www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bordaxuri
Piarres Larzabal
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Apez etxe barne bat... jan-leku eta salun.

 

 

ERRETORA: (Eskuin eta ezker dabila) Ha... beti beha egon behar da hemen ere. (Oihuz) Joana, hu Joana, ekatzu bazkaria!

JOANA: Heldu, heldu...

ERRETORA: (Jartzen da. Paper baten irakurtzen ahantzia, ez da ohartzen ere Joanak zerbitzatu duela... Joana jali ondoan) Ha... halere oihala ez baitaut eman. Beti zerbait eskas... (Oihal hat hartzen du, eta bere paperaz errotik okupatua, ez da ohartzen ahoratzen duen kollera beroegi duela... Grimaska, beroegi ezin iretsiz lotzen da) Ha emazteki santsana... Joana, Joana (Agertzen da). Hoinbertze eta hoinbertze aldiz errana dauzut, ez eni beroegirik zerbitzatzeko... Nun duzu ba burua? Orai ere ahoa erre dut...

JOANA: Uste nuen epela zela... Hausteian mintonatzen naukan bulta huntan.

ERRETORA: Kexagarri ere bada azkenean... (Atean norbait) Ori berriz ere norbait bada hor...

JOANA: Nor baita ere erranen diot ez dela tenorea hunarat jiteko... Okupatua zirela.

ERRETORA: Ez holakorik erran... apena denentzat da, eta, tenore guziz, etxean bada, etxean da.

JOANA: Zuk ez duzu jateko astirik ere hartzen... Eta gero, beti kexu zira, eta nik ditut pekatzen. (Berriz joiten dute) Heldu, heldu... Jendek ez dutela konprenituko ez dela jenden etxerat jin behar jateko tenoretan?... (Jalitzen da eta atearen gibelean mintzo aditzen da gizon batekin) Ha... zu zinena...

PAXKAL: Ba, jaun erretorak erran daut jiteko... Zer ote du? Hor dea?

ERRETORA: Ha, Paxkal, gure elizako zeinu joilea...

JOANA: (Beti atearen gibeletik) Jiten ahal zinen ba bertze tenore batez eta ez bazkari denboran. Jes, (agertuz) Paxkal, ezkila joilea da hor, jauna. Igortzen ahal duta, aski duela bertze aldi batez jitea erranez...

ERRETORA: Ez, errozu sar dadin... Esne zopa hau emazu berriz beroan...

JOANA: Ha, berriz ere haste beraz... Sar zaite... (Paxkalek grimasa bat egiten dio, «merexi» erran nahi balio bezala)

PAXKAL: Agur, jaun erretora.

ERRETORA: Bai, zuri ere, Paxkal... jar zaite... jin zira beraz hunaraino.

PAXKAL: Ba, jauna, zuk erran bezala.

ERRETORA: Ba, ekarrarazi zaitut, ez bainiz sobera kontent zutaz.

PAXKAL: Nitaz ez kontent? Ez dituzta zeinuak behar diren tenoretan joiten?

ERRETORA: Ez da hortan... Elizako enplegatuak, Paxkal, behar dute etsenplu ona eman... Zerbitzu guzietan, gizonak serios behar badu, Jainkoaren zerbitzuan oraino seriosago...

PAXKAL: Ez niza ni seriosa?

ERRETORA: Seriosago zintezke, arnoa ez bazinu hoin maite.

PAXKAL: Ba, xantreak ere edaten du, ez duzu haatik hura erasiatzen.

ERRETORA: Bego xantrearena harentzat... Arrengurak entzunak ditut... Tutaka ari izanak zireztela hilerri-zaina eta zu, egun hotako galarrotsetan. Eta nuntik? Hilerrietarik omen...

PAXKAL: (Irriz) Ba, erranen dautzut, jauna, hilerrizain hori, edanarekin mutxitzen da... Emazteak ere joiten du, eta...

ERRETORA: Ez naiz irri gose... Ez da hortan irri egitekorik.

PAXKAL: Pinta bat arno bazuela eta, edaterat izan gira ilargi xuritara, hilerrietarat... Eta gazteria tutaka ari baitzen Plumagaineko okiloari buruz, guk ere pixka bat lagundu ditugu... Horra egia den bezala...

ERRETORA: Okiloak eta gaineratikoak bere gisa utziko ditutzu. Gizona, gizon baita... Eta zuen galarrotsa ez omen zen arras galarrotsa... Requiem-en kantatzen ere ari izanak omen zirezte...

PAXKAL: Alabainan, hilerrietan...

ERRETORA: Bon, aski... Bertze aldian, hilerriak errespetatuko dituzue... Gero, bertzalde, atzo ezkila korda tiratzean, bereterraren aintzinean hiruzpalau sakre alimale erran omen dituzu...

PAXKAL: (Kexu) Hiruzpalau, hiruzpalau? Ez da egia hori...

ERRETORA: Ba, toki seguretik jakina dut...

PAXKAL: Hiruzpalau, biga erran ditut bakarrik... Pu... eta Ko... A... hasi nuen, bainan ez nuen bururatu... Nahi nuke jakin nork salatzen dauzkitzun holako gezurrak.

ERRETORA: Eliza ez da sakreko lekua, halere gutiago haurrak ondoan direlarik.

PAXKAL: Ba, haurrak, ba... Ez dautzute erran zure beretterrek zertako kexatu naizen? Hori ez dautzute erran...

ERRETORA: Zertako kexatu zira?

PAXKAL: Zeren-eta zeinu korda zikindu baitautate torxa arraxinez eta kedarrez! Goxo baita han kordari lotu-eta, eskua dena bike eta beltz jalitzea. Hori ez dautzute ez salatu zure beretterrek.

ERRETORA: Bon, dena den, kasu emazu zer manera erabiltzen duzun: Jainkoaren etxean ez dezaket nik onart holako molderik...

PAXKAL: Ororena behar da entzun, jaun erretora...

ERRETORA: Ontsa da... Beti, ene berri jakinen duzu... Orai erretiratzen ahal zira... Joana, gizon hau segi zazu!

PAXKAL: (Jaliz) Nahi nuke jakin nork salatzen dauzkitzun horiek guziak.

JOANA: (Ate gibeletik) Merexi... entzun dituzu zureak...

PAXKAL: Zaude ixilik gero zu... mutzurdin salatari...

ERRETORA: (Joana deituz) Joana! (Agertzen da) Bertze aldian, ene bisitatiarrak ixilik segituko dituzu kanporat... Ekatzu bazkaria... (Bakarrik mintzo) Orai berriz, zeinu joilea tutaka... beren usaia basa horrekin... Ixilik utzi banu, hori berdin heldu den gauean elizako zeinuekin hasiko zen galarroska.

JOANA: (Ekartzen du bazkaria) Kasu emazu, beroegi balin bada ere. (Jalitzen da)

ERRETORA: (Janez bakarrik) Mundu huntan zernahi gizon mota bagira... langileak eta alferrak, xuxenak eta makurrak... bitxiak ere... Gauaz zalapartaka dudamudazko obretan artzeko, hor ba, dotzenan hamahiru kausitzen dira... Bainan ongiaren alde, zalaparta bera erakusteko eskuak dituen eri bezenbat gizon ere ez ditake kausi. (Atea jotzen dute)

JOANA: (Agertuz) Gizon bat zure galdez...

ERRETORA: Nor da?

JOANA: Ez dakit, ez arradorik, jauna.

ERRETORA: Sar-araz zazu... Ori... Hau, joan zazu. (Bazkaria emaiten dio... Katxo sartzen da) Ha, zu zirea, Katxo... Jainkoak dautzula egun on... Hum, ez zira maiz hunat agertzen...

KATXO: Ez, ez jada ez dakizunik fitsik ez... Bainan dakizunekin eta denek dakitenekin espantu guti.

ERRETORA: Bon!

KATXO: Aditu dituzu tuta horiek, eta norentzat diren ba ahal dakizu?...

ERRETORA: Ezin uka...

KATXO: Horra, jauna, zer gizona dugun kartierean... Kontseilari eta elizan pabillunketari.

ERRETORA: Hanbat gaixto gaizki ibili balin bada...

KATXO: (Kexu) Balin bada, balin bada? Zer uste duzu, itsurat eta arrazoinik gabe muntatuak direla galarrots horiek?

ERRETORA: Galarrots, harrabots, bainan egia nun da?

KATXO: Egia nun den? Semea han galeretarat kondenatua, horra egia... Zertako kondenatua izan da, galda gure Klotildari...

ERRETORA: Klotildak ez ote du makur horietan deus hobenik?

KATXO: Zer hoben izan dezake? Aita-semeak ondotik zituen... Semea hautatu du. Libro ahal zen... Ez ahal du hortan gaizkirik egin?

ERRETORA: Aita semeak ondotik... Hum... Ez ote ditu berak pixka bat tiratu?

KATXO: Ho, badakit, jauna gu pobreak garela eta familia apaletik garelakoan gure erranak denak gezurtzat dauzkatela...

ERRETORA: Egia garbia, lañoki da ateratzen gizonaren ahotik... Zure eleak sobera minberak dira, egia garbia izaiteko.

KATXO: Zuhaurek zinion ba predikuan, farisau urgulutsua Jesusek kondenatu zuela, eta publikano apala goretsi zuela... Uste nuen, prediku hori entzun eta, Jesusen minixtroaren etxean, jende apalak begitarte hobeagoa izanen zuela...

ERRETORA: Ba, bainan, delako publikanoak ez zuen farisaua mespresatu... Apaltasuna, berez, urre da, bainan zure urrea, bertzen herraz lohitua duzu... Emozu bere beztimenda apaltasunari zure baitan eta apal bezala ohoratuko zaitut.

KATXO: Gure Jainkoak erran duela: Urus pobreak!... Ez zira zu beretik ari...

ERRETORA: Ez du pobre batek pobre izaiteaz baitezpada merezimendurik, bainan bere pobrezia ohoratzeaz... Nahitarat, bokazionez pobre direnek, hek ba, badute merezimendu... Bertzek aldiz, noiz nola.

KATXO: Ikusten dut pobreziaz axola guti duzula...

ERRETORA: Ni pobre naiz nahitarat... Ez dut aberasteko xederik batere. Eta pobrezia ohore bat baitzaut... Zu ere pobre zira, bainan ezinbertzez. Errabiatua baitzira aberastu beharrez... zure pobrezia ez duzu ohoratzen bainan higuintzen...

KATXO: Pobre zira bainan aberatsen alde...

ERRETORA: Ez naiz ni ez aberatsen ez pobren alde, denen artzain nahi dut!

KATXO: Ikusten dut atez tronpatu naizela... Uste nuen etxe huntako jauna baitan konprenimendu gehiago aurkituko nuela...

ERRETORA: Etxe huntako jaunak ez dautzu egiaz bertzerik salduko... Hanbat gaixto ez bazira haren salgailuaz kontent...

KATXO: Agur...

ERRETORA: Ba, agur... (Bera) Hala da eta... Badira pobre gaixtoak eta ere aberats gaixtoak... Pobreak izan dezake aberasteko desira gizonkiago bizitzeko, familia hobeki altxatzeko, ongi gehiago egiteko... Holako xedez aberastasuna desiratzea ontsa da... Bainan, pobreak aberastasuna desiratzen badu pesta egiteko edo bertzen zangopetan erabiltzeko, hori gaizki litake... Aberats gaixtoa eta pobre gaixtoak elgar iduri dute... Aberats gaixtoak, obraz bekatu egiten du, dituenak gaizki baliatuz... Pobre gaixtoak aldiz, gogoz egiten du, ez dituenak desiratuz gero hetaz gaizki baliatzeko.

JOANA: (Apeza bakarrik mintzo-eta, hau hartaz ohartzen da... Han dago bazkaria eskuetan, irriz, espaldak altxatuz) Ez naiz haatik bakarra jauna...

ERRETORA: Ha, hor zinena zu ere? Zer ez zirela bakarra?

JOANA: (Zerbitzatuz) Badut uste, ni baino beherago jausten ari ziren.

ERRETORA: Zer derasazu?

JOANA: Beti trufatzen banauzu, nehor gabe eleketan artzen naizela... Ni bederen gatuarekin artzen naiz... Eta zu aldiz, zure buruarekin...

ERRETORA: Ez nintzen ene buruarekin eleketan ari...

JOANA: Norekin ari zinen ba?

ERRETORA: Zu zure gatuarekin eta ni ene aingeru begiralearekin...

JOANA: Ha... apezak beti azken hitza bere... ba, ba... (Atea jotzen dute) Jes, nor ote da oraino hor? Egun ez zaituzte bazkariterat ere utziko... Hanbat gaixto, nor-nahi izanik ere, erraiten diot bertze aldi batez jin dadien, ez zirela hemen.

ERRETORA: Erran dautzut lehen ere, hemen naizelarik, hemen naizela...

JOANA: Xilotik bekatu behar dut haatik lehenik nor den. (Jalitzen da, eta berriz segidan sartzen) Bordaxuri da hor.

ERRETORA: Bon, bazkari hau berriz ere emazu supazterrean.

JOANA: Igor-azu.

ERRETORA: Erranez geroz... Ez eta ez... Mugi zaite... (Joanak batere ez kontent obeditzen du)

BORDAXURI: (Ate gibelean) Agur, andere gelaria, hemen dea jaun erretora?

JOANA: Bai, jauna, hemen da... Aintzina zaite.

ERRETORA: Agur, Bordaxuri!

BORDAXURI: (Kara dorpe batekin) Agur, jaun erretora.

ERRETORA: Jar zaite... Goizik zabiltza hemen gaindi... Merkatukari dudarik gabe?

BORDAXURI: Ba, ba eta ez... Badakizu, dudarik gabe, gure harat-hunatetan xehetasun asko.

ERRETORA: Harrabotsak salatzen dituztenak ez dezazket ez entzun...

BORDAXURI: Hortakotz jina niz, jauna... (Botza minberatuz) Mundua nere kontra dut. Munduko jendeak, familiako hurbilenak barne, hotz eta etsai senditzen ditut... Heldu niz beraz Jainkoaren gizonarenganat, bertze mundutiarrak bederen pietate erakutsiko dautatelakoan...

ERRETORA: Oroit zaite, Bordaxuri, amodioa ez dela biltzen amodioa erainez baizik...

BORDAXURI: (Bortizki) Ez dirot onart, zorritik atera jende herresta batzuek etxeko jaun bat, ni egiten nauten bezala, zikin dezaten.

ERRETORA: Ez da jende zorritik ateraturik, Bordaxuri... Gizona gizon da saskipetik ere.

BORDAXURI: Ardi bat ere ez iguzkiaren azpian eta horiek hola zabaldu behar dutela?

ERRETORA: Gizonaren balioa ez da ardietan bainan bere gizontasunean.

BORDAXURI: Erakutsiko diote Bordaxurik, besoak aski luze dituela, irri eta trufa guzien sar-arazteko...

ERRETORA: Gure ahalak balia ditzagun, ez bertzen bentzutzeko, bainan heien hobetzeko.

BORDAXURI: Zer derasazu? Jende zikin horiek, hoinbertze kalte eni egin ondoren, nik oraino lagundu behar ditudala? Ez ahal dut horieri buruz zorrik?

ERRETORA: Gorago den jendea, apalagoeri buruz, beti zorretan.

BORDAXURI: (Koleran) Ene heinean horiek behar ditudala ezarri? Errazu ba, behar ditudala ene etxean sartu, ene ontasunetan parzuer hartu... Errazu, ba, hasian hasi, ene semearekin horien alaba behar dudala ezkondu...

ERRETORA: Horiek guziak eginik ere, oraino horieri zorretan zintezke...

BORDAXURI: Zer? Nor gira burutik maingu... zu ala ni? Bainan zer diotet zor jende horieri, zer?

ERRETORA: (Botza ozenduz) Zor diozute zure estimua... Zor diozute zu bezenbat badirelako estimua... eta zor hori ez da ezkontzaz edo moltsaz pagatzen den zor bat, bainan gizontasunez.

BORDAXURI: Ez niza beti gizon agertu?

ERRETORA: Ongi estima-zkitzu, eta zuen arteko makurrak denbora laburrez xuxenduko dira.

BORDAXURI: Ez nuen uste holakorik aditzea zureganik, jauna. Uste nuen gure arteko jendek elgar hobeki sustengatuko ginuela...

ERRETORA: Ez da «gure arteko jenderik»! Denak elgar iduri gira... Zer xedez jina zinen gero?

BORDAXURI: Ez dautzut gordetzen, hunat jina nintzela, jandarmetarat eta jaun auzapezaren baitan izan naizen bezala, zuri ere galdatzeko, jende horieri zerbait erran dezozuten, onez ez bada beldurrez bederen ixil diten...

ERRETORA: Ene berri badakite...

BORDAXURI: Ez ahal dituzu hainitzik kondenatu?

ERRETORA: Artzaina ez da artaldearen kondenatzeko, bainan bai salbatzeko.

BORDAXURI: Hola denaz gainean, ikusten dut pabillunketari izaitea ez dela enetzat gisa...

ERRETORA: Zuhaurek ikus hori... Jakin zazu haatik, kargu baten uztea, haren ohoratzea baino errexago dela... Kargua ohoratuz, utziz baino estimu gehiago zinukela...

BORDAXURI: Ohoratu ondoan bildu dutan estimuarengatik, ez naiz batere kargu gose... Agur, jauna...

ERRETORA: Nahi duzun bezala... agur! (Bakarrik) Goratzea, goratzea errex da... gorako jendetarik dela... Gorago eta eginbide gehiago da... Ez da goratu behar bere buruaren zerbitzatzeko, bainan handik bertzen hobeki zerbitzatzeko... Goratzea bere buruaren kargatzea da... Ez kargurik har, karguen ez ongi betetzekotz... Ez mespresa apalagoak... Amodioaren eskualdea goitik behera da. Gorago direneri da lehenik apalagoen maitatzea... Ez badiote gorakoek amodio herri abiadura emaiten, gain beheren arteko josturarik ez da izanen...

JOANA: (Berriz ere, lehen aldian bezala, erretorari irriz dago. Zerbitzatuz) Bertze norbait jin aintzin, jauna, askal zaite otoi... Janez ere mintza baititake aingeruekin...

ERRETORA: (Jarriz) Ha, zer trixtezia!... Holako orazione ederretan aingeruekin ari izanki eta, berriz zutarat jautsi behar dutala...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa