (Luixarekin ari da barnearen apaintzen. Kadera baten gainetik, erramu hosto batzu oihalari lotzen ditu... Luixak iskilimak pasatzen diozka, bainan jostatuz gibeletik xixtatzen du) Ai, bakea eman gero, Luixa! Ixtantean enterramenduko jendeak hemen izanen ditun eta ez dun gero jostetan artzeko tenorea... (Luixak erreposturik eman gabe, hixtuz, dantza aire hat emaiten du, zango batez ponduak markatuz, berriz ere Beronika xixtatzen du... Beronika koleran) Ai, debru ergela, hi... Haizen bezalako ergela... Ama! Luixak ez nu lanean artzerat utzi nahi...

MAYI: (Agertzen da koleran) Berriz ere kalapitan... Nehork ez din erranen zuek bi ahizpak zireztela. Bat bertzea gabe ez duzue nihun onik eta elgarretaratueta, beti kalapita...

LUIXA: Ez zaitela kexa, ama...

MAYI: (Beti koleran) Hala dun eta... Emozue horri dantza, dena dantza... Hil tokian bederen hago ixtant bat geldirik...

LUIXA: (Maltzurki) Ekatzu potta, amatto, eta ezti zaite...

MAYI: Erna fite... Ixtantean ahokuko jendeak hemen ditun... Bordaxuriri errana zionat: Utz-azu etxea ene gain, eta lan guziak ere ba. Jinen niz ene bi alabekin, eta tenoreko denak izanen dira.

LUIXA: Baietz ba, ama, baietz.

MAYI: Mugi hadi beraz hortik, mahainaren erdia oraino emaitekoa duzue...

LUIXA: Baietz, ama, baietz... Zaude gostuan, denak eginen ditugu. (Mayi jalitzen da)

BERONIKA: Nagon hean Katxo eta haren alaba Klotilda hemen geldituko direnetz bazkariteko...

LUIXA: Zertako ez? Kurutzeketari eta lehen auzo kapaduna beti gomit ditun.

BERONIKA: Ba, bainan hemengo gertakarien ondotik...

LUIXA: Bo, uste balin badun apetitua hortakotz galdu dutela...

BERONIKA: (Kexu) Hi, arrunt xoroa hiz, hiretzat den gertakari larrienak fitsik ez ditun!

LUIXA: (Trufaz) Zendako ez dun nahi Katxo eta Klotilda ez diten jin gure bazkari onaren jastatzerat?

BERONIKA: Zertako? Zeren eta bihar Katxo eta Plumagain elgarren kontra agertuko baitira auzitegian...

LUIXA: Goiz huntan hasteko hemen zintunan Katxotegi aita-alabak kutxaren zeinatzen...

BERONIKA: Hil zeinatzerat joaitea eta hil bazkarirat joaitea biga ditun gero...

MAYI: (Presan sartzen da) Mugi, mugi... ahokua atean dun... Utz hemen denak diren bezala... Fite mahainaren emaiterat... Zuen xoxokeriekin azkenean beranta bildu diagun. (Laster lasterka barne ondarra garbitzen dute eta oro jalitzen dira... Ixil eta serios, lau bortz gizon kapadun sartzen dira; bakotxak hil tokia zeinatzen du... Ezagut ditazke Katxo, Amerikanoa eta Bordaxuri... Bildutasunean ixtant bat egonik, oro jalitzen dira sukaldeko atetik, salbu Katxo... Hau kanpoko ateari buruz abiatzen da...)

BORDAXURI: (Hotz-hotza, Katxori buruz) Bazkaltiarren tokia bertze alderdian duk.

KATXO: (Hozki) Gomitatuak direnak han izanen ahal dira...

BORDAXURI: Kurutzeketaria beti gomit duk usaiaz.

KATXO: Usaiaz bakarrik den gomituak estimu guti.

BORDAXURI: Hihaurek ikus zer zaukan, nik ene eginbidea betea izanen diat.

KATXO: Atzo erabiliek, eni ere egungo eginbidea erakusten dautate.

BORDAXURI: Uste baduk ez jinez afruntu bat emaiten dautakala, hire burua enganatzen duk...

KATXO: Berdin bazauzu ez jitea, zendako hola miatzen nuzu?

BORDAXURI: Afruntua hiretzat izanen duk... Hil etxe batean, ehortz egunean, aski gizon ttipia izan hizala, ziminokerian artzeko.

KATXO: Gero ageriko jendek nola jujatuko gituzten.

BORDAXURI: Ez zakala pentsa, Katxo, hire talastek zikinduko dutela ene ohorea.

KATXO: Arrazoina duzu... Ez dautzut nik ohorerik galduko, ez baituzu gehiago galtzekorik.

BORDAXURI: Bertzen xakurraz jelos denak, hura zauritua ziok... Ene ohoreaz jelos haiz eta hura kolpatua diok.

KATXO: Dukezun ondarrari enterramendua, biharko tribunalak obratuko du. (Ixiltzen dira... Gizonen molde berean, sartzen dira emazte kapadunak. Heietan, Terexa eta Klotilda. Bordaxuri jalitzen da sukaldeko atetik, Katxo, xut, ixilik bere xokoan dago)

TEREXA: (Denak zeinatu ondoan) Zatozte gero denak bazkariterat.

KATXO: Klotilda, gu goazen etxerat... (Bertzeak jalitzen dira)

TEREXA: (Bizi-bizia) Egoiten ahal zirezte ba zuek ere bertzeak bezala...

KATXO: Ez zuen heinekoak izanagatik, gure hazteko doia bada gure etxean.

TEREXA: (Kexu) Zer zirezte, pozoindatuko zaituztegula beldur?

KATXO: Etxekoen hilarazteko kapable denak, bietan hilaraziko ditu kanpokoak.

TEREXA: Nork galdu du Piarres? Katxoteikorik izan ez balitz, etzen sekulan hortaratuko. Nork du gehienik sofritzen haren penaz? Zuek ala nik? Ene anaia da gero!

KLOTILDA: (Suharki) O, Terexa hola balin bada, zuk ere Piarres maite balin baduzu, lagun nezazu haren libratzen... eman zaite ene alde!

TEREXA: (Hunkitua) Aita, aita bil-azu.

KLOTILDA: (Erdi nigarrez, eskuak Terexari hartuz) Harek eta nik elgarren berri badakigu. Ho, libra zazue Piarres, ez dauzuet bertze deus galdatzen... libra zazue Piarres, utz gaitzazue ezkontzerat...

BORDAXURI: (Sartzen da) Zer gira? Sintsakerietako aldian?

KLOTILDA: (Suharki) O, Bordaxuri... Piarresez mintzo ginen... Oraino barne huntan hilaren gorputza sendi da, hil horrek maite zuen Piarres... Horren izenean galdatzen dauzkitzut Piarresen librantza eta eskua...

BORDAXURI: (Mesprexatuz) Presondegia ez da goxo ez eta eder... Bainan Bordaxurik nahiago du haren odola han ikusi ezinez eta ixtilean.

KLOTILDA: (Bere samindura penatuki gordez) Ez dakit ene odola ixitiletik den, sortzez ukan bezalakoa dut.

BORDAXURI: Ba, bordan sorturik, ez etxean sortutik!

KLOTILDA: Ez dut nik hautatu sor-tokia!

BORDAXURI: Ontasunetik ez den odola, on gutiko odola...

KLOTILDA: Odol onetik izan ditake, ontasun ez izanik ere.

BORDAXURI: Zure odolaren jabe ziren, gizon multxo batek frogatua dute.

KLOTILDA: (Kontzetik jalitzen da) Zer duzu zuk hola ene mespresatzeko? Ez, ez baituzu lehen aldia gisa hortan mintzo zirela nitaz... Ez naizela etxeko alaba eta uste duzuia ez nitakela onesta izan? Zer zirezte zihaurek? Ezagutzen zaituztet, ezagutzen... zuek, jende ohoragarriak. Kanpo itxura eta grimasak eder dituzue... Bainan barnez zer balio duzue?... Maiz, gu bezenbat ere ez... Badakit ari izana zirela kondan, ni neska tzar bat naizela... Bainan nola tzartua eta galdua naiz, galdua balin banaiz? Galda zazute familia o-ho-ra-garrietako semetto batzueri, zer proposamenduak egiten dauztaten?

BORDAXURI: Bego zure lohia zure baitan!

KLOTILDA: (Gero eta bortitzago) Ba, zuek kanpoz, badituzue holako molde eder legun batzu, bainan zuen tapagia distirant izanagatik, zuen barneko usteldura gurea bezenbat bada. Zu, ba, Bordaxuri eta zure iduriak ezagutzen zaituztet. Zuen abusagailu ibili nauzue, mila ele zuriz ase nauzue, gordeka eta buruz-buru. Konplimenduz hantu nauzue, eta orai jin baitzaut zuetarik batekin ene amentsaren obratzeko parada, orai ukatzen eta mespresatzen nauzue... Buruz-buru aipatuen, orai denen aintzinean agertzeko ahalge zirezte. Zuhaurek galdu nauzu, galdua balin banaiz. Beha nezazu: naizen bezala, zuen obra naiz... Ni mespresatuz, zuen burua eta zuen obra duzue mespresatzen. (Betbetan sartzen da Mayi. Denak ixiltzen dira)

MAYI: (Bordaxurirí) Nahi duzuelarik jarri, bazkaria prest presta da.

BORDAXURI: Ontsa da, heldu gira.

MAYI: Ha, gaixo xaharra... ez dirot onets ez dudala gehiago ikusiko. Zer hutsa hura hemen gabe...

BORDAXURI: Ba... huts handia...

KLOTILDA: Ba, eta ez bakarrik hemengoentzat... bertze hainitzentzat ere... (Denak ixiltzen dira, nehork ez jakin zer erran)

BORDAXURI: Bon, heldu gira beraz mahainerat.

MAYI: Ba, prest presta da... (Jalitzen da)

BORDAXURI: Zuek orai eginen duzue nahi duzuena. Haatik hemen egoitekotz, hil etxe hau errespetatuko duzue. (Klotildari) Eta zuk, enganatzaileak ukan badituzu, akusa zaitzu hek eta zure burua, eta... guri bakea emazu...

KLOTILDA: Ene enganatzailetarik bat: zu!

BORDAXURI: (Oldartua) He?...

KLOTILDA: Zu, ba, zu, Bordaxuri, pabillunketari, herriko kontseilari, aita familiako ohoragarria!

BORDAXURI: (Erotua) Zer zabiltza hemen, paso bat bildu beharrez? Zoazi hemendik, kanporat eta zoazte hemendik begien bixtatik, Katxoteiko buhamiak!

KLOTILDA: (Bere aitarenganat ihes egiten du... Katxok iduri du kolpeka artzeko prest dela) Ez naiz hemendik jaliko erran gogo dudana erran gabe... Ala ahantzia duzu igande arrats hura, ene biderat jali baitzinen?...

BORDAXURI: (Dudan egonik, paso bat emanen ote dion Klotildari) Zato hunat, Terexa, barne zikintzerat jinak balin badira, zikin dezatela hemengo murruak eta ez gu... (Biak jalitzen dira)

KLOTILDA: Ba, egiak dio min egin... Ha, Bordaxuri, zer uste duk, ixtila egin eta, eskuak garbirik jaliko hizala? Heldu zauk pagamenduaren tenorea. Jende guzieri kondatuko diat hire ixtorioa eta asko harrabots agin araziko diat hire etxearen itzulian, mundu guziak jakinen baitu hire egitatea. Egunak hiretako bainan gauak enetako izanen dituk. Goza zak gelditzen zaukan fama onaren ondarra... Hurbiltzen ari zauk tenorea fama txar eta dolutan jarriko baihaiz. (Ixiltzen da ixtant bat, eta betbetan nigarrez hipaka hasten) Ho... ho, ho, ho, ene Piarres... ene Piarres...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa